Bartzelonako liburutegiak greban
Esan bezala, urtero legez Tabakalerak, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Donostia Kulturak hainbat jarduera antolatu dituzte 2026ko Liburutegien Egunaren harira.
Batuz trebatu izeneko jardunaldia egingo da Tabakaleran urriaren 27an, goizeko 9:15etik aurrera. Bertan liburutegien eremuko hainbat profesionalek hartzen du parte. Eta aurten gonbidatuetako bat, Ferran Burguillos da, Bartzelonako Liburutegien Partzuergoko gerentea.
Las bibliotecas de Barcelona en huelga, este apunte en castellano
Kontua da Bartzelonako Liburutegien Partzuergoko langileak urteak daramatzatela lan baldintzak hobetzeko borrokan. Erakundeek bueltak eta txiribueltak ematen ari zirela ikusita, langileak maiatzaren 26tik greban daude. Eta jada ez dira bakarrik Bartzelonakoak, baizik eta Kataluniara egin du salto protestak.
Bartzelonako Liburutegien Partzuergoko enpresa batzordeak gutun bat helarazi du Donostiara, komunikatuaren hedapena eta elkartasuna eskatuz. Bi sindikatuk osatzen dute aipatu batzordea: Intersindical - Confederació Sindical Catalana eta Confederació General del Treball de Catalunya.
Komunikatuaren aurretik hiru kontu.
“Defensar la biblioteca pública és defensar els últims espais democràtics i lliures”, urriaren 19ko erreportajea Directan.
Bartzelonako Diputazioaren Liburutegietako CGTren bloga.
Bartzelonako Liburutegien Partzuergoko enpresa batzordearen komunikatua
Kideok,
Tabakalera eta Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera, Donostia Kulturak jardunaldi profesional bat antolatu duenez Liburutegiaren Egunaren harira eta bertan Ferran Burguillos, Bartzelonako Liburutegien Partzuergoko gerentea, gonbidatua izan denez, jakinarazi nahi dizuegu Kataluniako liburutegi publikoak borrokan murgildurik daramatzagula hainbat hilabete. Bartzelonako Enpresa Batzordea eta Liburutegietako Greba Batzordea lan eta borroka konpartituen alde gaude; hori dela eta, helarazten dizuegu informazio hau eta zuen elkartasuna jaso nahiko genuke.
Badakigu Tabakalerako liburutegiko langileok 229 eguneko greba egin zutela 2019an eta, alde horretatik, eredu izan dira guretzat. Bartzelonako liburutegietan 150 egun daramatzagu greban, 2026ko maiatzaren 26tik hain zuzen ere.
Zalantzarik gabe, gure gerenteak liburutegi alorreko sare profesionalen balioari buruzko hitzaldi bikaina emango du. Bien bitartean, egiaztatu dugu duela hainbat hilabete aurre egitea erabaki genuen gatazka luze hau konpontzeko borondaterik ez duela. Izan ere, ahituta, gainezka, gaizki ordainduta eta lan-kontziliazio duinik gabeko langileek nola sor ditzakete sare horiek? Nola eskain dezakegu jendaurreko kalitatezko zerbitzua baldintza horietan?
Herritarrek sistematikoki hobetoen baloratzen duten zerbitzua da gurea. Gu gara kultura, jakintza eta informaziorako sarbide unibertsala. Kohesioa ematen diegu Kataluniako herri eta auzoei. Era berean, uste dugu eztabaidaezina dela gaur egungo polarizazio sozial eta politikoak behar dituztela, inoiz baino gehiago, egituraketa kolektiborako gune horizontalak.
Liburutegiak dira gure herri eta hirietako egiazko azken gune demokratiko, libre eta irekiak. Baina ardura horri ezin diogu eutsi bokazio eta borondate onarekin soilik. Bokazioak ez ditu fakturak ordaintzen, eta borondate onak ez du langileria falta kronikoak eta koordinazio politiko eza konpontzen.
Hori dela eta esan genuen duela hilabete batzuk «ASKI DA». Konponbideak eskatzen ditugu, elkarrizketa eskatzen dugu baita benetako eraldaketa ere.
Zerbitzuaren kalitatea eta zerbitzua mantentzen dutenen lan-baldintzen kalitatea zuzenki proportzionalak dira.
Hauek dira gure aldarrikapenak:
1. Lanbidearen benetako balorazioa: akabo sorbaldan zapladatxoak emateari. Errekonozimendua ekintzetan, errespetu instituzionalean eta lan baldintza duinetan gauzatu beharra dago.
2. Inbertsioak oinarrizko zerbitzuetan: hobetoen baloratutako zerbitzu publikoa gara, baina beti azkenak aurrekontuetan. Inbertsio publiko duina, egiturazkoa eta iraunkorra eskatzen ari gara.
3. Lan- eta soldata-eskubideak: soldata-eskala bidezkoak, asumitzen ditugun benetako eskumen eta arduren mailakoak.
4. Langile gehiago: eskuak falta dira. Plantilla handitzea ez da luxua edo kapritxoa, premiazko beharra baizik gure lan-taldeen akidura fisikoa eta mentala ekiditeko.
5. Lan-kontziliazioa: gero eta zabalagoak diren irekitze-ordutegiekin bateragarriak diren bizitza pertsonal eta familiarra izateko eskubidea dugu.
6. Liburutegi seguruak: indarkerien aurkako prebentzio-neurri eraginkorrak eta protokolo efizienteak eskatzen ditugu, erabiltzaileak eta langileak babesteko.
Hilabeteak pasa ditugu negoziatzen, baina ez arduradun teknikoek ezta politikoek ere ez dute erakutsi akordioak lortzeko benetako asmorik. Eskatzen diguten gauza bakarra da gure eskaerak gutxitzea. Uztail amaieran, enpresak hobekuntza sozial eta sindikal guztiak kendu zizkigun eta hitzarmenik gabe utzi gintuen, nahiz eta sindikatuekin akordio berri bat lortu arteko luzapen automatikoa egitera behartu legeak.
Bartzelonako Arartekoak ebazpena eman du plantillari zigorra kentzeko. Eta urriaren 6an eginiko saio monografikoan Udaleko talde politikoek onartu zuten akordioa egiteko beharra. Aipatu bi eskaerak ez dira kontuak hartuak izan.
Gauzak horrela, Bartzelonako liburutegi publikoetako langileok Bartzelonako Liburutegi Partzuergoaren eta Udalaren gurekiko gutxiespena salatzen dugu. Greba mugagabean jarraitzea baino ez zaigu geratzen.
Ulertzen dugu Liburutegien Egunari zentzua ematen dion ekitaldia egin nahi izatea, eta gure ahotsa entzutea eskatzen dizuegu. Lan-baldintza duinik gabe, liburutegiak horma hutsak dira.
