Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Alberto Lizarralderi Xalba Ramirezek eginiko elkarrizketa

Mikel Iturria 2023/04/02 08:50
Ostiralean, lanerako bidean, Xalba Ramirezek Alberto Lizarralde musikariari eginiko elkarrizketa irakurri nuen.

Esan bezala, lanerako bidean irakurri nuen Xalba Ramirez kazetariak Alberto Lizarralde musikariari eginiko elkarrizketa. Donostiako Irutxuloko Hitzak argitaratu zuen.

Euskal Herriko jazz eta esperimentazio eszenako beteranoa da Alberto, 66 urte baititu. Halere, ezagunago da Jazzle eskola eta Plaza jaialdiak sortu zituelako.

Esan beharra daukat izena ezaguna egiten zitzaidala, baina apenas nekiela zerbait berari buruz.

Hegoa Diskak-ek 1984-1994 hamarkadan eginiko piezak biniloan kaleratu berri dituela da Xalbak erabili duen aitzakia. Diskoaren izenburua, Haizetxe, garai hartan Zaldibian bizi zen baserriaren izena.

Gaztelaniaz jarri dut Pedradas blog berrian: Xalba Ramirez entrevista al músico Alberto Lizarralde.

Hona hemen perla batzuk:

Musika jaialdi guztietan lehen balorazioa hori da; ez zer moduz joan den, baizik eta zenbat jende egon den. Ez zait gaizki iruditzen, baina lehen balorazioa hori izateak arreta ematen du.

Kulturaren hezkuntzari dagokionez, hor bai hitz egin beharko genukeela luze. Drama bat da. Hor antzinako ikuspuntua dut; eta uste dut ikuspuntu hori dela modernoena. Musika, nik ikasi nuen garaitik, flauta-ezti triste batekin irakasten da, eta haurrei flauta-ezti tristea aukera bakar gisa eskaintzea etsigarria da. Zergatik ez zaie beste aukerarik ematen?

Badago pentsarazi behar digun zerbait: ekoiztetxe bat baldin baduzu, bi linea landu behar dituzu; lehenik, Euskal Herriko distribuzio markoa duzu, eta horra heldu behar zara. Baina beste lan garrantzitsuetako bat da kanpora iristea; eta, sinpleki, bizirik irauteko.

Maddi Sansberroren atzetik, Joxemari Mitxelenarekin egin dut topo

Mikel Iturria 2023/03/26 20:35
Aurreko astean idatzitako apuntean aipatu nuen Edurne Portelaren «Maddi y las fronteras» liburua aurkeztekoa zela Donostiako KMn martxoaren 23an. Bertan izan nintzen.

Tras la huella de Maddi Sansberro, me he encontrado con Joxemari Mitxelena, este apunte en castellano

Esan bezala, «Maddi y las fronteras» liburuaren Donostiako aurkezpenean egon nintzen.

Lehenik eta behin, halako ekitaldiak zuzenean botatzen ditu KMk Youtubeko kanaletik eta bertan dago edozein unetan ikusi ahal izateko.

Bi zati izan zituen aurkezpenak: lehenengoan, Edurne Portelak Ander Izagirreren laguntza izan zuen tarima gainean liburua jorratzeko; bigarrenean, Izarraitz Villaluze eta Joxemari Mitxelena (istorioaren bideratzaileak) igo ziren, laukotea osatuz.

Izan ere, Mitxelena eta Villaluze oiartzuarrek Sachsenhausen-en 1944an hildako herrikide baten bizitza ikertu zuten eta jasotako agiri guztiak Portelaren esku utzi zituzten 2021eko udazkenean.

Galaxia Gutenberg argitaletxeak kaleratu du Edurnek idatzitakoa, Maddi y las fronteras. Ez da saiakera liburua, Edurnek fikziora eraman baitu Maddiren bizitza.

Martxoaren 15ean Radio Nacional de Españako El ojo crítico irratsaioan elkarrizketatu zuen Laura Barrachinak idazlea (bideoaren 8 minutu 20 segundutik aurrera).

Miércoles en la frontera:

📚Donde ocurre 'Maddi y las fronteras' de Edurne Portela

👑'El complot en el poder' con Use Lahoz

🌹Los visionarios románticos en @Museo_Lazaro

🎬Y los buenos datos que nos dejan las salas de cine.https://t.co/rD5seMkZNT

— El Ojo Crítico (RNE) (@ElOjoCriticoRNE) March 15, 2023

Ez nuen egun hartan entzun, baina patrikako telefonora jaitsi nuen audioa eta paseo batean etorri ziren biak nirekin.

Liburua ez dut oraindik irakurri, baina Ander Izagirrek esandakoaz aparte, hona hemen Inma Lizasok eta Joserra Senperenak jarritako txioak.

No he podido soltar a Maddi desde que empecé la novela hasta el final y casi sin respirar.
Libro espectacular. pic.twitter.com/gmH6pMpOym

— Inma Lizaso (@InmaLizaso) March 25, 2023

Me ha conmovido la historia de Maddi. Y la gestación del libro, una ficción a partir de hechos reales que explica la autora en el epílogo. pic.twitter.com/0d47epHYoE

— Joserra Senperena (@jrsenperena) March 28, 2023

Joxemari Mitxelenak berak kontatu zuen bere aitona Lehen Mundu Gerrara eraman zutela frantsesek, beste bi anaiekin batera (Lapurdin bizi ziren). Verdunera, oker ez banago. Hainbat urteren eta milaka hildakoren ondoren, aitona bizirik atera zen guda eremutik, baina beste bi anaiak ez.

Lehen Mundu Gerrakoak ikertu ondoren, hasi zen begiratzen ea Bigarren Mundu Gerran oiartzuarrik hil ote zen nazien kontzentrazio eremuetan. Eta hor Maddi Sansberrorrekin egin zuen topo, nazien kontzentrazio esparruetan hildako oiartzuar bakarra.

Joxemari Mitxelena eta Izarraitz Villaluze herrikideak non eta nola egin zuten topo ez zuten argitu KMko ekitaldian, baina bai esan zutela Maddiren istorioak batu zituela.

2018ko Oiartzungo urtekarian esplikatu zuten prozesu guztia. Maddiren izenaren atzean Maria Josefa Sansberro Echeverria dago, baina urtekarian adierazi bezala hainbat abizen izan zituen bizitzan zehar: Maria Josefa Susperregi (aita umezurtza zen eta izen bereko baserrian pasa zituelako aitak lehen urteak), Sansberro (aitaren bigarren baserria), Perul (Maddiren lehen senarra), Nicolas (dibortziatu ondoren, bigarren senarraren abizena). Abizen saltsa hau argitzeko demaseko lana hartu zuten bi ikertzaile amateurrek (amateur ez da gutxieslea, historiagileak ez direlako diot).

Pandemia erori zitzaigun gainera, baina 2021ean Oiartzungo Udalak omendu egin zuen Maddi. Horren lekuko 2022ko Udalaren urtekaria.

Echevarriatik Etxeberriara

Eta zein unetan agertzen da Edurne Portela? Mitxelenak edo Portelak, jada ez dut gogoratzen nork, kontatu zuen ETBk indarkeria politikoari buruz egindako saio batean kointziditu zutela biek ala biek. Saiatu naiz sarean topatzen, baina ez dut aurkitu.

Eta saio horren ondoren Mitxelenak telefonoa eskatu zion Portelari.

Osteguneko ekitaldian Edurnek aipatu zuen, zeharka bazen ere, Mitxelena bera garai gogorrak bizitutakoa zela. Ez dakit zergatik, burura etorri zitzaidan Echevarriatik Etxeberriara dokumentaleko pasarte bat. 2014ko apirilean ikusi nuen Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Oyarzundik Oiartzunera apuntea idatzi nuen blogean. Pasarte hau, besteak beste:

"EAko zinegotzi izandako Mitxelenari katu beltza jarri zioten etxeko atarian. Ez omen du ezagutzen inor herrian horrelako abisua izanda bizirik dagoena (Echeverria alkateari ere jarri omen zioten hil aurretik, baita hil zuten beste zinegotzi bati ere). Prest dago gizona garai haiek aparkatzeko (ez ahazteko) eta aurrera egiteko".

Eta aurrera egin duela ezin zaio ukatu Joxemari Mitxelena Cazaboni.

Baina aurrera egiteko orri guztiak irakurri behar dira eta sarean informazio bila Aranzadi Oroimena izeneko kanalean igotako hamar minutuko bideo batekin egin dut topo.

Oiartzungo giro bortitzetik ihesi Jakara joan zen eta bertan Biescasko hondamendia tokatu zitzaion.

8. minututik aurrera, gutxi gorabehera.

«Jakan nengoela Biescaskoa gertatu zen. Eta hor buru-belarri sartu nintzen (...) Eta hori izan zen nire terapia».

«2010ean, hasi ginenean hurbiltze-prozesu horretan, gero EH Bildu izan zena (aurrena Amaiur), herriko bi pertsona oso, oso, oso enfrentatuta bizitu izan garenak (....) Batek esan zidan: "Jarriko al dugu markagailua zeron?" "Niregatik bai" esan nion. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Sartu ginen tabernara eta jendea zegoen "hemen zer pasatzen da? Orain arte, gaizki esanda, a ostia limpia ibili dira, eta orain elkarrekin birra bat hartzen?»

«Niri askotan galdetzen zidaten zuk zer esango zenioke zuri mehatxu egin zizunari: "Ez dela atzera begiratu behar". Ahaztu, ez da ahazten. Barkatu? Zergatik ez. Horra joan behar bada eta elkarrekin egin behar badugu bidaia».

Zer gehiago esan daiteke?

Hegal egiten (XI)

Mikel Iturria 2023/03/19 10:40
Hainbat kontu: Ruper, Sarri, Padron, Cano, Maddi, Portela, McEnroe, Gartxot, Azurza.

Huntaz eta hartaz

Astean zehar sukaldeko irratian harrapatu nuen jada hasita Lizardiren Baratza irratsaioa. Ruperrek eta Sarrik Bilboko Kafe Antzokian otsailaren 6tik 9ra egin zituzten lau saioetatik bat fikzionatu zuen Padronek; horretarako, Olatz Enzunza Mallonak Berrian idatzitako lehen saioko kronika hartu zuen ardatz: Honetaz eta hartaz, giro intimoan.

Ostegunean hasi nintzen saioa entzuten, audioa patrikako telefonora deskargatuz, baina ezin izan nuen oso-osorik entzun. Atzo, aldiz, jarraian entzuteko parada izan nuen. Zoragarria Padronek egin zuena.

Bide batez, pasa den astean argitaratu zuen Pamielak Hautsi da anphora (zuzenean) diskoa gogoratzeko iaz egindako biraren grabazioa.

Cano

Bihar hasiko da Donostian Poesialdia. Badago zer aukeratua, baina nik bakarra ikus dezaket.

Eta erabaki dut Soneto bat irakurtzeko 20 modu ikusiko dudala, Harkaitz Canok Maite Larburu eta Beñat Barandiaran musikariekin Victoria Eugenia Cluben asteartean egingo duten emanaldia. Azkar desagertu ziren ostiralean eskuragai jarri ziren gonbidapenak.

Bide batez, hilaren 27an egongo da Cano Crossover jaialdian, KMn, Ylenia Benitorekin batera.

Maddi eta Portela


Otsailean Ernest Lluch Kultur Etxean egon zen Edurne Portela Los ojos cerrados liburuaren bira ixten. Ez nintzen han egon, baina bai entzun dudala audioa. Bertan esan zuen Maddi y las fronteras liburu berria aurkeztuko zuela martxoaren 23an KMn.

Hauxe jarri dute ekitaldia iragartzeko:

«2021eko udazkeneko arratsalde batean, Edurne Portelak dei bat jaso zuen, Maria Josefa Sansberrorekin lotutako hainbat dokumentu historiko eskainiz. María Josefa Sansberro, Maddi izenez ezaguna, Oiartzunen jaio zen, 1895ean, eta XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan oso ospetsua izan zen hotel bateko arduraduna izan zen, Larrun mendiaren oinean, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan. Lehen begiratuan, Maddi emakume aztoragarri gisa eta kontraesanez betea agertzen da, muga asko gainditu dituena, fisikoak zein moralak: kontrabandista eta mugalaria, katoliko sutsua eta dibortziatua, seme-alabarik gabeko emakumea eta ama, nazien zerbitzaria eta Erresistentziako agentea".

Aipatutako dokumentuak Izarraitz Villalucek eta Joxemari Mitxelenak pasa zizkioten Portelari. Hirurak egongo dira ostegunean KMn. Aurkezle eta ekitaldiko gidari lanetan Ander Izagirre.

Amateur

Zail dute artistek kulturatik modu duinean bizitzea. Besteak beste, hori aipatzen du McEnroe taldeko Ricardo Lezonek RDL aldizkarian argitaratu duten elkarrizketan.

Antzeko-parezido dabil Donostiako saltsa askotako perrexila den Gartxot Unsain. Arratsean elkarrizketatu zuten Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok. Arin nira diskoa eta eleberria aurkeztu zituen Ghau izenpean.

Zabaldu parentesia. Ze beharrezkoak Lizardiren Baratza eta Arratsean gure panoraman. Itxi parentesia.

Ødei-rekin egon zen Dabadaban martxoaren 17an. Berandu enteratu nintzen.

Sara Azurzaren disko berrian Gartxot-ek kolaborazio bat egin du. Asko gustatzen zaidan kantua da eta hona hemen testutxo hau ixteko.

Pertsonekin hitz egin behar

Mikel Iturria 2023/02/25 20:15
Goizean oinez joan gara Trintxerpera Donostiako erdialdetik. Eta buelta.

Etxean gosaltzen nuen bitartean, Del Pinoren irratsaioan entzun dut kale erreportaje labur bat hirietako supermerkatuetan ugaltzen ari diren auto-ordainketa kutxei buruzkoa.

Irratia itzali, kaleko arropak jantzi eta erdialdera joan naiz lagun batekin geratuta nengoelako. Handik Trintxerpera abiatu gara oinez.

Donostiako erdialdera bueltatu aurretik, lagunak esan dit supermerkatu batean erosketa pare bat egin behar zituela.

Euskal Herrian egoitza duen, eta kooperatiba ez den, tamaina ertaineko batera sartu gara.

Zuzenean harategira jo dugu.

Ez zegoen jende asko bertan. Zenbaki pare bat gure aurretik.

Hiru senide zeuden txandaren zain. Tokatu zaienean edadeko andre batek hartu du hitza eta harakin gazte bati galdetu dio ea arkumerik ba ote zuten.

Zerbitzariak esan dio aste honetan antxume eskaintza zutela eta kantatu eta kontatu dizkio antxume haragiaren alde onak. Modu profesionalean eta adeitsuan, beti ere.

Andrearekin batera gizonezko bi. Itxura guztien arabera bata senarra. Telefonoak jo eta gazteak hartu du. Aiton-amonekin zegoela esan dio beste aldean zegoenari.

Bigarren harakina emakumezkoa zen. Bezeroari galdegin dio ea ondo ote zegoen, itxura eskasa zuela. Andrazkoak baietz, gau txarra pasa duela, baina bihar famili bazkaria zuela eta erosketak egin behar zituela.

Jarraitu dute beraien artean hizketan eta antxume erdia erostea erabaki. Lehen zerbitzariak esan dio bost lagunentzako nahikoa eta sobera zuela.

