Amets Arzallus Miñani buruz
Ez da lehen aldia Miñan liburuari buruz idazten dudala txoko honetan. Bi apunte azpimarratuko ditut: Paperik ezean liburua eta Ibrahimaren paperak.
Goiko laburpenean esan bezala, Helduen Hitza elkarteak Okendo Kultur Etxera gonbidatu zuen azaroaren 26an Hendaiako bertsolari eta idazlea Miñan liburuari buruz hitz egin zezan.
Entzun beharreko podkast eta audioen artean nuen hitzaldia eta hori egin nuen abendu hasieran, asteazken goiz batez, lanera joan aurretik.
Elkarteko kide baten aurkezpen laburraren ondoren, hitza hartu zuen Arzallusek. Gelditu gabe hitz egin zuen ordu erdi luzez. Lehenengo eta behin kontestu pixka bat eman zuen migrazio kontuak aipatuz; gero adierazi zuen zergatik hasi zen kolaboratzen Irungo Harrera Sarearekin; bertan bolondres gisa ezagutu zuen Ibrahima, Europara etorri nahi ez zuen migraria; asilo eskaera egiteko txosten laburra zena, nola joan zen potolotzen liburu bihurtu arte; liburuak egindako bidea; paperak lortzeko dagoen bide neketusa, diru eta trabak. Besteak beste.
Liluratuta entzuten nuen Donostian barrena, eguzkia altxatu aurretik eginiko paseoan. Eta hori istorioa ondo samar ezagutzen nuela, lagunok.
Ez dut gehiago kontatuko. Hortik aurrera gustu baduzue, egin klik eta entzun.
