Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Nork izan nahiko du familia mediku?

Mikel Iturria 2023/04/20 22:35
Manifestazioak deitu dituzte larunbatean Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

Apirilaren 5ean hasi nintzen belarriko minez. Hilaren 6an, ostegun santuan, pixka bat gehiago.

Opor garaia izanik, nahiz eta etxean nengoen, Osakidetzara jo beharrean, farmazia batera joan nintzen. Botikariak esan zidan belarria gauza serioa dela eta, ezer eman aurretik, derrigorrezkoa zela diagnostikoa. Donostiako Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunera joateko, adibidez.

Osteguna, apirilak 6, gaueko 21:00ak pasata bertaratu nintzenez, soilik erizainak zeuden zerbitzua atenditzen. Medikua ostiral goizean egongo zela, 9:00etatik aurrera. Erizainak artatu eta esan zidan ikusten zela zerbait, baina bera ez zela gai diagnostiko egoki bat egiteko.

Ostirala, apirilak 7, goizeko 9:00etan bertan nengoen. Medikuak ikusi eta kanpoko belarrian nuela infekzioa. Bost egunez tanta batzuk hartzeko.

Txanda aldaketa tokatu zitzaidan eta, zain nengoen bitartean, langileak ari ziren komentatzen larunbatean ez zela medikurik izango.

Egun pasa egin genuen etxetik kanpo, Bilbon hain zuzen ere, eta leher eginda etxeratu nintzen.

Larunbatean tira, baina igandean hasi nintzen eztularekin.

Astelehenean antigeno proba egin nuen eta Covid-a zela argitu zuen testak.

Asteartean lanera joan nintzen eta astean zehar nahikoa xuabe pasa zen dena, dezima batzuk gorabehera, espazio itxi konpartituetan musukoa jantzi eta aurrera.

Ustez errekuperatuta nengoen, eta jada aste honetan, asteartean, hilak 18, familia medikuarengana joateko hitzordua lotu nuen 16:10ean. Tapoirik ote nuen begiratzea zen bisitaren funtsa.

Ordubete egon nintzen zain, erabat gaindituta zegoelako: aldameneko gelan zegoen medikuari hiruzpalau aldiz laguntzeaz gain, beharrezko denbora eskaintzen baitio gaixo bakoitzari. Ez nintzen fijatu larrialdiak atenditzen ote zituen, baina beste batzuetan tokatu izan zaizkio.

Bere onetik aterata zegoen ni kontsultara sartu nintzenean. Konfiantza pizarra badugu eta dena pikutara joan dela berretsi zidan beste behin. Ez garela ezertaz jabetzen, baina gertuko osasun sistema pikutara joan dela, laburbilduz.

Manifestazioa izango dela larunbatean, nik. Ez dutela manifestazioek ezertarako balio, berak. Baina gero kontatu zidan bere herrian deialdia egon zenean, lau pelakatu bildu zirela. Beraz, manifestazioak, jendetsuak badira, badute eraginik.

"Nor izango da familia mediku baldintza hauetan? Nor? Urte batzuk barru, guk erretiroa hartzen dugunean, inor ere ez".

Niri dagokidanez, diagnostikoa okerragoa izan zen: kanpoko belarrian zegoena, erdiko belarrira pasa zela, eta antibiotikoak beharrezkoak zirela esan zidan. Noiz hasi ziren lehen sintomak eta zergatik joan nintzen hain berandu berarengana. Prozesu guztia kontatu nion.

Biharko, ostirala, eman zidan hitzordua. "Ekarri irakurtzeko zerbait", zain egon beharreko denbora luzatuko delakoan.

Dena pikutara joan ote den ez dakit, baina oso itxura txarra du Osakidetzaren egoerak. Kosta egiten zait Jaurlaritzaren ereduak Ayuso txiki uzten duela esaten dutenen diskurtsoa erabat erostea, baina batzuetan jada ez dakit zer pentsatu.

Argi dago garai bateko ereduak, 1960-1990 bueltan eraikitakoak, agortu egin direla, eta ez bakarrik osasungintzan; berdin zaintzan, hezkuntzan, kulturan, eta abar.

Bilbon eta Gasteizen manifestazioak eguerdiko 12:00etan izango dira larunbatean. Donostiakoa, Boulevard-etik aterako da arratsaldeko 17:00etan.

Joan beharko dugu ba.

P.S.: lerro hauek idatzita nituela, podcast zerbitzu baten bidez, entzun dut gaur goizean Iñaki Guridik Amaia Herrarte eta Nerea Barriusori eginiko elkarrizketa laburra. Biek MIR azterketa egin dute eta, nota ona izan arren, familia-mediku espezialitatea hartzea erabaki dute. Barriuso 14.a da estatu osoan eta bera izan da familia-mediku espezialitatea aukeratu duen lehena. Xixonera doala ulertu dut. Herrarte, berriz, Zumarragako ospitalean arituko da.

¿Quién querrá ser médico de familia?, este apunte en castellano

«Aizu» kantuaren eskaintza

Mikel Iturria 2023/04/17 08:15
Jone Unanua, Fermin Muguruza eta Iñigo Manriquerentzat.

Lan kontuak direla eta, azken bi denboralditan asteko kultur agendaren berri ematen dut DK Irratian, Ispilu Beltza saioan. Hasiera batean Oier Aranzabalekin aritzen nintzen; orain Cristina Tapia Huicirekin.

Normalean astelehenean, goizeko 8:00ak pasata, agertzen da kolaborazioa antenan.

Gaurko nire partehartzea horrela itxi dut. Esan beharra dago bukaeran kantu bat jartzen dudala. 30. minutuaren bueltan.

Gidoitik kopiatuko dut nik idatzitako zatia:

Ba gaur, hilak 17, Jone Unanuaren urtebetetzea da, 56 oker ez banago. Eta ostegunean, hilak 20, 60 urte egingo ditu Fermin Muguruzak.

Buelta batzuk eman dizkiot zer kanta jarri erabakitzeko eta Negu Gorriak taldearen Aizu aukeratu dut.

Bikotearen semea jaiotzear zela, lagun bat heriotza bidean zen, Hiesa zela eta ez zela.

Horrela esanda kanta tristea dirudi, baina niri bizipoza ematen dit.

Zorionak bioi eta carpe diem!

Eta Irungo PPko zinegotzi den Iñigo Manriqueri ere eskaini nahi diot kantua. Duela egun gutxi enteratu naiz, berak publikoki esan duelako, Parkinsonen gaixotasuna duela. Oker ez banago, duela urte asko atzeman zioten, eta kontrolpean du.

Animo zuri ere, Iñigo.

Mi agradecimiento infinito por el cariño que me estáis haciendo llegar desde todas partes.
No os podéis imaginar lo que ayuda.
💪🏼💪🏼#Parkinsonpic.twitter.com/483Yt7b34q

— Iñigo Manrique (@iManrique) April 11, 2023

P.S.: Irunen nuen fokua eta ahaztu egin zitzaidan bihar, asteartea, Xepe Rodríguez lagunak 50 urte egingo dituela. Bera ere zoriontzeko aprobetxatuko dut.

Dedicatoria de «Aizu», este apunte en castellano

Landa eremuko jende jakintsua

Mikel Iturria 2023/04/10 20:00
Galiziako lagun pare bat izan ditugu etxean egun batzuk pasatzen. Euskal Herritik barrena paseatu ditugu eta ematen du gustura ibili direla. Bisita bereziena Josebe Blancori egin geniona.

Esan bezala, Euskal Herritik barrena eraman ditugu Xepe eta Celia lagunak: Donostialdea, Behe Bidasoa, Baztan, Lapurdi, Gipuzkoako kostaldea eta Flysch-a, Ondarroa, Mendaro, Altzo, Bilbo... eta Antzuolako Pikunieta baserria.

Pikunietara hurbildu ginen jatorri galiziarra duelako Josebe Blanco artzainak eta bisita bat zor niolako. Agendak kuadratu eta GPSaren laguntzarik gabe igo ginen Irimo auzoko lurretan dagoen baserrira.

Josebe Blanco artzaina ganadu artean

Josebe Blanco artzaina bere artaldearen zati txiki batekin

Pare bat orduz aritu ginen hizketan baserriko kontuetaz: non eta nola bizi den familia, inguruan zer dagoen, koniferen esplotazioa gutxi balitz orain dituzten beste bi arrisku potolo (eukaliptoa eta parke eoliko industrialak), arditegia, gaztategia, eta abar.

Galizieraz aritu zen Josebe (herdoildua omen du hizkuntza, nik nahikoa suelto sumatu nuen ba) eta pulamentuzko gauza asko esan zituen. Horietako batzuk buruan bueltaka izan ditut azken egunetan.

Xepe Rodríguez, Josebe Blanco eta Celia Pereiro

Xepe Rodríguez, Josebe Blanco eta Celia Pererira, ezker eskuin

Oier Aranzabalen beste bisita bat gogoan nuen, emaitza Barruan gaude podkastean kaleratu zena: Josebe Blanco, Pikunietako artzaina. Berriro entzun dut bien arteko solasa eta hamaikagarren minutuaren bueltan bere garaian atentzioa eman zidan beste kontu honekin egin dut topo.

«Akordatzen naiz nire lagun batekin. Oso-oso laguna da. Nik baino hogei urte gehiago izango ditu, eta oso gizon jakintsua da. Ikaragarria! Hark badaki animaliei buruz, urratu bat eginez gero badaki josten, badaki erditze bat atenditzen, badaki tomateak hazten, badaki kontserbak egiten, badaki egurretan, badaki ikatza egiten, eta behin esan zidan: `Jo! Ez dakit, nik nire inguruan behin eta berriz entzun behar izaten dut tontoa baino tontoagoa naizela, ez daukadala kulturarik'. Gaztelaniaz hitz egiten du: 'Yo no tengo mucha cultura, yo tengo agricultura».

Jakoba Errekondok ere behin baino gehiagotan esan izan du kultuak landatzen eta ereiten jakin behar duela, bestela ez dela kultua (etimologiari erreparatuta behintzat).

Jakobari ere entzun izan diot ze garrantzitsua den gaztaren kultura eta gazta mota asko izatea, aberastasun eta aurrerapen seinale. Gustuko zuten Pikunietan gazta urdina eta hura ekoizten hasi dira. Guk dastatzeko aukera izan genuen eta bikaina zegoen.

Pikunieta baserriko gazta urdina

Pikunietako gazta urdina

Gaztelaniazko Pedradas blogean 2021eko udan Berriak argitaraturiko Enekoitz Telleriaren elkarrizketa ere etorri zait gogora: «Gure bizitzaren gaineko boterea supermerkatuei eman diegu». Eta berrirakurri dut.

Pasarte hau, adibidez:

«Ekologikoan lan egiteak esan nahi du gu naturara moldatzea, naturarekin lan egitea, eta ez alderantziz. Gure kasuan, guk moldatu behar dugu ardien erritmoetara, eta ez ardiek gure erritmoetara. Adibide bat: ekologikoan nik ez dut ulertzen nola moztu ahal zaien ardiei ilea urtean bi aldiz. Hori Euskal Herrian gero eta hedatuago dago. Ekologikoan nik ez du ulertzen hori egin daitekeenik. Nik urrian edo azaroan ilea mozten badiet ardiei, ardi horiek ez dira kanpora aterako».

Bukatzeko, 2017ko azaroan Anarik bertan emandako kontzertuaren berri ematen duen bideo bat jarriko dut. Epilogoa.

Hausnarrean jarraitzeko irakurri ere egun hartako kronika, Anartz Bilbao eta Beñat Hach Embarek Irizarren eskutik.

Gente sabia del mundo rural, este apunte en castellano

Alberto Lizarralderi Xalba Ramirezek eginiko elkarrizketa

Mikel Iturria 2023/04/02 08:50
Ostiralean, lanerako bidean, Xalba Ramirezek Alberto Lizarralde musikariari eginiko elkarrizketa irakurri nuen.

Esan bezala, lanerako bidean irakurri nuen Xalba Ramirez kazetariak Alberto Lizarralde musikariari eginiko elkarrizketa. Donostiako Irutxuloko Hitzak argitaratu zuen.

Euskal Herriko jazz eta esperimentazio eszenako beteranoa da Alberto, 66 urte baititu. Halere, ezagunago da Jazzle eskola eta Plaza jaialdiak sortu zituelako.

Esan beharra daukat izena ezaguna egiten zitzaidala, baina apenas nekiela zerbait berari buruz.

Hegoa Diskak-ek 1984-1994 hamarkadan eginiko piezak biniloan kaleratu berri dituela da Xalbak erabili duen aitzakia. Diskoaren izenburua, Haizetxe, garai hartan Zaldibian bizi zen baserriaren izena.

Gaztelaniaz jarri dut Pedradas blog berrian: Xalba Ramirez entrevista al músico Alberto Lizarralde.

Hona hemen perla batzuk:

Musika jaialdi guztietan lehen balorazioa hori da; ez zer moduz joan den, baizik eta zenbat jende egon den. Ez zait gaizki iruditzen, baina lehen balorazioa hori izateak arreta ematen du.

Kulturaren hezkuntzari dagokionez, hor bai hitz egin beharko genukeela luze. Drama bat da. Hor antzinako ikuspuntua dut; eta uste dut ikuspuntu hori dela modernoena. Musika, nik ikasi nuen garaitik, flauta-ezti triste batekin irakasten da, eta haurrei flauta-ezti tristea aukera bakar gisa eskaintzea etsigarria da. Zergatik ez zaie beste aukerarik ematen?

Badago pentsarazi behar digun zerbait: ekoiztetxe bat baldin baduzu, bi linea landu behar dituzu; lehenik, Euskal Herriko distribuzio markoa duzu, eta horra heldu behar zara. Baina beste lan garrantzitsuetako bat da kanpora iristea; eta, sinpleki, bizirik irauteko.

Maddi Sansberroren atzetik, Joxemari Mitxelenarekin egin dut topo

Mikel Iturria 2023/03/26 20:35
Aurreko astean idatzitako apuntean aipatu nuen Edurne Portelaren «Maddi y las fronteras» liburua aurkeztekoa zela Donostiako KMn martxoaren 23an. Bertan izan nintzen.

Tras la huella de Maddi Sansberro, me he encontrado con Joxemari Mitxelena, este apunte en castellano

Esan bezala, «Maddi y las fronteras» liburuaren Donostiako aurkezpenean egon nintzen.

Lehenik eta behin, halako ekitaldiak zuzenean botatzen ditu KMk Youtubeko kanaletik eta bertan dago edozein unetan ikusi ahal izateko.

Bi zati izan zituen aurkezpenak: lehenengoan, Edurne Portelak Ander Izagirreren laguntza izan zuen tarima gainean liburua jorratzeko; bigarrenean, Izarraitz Villaluze eta Joxemari Mitxelena (istorioaren bideratzaileak) igo ziren, laukotea osatuz.

Izan ere, Mitxelena eta Villaluze oiartzuarrek Sachsenhausen-en 1944an hildako herrikide baten bizitza ikertu zuten eta jasotako agiri guztiak Portelaren esku utzi zituzten 2021eko udazkenean.

Galaxia Gutenberg argitaletxeak kaleratu du Edurnek idatzitakoa, Maddi y las fronteras. Ez da saiakera liburua, Edurnek fikziora eraman baitu Maddiren bizitza.

Martxoaren 15ean Radio Nacional de Españako El ojo crítico irratsaioan elkarrizketatu zuen Laura Barrachinak idazlea (bideoaren 8 minutu 20 segundutik aurrera).

Miércoles en la frontera:

📚Donde ocurre 'Maddi y las fronteras' de Edurne Portela

👑'El complot en el poder' con Use Lahoz

🌹Los visionarios románticos en @Museo_Lazaro

🎬Y los buenos datos que nos dejan las salas de cine.https://t.co/rD5seMkZNT

— El Ojo Crítico (RNE) (@ElOjoCriticoRNE) March 15, 2023

Ez nuen egun hartan entzun, baina patrikako telefonora jaitsi nuen audioa eta paseo batean etorri ziren biak nirekin.

Liburua ez dut oraindik irakurri, baina Ander Izagirrek esandakoaz aparte, hona hemen Inma Lizasok eta Joserra Senperenak jarritako txioak.

No he podido soltar a Maddi desde que empecé la novela hasta el final y casi sin respirar.
Libro espectacular. pic.twitter.com/gmH6pMpOym

— Inma Lizaso (@InmaLizaso) March 25, 2023

Me ha conmovido la historia de Maddi. Y la gestación del libro, una ficción a partir de hechos reales que explica la autora en el epílogo. pic.twitter.com/0d47epHYoE

— Joserra Senperena (@jrsenperena) March 28, 2023

Joxemari Mitxelenak berak kontatu zuen bere aitona Lehen Mundu Gerrara eraman zutela frantsesek, beste bi anaiekin batera (Lapurdin bizi ziren). Verdunera, oker ez banago. Hainbat urteren eta milaka hildakoren ondoren, aitona bizirik atera zen guda eremutik, baina beste bi anaiak ez.

Lehen Mundu Gerrakoak ikertu ondoren, hasi zen begiratzen ea Bigarren Mundu Gerran oiartzuarrik hil ote zen nazien kontzentrazio eremuetan. Eta hor Maddi Sansberrorrekin egin zuen topo, nazien kontzentrazio esparruetan hildako oiartzuar bakarra.

Joxemari Mitxelena eta Izarraitz Villaluze herrikideak non eta nola egin zuten topo ez zuten argitu KMko ekitaldian, baina bai esan zutela Maddiren istorioak batu zituela.

2018ko Oiartzungo urtekarian esplikatu zuten prozesu guztia. Maddiren izenaren atzean Maria Josefa Sansberro Echeverria dago, baina urtekarian adierazi bezala hainbat abizen izan zituen bizitzan zehar: Maria Josefa Susperregi (aita umezurtza zen eta izen bereko baserrian pasa zituelako aitak lehen urteak), Sansberro (aitaren bigarren baserria), Perul (Maddiren lehen senarra), Nicolas (dibortziatu ondoren, bigarren senarraren abizena). Abizen saltsa hau argitzeko demaseko lana hartu zuten bi ikertzaile amateurrek (amateur ez da gutxieslea, historiagileak ez direlako diot).

Pandemia erori zitzaigun gainera, baina 2021ean Oiartzungo Udalak omendu egin zuen Maddi. Horren lekuko 2022ko Udalaren urtekaria.

Echevarriatik Etxeberriara

Eta zein unetan agertzen da Edurne Portela? Mitxelenak edo Portelak, jada ez dut gogoratzen nork, kontatu zuen ETBk indarkeria politikoari buruz egindako saio batean kointziditu zutela biek ala biek. Saiatu naiz sarean topatzen, baina ez dut aurkitu.

Eta saio horren ondoren Mitxelenak telefonoa eskatu zion Portelari.

Osteguneko ekitaldian Edurnek aipatu zuen, zeharka bazen ere, Mitxelena bera garai gogorrak bizitutakoa zela. Ez dakit zergatik, burura etorri zitzaidan Echevarriatik Etxeberriara dokumentaleko pasarte bat. 2014ko apirilean ikusi nuen Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Oyarzundik Oiartzunera apuntea idatzi nuen blogean. Pasarte hau, besteak beste:

"EAko zinegotzi izandako Mitxelenari katu beltza jarri zioten etxeko atarian. Ez omen du ezagutzen inor herrian horrelako abisua izanda bizirik dagoena (Echeverria alkateari ere jarri omen zioten hil aurretik, baita hil zuten beste zinegotzi bati ere). Prest dago gizona garai haiek aparkatzeko (ez ahazteko) eta aurrera egiteko".

Eta aurrera egin duela ezin zaio ukatu Joxemari Mitxelena Cazaboni.

Baina aurrera egiteko orri guztiak irakurri behar dira eta sarean informazio bila Aranzadi Oroimena izeneko kanalean igotako hamar minutuko bideo batekin egin dut topo.

Oiartzungo giro bortitzetik ihesi Jakara joan zen eta bertan Biescasko hondamendia tokatu zitzaion.

8. minututik aurrera, gutxi gorabehera.

«Jakan nengoela Biescaskoa gertatu zen. Eta hor buru-belarri sartu nintzen (...) Eta hori izan zen nire terapia».

«2010ean, hasi ginenean hurbiltze-prozesu horretan, gero EH Bildu izan zena (aurrena Amaiur), herriko bi pertsona oso, oso, oso enfrentatuta bizitu izan garenak (....) Batek esan zidan: "Jarriko al dugu markagailua zeron?" "Niregatik bai" esan nion. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Sartu ginen tabernara eta jendea zegoen "hemen zer pasatzen da? Orain arte, gaizki esanda, a ostia limpia ibili dira, eta orain elkarrekin birra bat hartzen?»

«Niri askotan galdetzen zidaten zuk zer esango zenioke zuri mehatxu egin zizunari: "Ez dela atzera begiratu behar". Ahaztu, ez da ahazten. Barkatu? Zergatik ez. Horra joan behar bada eta elkarrekin egin behar badugu bidaia».

Zer gehiago esan daiteke?

Hegal egiten (XI)

Mikel Iturria 2023/03/19 10:40
Hainbat kontu: Ruper, Sarri, Padron, Cano, Maddi, Portela, McEnroe, Gartxot, Azurza.

Huntaz eta hartaz

Astean zehar sukaldeko irratian harrapatu nuen jada hasita Lizardiren Baratza irratsaioa. Ruperrek eta Sarrik Bilboko Kafe Antzokian otsailaren 6tik 9ra egin zituzten lau saioetatik bat fikzionatu zuen Padronek; horretarako, Olatz Enzunza Mallonak Berrian idatzitako lehen saioko kronika hartu zuen ardatz: Honetaz eta hartaz, giro intimoan.

Ostegunean hasi nintzen saioa entzuten, audioa patrikako telefonora deskargatuz, baina ezin izan nuen oso-osorik entzun. Atzo, aldiz, jarraian entzuteko parada izan nuen. Zoragarria Padronek egin zuena.

Bide batez, pasa den astean argitaratu zuen Pamielak Hautsi da anphora (zuzenean) diskoa gogoratzeko iaz egindako biraren grabazioa.

Cano

Bihar hasiko da Donostian Poesialdia. Badago zer aukeratua, baina nik bakarra ikus dezaket.

Eta erabaki dut Soneto bat irakurtzeko 20 modu ikusiko dudala, Harkaitz Canok Maite Larburu eta Beñat Barandiaran musikariekin Victoria Eugenia Cluben asteartean egingo duten emanaldia. Azkar desagertu ziren ostiralean eskuragai jarri ziren gonbidapenak.

Bide batez, hilaren 27an egongo da Cano Crossover jaialdian, KMn, Ylenia Benitorekin batera.

Maddi eta Portela


Otsailean Ernest Lluch Kultur Etxean egon zen Edurne Portela Los ojos cerrados liburuaren bira ixten. Ez nintzen han egon, baina bai entzun dudala audioa. Bertan esan zuen Maddi y las fronteras liburu berria aurkeztuko zuela martxoaren 23an KMn.

Hauxe jarri dute ekitaldia iragartzeko:

«2021eko udazkeneko arratsalde batean, Edurne Portelak dei bat jaso zuen, Maria Josefa Sansberrorekin lotutako hainbat dokumentu historiko eskainiz. María Josefa Sansberro, Maddi izenez ezaguna, Oiartzunen jaio zen, 1895ean, eta XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan oso ospetsua izan zen hotel bateko arduraduna izan zen, Larrun mendiaren oinean, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan. Lehen begiratuan, Maddi emakume aztoragarri gisa eta kontraesanez betea agertzen da, muga asko gainditu dituena, fisikoak zein moralak: kontrabandista eta mugalaria, katoliko sutsua eta dibortziatua, seme-alabarik gabeko emakumea eta ama, nazien zerbitzaria eta Erresistentziako agentea".

Aipatutako dokumentuak Izarraitz Villalucek eta Joxemari Mitxelenak pasa zizkioten Portelari. Hirurak egongo dira ostegunean KMn. Aurkezle eta ekitaldiko gidari lanetan Ander Izagirre.

Amateur

Zail dute artistek kulturatik modu duinean bizitzea. Besteak beste, hori aipatzen du McEnroe taldeko Ricardo Lezonek RDL aldizkarian argitaratu duten elkarrizketan.

Antzeko-parezido dabil Donostiako saltsa askotako perrexila den Gartxot Unsain. Arratsean elkarrizketatu zuten Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok. Arin nira diskoa eta eleberria aurkeztu zituen Ghau izenpean.

Zabaldu parentesia. Ze beharrezkoak Lizardiren Baratza eta Arratsean gure panoraman. Itxi parentesia.

Ødei-rekin egon zen Dabadaban martxoaren 17an. Berandu enteratu nintzen.

Sara Azurzaren disko berrian Gartxot-ek kolaborazio bat egin du. Asko gustatzen zaidan kantua da eta hona hemen testutxo hau ixteko.

Pertsonekin hitz egin behar

Mikel Iturria 2023/02/25 20:15
Goizean oinez joan gara Trintxerpera Donostiako erdialdetik. Eta buelta.

Etxean gosaltzen nuen bitartean, Del Pinoren irratsaioan entzun dut kale erreportaje labur bat hirietako supermerkatuetan ugaltzen ari diren auto-ordainketa kutxei buruzkoa.

Irratia itzali, kaleko arropak jantzi eta erdialdera joan naiz lagun batekin geratuta nengoelako. Handik Trintxerpera abiatu gara oinez.

Donostiako erdialdera bueltatu aurretik, lagunak esan dit supermerkatu batean erosketa pare bat egin behar zituela.

Euskal Herrian egoitza duen, eta kooperatiba ez den, tamaina ertaineko batera sartu gara.

Zuzenean harategira jo dugu.

Ez zegoen jende asko bertan. Zenbaki pare bat gure aurretik.

Hiru senide zeuden txandaren zain. Tokatu zaienean edadeko andre batek hartu du hitza eta harakin gazte bati galdetu dio ea arkumerik ba ote zuten.

Zerbitzariak esan dio aste honetan antxume eskaintza zutela eta kantatu eta kontatu dizkio antxume haragiaren alde onak. Modu profesionalean eta adeitsuan, beti ere.

Andrearekin batera gizonezko bi. Itxura guztien arabera bata senarra. Telefonoak jo eta gazteak hartu du. Aiton-amonekin zegoela esan dio beste aldean zegoenari.

Bigarren harakina emakumezkoa zen. Bezeroari galdegin dio ea ondo ote zegoen, itxura eskasa zuela. Andrazkoak baietz, gau txarra pasa duela, baina bihar famili bazkaria zuela eta erosketak egin behar zituela.

Jarraitu dute beraien artean hizketan eta antxume erdia erostea erabaki. Lehen zerbitzariak esan dio bost lagunentzako nahikoa eta sobera zuela.

Bilobari erreparatu diot. Itxura eskasa zuen hark ere, nabaria zen dutxatik pasa gabea zela aspaldi.

Emakumearen senarrak, aldiz, ez du ezer esan.

Nire lagunak erosketak egin eta alde egin dugu supermerkatutik, geratuta baikinen osasungintza publikoaren aldeko manifestaziora joateko.

Goizeko erreportajean gazte pare bat elkarrizketatu dituzte. Bata auto-ordainketa kutxen alde zegoen, bestea, aldiz, ez hain alde, batez ere edadeko jendearen kasuan. Esan du gehiago kostatzen zaiela ordainketak bere kabuz egitea eta, gainera, supermerkatuetako langileekin hitz egiten ez bazuten, ea norekin hitz egingo zuten bakarrik bizi diren asko.

Konbentzitu du laguna. Ez da gutxi.

P.S. Lerro hauek idatzi ondoren, aste honetan Twitter-en ikusitako beste honetaz gogoratu naiz.

— La Celda (@24601LaCelda) February 22, 2023

Bestalde, Giorgio Bassmatti lagunak esteka hau bidali dit: kutxa eta ilara motelak Herbehereetan.

Mano Negra

Mikel Iturria 2023/02/20 21:42
Manu Chao eta beste bi kideri 1990ean eginiko elkarrizketa bat.

Euskal jendearen oroimenean txarrerako txertatuta geratu zen eguna da gaurkoa. 2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zigutelako.

Gainera, gaur itxi ditu ateak Tobacco Days liburu dendak Grosen. Eta berriemaile berezia izan dut bertan.

💔 @tobaccodays-eri agurra: pic.twitter.com/nxVlptG06D

— Maddalen Marzol (@madmarzol) February 20, 2023

Igeldorako igoera hasi aurretik hitz egin dut Maddalen-ekin.

Etxetik atera aurretik jaitsitako audio bat entzuten egin dut gainerako bidea: Les Nuits de France Culture saio bati zegokiona.

1987. urtean sortu zuten Manu Chao eta enparauek Mano Negra musika talde ospetsua Parisen. Eta 1990. urtean aipatu elkarrizketa egin zioten Radio France-ko Opus irratsaioan.

Garai hartan lan erdiak eginak zituen taldeak, diskografiari erreparatuz gero bai behintzat, Patchanka eta Puta's Fever kaleratuta. Loturan arakatuz gero konturatuko zarete erreportajearen lerroburuak dioela orduan zegoela banda olatuaren aparretan.

80 minutu pasatxokoa da saioa. Kantu ezagun asko entzuten dira, baina abesti artean Manu Chao, Toño Chao eta Jo Dahan-ekin Pigalle-n izandako solasak tartekatzen ditu kazetariak.

Bestalde, gaur arratsaldean garai hartako Frantziako rock eszenako hainbat talderi eskainitako erreportaje gehiago kargatu zaizkit podkast zerbitzuan (begiratu hemen).

Poz-pozik nentorren, baina ikusi dudan gauza batek izorratu egin dit iluntzea. Ez dakit esku beltza tartean ote dagoen, baina lotsa gutxi behar da bide bazterrean hauxe botatzeko 2023 urtean.

Ez dugu erremediorik.

Agur, Tobacco Days

Mikel Iturria 2023/02/19 22:05
Otsailaren 20an esango du agur Donostiako Sekundino Esnaola kaleko liburu dendak.

Agur, Tobacco Days, este apunte en castellano

Grosen izan zuen Garoa liburu dendak adar bat, ia lau urtez, Zabaleta kaleko 34 zenbakian hain zuzen ere. 2014ko sanferminetan zabaldu zuten Agirretarrek proiektua, eta 2017ko otsailean itxi zituen ateak.

Bertan lanean ibilitako Ines Garcia Azpiazuk Tobacco Days zabaldu zuen Tabakaleran. 2020ko uztailean Grosera mugitu zen, Sekundino Esnaola kalera.

Otsailaren 5ean eman zuen ezagutzera Inesek kitto, akabo, amaitu da proiektua. Eta hilaren 20an itxiko ditu ateak.

Bost urte ikaragarrien ondoren, atseden eta autonomo kuotari agur esateko garaiak iritsi dira.

Zuek eman diozue bizia proiektu honi (baita niri ere) urte guzti hauetan, beraz mila esker erraldoi eta eternala 🤍

Otsailaren 20a izango da azkenengo eguna. pic.twitter.com/nxAWuluKdL

— Tobacco Days (@tobaccodays) February 5, 2023

Bitxikeria: hau idatzi ondoren, konturatu naiz bi proiektuak (Garoa eta Tobacco Days) uztailean zabaldu zituztela eta otsailean itxi.

Gauzak horrela, astean zehar joan nintzen eskerrak ematera eta liburu pare bat erostera. Jende askok egin du gauza bera.

Pena? Errealista izan beharra dago: horrela daude gauzak, kamarada.

Nostalgiarik gabe, eskerrak eman, bizitutako une onak gogoratu eta gozatu, ezagututako jendea eta liburuak, besteak beste.

Egia da ere gehiago joan izan nintzela Garoara, gutxiago Tobacco Days-era.

Merezi zuen elkarrizketa egin zion Nerea Lizarraldek, Irutxuloko Hitza aldizkariaren azalean agertu zena ostiralean. Paperean ez zen dena sartu eta interneten paratu dute bertsio luzea.

Hura irakurtzea gomendatzen dizuet: "Bat-batean ni neu izan naizen proiektu bati agur esatea, ez da erraza".

Eskerrak emateaz gain, Inesi esan nion ez nintzela joan agur esatera. Fijo izango dugula elkarren berri.

Are gehiago jakinik Usurbilgo turismo plana gauzatzeko fitxatu dutela. Eta dirudienez kulturak izango du bertan indar handia. Badute nondik tiratu: Artze anaiak, Laboa, Zumeta...

Agur, Tobacco Days. Gero arte, Ines.

Laguntzeak dena aldatzen du

Mikel Iturria 2023/02/02 19:22
Irudi polita Malagan.

Pasa den hilabete bukaeran, Madrilera joan ginen gogoratzera duela 75 urte jaio zela Javier Ortiz kazetaria. Eta zirkulu bat ixtera.

Azken astea Malagan pasa genuen. Bertatik bi txango zoragarri egin genituen, eta biak trenez: ordu eta laurdenera baitaude Granada (Alhambra) eta Kordoba (Meskita).

Irungo lagun bat Malagan dago lanean eta gidari lanak egin zizkigun.

Adibidez, kaitik pasatzeko esan zigun, bertan ia 100 metroko luzera zuen yate erraldoia baitzegoen. Vava II.a zuen izena. Ernesto Bertarelli-ren enkarguz eraikia 2007an. 150 bat milioi libera esterlinako kostua izan ei zuen. Pornografikoa, beste zerbait ez esateagatik.

IMG_20230129_132640

Pasealekuan kale musikariak egoten ziren. Nik ikusi eta entzun nituenak maila onekoak, gainera. Uste nuen egoera konponduta zutela Malagan, baina prentsan irakurri nuenez, han ere ez.

Azken egunean deigarria gertatu zitzaidan bikote bat. Hau, hain zuzen ere.

Kale musikariak Malagan

Eta zergatik? Hurrengo argazkian ikusiko duzuen leloagatik: "Ayudar cambia todo".

Lelo gisa izugarri ona iruditu zitzaidan.

Laguntzeak dena aldatzen du!

Nota: como ya comenté hace un par de semanas, he cerrado mis Pedradas chez Ortiz. Estoy pensando qué hacer con mis apuntes en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter