Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / 2009ko apirilaren 28a

2009ko apirilaren 28a

Mikel Iturria 2022/04/27 22:35
Gutuna Javier Ortizi.

Javier maitea.

Lerro hauek idazten ditut zure heriotzaren hamahirugarren urteurrenaren bezperan. Erraz esaten da.

Mantso irakurtzen dut berriro, silabak ondo markatuz: ha-ma-hi-ru-ga-rren ur-te-u-rre-na. Bi hitz horiei he-ri-o-tza gehitzen diet. Hamahiru urte ditu gure iloba gazteenak, zu zendu baino hilabete batzuk lehenago jaiotakoa.

dear_jor etiketak zenbat sarrera dituen begiratu dut. 18 testu, idazten ari naizen gutun hau etiketatu aurretik. Azkena 2018ko maiatzaren 1ekoa da. Garai hartan jada ari nintzen zure zutabe, apunte eta gainerako testuak berrirakurtzen, 2019ko apirilean liburuaren emaitza izan zuen ahalegina: Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista.

2009ko udaberrian, lehendakari izateari utzi zion Ibarretxek eta Patxi Lópezek hartu zuen lekukoa. Madrilen, Zapatero zegoen Moncloan eta Juan Carlos I Zarzuelan. Gaur egun EAJk agintzen du Gasteizen, PSE-EE Urkulluren makulu da eta sozialistek agintzen dute Madrilen Podemos-ekin duten gobernu-koalizioan. Ez dakit non zegoen 2009an Pablo Iglesias, ezta zertan zebilen Ayuso ere.

Mendebaldar ikuspegitik, azken bolada honetan gertatu diren bi gauza potoloenak covid-19ak sorturiko pandemia (badirudi gure alde honetan jada hasi garela orrialdea pasatzen; espero ez izatea alferrikakoa) eta errusiarren Ukrainako inbasioa, 2022ko otsailaren 24an gertatutakoa. Itxura guztien arabera bi hauek baino min handia eragingo digu, ustez, hirugarren batek: krisi klimatikoa.

Gustatuko litzaidake zu jotafuego iritzia ematen egotea, orain eta beti, baina jada ez da posible. Zure telefono zenbakia gogoratzeko esfortzua egin dut, alferrik baina: ahaztu egin zait. Ondo legoke zenbaki hori markatzea, gaur egun norena den jakiteko. Tira, zu berrirakurtzea besterik ez zaigu geratzen.

Irakurtzea eta berrirakurtzea gaia atera dudanez, esango dizut gero eta gutxiago irakurtzen dugula Interneten ("habla por ti", esango lidake gertuko batek). Uste dut sare sozialek (ibili zinen Twitter eta Facebook-en saltseatzen?) zerikusi handia dutela.

Zenbait unetan blog hau ixteko garaia iritsi dela bururatzen zait, baina gero ohartzen naiz desagertze garaian dagoen Internet baten seme naizela: Patera edo Eibartarrak bezalako posta-talde zein blogen Internet. Eta orduan diot, erremate moduan, ez dagoela batere gaizki noizean behin lau lerro idazteko txoko burujabea izatea sarean.

Gaurko lerro hauek zuretzat dira.

Asko botatzen zaitut faltan. Asko botatzen zaitugu faltan, Javiertxo.

Besarkada estua.

Iturri.

28 de abril de 2009, este apunte en castellano.

etiketak: dear_jor, javier_ortiz
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter