Muñagorri, Muñagorri, hanka bat eta bi belarri
2018an ezagutu zuten elkar Albertok eta Anderrek. Esango nuke ordutik datorrela liburua egiteko asmoa, baina ibilbide korapilatsua izan du, tartean Alberto bera gaixotu baitzen -depresioak jota egon zen hainbat hilabetez- eta horrek luzatu egin du prozesua. Esan bezala, jada eskuragai dugu La mochila. Vida de Muñagorri (Libros del K.O.).
La mochila de Muñagorri, este apunte en castellano
Gure belaunaldiko haur eta gaztetxoek ondo baino hobeto genekien nor zen Alberto Muñagorri. Motxila bati ostikada eman eta bonba lehertu zitzaion hamar urteko haurra. Nahiz eta orain garbi dagoen berak ez zuela bonba ukitu, baizik eta bera ingurutik pasatzerakoan aktibatu zela mekanismoa eta bete-betean harrapatu zuela amonaren etxetik paga hartuta kalera zihoan umea. 1982ko ekainaren 26ko eguerdiko 12:00etan gertatu zen.
Gogoan dut Irungo San Pedro txirrindularitza lasterketan omenaldi xume bat egin ziotela hurrengo urtean edo, 1983an. Memoriak dio taula gainera igo zela opariren bat jasotzera eta txalo artean hartu zuela bertan bildutako jendeak.
Gero ez nuen haren berri izan, baina ETAren agurrak eraman zuen Alberto jendaurrean agertzera. Hainbat elkarrizketa egin zituen. Horietako bat Oarsoaldeko Hitzan agertu zen 2018ko otsailean: «Elkarri entzun behar diogu, aspaldi egin ez dugun zerbait da». Itzuli egin nuen gaztelaniara eta Pedradetara igo.
2019an Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentala zuzendu zuen Bertha Gaztelumendik mugimendu antinuklearraren erretratua egiteko. Gidoia eta ideia originala Sabino Ormazabalenak izan ziren. Hura ikusi eta euskaraz zein gaztelaniaz idatzi nituen pare bat apunte. Albertok ere parte hartu zuen, bera kolpatu zuen bonba Iberdueroren kontra jarria baitzen. Bere hitzak ez nituen ondo ulertu eta, haserre samar, komentario bat utzi zuen gaztelaniazkoan.
Liburua irakurtzea besterik ez dago jakiteko nortasun handiko pertsona dela eta ez dela atzean geratuko ikusten badu norbaitek ez duela egin beharrekoa egin edo gaizki interpretatu dituela haren hitzak edo dena delakoa.
Albertoren bizitza kontatu du Anderrek eta, aldi berean, aprobetxatu du azaltzeko 1970etik hona Euskal Herrian indarkeria politikoak zer nolako ibilbidea egin duen.
Amak du rol nagusia familian. Jehovaren lekuko, berak atera ditu aurrera hiru seme-alabak, aitak ez zuelako bere partea bete. Aitaren alkoholismoa ageri da zeharka, anaia nagusiaren militantzia politikoa (LKI) eta drogazaletasuna (heroina), ETAren astakerien berri izango dugu, polizia, militar eta indar parapolizialen ibilerak, eta abar. Errenteriatik Euskal Herrira.
Gauza batzuk jakinak nituen, baina beste batzuk ahaztuta, eta beste askoren arrastorik ere ez.
Adibidez, 69. orrialdean aipatzen da 1979ko azaroaren 14an Errenteriako bikote gazte bat sartu zutela indarrez auto batean. Neskak 16 urte zituen, eta bortxatu egin zuten. Sei hilabeteren bueltan 14 eta 19 urteko beste bost neska bahitu eta bortxatu zituzten Irun, Errenteria eta Donostian. Horietako bat, Mari Jose Bravo del Valle, 16 urtekoa, hil egin zuten Loiolako auzoan. Indar parapolizialen balentriak eta estatuaren itzala.
Herriko hainbat jende pasatzen da liburutik: Andoni Agirregomezkorta, Lander Garro, Julen Mendoza, Daniel Muñoz, Naiara Zamarreño, José Ángel Rodríguez, baita Albertoren ama eta anaia-arrebak ere.
Amak gogor egin izan dio, baina beti izan da haren alboan laguntza emateko prest. Horrek markatu du Alberto. Amaren aholkuak jarraituz, gorrotoa alboratu egin baitu. Adibidez, amak nahiago du «istripu» hitza erabili atentatuari buruz aritzeko, nahiz eta jakin horren atzean nahita egindako ekintza bat zegoela, ETArena.
Alberto ez da ezkutatzen bere alde ilunak kontatzeko: diskotekaz diskoteka pasatako urteak, speed eta alkohol kontsumoa, auto eta motorren gainean egindako txorakeriak, baita COVIDa agertu baino pixka bat lehenago bete-betean harrapatu zuen depresioa ere.
Etakide pare batekin duen harremana aipatzen da: Urrusolo Sistiaga historikoa eta Ismael izeneko beste bat. Biak damutuak.
Gogorra izanik ere irakurketa, ez zaizkit malko asko atera, baina bai kostatu zaidala eustea Naiara Zamarreñoren kontakizunean.
Alde horretatik liburua apabullantea da. Ez dut hitzik topatzen euskaraz. Hamargarren kapitulua, adibidez. Kapitulu horretara iritsi aurretik, denak dira laburrak, baina hamargarrenean Ander hasten da bata bestearen atzetik hainbat astakeriaren berri ematen eta ez dizu uzten bakean, nahiz eta erregutu: «Mesedez, Ander, nahikoa da. Amaitu kapitulua!».
Uste dut digestio ona eta luzea merezi duela. Eta espero dut euskaraz ere argitaratzea. Esango nuke liburua gertu izango dudala hemendik aurrera.
Aurkezpenen bolada betean daude biak. Urriaren 1ean hasi ziren Errenterian eta gero Madril aldera jo zuten. Euskal Herriari dagokionez, urriaren 15ean San Telmo Museoan, Donostian; urriaren 28n, Tolosako Udaletxean; hilaren 31n, Iruñeko Katakraken.
Ezer gutxi dut gehitzeko. Soilik eskerrak ematea bioi.
P.S. 114. orrialdean ageri da «Muñagorri, Muñagorri, hanka bat eta bi belarri!» esamoldea, baloiarekin etxean apaingarriren botatzerakoan amak erabilia.
