Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Fermin, gogoan dut

Mikel Iturria 2024/06/22 20:15
Aritz Galarragak erabilitako formulatik tiraka, Rafa Berriorekin lotutako hainbat oroitzapen bildu nituen 2021ean. 40 urte bete ditu Fermin Muguruzak musikagintzan lehen lerroan. Ea ba.

Hona hemen 2021eko maiatzean Rafa Berriorekin egin nuena. Eta hauxe Aritz Galarragaren liburua.

Gogoan dut 1984ko ekainean bukatu berri nuela batxilergoko bigarren kurtsoa Irungo Pio Baroja Institutuan. Urte hartako ekainaren 20an Kortatuk lehen maketa kaleratu zuela ez nuen gogoan.

Kortatu

Argazkia: Theklan-ek koloreztatua (Wikipedia).

Fermin, me acuerdo. Este texto en castellano.

Gogoan dut hurrengo urteko ekainaren 20a, 1985ekoa. Hirugarren kurtsoa amaitu ondoren, udan lanean hasi nintzen bizilagun batekin: obra bat Donostiako Legazpi kalean. Gaur Lamine Yamalek duen adina nuen orduan, egun batzuk falta 17 urte betetzeko. Agustintxo lehengusua zegoen nirekin beharrean. Lan istripuan hil egin zen hura 23 urte zituela. Osasun langileen zai bizilagun batek "Merezita zenuten" esan omen zuen, hori kontatu zidaten, nik ez nuen entzun. Greba orokor eguna zen eta horregatik galdu ei zuen Boyerrek bere tokia Felipe Gonzalezen gobernuan.

Gogoan dut institutu garaian lehertu egin zela Kortatu.

Gogoan dut egun batean San Juan plazan ikusi nituela bi anaiak hirugarren batekin Moskurantz (Urdanibia plazaren ingurua).

Gogoan dut ez nintzela batere malotea eta horregatik dut memoria. Diotenez, 1980ko hamarkadaz gogoratzen garenok ez genuen garai hura behar bezala bizi.

Ez dut gogoan noiz ikusi nuen lehen aldiz Kortatu zuzenean.

Gogoan dut 1985eko urte amaieran Madrilera joan ginela, lau eguneko bidaia institutuak antolatua. Mikel Zabalza desagertu eta hilik agertu zen garaia. Kortaturen lehen kasetea behin eta berriro jarriarazi genion autobuseko txoferrari.

Gogoan dut 1986ko hasieran elkarrizketatu genuela Iñakik eta biok Treku bateria. Miguel tabernan klarete botila bat eskatu, Trekuk pagatu zuena, eta adi egon haren hitzei.

Gogoan dut Jitu 1986an bigarren diskoa, El estado de las cosas, Moskuko tabernarien artean banatzen, salgai jarri aurretik.

Gogoan dut Roberto Herreros eta Isidro Lópezen El estado de las cosas de Kortatu. 2013koa bada ere.

Gogoan dut 1986ko udan, edo hurrengoan, bezperan ezagutu nuen tipo bat lagundu nuela Iparralde hiribidean Kortatuk zuen lokalera elkarrizketa bat egitera. Uste dut ez genuela ezer lortu.

Gogoan dut Kortatu Aste Nagusiko kontzertu batean, Ondarretan. Aurretik Sanchís y Jocano bikotea.

Gogoan dut kontzertu horretan Natxo Cicatriz Hay algo aquí que va mal kantatzen bere ahots puskarekin.

Gogoan dut 1988ko urriko egun bat, Kilometroak Irunen, eta Kortaturen agur kontzertua Artaleku kiroldegian.

Gogoan dut FM biseradun kapela batekin, Public Enemyren patchea eta martins-ak soinean Moskutik zehar.

Gogoan dut Fermin gaueko saioa aurkezten Egin Irratian.

Gogoan dut 1990ekoan NGren lehen diskoa.

Gogoan dut 1990eko urrian erosi nuela baserrian sartu zen lehen musika ekipoa.

Gogoan dut urte haietan tabernetan entzuten genuela musika; horiek, lagunen gomendioek, Radio 3 kateko saioek, fanzineek eta prentsa idatziak (egunkarietako gehigarriak, aldizkariak) gidatu zuten nire jakinmina.

Gogoan dut garai hartan Bertso-Hop diskodendak ere rol garrantzitsua izan zuela bide horretan. Larunbat arratsalde askotan pasatzen nintzen bertatik. Jone, Jitu, Jabiolo eta Fermin.

Gogoan dut Julio eta Rafarekin joan ginela James Brown ikustera 1990eko hamarkada hasierako uztail batean Miarritzeko Aguilera estadiora. Jone, Fermin eta Kaki ikusi nituen bertan, baina apenas nuen harremanik oraindik beraiekin.

Gogoan dut Gure Jarrera diskoa. Kafea eta galletak ekimenak kaleratutako Kafe aleak libururako aukeratu nuen 2011n (2012an plazaratu zen liburua).

Gogoan dut Ez dezagun sal, disko hartan agertu zen kanta. Bide batez, Japonian kaleratutako album horren kopia bat du etxean.

Gogoan dut 1991ko irailaren 7an Negu Gorriak lehen aldiz zuzenean ikusi nuela Ezpeletan. Julio, Javi eta Iñakirekin joan nintzen. A ze gozatua!

Gogoan dut 1992ko abenduan Javi eta biok Parisera joan ginela, besteak beste, Negu Gorriaken kontzertu bat ikustera. Bertan zegoen Susana komantxe gidari lanetan.

Gogoan dut Bertso-Hop Info fanzinea.

Gogoan dut Jabierrek Boza barruan diskoa plazaratu zuela 1994an eta hari egin niola elkarrizketa. Trekuren ondoren nire bigarrena. Tartean unibertsitatea pasa zen.

Gogoan dut egun batean joan nintzela Bertso-Hopera eta bertan zela Manu Chao. Ferminek aurkeztu ninduen eta kristoren ilusioa egin zidan. Uste dut ez zegoela beste inor.

Gogoan dut Esan Ozenkiren bulegoa BHren aldamenean. Gero Eguzkitza kalean. Baita Metak ere. Karmele, Zulu, Jojo, Leire, Iñigo M...

Gogoan dut BH bidaiak. Bizpahiru gutxienez: baga, 1994ko abuztuan Madrilgo Las Ventas-era Red Hot Chilli Peppers ikustera; biga, Henry Rollins Band Bordeleko Barbey antzokian. Eta oker ez banago 1992ko uztail hasieran Bilbora Nirvana eta Teenage Fan Club ikustera BH antolatutako busean joan ginen, Donostian Tour hasiera zegoen bitartean.

Gogoan dut, baina ez dut urtea gogoan, Negu Gorriak kamioi baten gainean jotzen Prim kaleko Justizia jauregiaren aurrean. Intsumisoa izateagatik epaiketa zuen Mikel Anestesiak eta babesa eman zion taldeak bajistari.

Gogoan dut Javiren autoan joan ginela NG Andoaingo gaztetxean ikustera. Kristoren musika ekipoa zuen kotxean kabroiak.

Gogoan dut larunbat arratsalde batean, lehen orduan, FM Manolo Gilekin batera BH dendan zegoen telebistan NGren bideoklip bat zuzentzen. Zer sartu eta zer ez.

Gogoan dut beste larunbat arratsalde batean Javi Pez, Xabi Zirikiain eta handik gutxira hil egin zen Izeta abizeneko hirugarren bat. Zabaldu berri zen garai hartan Loreak Mendian. Elastiko bat erosi nuen eta uste dut etxean dagoela oraindik.

Gogoan dut 1993ko Borreroak baditu milaka aurpegi diskoaren bideoa. Hondarribiko itsas argiko eraikin zaharra bota baino egun batzuk lehenago grabatua.

Gogoan dut Galindo. Besteak beste, 2004ko urrian atera zen kartzelatik, Zapatero presidente zen garaian, bihotzeko arazo batzuk argudiatuta. 2021eko otsailean hil zen.

Gogoan dut Pabeko kontzertua, ez dut urtea gogoratzen. Ostirala zen. NG etxeruntz zetorren Europan barrena bira bat egin ondoren.

Gogoan dut Sorkundek eta biok Costa Ricara joan ginela 1996ko udan. Ferminen bidez ezagutu nuen Lunak Madrilen lan egiten zuen tabernatik pasa ginen bueltan.

Gogoan dut Fermin eta Dut-en arteko elkarlana, 1997an. Ireki ateak.

Gogoan dut Fermin eta Atxaga El País egunkarian. Argazkia bereziki, oker ez banago Clemente Bernad-ena, Gasteizen egindakoa. Ez dut topatu sarean.

Gogoan dut José Mercéren kontzertua ijitoz lepo zegoen Victoria Eugenian. Paio gutxi: Harkaitz Cano aitarekin, Fermin, Jone eta lau pelakatu gehiago. Espektakulua butaka patioan zegoen.

Gogoan dut, gutxi gorabehera, Ferminen bakarkako diskoak, XXI. mendean sartuta ia guztiak.

Gogoan dut Caracaseko Desorden Público taldearekin batera Bilbon BEC aurreko erakustazokan eginiko jaialdi batean. Autoz eraman nuen Jone bertara. "Valle de balas /  Vivo en un valle de balas / Valle de balas / Mi ciudad está brava".

Gogoan dut Oiartzungo Pagoa. Hainbat kontzertu eman zituen eta gaua luzatu egiten zen bertan.

Gogoan dut 2000ko azaroaren 2a. Javier Ortizen irakurle taldea (Patera) Madrilgo Santa Ana plazan geratu ginen estrainekoz. Afaldu ondoren Ruper Ordorika ikustera joan ginen Café Centralera. Han egin (ge)nuen topo Ferminekin. Kasualitatez. Manuelek gogorarazi dit mezu bidez.

Gogoan dut Ferminekin hitz egitea telefonoz (Atenasen?) bera Ramallah-tik alde egin ondoren Jassir Arafaten giza-ezkutu izan ostean.

Gogoan dut Casares Kultur Etxera gonbidatu nuela Fermin Josu Landaren Odolbildua aurkeztera 2002ko azaroan. Google-k esan dit 2002ko azaroaren 19an izan zela, Sustatun kronika laburra egin nuelako.

Gogoan dut Manu Chaorekin batera eginiko Jai-Alai Katumbi Express bira, batez ere, 2003ko abuztu amaieran Vigon egindako kontzertua.

Gogoan dut FMrekin joan nintzela Miarritzeko Atabal aretora akordatzen ez naizen reggae legenda baten emanaldira. Jada Iparraldean ezin zen erre halako aretotan eta asmatikoak, batez ere, eskertu egiten zituen halakoak.

Gogoan dut Ferminen emanaldia Mataron. 2007aren bueltan izango zen. Zai egon nintzen denbora luzez bera agurtzeko bukaeran, baina ez zen agertu kabroia. 😉

Gogoan dut 2008ko uztailean (12an dio bilatzaileak) jo zuela Tom Waitsek Kursaalen. Hura ikusi eta egun gutxira Bruce Springsteen-ek jo zuen Anoeta Estadioan. Estadioko nire azken kontzertua. Halere, 2025eko ekainean joateko asmoa dut.

Gogoan dut Palestinari buruzko Checkpoint Rock filma estreinatu zuela Giza Eskubideen Zinemaldian 2009ko apirilean. Hura izan zen Reborren azkenaurreko edizioa.

Gogoan dut, batez ere, Egiako Gazteszenan ondoren egindako boloa.

Gogoan dut 2010eko maiatzean Bil'in My Love dokumentalaren proiekzioaren ondorengo tirabirak Giza Eskubideen Zinemaldian. Lotsa pasa nuen, amorru pizarra ere bai.

Gogoan dut Al Jazeerarentzat egindako Next Music Station musika dokumental sorta.

Gogoan dut FM Willy Toledoren liburu bat aurkezten 2011n Donostiako Bilintx megadendan. Agendak txibatu dit urriaren 13an izan zela.

Gogoan dut ze nazkarekin begiratzen zioten Willyri turista español batzuk Parte Zaharreko kale batean.

Gogoan dut Izagirre zela alkate eta handik egun batzuetara etorri zela amaiETA.

Gogoan dut Zuloak filmaren grabazio eguna Egiako Bukowskin, oker ez banago 2012ko maiatzean.

Gogoan dut kontzertu baten ostean Bingen Zupiria ikusi nuela Ondarruko Kafe Antzokian. Agendak dio 2013ko apirilaren 6an izan zela.

Gogoan dut orain, agendak txibatu didalako, bi kontzertu eman zituela Ferminek 2013ko abuztuan Donostian Aste Nagusian.

Gogoan dut (tranpa eginez, bilatzaile orojakileak egin du) 2013ko irailean Zuloak + Niña Coyote + Asthmatic Lion Sound Systema Egiako Gazteszenan.

Gogoan dut Kortxoenearen aldeko kontzertua 2015eko irailean. Igandea zen, bigarren estropada eguna Kontxan. Agendak dio hilaren 13a zela. Azaroaren 3an bota zuten eraikina, tamalez.

Gogoan dut Nola?, 2015ean. Katrina ondorengo New Orleans. Agendak dio abenduaren 3an joan nintzela ikustera zabaldu berria zen Tabakalerara.

Gogoan dut 2017ko ekainaren 21a: Adarra Saria Victoria Eugenian.

Gogoan dut Zubigileak liburuaren aurkezpena Bilbon. 2018ko uztailaren 4an izan zen. Eduardo Madina eta Alfonso Zapicorekin batera Bidebarrieta betetzea lortu zuten. Kike Martin kazetaria joko banatzaile.

Gogoan dut Black is beltza, 2018an. Fermin animazio munduan sartu zenean. Erakusketa Bilboko Alondegian (Azkuna gunea) eta udan San Telmon.

Gogoan dut Negu Gorriakeko kide guztiak 2019ko abuztuan Lisabo eta NCC ikusten. Nork esan behar zigun egun horretan ikusiko nuela azken aldiz Iñigo bizirik.

Gogoan dut Iñakik deitu zidala 2019ko irailaren 5ean: Iñigo Muguruza hil egin zela.

Gogoan dut egun horretan Euskadi Irratiko goizeko magazinean sartu behar nuela. Olaia Urtiagak deitu zidan antenan komentatzeko bezperan Espainiako Itzuliko etapa irabazi zuen Mikel Iturria txirrindulariarekin konfunditu ninduela Twitterren Vueltako antolakuntzak. Ezin izan nuen.

Gogoan dut Irunera joan nintzela eta handik autobusez joan ginela Bilbora Iñigoren omenezko kontzertura, 2019ko abenduaren 17an. Iñaki etorri zen nirekin.

Gogoan dut Irungo manifestazioa 2021eko abuztuan migranteen eskubideen alde.

Gogoan dut 2022ko irailaren 23an Black is Beltza II proiekzioa Anoetako Belodromoan, Zinemaldiaren baitan. Jendetza.

Gogoan dut zorro-zorro eta premiaz egin zuela Bidasoa 2018-2023 eta hura ikustera joan ginela 2023ko urrian (zehazki hilaren 20) Irungo Amaia gunera.

Gogoan dut 2024ko apirilaren 20an iragarri zuela Ferminek kontzertu bat abenduaren 20an Bilboko Miribillan. Bi sarrera erosteko suertea izan nuen.

Gogoan dut bigarren kontzertu iragarpena etorri zela gero: abenduaren 21ean.

Gogoan dut denok bagenekiela arrakasta horren ondoren zerbait potoloa etorriko zela 2025ean.

Gogoan dut gauza asko, Fermin, baina beste asko ahaztu egin zaizkit. Fijo.

Fermin Muguruza: 40 urte

Forster jauna

Mikel Iturria 2024/06/02 22:14
Robert Forster ikusten egon nintzen larunbat iluntzean Dabadaban.

Zortzi t'erdietan iragarria zegoen kontzertua Dabadaban eta handik gutxira agertu zen Robert Forster soinu proba egitera eszenatoki gainean. Albo batean gitarra zorroa utzi, zabaldu, atera instrumentua eta bertan bildutakoon aurrean hasi zen soinua probatzen.

El señor Forster, este apunte en castellano

Brisbanen jaiotako 66 urteko musikaria atsegin agertu zen jendaurrean. Neke aurpegiaz, argala eta garaia; soinean panazko galtzak, polo manga luzea eta txaketa mehea, udaberrikoa baino udazkeneko itxurarekin. Haize girotua kentzeko eskatu ondoren jo zuen kanta bat soinua probatzeko.

Ez dut Forsterren errepertoria apenas ezagutzen, haren karrera soilik azken urteetan jarraitu baitut (Inferno diskoa, batez ere). Eta XXI. mendean kantuekin geratzea kosta egiten zait.

Badakit The Go-Betweens taldeko sortzailea izan zela 1970eko hamarkadaren bukaeran. Wikipedian begiratu behar izan dut bandaren ibilbideak bi sasoi izan zituela jakiteko: 90eko hamarkadako geldialdian Grant McLennan eta Forster-ek beren bakarkako proiektuei eutsi ondoren, 2000. urtearen bueltan elkartu ziren berriro, 2006an Grant hil zen arte.

Zazpi minutu ondoren bueltatuko zela iragarri zuen. Ez ziren zazpi izan, hamar baino. Eta han agertu zen kontzertua hasteko pronto.

Bigarren lerroan nengoen, aretora sartu nintzenean lagun batzuk lehen lerroan zeudelako. Eta hantxe egon nintzen ia ordu t'erdi iraun zuen emanaldi osoan zehar.

Berehala kendu zuen txaketa eta bota bere ezkerrera zegoen mahai altu baten azpira. Hantxe geratu zen kontzertu amaieran ere. Mahaian ur botila bat eta kafe katilu bat, gehi kontzertuan zehar eskatutako alkoholik gabeko (sinalcojol ahoskatua) pare bat birra.

Surfa gora eta behera (The Go-Betweens taldearen Surfing Magazines abestia eskatu zion jende artetik pertsona batek) Mundaka hondartzaren izena gogoratzen ahalegindu zen musikaria.

Hasiera batean, norbait ezaguna gogoratzen zidan. Baina ez nekien nor. Halako batean, etorri zitzaidan burura iaz zendutako Tio Periko. Eta kontzertu osoa pasa nuen osaba gogoratzen Brisbaneko morroiari begira.

Egunean bertan erosi nuen sarrera. Besteak beste, sareetan ikusi nuelako gitarra hutsarekin etorriko zela. Bakoitzak egin dezala nahi duena, baina nik gertuko inperfekzio akustiko hori maite dut gaur egun, perfekzio urrunaren eta arima gabekoaren garai hauetan.

P.S. Londresetik pasa da biran Forster. Bertan ikusle batek grabatutako bideoarekin utziko zaituztet.

Tokadiskoa errekuperatu dut

Mikel Iturria 2024/05/12 19:05
Ia 20 urtez izan dut trastelekuan gordeta eta aste honetan igo dut etxera. Berarekin batera 1990eko hamarkada hasieran erositako hainbat disko.

Etxean ni nintzen anaia zaharra eta gurasoek ez zuten musika entzuteko inolako ohiturarik, ezta aparaturik ere.

1990eko urrian erabaki nuen Hendaiako Fernand Ocaña musika dendan tokadiskoa erostea. Bost bat uda pasa nituen lanean eta jada nahikoa dirua bildu nuenean, erabaki nuen urratsa ematea.

He recuperado el tocadiscos, este apunte en castellano.

Ez zen erosketa merkea izan, frankotan pagatu nuen eta egungo monetara ekarrita garai hartan 1.000 bat euro pagatu nituen (160.000 pezeta baino gehiago). Niretzat hori dirutza zen.

Garesti ordaindu banuen ere, hi-fi katea oso ona atera zait, ia 34 urte pasa ondoren harekin jarraitzen baitut: Technics eta Pioneer markako anplifikadorea, ekualizadorea, cd irakurgailua, bi bafle, irratia eta kasetea, gehi aipatutako tokadiskoa.

Esan bezala, aste hasieran igo nuen tokadiskoa eta gaur igandean baita diskoak ere.

Hona hemen horietako batzuk: Balerdi Balerdi, Beti Mugan, Dr. Feelgood, Graham Parker, Enemigos, Kortatu, M-ak, Itoiz, Negu Gorriak, Ruper Ordorika...

Diskoak

Benefizentzia instituzioak, esklabotza eta estatu soziala

Mikel Iturria 2024/04/14 09:00
Joseba Sarrionandia eta Enric Juliana.

Badira jada egun batzuk irakurri nuela Iñigo Astizek Joseba Sarrionandiari Berrian egindako elkarrizketa.

Instituciones de beneficencia, esclavismo y estado social, este apunte en castellano.

Gauza asko ditu komentatzeko, baina buruan azken galdera eta erantzuna geratu zaizkit iltzatuta. Hona hemen.

Iñigo Astiz: Beraz, botereari buruzko zerbait duzu martxan?

Joseba Sarrionandia: Elkanoren liburuaren (Munduari bira eman zion ontzia) estilo horretan jarraitu nahi dut, gaur egungo gizartea ulertzeko beharrezkoak diren gertaera historiko batzuk jasotzeko. Aresekin, Elkanoren liburua ilustratu duen ilustratzailearekin, nahi dut egin liburu bat esklabo trafikoari buruz, ulertzeko kolonialismoa, arrazismoa, migrazioa eta gaur egungo munduaren egoera. Hemengo benefizentzia instituzio guztiak esklabotzaren dirutik eginda daude.

Donostian Fundacion Matia zaharretxeak dauzkagu, eta Julian Zulueta ere, Donostiako zinema festibalaren zuzendari izandako Antonio Zuluetaren aitona eta Ivan Zulueta zinemagilearen birraitona, 1878an hil zen 700 esklabo herentzian utzita.

Historiagileek esaten dute esklabotza 1880an desagertu zela Espainian, legalki, eta sasoi horretakoa da Sabino Aranaren teorizazio lana ere. Esaten dute Sabino Arana arrazista zela, baina Espainian esklabotza legala zen orduan. Ibarra familiako kideek sortu zuten El Correo Español egunkaria, esklabo trafikanteak zirenak, eta El Correo Español-ek esaten du Sabino Arana arrazista zela. Sabino Arana anti-arrazista zen, orduko testuinguruan. Bera anti-espainola zen, eta gauza diferente bat da hori.

Bestalde, ostiralean ikusi nuen txioherrian Enric Juliana kazetariaren minutu pasatxoko interbentzio bat RTVEko gaueko tertulian. Argi eta garbi adierazi zuen nola ari den eskuina II. Mundu Gerraren ondoren sortutako Estatu soziala deuseztu nahian. Garrantzitsua da noiz eta nola esaten duen hori Julianak.

Garamendi eta Espainiako patronala, maltzurkeriaz, zera ari da proposatzen: langileak usaindu dezala dirua, pagatzeko garaian estatuak lapurtu diola senti dezan. Hau da, Espainiako langile klasearen sektore bat matxinada fiskalera eraman nahi du; dirua asko pagatzen diotenaren sentsazioa izan dezala eta, orain arte pagatzen dituen kuotak baino handiagoak ordaindu behar dituen heinean, horrek matxinada piztu dezala. Hots, altxor publikoaren kontrako borroka da, elkartasun fiskalaren aurkakoa. Orain arte inoiz egin ez den planteamendua da.

(…)

Europan Estatu soziala sortzen den unetik, ugazaben elkarteak, eskuineko elkarte politikoak, demokrazia kristauaren planteamenduekin bat zetozenak, oinarrian elizaren doktrina sozialaren irizpide ideologikoak jarraitzen zituztenak, ez lukete inoiz horrelako planteamendurik egingo.

Sartzen ari gara garai batean non, ez behetik, goitik baizik, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako orden soziala iraultzen ahalegintzen ari baitira. Hauxe bilatzen ari dira. Fronte guztietatik ari dira erasotzen eta hau da azken adibidea. Elkartasun fiskalaren mekanismoak apurtu nahi dira oinarri hartuta langile klasearen sektore batek senti dezan estatuak lapurtzen diola. Hauxe da dagoen planteamendua. Eta hau ez zukeen inoiz egingo 1960 edota 1970eko hamarkadetako kristaudemokrata batek. Ez zukeen inoiz egingo 1960, 1970, ezta 1980 edo 1990 hamarkadetan estatu demokratiko bateko patronal batek. Hau berria da eta gaur egungo joera politikoen parte da, zeinak eramango baikaitu, gelditzen ez bada, epe labur eta ertainean Europan sistema sasi-autoritarioak izatera.

Bide batez, España, el pacto y la furia ari naiz irakurtzen. Erabat gomendagarria. Duela 20 urte iritsi zen Madrilera, eta tarte horretan zientoka zutabe argitaratu ditu La Vanguardian. Azpimarragarrienak aukeratu ditu libururako eta urte bakoitzari dagokion gaur egun egindako analisia gehitzen dio kazetari kataluniarrak.

Etxea opari

Mikel Iturria 2024/03/25 19:45
Gaur arratsaldean irakurritako txio batetik abiatuta: Iruñeko etxebizitza turistikoen prezio astronomikoak sanferminetan.

Obrak egin behar ditugu etxean. Hobeto esana dago: obretan gaude etxean. Otsailean hasi baikinen, baina orain dator potoloena, etxetik kanpo pasako baitugu apirila.

Una casa es algo más que ladrillos, este apunte en castellano.

Urtarrilean hasi nintzen hilabete baterako pisu bila atari digital batean. Bilatu bai, aurkitu ez.

Beste batean ere aritu nintzen ostatu bila. Hotelak eta abar.

Azkenean etxebizitza turistikoaren prezioa eskaini zidaten auzoan dagoen etxebizitza batengatik: 3.000 euro hilabetea. Pisu arrunt batengatik.

2009an etxetik kanpo pasa genuen udaberriko hilabete bat. Agentzia baten bidez alokatu genuen orduan. Agentziaren komisioa barne ez genuen 1.000 euro ordaindu.

Orain ere antzeko-parezido pagatuko dugu, lagun batek prezio onean utziko digulako bere etxea.

Dani Burguiren hau irakurri ondoren gogoratu naiz honetaz. Irakurri txio-haria:

El delirio inmobiliario en una ciudad como Pamplona-Iruña llega a esto:

10.800 euros por alquilar un piso turístico "NORMALITO" de 75m el mes de julio, claro.
(Fiestas de San Fermín).

La inmobiliaria DN INMO es una "diversificación de negocio" de @DiariodeNavarra. 👇🏾 pic.twitter.com/tsVqIYYmmU

— Daniel Burgui Iguzkiza (@caravinagre) March 25, 2024

Bi elkarrizketa

Baga. Duela aste batzuk Jon Artanok Ahetzeko andrazko bat elkarrizketatu zuen. Oker ez banago 81 urte zituen eta Amelie gisa aurkeztu zuten. Ez zuen abizenik eman nahi izan. Gurasoek emandako lursailean eraiki zuen etxea (Txikixo) eta merkatuko prezioa baino laupabost aldiz merkeago saldu dio erakunde publiko bati etxebizitza sozialak egiteko.

Biga. Euskadi Irratian ostiralean entzundako beste elkarrizketa bat. Hor ere etxe bat, baserri bat dago, Pikunieta. Emakumezko artzain bat, Josebe Blanco; eta Arantxa Iturbe.

Hausnarrean.

Kontzertu bat

Mikel Iturria 2024/02/24 09:00
Gorka Urbizuk esan zuen atzo 51 hilabete zeramatzala kontzerturik eman gabe. Lau urte eta hiru hilabete. Horrela esanda kondena bat dirudi. Gozatu zuen berak, gozatua hartu genuen "Hasiera bat" diskoaren "Tour bat 2024" birako lehen emanaldira hurbildu ginenok. Beste bi egongo dira gaur eta bihar (otsailak 24 eta 25) Intxaurrondon. Espoiler abisua aktibatu.

Un concierto, estas líneas en castellano.

Gaueko bederatziak eta laurden aldera sartu gara Intxaurrondo Kultur Etxera. Apenas dagoen jenderik bertan. Ordu horretan hasi da gitarraren laguntzaz OIaia Iantzi abesten. Bost kantu.

Taberna martxan dago eta zerbeza bat hartu dugu kanpoan. Aretora daraman pasabidean Gorka Urbizuren elastikoak, diskoak, liburua salgai.

Pixkanaka-pixkanaka jendea hurbiltzen ari da. Espektazio handia dago. Musikariak eta musikazaleak irrikitan.

Tokia hartzera sartu gara azkenean. Beteta dago, baina eroso egoteko moduan.

Ez diot erlojuari erreparatu, baina hamarrak eta laurden pasata hasiko zen emanaldia. Musikariak atera dira eszenatokira eta bakoitzak bere tokia hartu du. Gorka da azkena eta berehala hasi dira jotzen. Urduri dago eta ez da gelditzen. Hasierako nerbioak askatu ondoren, pozez txoratzen dagoela somatzen zaio.

Diskoko kantuak entzungo ditugu jarraian. Bertsioak ere bai tarteka: Katamaloren bat, Berri Txarraken bi, Itoizen Hegal egiten bisetan. Ordu eta erdi, gutxi gorabehera.

Banda aurkeztu aurretik esan digu lagun batek esan ziola bera baino musikari hobeak hartzeko zuzenekoan aritzeko. Musikari puskak denak.

Atzean atal erritmikoa: bi bateria, Joan Pons eta Mariana Mott; bien erdian baxua, Jordi Matas ekoizlea. Aurrean bi gitarrak: Amaia Miranda eta Gorka Urbizu. Estatu-sekretua mantentzea kostatu zaiola dio Lekunberrikoak.

Bi gitar aipatu ditut, baina esango nuke kanta bakoitzean aldatu dituztela instrumentuak Gorkak eta Amaiak. Esplikatu digu abesti bakoitzak afinazio diferentea duela eta horregatik aldatu behar dituztela.

Barrurako proposamena ondu du Urbizuk. Sotila. Foku batzuk, baina argi gutxi beltzezko fondoaren kontra. Txorakeriarik gabe. Musika eta musikariak.

Publikoa ere portatu da. Isilik egon baikara kontzertuak iraun bitartean. Gorkak telefonoak albo batera uzteko eskatu du, eszenatokian gertatzen den hori ezin baita kabitu telefono batean, gaineratu du.

Aukera baduzue, joan eta gozatu Tour bat 2024arekin.

Besterik ez.

Euskal Herriko etxegabeak

Mikel Iturria 2024/02/11 18:59
Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 5.000 baino gehiago dira pertsona etxegabeak. Iturri batzuek 8.000 lagun direla diote. Hamar urteko epean bikoiztu egin omen da kopurua.

Iñaki Guridik zuzendutako Faktorian egon ziren Felix Arrieta eta Ainara Garcia urtarrileko azken astelehenean. Saioa Imanol de la Vargaren laguntzarekin gidatu zuen Guridik.

La situación de los sintecho en el País Vasco, este apunte en castellano.

Bertan esandakoak berriro entzun baino lehen hemen transkribatzeko, 2010eko otsailean Pintxos and Blogs topaketa batean egon ondoren idatzitako apuntea irakurri dut: Bazterketa sozialari buruzko gogoetak.

Zer da etxegabe bat? Bizitoki finkorik ez duen herritarra. Kale gorrian bizi daiteke, baina baita aterpetan pasa dezake gaua.

Nelson eta Paul, kalean bizi diren bi herritarren hitzak daude audioaren hasieran, laburrean biak. Gero Etxepelera jo zuten, Caritasek Durangon duen eguneko zentrora. Bertako langile diren Aiala Calleja eta Maider Ibargurengoitia elkarrizketatu zituzten baliabide horren berri emateko. Baita Gema Orbe ere, Bizkaiko Caritaseko Etxegabeen arduraduna.

Orduan iritsi zen Felix Arrieta eta Ainara Garciaren txanda. Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Arrieta, zaintza politiketan aditua. Ainara Garcia Caritasek Donostian duen Hotzaldiko arduraduna da.

Felix: "Gure gizarteak gizabanakoan jartzen du fokoa. Eta ahaztu egiten zaizkigu egiturazko arazoak".

Ainara Garcia: "Orokorrean % 90a gizonezkoak dira (...) Baina emakumezkoen portzentaia izugarri handitu da azken urteotan".

Imanol de la Varga: profila aldatu da, eta "atzerritik lan bila etorritako gazte askok egiten dute lo kalean".

Felix Arrieta: "Gure hirietan profil hauetako gazte asko dago kalean. Eta ez diegu behar bezalako erantzun bat ematen. Izan ere, erregularizatu arte hor dago sistemak duen zulo handi bat".

Guridik esan zuen hiriburuetatik kanpo apenas daudela baliabideak. Felixek: "Legearen arabera, 20.000 biztanletik gorako hirietan egon beharko lukete errekurtso hauek. Baina denek ez dituzte ireki eta horrek egoera tenkatu egiten du, jendeak hiriburuetara jotzen baitu. Eta hiriburuetan badaude hobetu beharreko hainbat gauza. Adibidez, Donostian elikagaien kontua dela eta, badago herritar sare bat afariak ematen ari dena modu antolatuan (...) Herrietan ez dago egoitza alternatibarik eta horrek tentsionamendua eragiten du Donostian, baita inguruetan ere. Ez dirudi inork benetako erantzun bat eman nahi dionik arazori".

Ainara Garcia: "Gurea bezalako balibideetan (Hotzaldi) itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira (...) Hotzaldin ez dugu denbora fijo bat ezarrita: pertsona bakoitzaren prozesuaren baitan izaten da epe hori. Beste aterpeek, orokorrean, zazpi eguneko plazak ematen dituzte (...) Guk 30 plaza ditugu: 26 gizonezkoentzat, 4 emakumezkoentzat. Duela urtebete ez zegoen desberdinketa hori, baina azkenean genero-ikuspegia sartu behar izan dugu. (...) Gure aterpean ikusten ari gara lehen hiru, sei edo gehienez zortzi hilabeteko epea zena, orain seikoa minimoa dela. Hiru edo lau pertsonek jada urtebete baino gehiago daramate gurean. Gaueko 21:00etatik goizeko 9:00etara zabalik dagoen aterpea da, eta horrek esan nahi du 12 orduz kale egoeran daudela".

Imanol de la Varga: "Donostiako Udalak 143 ohe egonkor eskaintzen ditu urtean zehar. Negurako prest du La Sirena aterpea Antiguoko auzoan, bakarrik izozte garaian irekitzen dena".

Harrera Sareko eleduna Garazi Montuschi: "143 plaza horietaz gain, 300dik gora pertsona kale egoeran daude une honetan Donostian. Oso gazteak dira, asko gaixorik daude, oso baldintza muturrekoetan bizi direnak gure kaleetan".

Guridik galdetu zion Ainara Garciari zergatik planteatu duten aterpeetan sartzeko baldintzak malgutzea: "Ikusten ari garelako jende asko kale egoeran gelditzen ari dela, asko sufritzen ari dela jende asko. Eta guk hausnarketa bat egin dugulako Hotzaldira sartzeko urtebeteko itxaron zerrenda dago. Beraz, kalean larrialdi egoera bat dago. Gero eta zorrotzagoak badira aterpeetan sartzeko baldintzak, kale egoeran dauden pertsonen egoera larriagoa izango da. Hausnartu beharko genuke zentroek eta lehen arretak, baina baita gizarte gisa ere".

Felix Arrieta: "Ez da plaza kontua bakarrik. Egiturazko beste elementu batzuk ere aldatu behar dira. Plaza gehiago behar dira? Noski. Plaza gehiago behar dira Donostian, plaza gehiago behar dira ondoko herrietan, baina baita etxebizitza politika integratua, lan baldintzak beste batzuk izatea, eta jakin badakigu egiturazko aldaketa horiek denbora behar dutela. Nire ustez herri honetan dugun erronkarik potoloena da, eta etxegabekoei lagunduko die etxebizitza merkatua alokairu sozialekin eta beste motatako programekin aurre egitea. Aterpetxeetako plazak aldi baterako soluzioak baitira. Eta epe luzerako soluzioak beste bide batzuetatik etorri behar dute".

Iñaki Guridik Housing First aipatu eta galdegin zion Felixi nazioarte mailako esperientzia horiek zer nolako emaitzak izan dituzten Euskal Herrian. Erantzuna: "Donostian bertan eta beste toki batzuetan egin da Housing First. Nire ustez ebaluazio orokorra positiboa izan da. Baina horretara jotzeko profil jakin bat izan behar da, lanketa behar da, eta horrek akonpainamendua eskatzen du, eta ezinbestekoa da horretan profesionalen lana. Ona da horrelako programak martxan jartzea".

Erakundeak eta gizartea erantzuteko prest gaude? Ainara García: "Gizarte gisa aldaketa handia egin behar dugu. Aurreiritzi asko dago profil hauek atenditzeko. Etxebizitza arazo larria dago eta gizarte gisa erronka handiak ditugu".

Hauxe jarri nahi nuen hemen eta orain idatziz.

Hasiera bat (edo bi)

Mikel Iturria 2024/01/18 22:26
Agian ni neu naiz, baina ea gai garen inguruan sumatzen dudan hileta giroa albo batera uzteko.

Un comienzo (o dos), este apunte en castellano.

Eta ez naiz oso animoso hasiko: blogean idatzitako azken apuntea duela hiru astekoa da eta hartan agur esaten nien gertuko bi laguni.

Denbora tarte horretan beste bisita bat egin dut tanatoriora. Eta esango nuke hauxe izan dela halako egoera batean inoiz bizitutako unerik surrealistena. Baina ezin gehiegi kontatu, ez baitut gertukoak aztoratu nahi. Hori bai, idatzita utziko dut hildakoari buruz ez dudala hitz onik entzun, nahiz halako unetan gaitasun itzela dugun txar guztia ezabatu eta soilik une onak gogoratzeko. Ba, aizue, oraingoan ez da gertatu.

Esan bezala, egunerokoan hileta giroa da nagusi eta ez dakit oso ondo nola egin diezaiokegun horri aurre. Egia da Gazako egoerak ez duela batere laguntzen eta inoiz baino gertuago entzuten ditudala gerra hotsak, larrialde klimatikoa ahaztu gabe.

Bestalde, gurean 1970-1980ko hamarkadetan abiatutako hainbat ekimen eta erakunderen bidea agortzear da. Eta prestatu beharko dugu burua hainbat proiektu (kulturan, eremu sozialean, kirolean, lantokietan auzo zein herrietan) nola erortzen diren ikusteko. Areagotu egingo da 2010eko hamarkadan hasitako joera.

Lagun batek ondo baino hobeto dioen bezala uste izan dugu eskubideen eskuratzea akumulatiboa zela. Hots, bat eskuratu eta horixe betirako zela. Eta argi dago ez dela horrela. Eskubideak etengabe borrokatu behar dira, bestela edozein momentutan, gauzak okertzen direnean, galtzeko aukera handiak ditugu.

Ni bezalaxeko zaharrunook beldurrez erreparatzen diogu Osakidetzari, zer kontatu ziguten eta zertan geratzen ari den. Anbulategia bisitatzea besterik ez dago egoeraz jabetzeko. Eta honek bereziki kezkatzen nau.

Aho zapore mikatza kentzeko, aste honetan bi euskal musikarik plazaratu dituzten proiektuak ekarri nahi ditut hona. Aipatu nitzakeen udazkenean hainbat emakume musikarik kaleratutako diskoak, hor albiste onak sarri gertatu baitira. Baina juxtu aste honetan bi gizon aipagai.

Gorka Urbizuk bakarkako lehen diskoa kaleratu du, Hasiera bat izenekoa. Ez naiz Berri Txarrak zalea izan eta soilik pare bat bider ikusi ditut zuzenean. Hori bai, gurean sortutako proiektu erraldoi gisa, egindako bideari errespetu handia diot.

Urbizuren diskoa ederra iruditu zait, nahiz eta denbora gutxi izan behar bezala ezagutu, dastatu eta gozatzeko. Baina esango nuke une ederrak emango dizkigula. Kritika onak pilatzen ari zaizkio.

Juantxo Arakama, Glaukoma taldeko abeslariak, Monsieur Le Crêpe gisa sinatu du zortzi minutu luzeko kantua. Aho bete hortz utzi nau hitzak eta errimak lotzeko orduan Juantxoren abileziak.

Ikusi bideoa eta entzun, ahal bada, kaskoak jantzita.

Enbor beretik sortuko dira besteak.

Arantxa eta Alberto

Mikel Iturria 2023/12/25 22:59
Hilaren 23an jakin nuen Arantxa Gurmendi hil zela. 24ko agurrean jakin nuen Albertori ere gutxi gelditzen zitzaiola.

Arantxa Gurmendi

Arantxa Gurmendiren agur ekitaldira hurbildu ginen etxekook igande eguerdian. Zorroaga tanatorioan izan zen. Antton Elosegi senarra agurtu eta zain geratu ginen kanpoaldean egitekoa zen ekitaldia hasi arte.

Barruan egin zuten zerbait, baina ez zegoen nahikoa tokirik bildutako jendea eroso kabitzeko.

Arantxa y Alberto, este texto en castellano.

Arantxa Gurmendiren agur ekitaldian jakin dut beste lagun batek sedazioa eskatu duela.
Duela bi urte iritsi zen Hamasa afganiarra (8? urte) eta bihar nire anaiak 50 urte egingo ditu.
Kontrasteak. pic.twitter.com/V2mo4PhgpT

— Mikel Iturria (@iturri@mastodon.eus) (@iturri) December 24, 2023

Juan Mari Beltranen txistuak elkartu zuen jendea mikro baten inguruan. Euskalgintzakoa, antzerki eta telebista munduko jendea, mugimendu feminista zein garai bateko borroka politikoetan ibilitako lagunak, baita bestelako adiskide eta senideak ere.

Olatz Beobide aktoreak esan zuen aire librean eman behar zitzaiola azken agurra Arantxari. Euskaraz eta gaztelaniaz aritu zen. Gaineratu zuen mikroa libre zegoela, edonork erabiltzeko moduan.

Ezagutu ez nuen pertsona batek eskerrak eman zizkion Alzheimerrari aurre nola egin zion aitortuz. Afagiko Koldo Aulestiak gogoratu zuen Arantxa izan zela Espainiako estatuan lehen gaixoa bere gaitzari buruz hitz egiten, Pasqual Maragallen aurretik izan zela azpimarratu nahi izan zuen. Eta gogoratu zituen Valladolideko kongresu batean esandakoak. 2010ean antzeman zioten galtzeimerra.

Ezagutzen ez nuen beste kide batek, musikari gisa aurkeztu zuena bere burua, taula gainean elkarrekin egindako proiekturen bati buruz aritu zen solasean, modu ganberroan aritu ere.

Ainhoa Aierbe aktoreak Karmele Jaioren Orain hilak ditugu poema irakurri zuen euskaraz, musikaren laguntzaz. Hona hemen hasiera:

Orain hilak ditugu.
Hildako lagunak,
hildako ama edo aita.
Orain badakigu
zer egin behar den,
nora deitu,
zenbat balio duen
lore-koroa batek.

Guardetxeko kudeaketaz okupatu ziren bi kidek ere hartu zuten hitza, Arantxak emandako laguntza goraipatzeko. Rafak gogoratu zuen jendaurrean hitz egiteko klaseak eman zizkiola, baina bera ikasle txarra zela eta ez zuela gehiegi aurreratu.

Ekitaldia amaitzeko Agur, Jesusen ama kantuaren bertsio egokitua kantatu zuten papera eskuratu eta kantatzeko grazia zutenek.

Ez nuen harreman handirik izan Arantxarekin, baina bai egon nintzela berarekin 2010eko udaberrian Koldo Mitxelenan Javier Ortizen omenez eginiko ekitaldian. Izan ere, biek kointziditu baitzuten, besteak beste, Bordelen Francoren atzamarretatik ihesi, 1970eko hamarkada hasieran.

Alberto Arizaga

Arantxaren agurra amaitzen ari zela, mezua jaso nuen patrikakoan: Albertok sedatzeko erabakia hartu zuela. Hori bai, hil aurretik zerbeza bat edan eta zigarro bat erre nahi zituela.

Arantxaren agurrera igo aurretik, Igeldora igo nintzen mendi buelta laburra egiteko. Ekainaren 18an hildako Pedro lagunaren txokotik pasatu nintzen. Argazkian agertzen diren lauak Pedrori buruzko testu horretan aipatutako Artikutza tabernako kuadrillakoak dira: Edurne, Maider, Iñaki eta Alberto. Orduan esandakoari ezer gutxi daukat gehitzeko.

Eragin soinu eta argiztapen enpresako sortzaile eta buru gisa ezagutu nuen, baina jende gehienak Donostiako Zinemaldian aritu izanagatik ezagutuko du. 20 eta piko urtez aritu baitzen bertan lanean. Hilaren 28an betetzekoak zituen 64 urte.

Kristoren pena ematen du horrelako jendeari agur esan behar izatea. Baina egia da ere asko gozatu dugula berarekin eta bidean pasatako tarte on horiek gogoratuko ditugula bizi garen bitartean.

Agur ekitaldia abenduaren 26an izango da Donostiako Benta Berri auzoko tanatorian, iluntzeko 19:00etan.

24an afaltzera joan aurretik abestu "genuen" Nino Bravoren Libre kantua. Eta iaz egun horretan bertan berari egindako bideoa ikusi nuen gaueko ordu txikitan.

Gaur Txioherrian egindako hari labur batean dago originala. Nik nahiago hemen Sendero a la cascada jartzea.

Ibrahimaren paperak

Mikel Iturria 2023/12/23 16:55
Prozesu burokratiko luze baten ondoren, «Miñan» liburuko protagonistak, Ibrahima Baldek, paperak lortu ditu. Azkenean.

Duela hiru bat urte hauxe idatzi nuen hementxe bertan Ibrahima Balderi buruz: Paperik ezean liburua.

Gaur goizean esnatu naiz Javier del Pino kazetariak Ibrahima Balde eta Amets Arzallusi A vivir irratsaioan egin dien elkarrizketarekin.

Los papeles de Ibrahima, este apunte en castellano.

Javier del Pinok iragarri du, azkenean, paperak lortu dituela Ibrahimak eta hilaren 28an bere herrira bueltatuko dela, Ginea-Conakryra. Bertan ditu zain ama eta arrebak. Ea maleta prest ote zuen galderari Baldek: «Duela astebete».

Amets Arzallus, Irungo Harrera Sareko bolondresa, izan zen Ibrahimaren ahozko testigantza liburu bihurtu zuena: Miñan. Ea paperak lortzea zaila izan ote den galderari, honako erantzuna eman dio bertsolariak:

«Bai dela zaila, bai. Egia esateko, lehen eskutik ezagutu ez banu, ez nuke imaginatuko ere (…) Behin asiloa ukatzen dizutela, Ibrahimari bezala, egoera irregularrean gelditzen zara, paperik gabe eta kanporatzeko arriskupean, gutxienez hiru urte itxoin behar dituzu errotze soziala eskatu ahal izateko».

«Hiru urte horien ondoren, gardena izaten pasa behar dituzunak, hasi egiten da jendeak irudikatu ezin duen labirinto burokratiko luze eta garestia. Adibide bat jartzearren, paper bat aipatuko dizut: aurrekari penalak ekarri behar dituzu zure herrialdetik. Gure kasuan, Ibrahimarekin, Gineatik. Baina aurrekari horiek etorri behar dute Gineako Kanpo arazoetarako Ministerioaren eta Konakryko espainiar Kontsuletxearen zigiluekin».

«Ezin da imaginatu zenbat kostatu zaigun espainiar kontsuletxearen zigilu-kolpe bakoitza. Pagatu genien, baina ez zituzten paperak ematen».

«Nire etxera iritsi zirenean, jada hiru hilabete baino gehiago ziren paseak. Eta orduan, aurrekari penalek ez zuten balio, iraungita zeudelako. Berriro hasi behar. Eta Gineara DHL bidez bidalitako pakete bakoitzak, gutxienez, 70 euroko kostua du. Eta buelta beste hainbeste».

«Hirutan atera behar izan genituen aurrekari penalak, zigilu-kolpe bakoitza ondo kobratzen baitzuten, baina gero kadukatzen uzten zuten. Ginea-Konakryko espainiar kontsuletxeaz ari naiz».

«Nik, orain, entzuten dudanean migratzailea sistemaz baliatzen dela, esan dezakedan gauza bakarra da, eta hori defendatzeko frogak ditut, hemen aprobetxatzen den bakarra sistema dela; gure sistema migratzaileaz era posible guztietan aprobetxatzen da, zoritxarrez».

Eta gogoratu ari garela publikoki ezaguna den pertsona migratzaile bati buruz. Adibide moduan, Ibrahima eta Amets aita santuarekin egon ziren. «Ateo baten, musulman baten eta aita santuaren arteko topaketa xelebrea», dio Ametsek.

Hala eta guztiz ere, gaur poztu beharra dago Ibrahima ondo dagoelako.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter