Scott Zuñiga Oier Aranzabalekin
Barruan gaude podkastaren 85. elkarrizketatua izan da Scott Zuñiga. Beti bezala, gonbidatuaren etxean sartzen da Oier Aranzabal eta harekin egindako hitz aspertutik sortzen du podkasta.
Oierrek horrelaxe aurkezten du: «Utah-ko mormoien komunitate batean hazi zen Scott Zuñiga AEBetan. Bere familia mormoi egin zen lehenengoetakoa izan zen Mexikon, hamazazpigarren mendean, eta orain bere belaunaldia izan da eliza alde batera utzi duen belaunaldia. Duela hiru urte Euskal Herrira etorri zen bere sustrai euskaldunetatik tiraka, eta euskara menperatzea bihurtu du bere bizitza helburua. Musikaria da, eduki sortzailea sare sozialetan eta lehenengoz bere buruan sinesten hasi dela aitortu digu. Donostiako Amara zaharreko etxeko ateak zabaldu dizkigu, gitarra soinean duela».
Ama eskoziarra du eta aita mexikarra. Esan bezala, jada ez dago mormoien elizan eta Donostian bizi da Scott Zuñiga.
Euskara ikasten ari da, baina oraindik kosta egiten zaio zehaztasunez adieraztea esan nahi duena. Horregatik saioaren tramo askotan berak ingelesez hitz egiten du azpitik eta gainetik euskarazko itzulpena irakurtzen du.
Aitortu du kosta egin zaiola Euskal Herriko kulturan sartzea. Alde nabarmena baitago bere herriarekin: mutil estatubatuar peto-petotzat du bere burua, hobe dela postetxean aldameneko ezezagunarekin hitz egitea itxaronaldia telefono mugikorrera begiratzen pasatzea baino. Eta klaro, hemen jende ezezaguna kaletik agurtzen zuenean, askok zorotzat hartzen zuela aitortu du barrez. Euskal Herriko Forrest Gump dela dio.
Amaitzeko, Euskal Herriko ze talde ezagutzen dituen galderari erantzunez, Chill Mafia eta Kiliki Frexko, Xiberoots eta La Txama aipatzen ditu, besteak beste.
