Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Irungo udal hilerria: zerbitzu publikoa zer den ez dakien gerentea

Mikel Iturria 2023/12/07 08:45
Abuztuaren 28an lurperatu genuen Tio Periko Irungo Blaia hilerrian. Abenduaren 5ean jaso dut horren berri ematen duen agiria. Bitartean asteak pasa ditugu borrokan agiri ziztrin bat lortzeko.

Abuztuaren 25ean hil zen Tio Periko, amaren anaia gazteena. 81 urte zituen. Gertuko familiak errausteko erabakia hartu zuen eta errautsak gure familiak duen hilobian lurperatzea, gure amaren eskaintza aintzat hartuz.

Cementerio municipal de Irun: un gerente que desconoce qué es un servicio público, este apunte en castellano.

Bertan hainbat senideren gorpuzkinak daude, gurasoek bere garaian hilobi bat hartu zutelako, 2037 urtera arte, oker ez banago. Titularra aita zen, baina 2013n hil zenean nire izenean jarri behar izan genuen, amarenean ezin zelako ipini.

Abuztuaren 26an eta 28an, telefonoz zein bertan, oso ondo hartu gintuzten hilerriko langileek. Beraiekin ez dugu batere kexarik.

Hilaren 28an, goizeko 11:00ak aldera, lurperatu genuen. Aldez aurretik pasa nintzen bulegotik, eskatutako paperak haien esku utzi, sinatu beharrekoak sinatu, eta emandako bi faktura berehala pagatu nituen kreditu txartel baten bidez.

Ekitaldiari dagokionez, dena espero bezala joan zen. Gertukoenek bertan izan nahi genuen, osaba maitea zelako: amarentzat, gure bikotekideentzat, guretzat.

Nire anaiak lanerako ziurtagiri bat behar zuen. Uste genuen di-da lortuko genuela eta ez genuen kontua berehala astindu. Akatsa gure aldetik.

Urria erdialdean-edo igo zen kanponsantura (San Martzial tontorrerako bidean baitago Blaia). Trabak jarri zizkiguten lanerako agiria berehala luzatzeko (ez omen zituzten halakoak egiten), eta eskaera bat egin behar izan nuen nik, hilobiaren titular gisa, urriaren bukaera aldera.

Egunak eta asteak aurrera egiten zuten eta ez genuen lortzen ditxosozko papera.

Halako batean, anaia berriro hurbildu zen hilerrira eta, azkenean, azaroaren 24an, deitu zidan pertsona batek (gero enteratu naiz Javier Mitxelena gerentea izan zela deia egin zuena) galdezka ea zertarako nahi nuen agiria. Lan kontuetarako ote zen. Nik baietz. Ados, posta bidez helaraziko zidala etxera, Donostiara. Presa genuela esan nion. Ez zidan beste aukerarik eman. Gu bertaratzeko prest geunden.

Abenduaren 5ean, goizez, deitu nuen telefonoz eta ez nuen lortu Javier Mitxelenarekin hitz egitea. Bulegariak esan zidan bulegoan ez zegoela. Baieztatu zidan aurreko astean jarri zutela posta zerbitzuan guk eskatutako agiria. "Ze egunetan", galdetu nuen. Ostiralean, abenduaren 1ean.

"Me parece inaudito" atera zitzaidan gaztelaniaz. Beste astebete behar izan zuten agiria posta zerbitzuan jartzeko. Astebete, hainbat astez ezer egin gabe egon ondoren.

Egun horretan bertan ailegatu zen Donostiara, abenduaren 5ean esan bezala. Emazteak ireki zuen gutuna eta datuak gaizki zeuden: hau da, lurperatze data heriotzaren datarekin konfundituta zegoen.

Berriro deitu nuen telefonoz eta administrariak arrazoia eman zidan: hilaren 28an izan zela enterrua. Handik ordu erdira nuen agiri berria nik emandako posta elektronikoan.

Ez dut ulertzen nola hain tramite erraza egiteko munduko traba guztiak jar ditzakeen zerbitzu publikoan ari den gerente batek. Ez zait buruan kabitzen.

Sinestezina iruditu zait prozesu hau eta horregatik eman nahi dut ezagutzera.

Honen bidez eta Blaiako Administrazio Kontseilua osatzen duten Irungo zinegotzi guztiei prozesuaren berri emanez posta elektronikoz.

Sekulabelardiko kantariari buruzko erakusketa Okendon

Mikel Iturria 2023/11/27 19:30
Larratxe, Iturriaga eta Cano azaroaren 22an egon ziren Okendo Kultur Etxean "Ni ez naiz Mikel Laboa" komikiari buruz solasean. Gune berean dago Donostiako kantariari buruzko erakusketa bat urtarrileko azken larunbatera arte. Ez galdu Joseviskyren abenduaren 12ko hitzaldia.

Exposición sobre Mikel Laboa en Okendo, este texto en castellano.

2008ko abenduaren 1a. Autoz gentozen Zaragozako herri batean egun batzuk pasa ondoren. Iruñea inguruan, oker ez banago 13:00ak aldera, Euskalerria Irratiaren sintonia bilatu eta aurkitu nuen. Mikel Laboaren musika. Abeslari donostiarraren heriotzarekin zabaldu zuten informatiboa.

2022ko azaroaren 15a. Egun horretan aurkeztu zuten Donostian Ni ez naiz Mikel Laboa komikia. Arratsaldez Antiguako Platero tabernan egin zen ekitaldian egon nintzen ni. Goizean egina zuten prentsaurrekoa. Joseba Larratxe Josevisky ilustratzaile eta marrazkilariak ezin izan zuen egun hartan egon, azken orduko arrazoiak zirela medio.

2023ko azaroaren 15a. Mikel Laboa... izan liteke konstelazio, izan gabe izar... erakusketaren inaugurazioa. Ordu berean Joseviskyk hitzordua zuen Euskadi Literatur Saria jasotzeko. Oker ez banago, Unai Iturriagarekin batera joan zen aipatu ekitaldira. Harkaitz Cano bidali zuten Okendora.

2023ko azaroaren 22a. Iluntzeko 19:00ak. Azkenean bai! Joseviskyz gain, Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano, hirurak batera Literaktum jaialdiaren baitan antolatutako mahai-ingurua Okendo Kultur Etxean. Eta nik joateko aukera! Perfekto.

Aretoa ez zegoen lepo, baina bai zuela sarrera duin askoa. Josevisky eskuz ordenagailuan marrazten ari zen bitartean, pantaila atzeko aldean ikus zezakeen ikuslegoak zertan zebilen.

Sarrerako kortesiazko hitzen ondoren, Iturriagak hartu zuen hitza eta hasi zen kontatzen nola jaso zuen enkargua EHUko Mikel Laboa Katedrarena. Berak bakarrik ezin izango zuela halako enkargutzarra aurrera eraman eta berarekin batera zeuden beste bi lagunei hots egin zien karga denon artean banatzeko.

Elkarrekin egindako hiruzpalau urteko bidea nolakoa izan zen kontatu zuten jarraian. Gozagarria izan zen ordubete inguruko jarduna, bildutako hirukoteagatik, Laboaren obrari eginiko gorazarreagatik, eta abar, eta abar.

Areto nagusira sartu aurretik erakusketari begiradatxoa bota nion tarte batez. Antzeko zerbait egitea otu zitzaigun ekitaldira hurbildu ginen hainbati. Lasaiago ikusi nahiko nuke Ni ez naiz Mikel Laboa komikia oinarri duen lana.

Urtarrilaren 27a arte izango dugu, izango duzue, hori egiteko aukera, astelehenetik larunbatera, goiz eta arratsaldez, jaiegunetan izan ezik.

Hori bai, aukera polita izan daiteke Joseviskyren bigarren agerraldia. Abenduaren 12an izango baita kultur etxean, iluntzeko 19:00etan. Zirriborrotik "Ni ez naiz Mikel Laboa" komikira izenburua jarri diote jarduerari. Zaila izango zait hurbiltzea, baina gomendatzen dizuet, Larratxe marrazkilari handia izateaz gain, hizlari ona baita.

Komikia bezala, Mikel Laboa Katedrak bultzatu du mostra eta Koma zerbitzu kulturalak gauzatu du.

Bonus track moduan hona hemen Joseviskyk egindako Laboaren abesti zerrenda bat. Elkarrek Spotifyn jarri du denon esku.

Emakume artzain baten egunerokoa

Mikel Iturria 2023/11/19 20:15
Astean zehar familia ospakizunak izan ditugu. Baina ez ditut gaur horiei buruz hitz egingo. Beste ospakizun bat ekarriko dut gaur txoko honetara: Josebe Blanco Alvarezen «Hausnarrean. Ardiek egiten naute artzain» liburuaren Urruñako aurkezpenean egon nintzen ostegunean, hilak 16.

Diario de una pastora, este apunte en castellano

«Nire ibilbidean, nire erreferenteak beti izan dira amona eta ama: sardea hartzeko edo ardiekin egoteko orduan... eta haiek daude nigan, lehenago beste amona, ama, edo izeba batzuk egon zirelako».

«Abeltzaintzatik bazterrean geratu ginen emakumeok mekanizazio iraultza “zoragarri” harekin baina nik oso neure sentitzen dut eta amaren eta amonaren kasuan ere oso haiengan sentitzen nuen abeltzaintza».

«Gure etxeko hizkuntza galiziera zen. Ni egiten nauen mundu galegoa jaso nuen, baina ni Euskal Herrian bizi izan naiz beti. Migratzaileei eta haien ondorengoei gertatzen zaiena bizi dut: ez zara bata, ez bestea, hara joaten zara eta ez zara, eta hemen ere antzera...»

Josebe Blanco Estitxu Eizagirreren galderei erantzunez Argian duela aste batzuk.

Gonbidapena bidali zidan urriaren erdialdean, eta agendan ongi nabarmenduta nuen hitzordua.

Tokia ez nuen ezagutzen eta asko gustatu zitzaidan Arotzenia (euskaraz ez dut topatu ezer, baina bai frantsesez zein gaztelaniaz: bi urteko aldea dago bi testuen artean). Ez nintzen geratu ekitaldiaren ondoren egon zen afarira, baina, bueltatuko naiz bazkaltzera (neguan soilik bazkaritarako zabaltzen dute jatetxea).

Liburuaren hiru zutabe nagusiak 50 lagunen aurrean azaldu ziren: Josebe Blanco idazlea, Tere Irastortza irakaslea eta Eider Uribarrena ilustratzailea. Aukera bakarra biran hirurak batera ikusteko.

Ama eta amona aipatzen ditu Josebek goian jarritako elkarrizketa-zati horren hasieran. Amaren urtebetetze egunean abiatzen da liburua: (2021eko) azaroaren 30ean, eta hurrengo urteko azaroaren 30ean amaitu du.

Egilearen hitzetan, ertzeko begirada duen artzain baten lan kuadernoa plazaratu du Argiak: emakumezkoa, galiziarra (Euskal Herrian), ekologista, barazkijalea...

Ekitaldiaren ondoren sinatzeko zain nengoela, berarekin egon nintzen egun bateko idatziarekin egin dut topo. Irailaren 3koa da. Egun horretan lagun batekin hurbildu nintzen Boulevardera. Eta hunkigarria da lerro horiek orain irakurtzea aurtengo ekainaren 18an hil baitzen Pedro Berregui.

Donostian dagoenez, hiriari buruz ari da Josebe Atrezzo izenekoan.

«Azoka itxura galdu du Donostiako azoka ekologikoak. Gero eta nabarmenagoa da turistentzako atrezzo kutsua. Eta ez da Biolur elkarteak gauzak hala moduz egiten dituelako, inondik ere; juxtu kontrakoa, ahalegin guztia egiten du txoko goxoa prestatzen, guretzat eta gerturatzen diren herritarrentzat».

(...)

«Ez dakit zenbat turista talde pasatu diren gure aurretik, koloretako zapia lotuta duen aterkia eskuan, aurrera doan gidaren atzetik, alboetara begira, eta jatekoa ikusi orduko, martxa gelditu gabe, ahoratu eta segi».

(...)

«Neska gazte batek eman dit atentzioa, bertakoak. Telefonoz ari zen, pinpirin pasieran, topo egin du postuarekin, kontxo, gazta! Hitz egin bitartean, hartu eta segi, pinpirin. Ordurako nuen sumendia hasi da laba jaurtitzen. Egun on esan diot bizpahiru aldiz, gazta hartzen ari zela. Deseroso sentitu da, utzi egin du. Ez, nahi baduzu hartu, baina gutxienez begiratu, agurtu eta eskertu. Bai, eskerrik asko, eta alde egin du. Horrelako egoerak bata bestearen atzean».

Nik ikusi nuen nire begiekin horixe zela giroa.

Bukaeran eskerrak emateko orrialdean, gure lagun batzuk ageri dira:

«Para as pasaxes do libro que están en galego fosen lexíbeis contei coa vosa axuda, Celia e Xepe. De compartir un xantar pasamos a facer correccións ás pastoras da diáspora. Morrinha ou morriña? Unha pregunta tan simple levounos a Xico Paradelo. Grazas, Xico, por facer do Miño Minho o do viño albarinho».

Aste honetan lau aurkezpen egingo ditu Josebek: Arrasate, Lazkao, Azpeitia, Aniz... Durangoko Azokan ere egotekoa da abenduan. Gero gehiago kostatuko zaio, artaldeak eta Pikunietako gaztak bere beharra izango baitu.

Eskerrik asko, Josebe. Patxadaz irakurtzekoa da liburua eta hori da nire asmoa.

Buruko osasuna XXI. mende hasierako futbolean

Mikel Iturria 2023/11/11 13:00
Ander Izagirrek lagunduta, Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak «Subcampeón» liburua idatzi du. Ostegun arratsaldean aurkeztu zuten Anoeta estadioan. Bideratzaile lanak Juan Carlos Etxeberria kazetariak egin zituen.

La salud mental en el fútbol de principios del siglo XXI, este apunte en castellano.

Buruko osasuna gauza serioa da. Umorea ere bai. Gai mingarriak jorratzeko ona izan daiteke umorea tresna gisa erabiltzea. Baina horretarako denbora pasatzen utzi behar da, gauzak behar bezala liseritzeko.

Gauzak asko aldatu dira gure gizartean azken hogei urteetan.

Zabaldu parentesia. Duela egun batzuk auzoko kiroldegiko gimnasioan. Azaroaren lehena zen. Ariketa taula bat egiten ari nintzen. Halako batean, makina batean zegoen hogeitaka urteko mutil gazte batek telefono-deia erantzun zuen.

Bere lagun bat zen. Aretoan geunden askok entzun genuen elkarrizketa. Serio-demonio hitz egin zion adiskideari. Hariaren beste aldean zegoena damututa zegoen bezperan parranda egin ez izanaz. Gimmasiokideak esaten zion parrandan ateratzen zenean gaizki pasatzen zuela. Eta egoera horri aurre egin behar ziola. Besteak beste.

Bost bat minutu luze jardun zuen solasak. Bukatu zen deia, baina minutu batzuen bueltan deitu egin zion lagunari. Lehendik garbi utzi ez zituen ideia batzuk azpimarratu zizkion.

Ez dakit zein zen lagunaren arazo zehatza. Terapia hitza entzun nuen. Ez dakit toki egokiena ote zen konbertsazio hura izateko, hainbeste jenderen aurrean. Pudore falta handia baita gaur egun. Itxi parentesia.

Ostegun iluntzean, azaroak 9, ondo markatuta nuen agendan Anoeta estadioan egitekoa zen Subcampeón liburuaren aurkezpena.

Bi egun lehenago bukatu nuen irakurraldia. Beraz, etxeko lanak eginda hurbildu nintzen goian aipatutako hirukotearen ekitaldira. Eta ni bezala jende ugari.

Futbolari profesional gisa hamabost urteko karrera egin zuen Gurrutxagak. Goitibehera baten modukoa izan zen. Oso goian hasi zen, lehen mailan: Espainiako futbol selekzioan gazte kategorian, 19 urterekin debuta gizonezkoen Realeko lehen taldean. Gero, Algeciras, Rayo Vallecano, Real Union, Zamora, Lemoa, Beasain...

Zergatik ez zituen hasiera batean futbolean aritzeko igartzen zitzaizkion dohain horiek guztiak garatu? Besteak beste, mentalki blokeatu egin zelako, eta garai hartan osasuna ez zelako burura iristen futbol taldeetan, beste hainbat alorretan bezalatsu.

Umorea gauza serioa da. Horixe idatzi dut hasieran. Gurrutxaga eta Izagirre onak dira terreno horretan ere. Baina Zuhaitz da denon aurrean biluzten dena. Anderrek laguntzen dio idatziz ondo baino hobeto geratzen.

2022ko bukaeran eskatu omen zion hitzordua Gurrutxagak. Hiru orduz aritu omen zen hizketan jokalari elgoibartarra Donostiako Okendo tabernan. Liluratu egin zuen Ander. 2023ari begira bestelako lan planak bazituen ere, dena aldatu eta Zuhaitzen goitibeherara igo zen.

Emaitza Subcampeón liburua da, Madrilgo Libros del K.O. argitaletxeak plazaratu duena urri amaieran.

Ausart jokatu du Gurrutxagak, biluztu egin da denen aurrean. Lehendik ere eginak zituen ariketa horiek antzezle gisa. Hala da. Jaio berritan izandako bihotzeko arazoak, gerora eliteko jokalari izateko bidean oztopo izan zituenak. Buruko arazoak: antsietatea, depresioa, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa. Anderrek esan bezala, sexu asko dago liburuan, baina oso txarra.

Juan Carlos Etxeberria aurkezlearen hitz hauek azpimarratzeko: «Futbola jolas bat da. Eta pertsonek jokatzen dute, ez futbolistek».

Eskerrak biei liburu eder hau egiteagatik.

Hona hemen hiru esteka:

1.- Realak berak Twitteren (kosta egiten zait X plataforma idaztea) igotako bideo laburra.

2.- Realak Youtube-n jarritako ia 20 minutuko beste bideo bat.

3.- Euskadi Irratian Iñaki Guridik egindako elkarrizketa.

🤔 'Gurru'k penalti hori jaurti izan balu...

Bitxikeri guztiak, @anderiza eta @ZGurrutxaga -ren liburuan📘

Aurkezpena 👉🏽 https://t.co/u5LOXPp1xG#RSFundazioa | #KornerFestibala pic.twitter.com/OgZq5Kuznp

— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) November 10, 2023

Bidasoa 2018-2023

Mikel Iturria 2023/10/23 23:25
Bederatzi lagun hil dira azken bost urteetan Bidasoako muga pasa nahian. Eta ez dira ibaiagatik hil: Frantziako estatuaren politika arrazistagatik baizik. Horiei eskaini die Fermin Muguruzak azken dokumentala, «Bidasoa 2018-2023».

Bidasoa 2018-2023, este apunte en castellano.

Baina horretaz hitz egin aurretik, burutik ezin kendu Israel Gazan egiten ari den sarraskia, AEBen eta EBren babesarekin, azken hau gehiago matizatu behar bada ere. Urriaren 7an hitzik gabe utzi ninduen Hamasen erasoak, baina Israelena orain arteko marka guztiak puskatzen ari da.

Donostian manifestazioa egon zen larunbatean eta irudiek 2003ko otsailean Entzutegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi zigun garaira eraman ninduten. Europako hainbat hiritan ere manifestazio erraldoiak ikusi ditugu asteburuan.

Eta hau esan ondoren, goazen lerro hauek idaztera eraman nauten filmaren kontu batzuk aipatzera.

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten irailaren bukaeran «Bidasoa 2018-2023» dokumentala, presaka eta larritasunez egindakoa «Black is Beltza: Ainhoa» animaziozko filmaren promozio-lanak utzitako tarteetan.

Urriaren 20an estreinatu zen zinema komertzialetan eta egun horretan bertan Irungo Amaia antzokian. 500 lagunek lepo bete genuen udalaren aretoa.

Ylenia Benito aurkezlearen eta Jone Unanua ekoizlearen ondoren agertu zen eszenatokian Muguruza. Hizketarako gogoz, Mexikotik etorri berri. 25 bat minutuz aritu zen euskaraz eta gaztelaniaz (jende asko dagoela hemen euskara ikasten, baina oraindik ez duela maila nahikorik eta horregatik arituko zela ele bietan zehaztu zuen).

Irailean ez nengoen etxean eta ez dakit zer agertu zen prentsan Donostiako Zinemaldiaren bueltan, baina bai ikusi nuela kafetegi batean urriko Irunero aldizkariaren azalean ageri dela Fermin filmari buruzko elkarrizketa luzean.

Berak aipatu zuen, eta egia da, paisaiak, dronez hartutako Endarlatsako irudiak adibidez, oso dotoreak direla. Hori da berak erabilitako baliabide bat.

Gari Garaialde fotokazetaria aritu da urte hauetan guztietan beste aldera pasa diren milaka lagun hauen argazkiak, erretratuak egiten. Bera ere ageri da pelikulan bere lanaren berri ematen.

Haria Amets San Millánen hitzek eta bizikletak daramate. Eta Anaitze Agirre (Irungo Harrera Sarean) zein Aintzane Lasarte (Bidasoa Etorkinekin) bikoteak jartzen diote elkarteei ahotsa, Agirre maila akademikoan giza eskubide gaietan aditua dela ahaztu gabe.

18 urte izango ditu Pilar "Janela" ginearrak, dantza du maite eta Pasaian bizi da. Ama etorri zen lehenik eta bera ondoren. Azkenik beste ahizpa.

Irunen geratu da, berriz, Essoh Roméo, alde bietako poliziekin nazkatuta eta nekatuta. Bertako neska batekin ezkondu eta ume bat dute.

A! Soinu banda, musika, Bidasoako hainbat musikarik eta taldek jartzen du.

Eta denen gainetik animazioak kontatzen digu, labur bada ere, bederatzi pertsona hil direla ibaia pasatu nahian. Elkar gurutzatutako bizitzak dokumentua kaleratu zuen SOS Arrakeriak urte hasieran eta bertan ageri dira. Heriotza datak eta adinak dokumentaletik hartu ditut.

Zuzendariak aurkezpenean esan bezala, gizarte multietnikoan bizi gara: ez gara etorkizunaz ari, jada bizi baikara halako jendartean.

Askok azpimarratu bezala elkarte hauek guztiek harro sentiarazten zaituzte. Horrelako zerbait idatzi nuen hemen bertan 2021eko abuztuan: Irungo Harrera Sarea, harrotzeko moduko proiektua.

Norbaitek kontatu behar zuen eta Fermin Muguruzak kontatu du. Eskerrak berari, Joneri eta hau posible egi(te)n duen jende guztiari.

Orain zinema aretoetan eta kultur guneetan izango duzue ikusgai. Segi eta ikusi.

In memoriam

Tessfit Temzide, 21 urte, Eritrea. 2021eko apirilaren 8an urkatu zuen bere burua Irungo  Azken Portun, Frantziako poliziak handik hona pasatu ostean.

Yaya Karamoko, 28 urte, Boli Kosta. 2021eko maiatzaren 21ean hil zen muga igerian gurutzatu nahian.

Abdoulaye Koulibaly, 18 urte, Ginea. 2021eko abuztuaren 8an hil zen muga igerian gurutzatu nahian.

Mohamed Kemal, 21 urte, Aljeria. 2021eko urriaren 12an hil zen Ziburuko trenbidetik gertu.

Fayçal Hamadouche, 23 urte, Aljeria. 2021eko urriaren 12an hil zen Ziburuko trenbidetik gertu.

Ahmed Belhiredj, 37 urte, Aljeria. 2021eko urriaren 12an hil zen Ziburuko trenbidetik gertu.

Sohaibo Billa, 40 urte, Boli Kosta. 2021ko azaroaren 20an hil zen, Bidasoa ibaian itota.

Ibrahim Diallo, 24 urte, Senegal. 2022ko martxoaren 12an hil zen, muga igerian pasa nahian Bidasoa ibaian itota.

Abderraman Bah, 25 urte, Ginea. 2022ko ekainaren 18an hil zen, muga igerian pasa nahian Bidasoa ibaian itota.

 

Bi asteko Interrail-a

Mikel Iturria 2023/10/08 13:10
Gaztetan ez nuen Interrail bidaiarik egiteko aukerarik izan eta orain aprobetxatu dut. Bi astez ibili gara trenez Europako hainbat herrialdetan barrena. Lau geldialdi: Paris, Berlin, Praga eta Salzburgo.

Dos semanas de Interrail, este apunte en castellano.

Gero eta gutxiago gustatzen zaizkit aireportuak eta, oraingo honetan, trenez mugitzea erabaki dugu.

Uztailean hasi nintzen informazioa biltzen eta hiru gune hauek aipatu nahi ditut:

1.- Latinoamerikako norbaitek egindako Mi viaje por el mundo bloga oso erabilgarria da, ideia bat egiteko. Aintzat hartu Amerikako jendeari begira idatzia dela; hots, bidaietan trena gu baino gutxiago erabiltzen duen jendeari begira egindakoa dela.

2.- Interrail: bidaia baten plangintza (zenbat egun eta zenbat hiri) egin eta ematen dizu aukera jakiteko zein den zuretzat paserik egokiena. Kontuan izan, Hegoaldekoen kasuan, Hendaian hasten dela huraxe erabiltzeko aukera, ez Espainiako estatuan. Eta europarrok Interrail dugula eta Europatik kanpoko turistek Eurail.

3.- Rail planner aplikazioa: bidaia zer nolakoa izango zen erabaki ondoren, erosi genuen Global Pass izeneko pase bat hainbat herrialdetan ibiltzeko. Aplikazioa jaitsi eta bertan instalatu genuen pasea bera. Guretzat 7 egunekoa iradoki zigun webguneak: hots, hilabete batez zazpi egunetan hartu ditzakezu nahi adina tren, beti ere estatuetako konpainietan (Renfe, SNCF, eta abar).

Kontuan izan hainbat ibilbide (Hendaiatik Parisera, Parisetik Hendaiara, Parisetik Berlinerako beste bat...) gainkostu bat dutela: 10-14 bat euro pagatu behar dira tokiak erreserbatzeko. Gainerakoetan ezin duzu tokirik hartu eta igual etorriko zaizu beste bidaiari bat esatera toki hori berea dela. Altxatu eta kitto, ez dago bestelako arazorik.

Bi pertsonak ibilbide hau egiten trenetan 800 euro eskas gastatu ditugu (7 eguneko Global Pass delakoa).

Eta ez duzu askoz ere gehiago behar.

Beno, dirua behar da eta paperik gabeko migrante ez izatea; hauek nahikoa arazo baitituzte mugak zeharkatzeko.

Paris

Irailaren 21etik 24ra, lau gau, Munduko Errugbi Txapelketa bizitzen ari den herrialdearen hiriburuan. Eta gogoratu 2024ko udan Joku Olinpikoak izango direla bertan. Horregatik, eta beste zenbait arrazoirengatik, garesti dago ostatu hartzea Parisen.

Bost bisita kontuan hartzekoak:

1.- Miren Arzalluzek zudendutako Parisko Modaren Museoarekin egin genuen topo Eiffel dorrearen inguruetan. Eta barrura sartu ginen, bakoitzak 12 euro ordainduta. 2025eko irailarera arte egongo da ikusgai Arzalluzek berak komisariatu duen La mode en mouvement erakusketa. XIX. mende bukaeratik gaur egunera arte modak izandako garapena kontatzen du eta entretenigarria da. Hori bai Run DMC rap taldearen bideoa buklean jartzeak ez dakit zer ekarpen egiten dion erakusketari.

2.- 2019ko sutearen ondoren, itxita eta obretan dago Notre-Dame katedrala. 2024an da zabaltzekoa. Kanpoan harmailak daude eta han egon ginen begira.

3.- Sacré-Coeur elizara igo ondoren, jendetza zegoen, jaitsi eta manifestazioa handi samar batekin egin genuen topo larunbatean Moulin Rouge inguruan: arrazakeria poliziala eta sistemikoaren kontra eta askatasunen aldeko manifestazio koloretsu eta burrunbatsua.

4.- Parisen gehien gustatu zitzaidan bisita Pantheoiara egindakoa izan da (sarrera 15 euro): azken 250 urteetan Estatu frantsesak goraipatu nahi izan dituen 100 bat intelelektualen eta izen esanguratsuen gozpuzkiak daude kriptetan. Horietako sei dira emakumezkoak (tartean bertara iritsitako azkena, Simone Veil). Eta gustatu zitzaidan panorama, hiriko hainbat toki esanguratsu markatuta daude planoan eta ideia bat egiteko balio dizu. Igande eguerdian joan ginen eta ez zebilen jende askorik.

5.- Institut du Monde Arabe: igande arratsaldeko bisita. Tokia asko gustatzen zait, lehen edo bigarren bisitan ezagutu nuenetik. Erakusketa honekin egin nuen topo: Ce que la Palestine apporte au monde (sarrera 10 euro). Hiru zati ditu: Palestinako arte moderno eta garaikidearen museoko nazioarteko artisten lanak, Gazako artisten lanak (lur eremu horretan ez baitago museorik) eta Jean Genet intelektual frantsesaren maletan berak Roland Dumas-i utzitako hainbat paper. Areto batean, Mahmud Darwish poetak 1983an Aljerian Palestinako Kontseilu Nazionalaren aurrean irakurritako testuaren proiekzioa dago.

Berlin

Paris eta Berlinen artean mila kilometro baino gehiago daude. Goizeko 9:00ak pasata atera ginen Gare de L'Est estaziotik, eta Frankfurtera 13:00etan iritsi ginen. 20 minutu genituen Erfut-erako konboia hartzeko (15:30etan iritsi zena) eta azken trena hartu eta 17:45ean geunden Berlingo geltoki nagusian. Irailaren 25etik 28ra bertan, lau gau.

Asko gustatu zait hiria.

1.- Pergamon Museum (sarrera 12 euro): duela hogei bat urte joan ginenenean, bisitatu genuen museoa eta orain ere tokatu da. Urrian ixtekoa da, erreforma batzuk egin behar dituztelako (gaizki ulertu ez banuen, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako trabak kentzeko). Hiru bilduma nagusiak ikusi genituen 26an arratsaldez.

2.- Holokaustoaren oroigarria ikusi genuen ere Berlinen bertan, goizez. Ez nuen harrapatu.

3.- Irailaren 27an Sachsenhausengo kontzentrazio eremua bisitatu genuen. Berlindik ordu eta erdira dago eta goizean hiru ordu eskaini genizkion. Inoiz egona nintzen horrelako toki batean eta bai sortzen duela zirrara berezia. Batez ere, eskoletako eskurtsioetan dabiltzan gazteekin batera mugitzen bazara. Gero, gainera, 1945etik 1950era Sobietar Batasuneko NKVD-ren eremu berezia izan zen. Horren inguruko erakusketa ere badago.

Guk ez genuen bisita gidaturik hartu (Interneten badaude aukera asko). Sarrera debaldekoa da eta audio-gida batek 3,5 euro balio ditu (hainbat hizkuntza). Gainera, ingelesez ere badira esplikazioak hainbat tokitan.

4.- DDR Museum (13,5 euro sarrera): eguneroko bizimodua Ekialdeko Alemanian. Gauzak ukitu daitezke, besteak beste.

5.- Berlingo Fernsehturm edo Telebistaren dorrea (bi sarrera 51 euro): honek ere Parisko Panteoiaren ikuspegi panoramikoaren rol bera jokatzen du eta ematen du aukera ezinhobea Berlin goiko aldetik ikusteko. 200dik gora toki daude markatuta mapetan.

6.- East Side Gallery: 1989an murrua bota zutenean eginiko marrazki, graffiti eta dena delakoak, 2009an berriztu zituztenak. Entzun nuenagatik, espekulaziorako toki onean dago eta ematen du handik mugitu beharko dutela.

Praga

Irailaren 29an trena hartu 9:00ak aldera eta 13:30ak pasata geunden Pragako geltoki nagusian. Nire lehen aldia Txekian. Urriaren 1a arte, hiru gau.

1.- Bertara joan eta Pragako Gaztelua (18 euro) ez ikustea bekatua omen da. Gaztelu bat baino, hainbat eraikinez osaturiko gotorlekua. Gora edo behera, baina Karlos Zubitik pasako zara seguruenik.

2.- Frank Gehryk beste arkiteko batekin diseinatutako Etxe Dantzariaren goiko aldean egon ginen trago bat hartzen. Hiriari begira egoteko toki polita, eguraldiak laguntzen badu. Eta gu lagundu gaitu bidaian zehar.

3.- Turista saldoa Erloju Astronomikoari begira. Kontuz ibili alboko tabernetan, prezio garestiak baitituzte taberna eta jatetxe batzuek (eta txekiar koroarekin nahastu zaitezke).

4.- Larunbatean ezin (sabbat), ezta igandean ere, auzo judutarra ikusi (itxi egin zuten urriaren 1ean ere). Eta horren ordez Franz Kafka museoara (11 euro) jo genuen igande goizean. Eta merezi izan zuen bisitak, oso ondo adierazita baitago idazlearen bizitza eta bere garaia.

Salzburgo

Ezagutzen nauzuenok ez duzue sinetsiko, baina irailaren hasieran ez nuen batere asmorik Champions txapelketan Realak jokatzeko dituen partidaren bat bertan ikusteko. Urriaren 2an eta 3an Linz-era ginen joatekoak, hala tokatu zelako gure plangintzan, baina Parisen pentsatu nuen ez nintzela geratuko Salzburgotik ordu eta erdira tramankulu eskas batean futbola ikusten. Eta aldatu egin genituen planak. Eskerrak!

Urriaren 2an goizeko 10:20 aldera abiatu ginen Pragatik eta 16:00ak baino lehen ginen Mozart-en jaioterrian, Linz-en tren aldaketa eginez.

1.- Hilaren 3an goizez Mozart-en jaiotetxea bisitatu genuen. Gomendagarria oso. Ez nekien gizon honek hainbeste bidaiatu zuenik bere garaian. 35 urterekin hil zen. Ia herena (10 urte baino gehiago) pasa zituen alde batetik bestera. Horretaz gain idatzi zuen obra mardula ahaztu gabe.

2.- Eta bazkaldu ondoren Realak RB Salzburg taldearen kontra jokatutako partidari begira jarri ginen. Ez naiz ni Red Bull-en filosofiaren zalea, baina esan beharra dago oso ondo tratatu gintuztela bai klubak baita zaleek ere. Eta 0-2 irabazi ondoren, partida ederra jokatuz, batez ere lehen zatian, zer gehiago eskatu daiteke.

Hilaren 4an Mannheim-era joan ginen, Munich bidez. 45 minutuko atzerapena izan zuen tren honek, bidaia guztian bakarra. Gerora pentsatu nuen agian hobe gaua Estrasburgon pasatu izan bagenu, ederra dela esan baitidate.

Hilaren 5ean, berriz, Parisera goizez (hiru ordu), Gare de L'Est-etik Montparnasse-ra pasa (20 minutu metroan eta 10 minutu oinez) eta 12:10 inguruan Hendaiarako trenera igo. 17:00etan bertan geunden, topoa hartu eta 18:00etan etxean, Donostiako Benta Berrin.

Amaitzeko, esperientzia honek trenez gehiago bidaiatzeko gogoa piztu dit.

Interrail: 2023ko iraila eta urria

Joan Mari Irigoien eta Kubako soneroak

Mikel Iturria 2023/08/23 20:55
Jose Luis Padronek Euskadi Irratian gidatutako "Lizardiren baratza" 2022-2023 denboraldiko azken saioa Irigoieni eskaini zion. Bestalde, Mauricio Vicent, Santiago Auseron (Radio Futura, Juan Perro) eta Javier Colinaren arteko saio gozagarri bat entzun nuen aste bukaeran.

Joan Mari Irigoien y los soneros cubanos, este apunte en castellano

Irigoien

Joan Mari Irigoien maiatzaren 17an hil zen. Eta, goian esan bezala, Lizardiren baratza denboraldiko azken saioa eskaini zion Padronek ekainaren bukaeran: Poz data.

Padronek hainbat kantu, poema eta testu erabili zituen saioan zehar, ondo baino hobeto tartekatuz, berak dakien bezala.

Anjel Lertxundiren Osin beltzetik testutik abiatu zen, ondoren Altzako idazlearen poemario baten aurkezpenean Lertxundik esandakoak gogoratu zituen.

Don Inorrez-ek eginiko kantua, demo formatuan, etorri zen gero: Denborak ez zuen nora.

Aitziber Zapirainek idatzitako Beti aurrera testua argitaratu zuen Bidasoko Hitzak. Bertan, aitak (Luis Mari Zapirainek) Irigoienekin izandako harremana du aipagai, bien arteko azken solasaldia aitzikia hartuta. Padronek berak samurki irakurria entzun dezakezue.

Xabier Mendigurenek editore eta lagun zuen Joan Mari, Berria egunkariarentzat idatzitako testua duzue loturan.

Lete Izarren hautsa kantuan entzun ondoren, Finishgoien irakurri zuen Juan Luis Zabalak. Eta gero Izaroren Eskaleok jarri zuen gidariak.

Koldo Izagirreren Aholku batzuk hildako lagunari poema, Arantxa Iraolak 2019ko abenduan eginiko elkarrizketaren zati bat, Harkaitz Canok irakurritako Irigoien beraren Amodiozko gutuna olerkia eta Xabier Izagaren Ez nion esan testuak, azken bi hauek Naiz irratian maiatzean egindako beste saio batetik hartutako audioak, amaitzeko.

Testuren bat edo beste eskapatu zait, baina merezi du omenaldi dotoreak.

Kubako oihartzunak

Mauricio Vicent kazetaria, berriz, ekainean hil zen. Manuel Vicent idazlearen semeak 59 urte zituen eta 1984ko udaberrian Kuba ezagutu zuenetik Karibeko irlara lotua bizi izan da, El País eta Ser irrati kateko korrespontsal gisa.

Pasa den ostiralean Santiago Auserón (Radio Futura, Juan Perro) eta Javier Colina musikariekin izandako solas zeharo gozagarria emititu zuten La Ventana saioan.

Asma eraso bortitzak heriotzara kondenatu aurretik Kubako son doinuei buruzko podcast saio batzuk grabatzen ari omen zen Vicent. Hiruren arteko elkarrizketa Madrilen moldatu zuten.

1994. urtean Raíces al viento diskoa grabatzera joan zen Kubara Auserón. Une horretatik abiatzen da kontakizuna eta Atlantiko alde bateko (El Bola, El Nano de Jerez, John Parsons) zein besteko (Pancho Amat, Tata Güines, Los Van Van, Compay Segundo...) artistak agertzen dira, baita musika asko ere.

Jario apartekoa da Auseron eta gustura entzuten dut nik beti. Kasu honetan, gainera, umiltasunez kontatzen du zenbat ikasi eta gozatu zuen izen handi horiekin batera Habanan pasatako bost asteetan.

Antonio Álvarez Solís-en anekdota bat dago Compay Segundorekin lotua eta honen beste bat Juan Pablo II.arenarekin. Behean entzun dezakezue tarte hori, irratsaioak promozio moduan erabili baitzuen sareetan.

Hildako bi pertsonari eginiko omenaldiak. Bitan entzun ditut osorik. Merezi dute eta.

Errege-erreginek ere negar egiten dute

Mikel Iturria 2023/08/06 22:00
Pilar Eyre kazetariari 2021eko martxoan eginiko elkarrizketa bat abiapuntu hartuta.

Los reyes y las reinas también lloran, este apunte en castellano.

Aurreko batean elkarrizketa honekin egin nuen topo.

Telebistan ateratzen zelako ezagutzen nuen Pilar Eyre, baina ez nioen kasu handirik egin inoiz.

Lehengoan gaia interesatzen zitzaidan, Espainiako monarkia, eta elkarrizketa entzuteari ekin nion, audio formatuan. Entzun ondoren hauxe azpimarratu nahi nuen:

Franco eta Juan Carlos

Oso ondo konektatu omen zuten hasiera-hasieratik, biek haurtzaro gogorra bizitutakoak zirelako, besteak beste. Adibide moduan, kontatzen du emeritoa gorra dela txikitan eskolan jipoia eman ziotelako. Anaia hil zuela ere aipatzen du kazetariak, pasadan bada ere.

Franco hilzorian zela, goizero joaten omen zitzaion bisitan. Diktadorea artatzen zuen mediku batek galdetu zion ea zer gertatuko zen beraiekin, zera erantzun omen zion: «Respondo con mi vida de la vuestra. Porque todo lo que soy se lo debo a él» (Nire bizitzarekin erantzuten dut zuenaz. Naizen guztia berari zor baitiot).

Eta Francok eskatutako beste kontu bat ere bete duela: «Mantened la unidad de España» (Mantendu Espainiako batasuna).

Sofia

Profesionala dela esan izan da beti, jakin duela rol hori betetzen, gezurti profesionalarena.

Emakume hotza: ezkondu ezean, moja izango zen.

Elkarrizketan esandakoaren arabera, Eyreren libururik salduena Sofia erreginari buruzkoa da 300.000 ale baino gehiago.

Damu du liburu horrekin Sofiaren beatifikazioan parte hartu zuelako. Beste kontu batzuk jakin omen ditu ondoren eta gaur egun bere iritzia errotik aldatu dela.

Erregeari ebakuntza bat egin omen zioten duela hainbat urtez Bartzelonan (oker ez banago, 2010eko maiatzean). Nodulo bat zuen biriketan, eta ez zegoen garbi zerekin egingo zuten topo medikuek. Soilik Espainiako gobernuko presidenteak zuen horren berri, emaztea eta seme-alabak ez zeuden berarekin. Komunikabideak enteratu eta kazetariak hurbildu egin ziren ospitalera, tartean Eyre.

Sofia behartu zuten joatera: igogailu batetik Corinna jaisten zen bitartean, bestetik igo zen emaztea. Bi ordu pasa zituen areto batean, ez zen Juan Carlosekin egon (besteak beste hau zainketa intentsiboetan zegoelako), eta komunikabideei esan zien primeran zegoela.

Eyrek dio konturatu zela gezurretan ari zela Sofia.

Monarkiaren Julio Iglesias

Liburu bat idazten ari zela, kazetariak gertuko iturri bati galdetu omen zion zenbat emakumerekin izan zituen JCk harremanak. "Jarri 1.500, eta gerturako zara". Liburuan datu hori jarri eta emeritoa pozik, harro-harro.

Erregearen leialtasun faltaren epika Sofiarekiko errespetu falta izugarria dela esaten du Eyrek eta elkarrizketatzaileak (Arpa argitaletxeko Álvaro Palau Arvizuk).

Eyrek dio mota eta kondizio askotako emakumeekin ibili dela. Eta bitxikeria moduan kontatzen du horietako batzuk aristokratak izan direla, erregearen lagunekin ezkondutakoak. Eta senarrak harro emazteek erregearekin txortan egiten zutelako.

Erremate moduan dio Eyrek ezagutzen dituela Juan Carlosen pare bat alaba, ofizialki aita beste bat bada ere. Kasu horietan, amen senarrek eman diete abizena.

Sofiak asko sufritu zuela horregatik, baina aspaldian eman ziola buelta egoerari eta izugarrizko indiferentzia duela emeritoarekiko.

Juan Carlosen ondasunak eta herentzia

1981ko estatu-kolpearen ondoren, alderdi eta komunikabide nagusietako agintariekin bildu omen zen Borboia. Lortu zuen bulda ia edozer gauza egiteko. Eyrek nabarmentzen du politikari eta komunikabideen konplizitatea erabatekoa izan dela gertatu zena gerta zedin.

Gaur egun ezinezkoa omen da jakitea zenbat diru eta ondasun dituen. 2012an New York Times-ek egindako erreportaje baten arabera ia 2.000 milioi euro (2002an Javier Ortizek aipatu zuen Eurobusiness izeneko aldizkari batek 1.790 milioi euroko kopurua eman zuela).

Eyrek dio erregea ez zela joan Abu Dabira semearen erregetza babesteagatik, bere ondasunak, Juan Carlosenak, babesteagatik baizik.

Hau da, Abu Dabira joan eta erregularizatu egin duela patrimonioa.

Felipek uko egin zion herentziari, baina hori berretsi egin behar da herentzia jasotzeko garaian, ez aurretik.

Felipe albo batera egiten bada, Elena eta Cristina alabek aberastuko ditu aitaren heriotzak.

Espainiako monarkiari 10 urte?

Emeritoak intimitatean hori esaten ei du (gogoratu elkarrizketa 2021eko martxokoa dela): gutxi gelditzen zaiolako Espainiako monarkiari. 

Kazetariak dio ez dutela asmatu belaunaldi berriekin konektatzen.

Felipe amak hezitutako pijo bat da, aberaskumeen artean hazi eta hezitutakoa, eta asko kostatzen zaiola burbuilatik kanpo jendearekin harremanik izatea. Aitak bazuen sen berezi bat horretarako, baina semeak, ezer ere ez.

Ezkondu zenean, Letiziarekin gauzak zerbait aldatu zirela, baina Erret Etxeko gizon grisek (goi mailako funtzionarioek) asko agintzen dutela

Eta hala zan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila herriko plazan.

P.S.: Lerro hauek idatzi ondoren, konturatu naiz ez dakidala ezer Villarejori buruz, baina ezaguna egiten zait gizon ilun horrek ere baduela informazio asko emeritoari buruz.

Musika heriotzaren korridorean

Mikel Iturria 2023/07/31 22:29
Keith LaMar-ek 34 urte daramatza preso, gehienak heriotz zigorraren zain. Azaroan zuen exekuzio-eguna jarrita, baina lortu dute 2027aren hasierara atzeratzea. New Yorken bizi den Albert Marquès musikariarekin batera eginiko diskoa aurkeztu zuen Jazzaldian uztailaren 24an eta 25ean.

Música desde el corredor de la muerte, este apunte en castellano.

Baina kontzertu hori aipatu aurretik, beste kontu bat laburrean.

Hilaren 19an Errenterian egon nintzen Urmuga jaialdiaren iluntzeko kontzertuan. Ikastola alboko zelaietan paratu zuten une batez kanpamentua Migel Zeberiok gidaturiko Et Incarnatus orkestrak eta gonbidatuek.

Hilaren 22an Trinitate plazara joan nintzen Julian Lage Trio + Bill Frisell Four kontzertu bikoitza ikustera, hau ere Jazzaldiaren barruan.

Lehenengoan gustura egon nintzen, baina bigarrenean ez. Zergatik? Plazako erdiko pasilloaren atzealdean hartu nituen sarrerak eta kosta egin zitzaidan kontzentratzea alde batetik besterako jendearen paseotxoekin: komunera, tragoak hartzera, eta abar. Eta kontzertuak kontzentrazioa eskatzen zuen, delikatua zelako.

Hilaren 25ean, berriz, Victoria Eugenia Clubera joan nintzen. Eta hor gauzak zeharo aldatu ziren: musikari eta musikariei adi zaudelako soilik, musikariengandik oso gertu gainera.

Proposamen bitxia zen. Heriotz zigorraren kontra borrokan ari den Keith LaMar presoa alde batetik, telefonoz poemak eta testuak errezitatu zituena 20-25 minutuz Ohioko presondegitik; bestetik, Albert Marquès-ek gidaturiko jazz laukotea. Freedom First proiektua aurkeztu zuten, 2020-2022 bitartean Estatu Batuetan eta Katalunian grabaturiko albuma.

Espiritual bat a capella abestuz hasi zen Erin Corine, Chicagon jaio eta Katalunian bizi den abeslari eta flauta jotzailea. Diskoan jasotako kanta originalak eta estandarrak abestu zituzten ondoren. Strange Fruit, adibidez, Billie Holliday-k ezagun egin zuena; era berean, John Coltrane-n figura aldarrikatu zuten, LaMar-en bizimodu latza goxatu duen musikarietako bat.

LaMar askatzeko kanpaina gidatzen duen zuzendaria antzokian zegoen, baita Estatu Batuetatik propio etorritako beste hainbat kide ere.

Kontzertuan ez dakit, baina ondoren bai etorri zitzaidala burura Pablo Ibarren istorioa.

Eta lerro hauek argitaratu behar nituenean jakin dut blog komunitate honetako kide bat, Jon Etxabe, hil egin dela. 90 urterekin zendu da kartzela ezagutu zuen gizona, Burgosko prozesuan 50 urteko kondena jarri ziotelako. Gugan bego.

Ekainaren amaieran Sardiniatik barrena

Mikel Iturria 2023/07/17 22:15
Sardiniako ipar aldean ibili ginen zortzi bat egunez: Alghero, Olbia eta Castelosardo herrietan hartu genuen ostatu.

Vacaciones en Cerdeña a finales de junio, este apunte en castellano

Alghero

Hilaren 21ean abiatu ginen autoz Marsella inguruan dagoen Toulonera. Arratsaldeko 6:00etan abiatu zen ferrya eta hilaren 22an iritsi ginen Porto Torresera, goizeko 8:00ak aldera.

Hartuta genuen hiru egunerako ostatua Algheron, baina ezin sartu 13:00ak arte. Ez dut gogoratzen zer egin genuen arratsalde hartan, baina goizean Fertiliara joan ginen, denbora egiteko.

Hilaren 23an mistral haizea zegoen eta ez ziguten segurantziarik ematen txalupa gauza izango ote zen Neptunoren kobazulora sartzeko. Horren ordez, autoa hartu eta Bossara joan ginen, Bossa Marinan bainu bat hartu eta bertan bazkaldu genuen. Arratsaldean txu-txu trenera igo ginen herrian zehar paseotxo bat emateko.

Gauean San Juan sua ikusi genuen Algheroko hondartzan. Eta correfoc-ak.

Aspaldiko partez San Juan sua (udako solstizioa) etxetik kanpo egotea tokatu zait.
Sutara urteko txar guztiak, kopon!
Alguer / Alghero. Sardinia. pic.twitter.com/O9ijhtk0uG

— Mikel Iturria (@iturri@mastodon.eus) (@iturri) June 23, 2023

Azkenean txalupa albo batera utzi eta ekainaren 24an Neptunoren kobazulora kotxez joatea erabaki genuen. Ia 700 eskailera jaitsi genituen, baita bisitaren ondoren igo ere. Barruko bista zoragarria, nahiz eta jende askotxorekin egin genuen topo.

Bidean bazkaldu genuen eta Algherora buelta.

Olbian Insula Felix-ekoekin batera

Hilaren 25a igandea zen. Ia hiru orduko bidea egin genuen Olbiara goizez. Kontuan hartu Sardiniako errepideetan barrena askotan ez duzula 60 kilometroko media baino gehiago egiten.

Hilaren 26an, arratsaldez, Insula Felix kultur elkarteko bi lagunekin eman genuen bueltaxka ontzian Olbiako golkoan barrena Dublingo bikote batekin eta bi andre alemaniarrekin batera. Oso gomendagarria.

Inork ezagunik ez zigun eman elkarte honen berri: Sorkundek orritxo bat eskuratu zuen turismo bulegoan. Kasualitate hutsa, beraz. Goian jarri dudan webgunean duzue tiketak erosteko aukera.

Elkartearen izenak Olbiako toponimoarekin du zerikusia, irla zoriontsua euskaraz, gure bi gidariek esplikatu zigutenaren arabera. 2021ean 97 urterekin hildutako Giovanni Maria Craboledda izan zen sortzailea.

Bi orduko buelta eman genuen atzo Olbiako golkoan elkarte honetako bi bolondresekin (bata Luciano, bestearen izena ez dut gogoratzen).
Oso gomendagarria.#Sardinia#Sardegna https://t.co/nRWyNtts3b pic.twitter.com/tYY2BrUHdA

— Mikel Iturria (@iturri@mastodon.eus) (@iturri) June 27, 2023

Hurrengo egunean, hilaren 27an, Maddalena irla ezagutzeko txangoa egiteko pare bat tiket hartu genituen. Gehiegi konfiatu eta ia lurrean geratu ginen. Hau da, eskatu ziguten ordu erdi lehenago iristea bertara, baina gu berandu atera eta atzeratu egin ginen, errepide gorabeheratsu eta sigi-sagatsua zelako, kamioi eta autobusak aurreratzeko trabaz josita. Beraz, denboraz eta patxadaz joatea da nire gomendioa.

Zazpi orduko buelta eman genuen. Oker ez banago, hiru bat aldiz gelditu zen txalupa jendeak bainatzeko aukera izan zezan.

Bi bikote italiar, jubilatuak, tokatu zitzaizkigun mahai berean. Gure parean eseri zena siziliarra zen, eta lagun ondarrutarra zeukan. Domenicok kontatu zigun arrantza munduan ibilitakoa zela eta, kasualitatea, Domeka izeneko lagun ondarrutarra zuela.

Hori bai, inork ez zigun esan NATOren base militarra dagoela bertan.

Castelsardo

28an Castelsardora mugitu ginen. Lu Bagnura zehatz-mehatz. Han egin genituen pare bat egun, herria eta Lu Bagnuko hondartza ezagutzen.

Autoa genuenez, olioa erosi genuen Castelsardon: Giuseppe Brozzurena.

30ean, apenas lorik egin gabe, goizeko 3:30ean altxatu ginen, 4:20 aldera Porto Torresera heltzeko. 7:15etan genuen Bartzelonarako irteera eta, beranduenez, bi ordu lehenago bertan egotea eskatu ziguten. Grimaldi Lineseko ferrya 7ak aldera agertu zen kaian. Barruko bidaiari eta trasto guztiak jaitsi eta azkar samar igo ginen. Kamarotea genuen eta bertan hartu genuen atseden goizez.

Ontziko jatetxe batean zerbait bazkaldu ondoren, arratsaldeko 18:30etarako bota gintuzten kamainatik. 21:00etan iritsi Bartzelonara, autoa hartu eta goizeko 2:45ak aldera geunden etxean.

Liburuak

Etxean hasitako Virtudes (y otros misterios) amaitu nuen. Xesús Fraga da egilea eta Ourenseko Xepe eta Celiak oparitu zidaten. Bere familiako hainbat kideren bizipenak kontatzen ditu Fragak. Niri amona Virtudes izugarri gustatu zait: senarrak ez zuenez pulamentu handirik egin Venezuelan, bere kabuz Ingalaterra joan eta 30 bat urtez Londresen etxeak garbitzen aritutako andrea.

Bestea oporretan hasi eta bukatu dudan saiakera, Su festak, Jon Urzelairena. Musika jaialdi erraldoiei buruzko liburu ondo dokumentatuta idatzi du egileak. Arkatza gertu izan dut, azpimarratu beharreko liburu horietakoa baita.

Liburu biak eta Sardinia oso gomendagarriak.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter