Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Osakidetza: sei hilabete ekografia bat egiteko

Osakidetza: sei hilabete ekografia bat egiteko

Mikel Iturria 2026/08/16 09:20
Klima bezala, Osakidetza ere aldatzen ari da. Eta ez bereziki onerako.

Otsailaren amaieran goiz batean esnatu nintzen eskuineko behatz bateko azken falangea "erorita". Hau da, ezin nuen behatzaren azken muturrarekin goranzko mugimendurik egin.  Gaztelaniaz "dedo martillo" esaten omen zaio.

Asteazkena izango zen, otsaileko azkena. Ostegun arratsaldean gertukoek gomendatuta Donostiako Bengoetxea kaleko mediku gunera joan nintzen eta kontatu nien zer nuen. Artatu ninduen medikuari esan nion martxoaren 2an hartua nuela hitzordua familia-medikuarekin. Bitartean itxoiteko esan zidan. Ariketa batzuk egiteko eta behatza ez immobilizatzeko aholkatu zidan.

Astelehenean, martxoaren 2an, hartu ninduen familia-medikuak. Esan zidan beharrezkoa zela ekografia bat egitea, baina Osakidetzan luze joango zela proba hori egin ahal izatea. Galdegin nion ea zer egin behar nuen bitartean: behatza immobilizatu? Hasiera batean ez zekien zer esan, baina bere ustez ez zela komenigarria immobilizazioa.

Handik bi astera beste kontu batengatik hitz egin nuen aipatu familia medikuarekin eta, berretsi zidan, bere ustez eta inguruko beste lankide batzuekin kontsulta egin ondoren, ez zela beharrezkoa immobilizazioa.

Behatzak ez zidan bizitza normala oztopatzen eta aguantatu nuen nire fisioarengana hilean behin dudan hitzordura iritsi arte. Urteak dira Edurne Grijalbarekin harremanetan nagoela eta tokiz mugitu denean ere haren atzetik mugitu naiz ni. Orain Fisioterapia Zarautzen hartzen du jendea.

Martxoaren 24an egin nion ohiko bisita eta erakutsi nola nuen behatza. Kontsulta bat egin zuen fisioterapia guneko arduradunarekin eta aholkatu zidaten Beasaingo Eskura Osasun Zentrora joatea. Hitzordua azkar samar lortu nuen: martxoaren 27an.

Nik ez nuen zentroa ezagutzen, baina esan zidaten puntako jendea dela eskuarekin lotutako kontuetan. Alexekin eman zidaten hitzordua.

Martxoaren 27an, ostirala, eguerdiko 12:15ean hartu ninduen Alexek. Berehala egin zidan ekografia eta esan zidan behatzaren bukaerako tendoiak ez zuela nahikoa tentsioa bere lana egiteko. Gomendatu zidan ferula bat jartzea eta sei astez horrela egotea.

Hasiera batean kostatu zitzaidan ohitzea, baina egia esateko ia ohiko bizimodua eramaten utzi ninduen delako ferulak. Kontuz jokatu behar nuen eskuak bustitzerakoan, baina lanerako ere ez zen oztopo handia izan.

Sei aste pasa ondoren bueltatu nintzen, maiatzaren 8an. Berriro ekografia egin eta esan zidan prozesua ondo zihoala. Beste bi astez aguantatzea gomendatu zidan.

Maiatzaren 22an berriro pasa nintzen Eskuratik. Beste ekografia bat eta ferula txiki hori albo batera utzita atera nintzen bertatik.

Bitartean Osakidetzaren aldetik inolako berririk ez.

Ostiralera arte. Abuztuaren 14an jaso nuen etxean gutuna. Zabaldu eta irailaren 8an hitzordua dudala Donostiako Ospitalean. Sei hilabete ondoren konbokatzen naute ekografia ziztrin bat egiteko.

Ez dut esango sutan jarri nintzela gutuna zabaldu nuenean, baina bai haserretu nintzela.

Eskerrak baliabideak, ez bakarrik ekonomikoak, ditugula horrelako egoera bati aurre egiteko. Diru aldetik ez da garestia izan: 140 bat euro.

Fisioterapeutek hasiera-hasieratik esan zidaten komeni zela azkar samar immobilizatzea behatza, aste edo hilabete batzuk utzita agian ezinezkoa izango zela behatzaren funtzio guztiak errekuperatzea.

Galdera: baliabiderik ez duen jendeak ze ostia egin behar du horrelako egoera bati aurre egiteko?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter