Sabino Ormazabal Elola bizi izan da
Sabino Ormazabalen agur ekitaldi jendetsuan egon nintzen pasa den ostiralean. Kronikak badira hainbat komunikabidetan. Adibidez, Berrian eta Garan. Bideoa ere badago ikusgai.
Bertan parte hartu zuten hiru pertsonaren tarteak transkribatu ditut eta ondoren doaz.
David Fernàndez
Kantari hasi zuen bere partehartzea: I un ram de flors vermelles, Abril 74, Lluís Llach.
Arratsalde on denoi. Qui canta els mals espanta. Los males se conjuran cantando, eso decimos en catalán siempre que vienen mal dadas o que llueven chuzos de punta.
Pero el nudo en la garganta esta vez da afonía, casi afasia, porque cómo cantaremos esto y como afinaremos este zarpazo.
Nola abesten da hau?
Era sábado, fue domingo y el lunes Sabino Ormazabal Elola se nos iba de repente, inesperadamente, y antes de tiempo, pero nació canturreando, cantando ha vivido y se nos ha ido coherente hasta el último suspiro y el último requiebro tarareando en Ikatz kalea.
Seguirá cantando porque siempre afinaba y siempre afinó, abriendo grietas en cada muro y caminos en cada vacío. A Sabino volveremos, y tanto que volveremos, y no solo por nostalgia, también por necesidad.
Sabino, el desobediente persistente, el antimilistarista de fondo, el insumiso infinito, el ecofeminista arraigado, el ecopacifista desbordante, el ingeniero silencioso, callado, humilde, inteligente, paciente.
El ingeniero silencioso de puentes y caminos por los que transitamos hoy, incluso sin saberlo todavía. La persona cansada, cansada de tantas violencias, pero que nunca se cansó de sabotearlas, interrumpirlas y probar de pararlas.
Hiroshima, Gernika, Kiev, Gaza, Palestina... Gerrarik ez, ez, ez, ez inoiz, eta ez inon.
Sabinok esango zuen bezala, saiatzen segitu behar dugu.
(Martxelo Otamendiren itzulpena).
Sabino Ormazabal parafraseatu behar dugu parke honetan bertan Mariano Ferrerri agur esan zionean: hemen eta orduan eskatu zuen sekula gertatu behar ez duten agurretan albiste ofizialen ohiko titularra aldatzea proposatu zuen. Eta dena hankaz gora jartzea dolua ospakizun bihurtzeko. Mariano bizi izan da, hori da albistea, esan zuen.
Sabino Ormazabal Elola bizi izan da. Hori da albistea. Maitasuna, umorea, errespetua, Sabinoren edabe garaiezina.
Kantu bat gara, memoria intsumisoak ez zuen segundo bakar bat ere behar izan hainbeste partituraren abesti korala adierazteko.
Sabino beti etxea izango da. Euskal etxea. Maixabel, Markel, Garazi, Manex, Nora, Martin, Josune, Mikel. Eta nire euskal etxea, euskal hiria, euskal herria.
Soto del Real eta Navalcarnero espetxeak, Egin egunkariko iritzi saila, 18/98 sumarioa, desobedientzia zibilaren aurkako pieza kafkianoa. Silencio en la sala eta kamiseta bat: Quosque tandem abutere, Kafka, patientia nostra.
Aulki hutsak Bulebarrean. Itxoiten, Godot. Itxoiten bakea eta justizia. Antigona Euskal Herrian. Bakea xuxurlatu zien euskal herritarrei.
Tutera, 1979. Bertan, zuzenean, Gladys del Estal. Atzo, gaur eta beti.
Ekologismo soziala, Eguzkiren itzaletik Zumalaberen aldera. Eta Lemoiz, Bardeak eta Urdaibai. Herri mugimendua eta autonomia soziala eta solidarioa. J'accuse. Kaleko afari solidarioak. Edo kapitalismo harrapari umiliatzaile eta suntsitzailea. Basen aurkako egunerako mila alternatiba demokratiko.
Egunkariaren itxierari gaur egun arte irauten duen kantarekin erantzun zenioten.
Argituz, sufrimendu guztien mapa amaitu gabea. Ahanzturaren zoko ezkutuak eta beste etorkizun posibleak.
Gau batean Sabinoren etxeko atea jo eta semea esnatzera joan zenean esateko berriro haren bila zebiltzala, poliziak beraiekin eraman zuen. Sabino atxilotzera zetozen. Garzón, zein bestela.
Què volen aquesta gent? Que truquen de matinada?
Orduan, August Gil Matamala abokatu katalanak esan zuen: lehendabizi armarik gabeko terroristaren figura asmatu zuten eta aurki terrorista bakezalea asmatuko dute. Kafka berriro. Prozesua zigorra zen.
Disidentziaren aurkako milaka ostiko, tartean berak jaso zituenak, santu handiaren arrazoiarekin orduan ere kantuz erantzun baitzuen: instrumentuak eramango dituzue, baina sekula ez duzue musika garaituko. Itaka berriro. Seguimos, seguiremos.
Kantatzeari inoiz utzi ez dion herria inoiz hiltzen ez den arren gaur negar eginez kantatzen du, Juan Karlos Izagirrek esana. Eta herrialde katalanek ere kantatzen dio inork posible ikusten ez zituen zubiak irudikatzen eta eraikitzen zituelako.
Sabino beti izango da erdian jartzeko arte iraunkorra mundu guztiko erdibide guztietan.
Eta horregatik segitu beharko da desobeditzen, eta begiak zabal-zabal kantari, zaila denean batik bat, izuak beldurra eragiten digunean, isiltasunak tentazioa jartzen digunean, geure buruari ere desobeditu beharko diogu.
Ez dakit oraindik zenbat galdu dugun abuztuko zoritxarreko astelehen honetan, baina badakigu zenbat irabazi dugun denok berarekin. Horrela da, bai, ez badugu dena esaten, ez dugu ezer esango.
Gogorra izango da, laberintikoa, Donostiara itzultzea eta ez aurkitzea bera Alde Zaharreko zoko batean. Grandola vila morena, en cada esquina, un amigo, en cada rostro, igualdad.
Baina beti edukiko dugu zirimiriaren ziurtasuna Sabino badelako abestuko dugu hurrengo kanta Pirinioetako alde bateko zein besteko edozein bazterretan esango dugun hurrengo poema. Erran nahi baita, Mario Benedettiren bertso haiek, hain zureak zenituenak: cantamos porque somos militantes y cantamos porque los supervivientes y nuestros muertos quieren que cantemos.
Harrapa gaitzazu beti, Ormazabal, harrapa gaitzazu beti, kantari. Bizitzaren korapiloan eta borrokaren sareetan zuri kantatzen segituko dugu, Sabino. Ho tornarem a fer.
Beti arte, artesano. T'estimen. Maite zaitut. Esperantzara kondenatua.
Kantatzen segituko dugu eta kantatuko diogu haizeari: abestia zara jada, abestia zara jada, Sabino.
Mari Luz Esteban
Memoriaz ari naiz, baina Mari Luzek esan zuen gutxi aipatutako hiru kontu nabarmendu nahi zituela. Bideoan moztuta dago hasiera.
Lehenengo kontua da Sabinok bazuela sentsibilitate feminista. Bere sentsibilitate feminista ikusten genuen bere ikerketak egiteko moduan. Bere ikerketa metodoa super zorrotza zen, azken datua lortu arte, azken jendea edo pertsonarekin hitz egin arte.
Berak bazekien feminismoa azkenengo denboran Euskal Herrian biolentziak eta gatazkak esangura estua duela gaur egun eta zabaldu behar diogula. Sexualitatea eta biolentzia sexuala hartu behar dira kontuan. Eta berak hori egin zuen. Adibidez, Errenterian nola jaso zituen kasu guztiak sentsibilitate feministarekin.
Ikusten da ere azken liburuan, nola orriz orri emakumeen izenak aipatzen dituen, atentatuak eta horrelako kasuetan, nola jasotzen dituen emakumeen adierazpenak. Eta horri esaten diot sentsibilitate feminista.
Sabinok bazekien mundu guztiarekin egoten. Bazekien egoten emakumeekin, lasai asko. Niri galdetzen didatenean, baina nola egin behar dut? Ba gizonok egon behar duzue lasai asko, ez da gehiago behar. Sabinok bazekien emakumeekin egoten lasai asko, baina bazekien ere gizonen munduan ere kritiko izaten.
Adibide bat emango dizuet. Aspaldi gertatu zena horrelako gauzak normalak ez zirenean. Bera deitu zuten plataforma bateko lehenengo bilerara. Eta heldu zenean ez zegoen emakumerik. «Hemen ez dago emakumerik eta emakumerik ez bada banoa». Eta lortu zuen hurrengo bileretan emakumeak egotea.
Hemen gauden emakumeok eta gizon batzuk badakigu gizonen munduak Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, ze boterea duten, ze boterea duzuen. Ze presentzia duzuen eta ze zaila den botere hori neutralizatzea.
Ekarpen txikia egin zuen Sabinok ere maila horretan eta eskertu behar zaio.
Bigarren gaia aipatu nahi dudana da... Aipatu da aste honetan zubiak egiteko zuen abilezia eta hori argi dago. Baina nik uste dut horrekin batera bazuela beste ezaugarri bat oso inportantea dena politika egiteko bere moduan zein zen. Bera zen nire ustez taldeen zaintzailea.
Hemen egon izan balitz gaur taldea zaintzen ibiliko zen: ea nork behar duen eserlekuren bat, eta abar.
Berak bazituen bere iritziak, askotan egokiak, baina maila berean jartzen zuen taldea, taldearen protagonismoa, eta nik ikusi dut jendeari esaten, jendeak senti zezan leku bat zeukala taldean.
Taldeen zaintzaile izatea ere bada politika egiteko modu bat.
Eta bukatzeko, beste gai bat da Sabino Ormazabalen beste marka bat: zuzentasuna. Hitz horrek duen adiera guztietan.
Nik aipatuko dut gauza bat seguruenik zuei huskeria irudituko zaizuena, baina niretzat bazen modu bat ulertzeko zer nolako pertsona zen Sabino: komunikatzeko era.
Sabinok zerbait behar bazuen zuregandik telefonoz deitzen zizun. Zergatik aipatzen dut hau? Gaur egun, guztiok izango zarete kontziente nola jokatzen dugu: zurekin hitz egin behar dut telefonoz, noiz geldituko gara? Ez dakit zenbat mezu elkar trukatzen ditugu, gero hiru edo bost minutuko deia egiteko zenbat prolegomeno.
Ba Sabino ez zen horrelakoa. Sabino zuzena zen, deitzen zizun eta kito. Eta nire ustez horrek ere irakasten du, zuzentasunak erakusten du nolako pertsona zen eta zenbat lezio utzi zizkigun.
Bukatzeko esango dut nik ere telefono dei horiek faltan botako ditudala. Eskerrik asko.
Markel Ormazabal
Gure aita ez zen bidaia luzeak egitekoa, sustraiak ondo errotutako zuhaitza izatea nahiago zuen eta, hala ere, Euskal Herria alderik alde zeharkatu zuen. Hamaika aldiz zeharkatu ere.
Euskal herrietako bidaia horietako asko eta asko elkarrekin egin genituen: Itoizeko akanpadetara, gorraiztarrekin egotera, Bardeetako martxara, Urdaibairen aldeko Gernikako manifestazioetara edo Herri Urratsera.
Eta bidaia horietako asko, nola ez, taberna edo txosna baten bueltan amaitzen genituen. Halakoetan, hau ere nola ez, beti topatzen genuen ezagunen bat eta beti abesti bera kantatzen ziguten, nik uste aitari eta bioi gehien kantatu diguten abestia dena: Aita semeak tabernan daude...
Sabinok beti modu berean erantzuten zuen, ohiko ahapaldia moldatuz: ama alabak ere bai...
Kantua, edozein kantu, mundua bera bezala, hobetzeko edo injustiziak emendatzeko baldin bada, aldatu egin behar delako. Horrela irakatsi zigun aitak.
Eta zer ez dugun ikasi Garazik eta biok Maixabel eta Sabinorekin etxean. Asko dira ikasiak eta asko irakaspenak.
Baina guzti horien artean badago bat nire bizitzan oso-oso presente izan dudana eta daukadana: egin ezazu, baina egin aurretik ezagutu aurrekoek egin zutena.
Aitak egiten irakatsi zidan, kantua, bizia eta mundua. Eta nork bere erara egiteko, baita aurretik desegin behar izaten dela, errespetuz beti ere.
Duela zortzi urte edo idatzi genuen Eta segi aurrera liburua. Eta liburuaren zutoina den Eduardo Galeanoren kontakizunak ezin argiago irudikatzen du aitaren irakaspen hau:
A orillas de otro mar, otro alfarero se retira en sus años tardíos. Se le nublan los ojos, las manos le tiemblan, ha llegado la hora del adiós. Entonces ocurre la ceremonia de la iniciación: el alfarero viejo ofrece al alfarero joven su pieza mejor. Así manda la tradición, entre los indios del noroeste de América: el artista que se va entrega su obra maestra al artista que se inicia.
Y el alfarero joven no guarda esa vasija perfecta para contemplarla y admirarla, sino que la estrella contra el suelo, la rompe en mil pedacitos, recoje los pedacitos y los incorpora a su arcilla.
Portzierto, aipatu dudan liburu honetako hitzaurrea aitak egin zuen, baina nahiago izan zuen ez sinatu. Eta hau diot ohartarazteko uste duguna baino legatu handiagoa utzi digula.
Aitak egiten, desegiten eta berriro egiten irakatsi zigun. Kantua, bizitza eta mundua.
Erretiroa hartu duen eltzegileak utzitako pieza ederra mila puskatxotan hautsi, puskatxoak bildu eta eskura dugun buztinarekin nahasi eltze berri bat egiteko. Baina ez hori bakarrik, kantua, bizitza eta mundua ona eta justua izan dadin, eltze barruan egosi beharreko osagaiak ere utzi zizkigun: enpatia eta errespetua, pertseberantzia, irudimena, umorea noski, eta, batez ere, Davidek aipatu duen bezala, koherentzia, zeren gure aita zerbaitek ezaugarritzen baldin bazuen, edo baldin badu, hori zalantzarik gabe koherentzia da.
Asko eta asko dira utzi dizkigun irakaspenak eta horiek denak altzoan hartuta jarraituko dugu egiten kantua, bizitza eta mundua hobeagoa, justuagoa eta askeagoa.
Gure aldetik, sendiaren aldetik, esker ona ematea besterik ez Maixabel eta Sabinori eta esker ona zuoi guztioi ematen ari zareten babes eta maitasun guztiarengatik.
Nire aldetik, lizentzia eta mandatu txiki bat, Sabinoren bilobei. Para los navegantes con ganas de viento, la memoria es un puerto de partida, esan zuen poetak.
Manex, Nora eta Martin, idatzi itzazue aitonarekin bizitakoak orain, presente dituzuela. Aitonari sartutako ziriak, aitonarekin egindako bihurrikeriak, eta aitonari ikasitakoak. Utzi idatziak, ez dira gutxi izan behar. Ez dakizue zenbat gustatuko litzaiokeen, ez dakizue zenbat eskertuko lukeen.
Eskerrik asko berriro ere ematen ari zareten maitasun guztiagatik. Gaurkoa ez da azken kanta bat. Mundua, ze arraio, aldatuko dugu, eta kito.
Seguimos, seguiremos. Aupa alegría eta gora bizipoza! Gora bizitza!