Bilobari erreparatu diot. Itxura eskasa zuen hark ere, nabaria zen dutxatik pasa gabea zela aspaldi.

Emakumearen senarrak, aldiz, ez du ezer esan.

Nire lagunak erosketak egin eta alde egin dugu supermerkatutik, geratuta baikinen osasungintza publikoaren aldeko manifestaziora joateko.

Goizeko erreportajean gazte pare bat elkarrizketatu dituzte. Bata auto-ordainketa kutxen alde zegoen, bestea, aldiz, ez hain alde, batez ere edadeko jendearen kasuan. Esan du gehiago kostatzen zaiela ordainketak bere kabuz egitea eta, gainera, supermerkatuetako langileekin hitz egiten ez bazuten, ea norekin hitz egingo zuten bakarrik bizi diren asko.

Konbentzitu du laguna. Ez da gutxi.

P.S. Lerro hauek idatzi ondoren, aste honetan Twitter-en ikusitako beste honetaz gogoratu naiz.

— La Celda (@24601LaCelda) February 22, 2023

Bestalde, Giorgio Bassmatti lagunak esteka hau bidali dit: kutxa eta ilara motelak Herbehereetan.

Mano Negra

Mikel Iturria 2023/02/20 21:42
Manu Chao eta beste bi kideri 1990ean eginiko elkarrizketa bat.

Euskal jendearen oroimenean txarrerako txertatuta geratu zen eguna da gaurkoa. 2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zigutelako.

Gainera, gaur itxi ditu ateak Tobacco Days liburu dendak Grosen. Eta berriemaile berezia izan dut bertan.

💔 @tobaccodays-eri agurra: pic.twitter.com/nxVlptG06D

— Maddalen Marzol (@madmarzol) February 20, 2023

Igeldorako igoera hasi aurretik hitz egin dut Maddalen-ekin.

Etxetik atera aurretik jaitsitako audio bat entzuten egin dut gainerako bidea: Les Nuits de France Culture saio bati zegokiona.

1987. urtean sortu zuten Manu Chao eta enparauek Mano Negra musika talde ospetsua Parisen. Eta 1990. urtean aipatu elkarrizketa egin zioten Radio France-ko Opus irratsaioan.

Garai hartan lan erdiak eginak zituen taldeak, diskografiari erreparatuz gero bai behintzat, Patchanka eta Puta's Fever kaleratuta. Loturan arakatuz gero konturatuko zarete erreportajearen lerroburuak dioela orduan zegoela banda olatuaren aparretan.

80 minutu pasatxokoa da saioa. Kantu ezagun asko entzuten dira, baina abesti artean Manu Chao, Toño Chao eta Jo Dahan-ekin Pigalle-n izandako solasak tartekatzen ditu kazetariak.

Bestalde, gaur arratsaldean garai hartako Frantziako rock eszenako hainbat talderi eskainitako erreportaje gehiago kargatu zaizkit podkast zerbitzuan (begiratu hemen).

Poz-pozik nentorren, baina ikusi dudan gauza batek izorratu egin dit iluntzea. Ez dakit esku beltza tartean ote dagoen, baina lotsa gutxi behar da bide bazterrean hauxe botatzeko 2023 urtean.

Ez dugu erremediorik.

Agur, Tobacco Days

Mikel Iturria 2023/02/19 22:05
Otsailaren 20an esango du agur Donostiako Sekundino Esnaola kaleko liburu dendak.

Agur, Tobacco Days, este apunte en castellano

Grosen izan zuen Garoa liburu dendak adar bat, ia lau urtez, Zabaleta kaleko 34 zenbakian hain zuzen ere. 2014ko sanferminetan zabaldu zuten Agirretarrek proiektua, eta 2017ko otsailean itxi zituen ateak.

Bertan lanean ibilitako Ines Garcia Azpiazuk Tobacco Days zabaldu zuen Tabakaleran. 2020ko uztailean Grosera mugitu zen, Sekundino Esnaola kalera.

Otsailaren 5ean eman zuen ezagutzera Inesek kitto, akabo, amaitu da proiektua. Eta hilaren 20an itxiko ditu ateak.

Bost urte ikaragarrien ondoren, atseden eta autonomo kuotari agur esateko garaiak iritsi dira.

Zuek eman diozue bizia proiektu honi (baita niri ere) urte guzti hauetan, beraz mila esker erraldoi eta eternala 🤍

Otsailaren 20a izango da azkenengo eguna. pic.twitter.com/nxAWuluKdL

— Tobacco Days (@tobaccodays) February 5, 2023

Bitxikeria: hau idatzi ondoren, konturatu naiz bi proiektuak (Garoa eta Tobacco Days) uztailean zabaldu zituztela eta otsailean itxi.

Gauzak horrela, astean zehar joan nintzen eskerrak ematera eta liburu pare bat erostera. Jende askok egin du gauza bera.

Pena? Errealista izan beharra dago: horrela daude gauzak, kamarada.

Nostalgiarik gabe, eskerrak eman, bizitutako une onak gogoratu eta gozatu, ezagututako jendea eta liburuak, besteak beste.

Egia da ere gehiago joan izan nintzela Garoara, gutxiago Tobacco Days-era.

Merezi zuen elkarrizketa egin zion Nerea Lizarraldek, Irutxuloko Hitza aldizkariaren azalean agertu zena ostiralean. Paperean ez zen dena sartu eta interneten paratu dute bertsio luzea.

Hura irakurtzea gomendatzen dizuet: "Bat-batean ni neu izan naizen proiektu bati agur esatea, ez da erraza".

Eskerrak emateaz gain, Inesi esan nion ez nintzela joan agur esatera. Fijo izango dugula elkarren berri.

Are gehiago jakinik Usurbilgo turismo plana gauzatzeko fitxatu dutela. Eta dirudienez kulturak izango du bertan indar handia. Badute nondik tiratu: Artze anaiak, Laboa, Zumeta...

Agur, Tobacco Days. Gero arte, Ines.

Laguntzeak dena aldatzen du

Mikel Iturria 2023/02/02 19:22
Irudi polita Malagan.

Pasa den hilabete bukaeran, Madrilera joan ginen gogoratzera duela 75 urte jaio zela Javier Ortiz kazetaria. Eta zirkulu bat ixtera.

Azken astea Malagan pasa genuen. Bertatik bi txango zoragarri egin genituen, eta biak trenez: ordu eta laurdenera baitaude Granada (Alhambra) eta Kordoba (Meskita).

Irungo lagun bat Malagan dago lanean eta gidari lanak egin zizkigun.

Adibidez, kaitik pasatzeko esan zigun, bertan ia 100 metroko luzera zuen yate erraldoia baitzegoen. Vava II.a zuen izena. Ernesto Bertarelli-ren enkarguz eraikia 2007an. 150 bat milioi libera esterlinako kostua izan ei zuen. Pornografikoa, beste zerbait ez esateagatik.

IMG_20230129_132640

Pasealekuan kale musikariak egoten ziren. Nik ikusi eta entzun nituenak maila onekoak, gainera. Uste nuen egoera konponduta zutela Malagan, baina prentsan irakurri nuenez, han ere ez.

Azken egunean deigarria gertatu zitzaidan bikote bat. Hau, hain zuzen ere.

Kale musikariak Malagan

Eta zergatik? Hurrengo argazkian ikusiko duzuen leloagatik: "Ayudar cambia todo".

Lelo gisa izugarri ona iruditu zitzaidan.

Laguntzeak dena aldatzen du!

Nota: como ya comenté hace un par de semanas, he cerrado mis Pedradas chez Ortiz. Estoy pensando qué hacer con mis apuntes en castellano.

Aro baten amaiera

Mikel Iturria 2023/01/18 08:10
Gaur goizean eman dugu ezagutzera Javier Ortizen webgunea izoztu egin dugula.

Esan bezala, gaur itxi dugu Javier Ortizen webgunea, kazetari donostiarra jaio zela 75. urteurrena betetzetik gertu (1948ko urtarrilaren 24an jaio baitzen). 2000ko uztailean zabaldu zuen bere txokoa interneten, eta egunero plazaratu zuen, gutxienez, testu bat, baita hil egin zen egunean ere, 2009ko apirilaren 28an.

Beraz, 13 urte luze joan dira hil zenetik. Geroztik Ortizekin loturiko hainbat lan egin eta koordinatu ditut: Unerik gorena, heriotzaren hamargarren urteurreunean, 2019ko udaberrian, kaleratutako liburua.

Hura hainbat tokitan aurkeztu ondoren, covid-aren pandemia etorri zen eta nahikoa lan bakoitzak berearekin.

2006ko urtarrilean zabaldu nuen Pedradas Javierrenean. Beraz, 17 urte beteko ditu datorren astean.

Eta orain pentsatu behar dut zer egin. Ematen du jarraituko dudala idazten, baina ohituraz euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen ditut idatziak. Hemen? Euskaraz bai, baina gaztelaniaz? Ez dakit.

Tira, aro baten amaiera da hau eta ateak modu duinean ixten jakin behar da. Gauza izango al gara?

P.S.: Pedradas-en igo dut Javierren libururako idatzitako hitzaurrea. Bertan urte hauetako laburpen moduko bat eta esker anitz.

Gelditu ditzagun gerrak

Mikel Iturria 2022/12/24 19:30
Irratian goizean entzundako elkarrizketa labur baten harira.

Goizean irratia piztu da gogoratzeko altxatzeko garaia zela. Atzo nik jarri nuelako, oraindik ez naiz Adimen Artifizialaren menpe bizi.

SER irrati-katean ez zegoen Javier Del Pino, Lourdes Lancho baizik. Itxuraz Bartzelonatik ari zen saioa egiten.

Esatariak kontatu du Bartzelonan badagoela bakezale talde bat egunero biltzen dena Espainiako Estatuko Defentsa delegazioaren aurrean. Gerra guztiak geratu nahian, ez bakarrik Ukrainakoa, eskatzen dute armetan gastatzen dena, eremu sozialera eramatea, gastu sozial bihurtzea. Katalunian elkarretaratze gehiago omen daude.

Martí Olivellak hitz egin du mikrofonoen aurrean.

Haren izena bilatu dut orojakilean eta Aturem les guerres webgunearen berri izan dut.

Ez nituen ez bata, Martí, ez bestea, webgunea, ezagutzen.

A vivir que son dos días saioaren twitter kontuan begiratu dut, informazio bila. Eta txio honekin egin dut topo.

Todos los días, frente a la Delegación de Defensa de Barcelona, un grupo cada vez más numeroso de personas se manifiestan para parar la guerra de Ucrania y todas las guerras y piden que los gastos militares se conviertan en gastos sociales.

🔊 https://t.co/1CrysNZKuZ pic.twitter.com/N30ikyp34f

— A vivir (@Avivir) December 24, 2022

Lerro hauek idazten ari naizela begiratu dut bertan dauden erantzunak.

Batek dio elkarretaratzeak bertan egin beharrean Errusiako eta Estatu Batuetako kontsuletxe aurrean egiteko.

Beste batek 9 pertsona direla jada (ez dakit komentario animosoa edo adar-jotzailea ote den).

Hirugarrenak utopia eta inozentzia aipatu ditu.

Laugarrenak mundua aldatu beharrean ez ote dabiltzan diru laguntza bila iradoki duela iruditu zait.

Bosgarrenak Ukrainak nahikoa lan duela bere burua defendatzen.

Nik ez dut nire iritzia partekatuko, soilik akta jasotzea otu zait, eta iniziatiba horren berri ematea.

Paremos las guerras, este apunte en castellano.

Kantu-kontari Juan Perro

Mikel Iturria 2022/12/09 19:05
Hondarribian egon zen ostegun iluntzean Juan Perro. Hots, Santiago Auseron.

Juan Perro vino dando el cante, este apunte en castellano.

Baziren ia 30 urte ez nuela zuzenean taula gainean ikusten Santiago Auserón, 1993an Victoria Eugenian ikusi bainuen Kiko Venenorekin batera muntatu zuten proiektu erraldoi hartan (Juan Perro y Kiko Veneno vienen dando el cante).

Nebulosa batean daukat 1990 urtearen bueltan Radio Futura ikusi nuela Logroñoko San Mateo jaietan. Baina ez nago batere ziur. Gezurtia delako memoria batzuetan (oroitzen duenaren mesedetan, normalean).

Uztailean ikusi nuen Juan Perrok kontzertua egingo zuela abuztu hasieran Zaragozan. Apuntatu nuen agendan, baina gero ezin hurbildu.

Atzo, ostegun goiza, kasualitatez jakin nuen Amua In-Edit jaialdian egongo zela arratsalde horretan bertan. Eta pare bat sarrera erosi nituen Hondarribiko Itsas-Etxera joateko.

Itxura ederra zuen aretoak bertara sartu ginenean. Behin egona nintzen, 2016ko martxoaren 8an Jon Abrilen Neskatoak dokumentala ikusten.

Badaramat bolada luze bat bizitzan orokorrean, eta batez ere kultur ekitaldietan, gutxi edo bat ere ez naizela hunkitzen. Zergatia zein ote den ez dakit.

Atzo, berriz, ederki gozatu nuen Espainian parekorik ez duen 68 urteko kantu-egile eta kontulari apartarekin. Bakarrik agertu zen tranpaldoan, gitarra elektrikoa lagun (Gibson SG bat zela irakurri dut sarean). Bi ordutan kantuz eta elez bete zuen aretoa.

Memorian itsatsita geratu zaizkidan hitz edo polaroidak Tijuana, Gibara eta zinema txiroa, Lorca (Federico), Txoria txori (Laboa), Arsenio Rodríguez, Collar de cuentas (hildako bidaideei eskainitakoa), eta Radio Futura garaiko El puente azul eta Semilla negra.

Txoria txori kantaren bertsioa egin zuen, nahiz eta aitortu zigun aholkatu ziotela ez egiteko. Dotore atera zen atakatik. Bi minutuko grabazioa igo du sarera gaur goizean Ricardo Aldarondo kazetariak (beheko loturan dagoen lehen txioan beste bideo bat dago, bi minutukoa hau ere).

El cuentacuentos Juan Perro se atrevió con una canción tan desgastada como ‘Txoria txori’ de Mikel Laboa y también le salió redonda. Con ramalazos del Mississippi. pic.twitter.com/GKqabml8zA

— Ricardo Aldarondo (@raldarondo) December 9, 2022

 

Talent show eta irrati-formulen merkatutik at egiten ari dela karrera esan zigun, gauza nabaria bestalde, eta denok ikasi beharko dugula, berak eta guk, nola egin karrera deskargen mundutik at. Garai batean fonogramak erosten genituela eta irteeran egongo zela zerbait guretzat.

Azken diskoa Libertad da, 2022an kaleratutakoa. Erosteko gogoz geratu nintzen, baina 2020ko Cantos de ultramar disko-liburua aukeratu nuen, jazz munduko bandarekin ondutako albuma.

Esan bezala, bete-betean dago Auseron eta aukera baduzue, segi ikustera. Uste dut bera bezalako ibilbide oparoa gutxik izan dutela Espainian, gailur komertzialera iritsi ondoren albo batera egin dena, bere karrera irizpide artistikoekin garatzeko.

Bitxikeria gisa ikusi dut 2022an 24 kontzertu egin(go) dituela (azkena abenduaren 30ean Alacanten).

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter