Makroproiektuen aurkako babes juridikoa
Duela hilabete batzuk lagun batek Donostian gertatuko zerbait kontatu zidan. Gure auzoan bertan aterpetxe bat egiteko asmoa zuten. Obrak egiten ari ziren bitartean, bizilagunak jada nazka-nazka eginda zeuden sustatzaileen nagusikeriaz.
Gogoan dut El Diario Vasco egunkarian talde sustatzaileko kide ziren bi anaia elkarrizketatu zituela Aingeru Munguia kazetariak. Oker ez banago bi orrialdeko erreportajea. Zenbat dirutza inbertitu behar zuten, noiz zuten zabaltzeko asmoa, eta abar. Nik ulertu nuen alfonbra gorria botatzen ari zitzaizkiela.
Halako batean baina, bizilagun batek gertuko abokatu bati egin zion kontsulta. Abokatua aditua zen urbanismo kontuetan. Eta profesional aparta. Hasi zen paperak begiratzen eta konturatu zen irregulartasun nabarmenak zituela proiektuak. Are gehiago, Udala ere beste aldera begiratzen ari zela.
Nik dakidala proiektua erabat geldirik dago.
Cómo defenderse de los macroproyectos, este apunte en castellano
Askotan ofizioa ondo baino hobeto ezagutzen duten juristen ahalmena gutxiesten dugu. Jakinda ere maila batetik gora Justizia administrazioak gehiago duela administraziotik justiziatik baino.
Honetaz gogoratu naiz gaur pasa den ostegunean lagun batek bidalitako mahai-inguruaren harira.

Bergarako Seminarioan da hitzordua irailaren 24an, arratsaldeko 18:30ean. Gaia: «Landagunea eta makroproiektuak. Babesten al gaitu legeak?»
Hizlariak: Iñaki Lasagabaster, EHU Administrazio Zuzenbideko katedraduna; Juan Luis Moragues, abokatua; Luís Villares, Galizako Auzitegi Nagusiko magistratua. Jokoa banatzen Maite Aristegi arituko da.
Duela gutxi izan dut Luís Villares magistratuaren berri. 48 urte ditu eta jada hogei urte baino gehiago egin ditu epaile lanetan, tartean Euskal Herrian. Politika instituzionalean ere egin zuen sartu-irtena, eta En Mareako hautagai nagusia izan zen 2016ko Galiziako hauteskundeetan.
Pasa den martxoan presidente berri bat izendatu zuten Galiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien aretoan, María Azucena Recio anderea. Hirugarren atalean zeuden Villares eta Lopez magistratuak mugitu zituen arrapaladan. Atal horrek proiektu eoliko asko geldiarazi zituen eta patronala, baita PP ere, ez zegoen batere gustura. Oraindik ere auziak bizirik dirau.
Ez dut gauza handirik espero Justiziaz, baina derrigorrezkoa da jakitea zer zirrikitu egon daitezkeen gure ideiak defendatzeko garaian. Kasu honetan, landagunea izorratzeko dauden makroproiektuei ikuspegi juridikotik aurre egiteko aukeren berri izatea.
Donostiako adibidean bezala, askotan nagusikeriaz jokatzen dutelako, bete beharreko prozedurak bete gabe.
