e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea II: PVR-a ordenagailuan
PVR-ak hemen merkaturatu artean, badago aukera sistema horien abantaila eta mirarietaz gozatzeko: ordenagailu normal bat munta dezakezu PVR gisa lan egin dezan, hardware egokia baduzu eta doako softwarea erabiliz. Gaur egun saltzen diren ordenagailu ia guztiek dute PVR gisa erabiltzeko hardwarea. Hori nola egin azaltzen duten webgune ugari ere badago (Build Your Own PVR adibidez). Aurrekoan aipatutako PVR-en ezaugarriak kontuan izanik, hau da beharko dugun hardwarea:
- Disko gogorra: PVR-ak disko gogorrean oinarritutako bideo-grabagailuak direnez, disko gogor bat beharko dugu; hau gaur egungo ordenagailu guztiek dakarte.
- Interneterako konexioa: telebistako programazioa jaitsi ahal izateko, interneterako konexioa behar dugu; hau ere ia ordenagailu berri guztiek dute, dela ADSL, kable edo modem bidez.
- Txartel sintonizatzailea: telebistako programak grabatu ahal izateko, gure ordenagailuak telebista ikusi ahal izatea behar dugu; horretarako erabiltzen dira txartel sintonizatzaileak; hauek ere gaur egungo ordenagailu berri askotan datoz, eta bestela ere oso merkeak dira.
- Telebistarako irteera: ez da derrigorrezkoa, ordenagailuaren monitorean ikusi baitezakegu PVRa, baina bai beharrezkoa telebista aparatuan ikusi nahi badugu; hauek ere gaur egungo txartel grafiko gehienetan daude.
- Soinu txartela: beharrezkoa telebista eta programak ikusteaz gain entzun ere egin nahi baditugu; hauek ere edozein ekipotan daude.
- Urruneko managailua: hau ez da derrigorrezkoa, nahi badugu teklatuaz kontrola baitezakegu gure PVRa (gaur egun kable gabekoak oso ohikoak dira), baina erosoa bada; txartel sintonizatzaile gehienek badakarte, edo bestela aparte eros daiteke.
Hardwarea edukiz gero, hardware hori guztia PVR gisa lan egiten jarriko duen softwarea behar dugu. Horrelako software asko dago. Gama altuko txartel sintonizatzaile batzuk beraiekin badakarte PVR-en funtzio gehienak egiteko softwarea. Windows plataformarako ere horrelako doako softwarea badago (GB-PVR adibidez). Eta Linux -erako badago software libre ugari: VDR, Freevo, MythTV...
Nik MythTV zer den, nola dabilen eta berau instalatzen izandako esperientzia azalduko dut hurrengo ataletan.
Aurreko artikuluak:
MythTV bideo-grabagailu eta multimedia-zentro softwarea I: PVR-ak
Etxean telebistaren ondoan VHS bideo-grabagailu bat duzu eta laster gero eta merkeago dauden DVD grabagailu horietako bat erostekotan zaude? Ez ezazu dirua bota! Itxoin apur bat gehiago PVR-ak hemen merkaturatu arte, edo egin zuk zeuk zure PVRa.
Zer da PVR bat? PVR-k Personal Video Recorder esan nahi du. Bideo-grabagailuen hurrengo generazioa da. Bideo-zintetan oinarritutakoak izan ziren lehenengo, eta oraindik ere hori da gure etxeotan gehien ikusten dena. Gero duela urte pare bat DVD grabagarrietan oinarritutakoak etorri ziren, orain artean gutxi ikusi direnak beraien prezioa dela-eta, baina prezioa jaisten doan neurrian gero eta gehiago ikusten direnak. Baina hurrengo generazioa existitzen da jada, nahiz eta hemen oraindik ez den merkaturatu.
Hurrengo generazioa disko gogorrean oinarritutakoak dira, PVR izenez ezagutzen direnak. Hemen ez dira oraindik merkaturatu, baina AEBetan badira urte batzuk badaudela, eta hona ere iritsiko dira. Teorian luze gabe hemen egon beharko lukete, baina, ziurrenik interes komertzialak medio, atzeratzen ari da. Seguru aurrez DVD grabagailu asko saldu nahiko dituztela, egindako inbertsioa amortizatzeko, eta gero etorriko dira esaten teknologia hori hilda dagoela eta etorkizuna hurrengo generazioa dela (telefono mugikorrekin egiten duten gisan).
Disko gogorrean oinarritutako PVR hauek abantaila garbia dute DVD grabagailuekiko: ez duzula DVDak sartu eta atera ibili beharrik. Disko gogor handi bat duzu eta hor dauzkazu grabatutako filma edo programa guztiak, menu batetik aukeratu eta nahikoa. Baina ez da hori bakarra:
- PVR aparatu horiek interneterako konexioa dute, eta konexio horren bidez telebista-kateen programazioa jaisten dute zerbitzu hori eskaintzen duen webgune batetik. Horrela grabatu nahi duguna ez daukagu era klasikoan programatu beharrik (katea - eguna - hasiera ordua - bukaera ordua), programazioan programa aukeratu eta kitto.
- Horrela, programazioan edo ordutegian aldaketarik badago ere, ondo grabatuko digu programa (baldin eta aldaketa iragarri badute eta interneteko programazio zerbitzuan jarri badute).
- Gainera, serie bateko kapitulu guztiak grabatzeko esan diezaiokegu, eta oporretara joan lasai...
- Grabatutakotik publizitatea detektatu eta ezabatu daiteke automatikoki.
- Disko gogorrean posible denez aldiberean idatzi eta irakurtzea, Live TV funtzioa erabil daiteke. Zer den hau? Ba programa bat ikusten bagaude eta zerbaitek eteten bagaitu (kakagureak, telefono dei batek...), programa hori pausatu eta gero ikusten jarraitzeko aukera. Bideo-grabagailu konbentzionalean grabatzen jar dezakegu, baina gero dena hurrengo egunean ikusteko, handik ordu laurdenera amaitzen dugunean ezin baitugu grabatutakoa ikusten hasi grabazioa gelditu gabe... Live TVren pausa-funtzioa grabatzen hasiko da, baina itzultzen garenean grabatutakoa ikusten has gaitezke berak grabatzen jarraitzen duen bitartean.
Esan bezala, AEBetan badaude horrelako asko. Informatikari askori ezaguna egingo zaizue agian TiVo (slashdot-en sarri aipatzen duten PVRa, Linux-en oinarrituta baitago). Hona ere etorriko da, interes komertzialek baimentzen dutenean. Baina bitartean, zuk zeuk egin dezakezu PVR bat ordenagailu batekin eta MythTVrekin...
...jarraituko du...
Informatika atalaren aurkezpena
Informatikan egiten ditudan ibilera eta aurkikuntzen berri ematea da atal honen helburua, beste batzuei lagungarri suerta dakiekeelakoan. Hemen ere, komikietan bezala, kolaborazioak onartzeko prest nago.
Xabier Mendiguren eibar.org-eko kidearen blogeko aurkezpenaren antzeko zerbait egin beharko banu, hau esango nuke: informatikaria naiz formazioz, informatikaria ofizioz, informatikaria afizioz, informatikaria bokazioz, informatikaria bizioz, informatikaria bedeinkazioz edo madarikazioz (eta bestela galdetu neskalagunari!). Tira, pixka bat exageratu dut, hori ez da nire fazeta bakarra (ikus bestela komikien atala), baina nire alde garrantzitsu hori islatuko da atal honetan.
Komikien atalaren aurkezpena
Ez dago gune askorik euskaraz komikien inguruan aritzeko, eta blog honen atal honen bidez hutsune hori betetzen lagundu nahiko nuke.
Ez guztiz, noski, zeren ez da foro guztiz ireki bat. Blog pertsonal bat da, eta nik dut bertan publikatzeko ardura eta baimena. Baina gune irekia izateko intentzioarekin jaio da gune hau, eta komikiren baten inguruko artikulu bat euskaraz idatzi nahi duenak ateak zabalik ditu hemen publikatzeko, niri bidaltzea besterik ez du. Eta bestalde, erantzunen aukera guztiz irekia izango da.
Nire asmoa noizean behin egiten ditudan aurkikuntzen eta nire komiki kuttunen berri ematea da, eta beste edozeini ere aukera ematea bertan horrelako gauzak publikatzeko. Euskarazko komikigintzari arreta berezia jarri nahi nioke, baina ez da soilik euskarazkoa tratatuko, bestela urtean behin soilik publikatuko nuke zeozer!
Ez da blog honen helburua komiki munduan dauden berri guztiak (komiki berriak, feriak...) publikatzea, beraz ez beza inork horren bila jo edo haserretu ez dugulako zerbaiten berri eman. Blog xume honen baliabideak murritzak dira, eta helburua noizbehinka komentario batzuk idaztea da, besterik ez. Baina nork daki, bertan laguntzeko prest dauden kolaboratzaile asko agertuz gero, agian bihur daiteke komikigintzako notizien euskarazko gunea egunen baten...
Euskara eta komikigintza, bi mundu txiki eta marjinal... Zenbat jende egongo da bi afizioak dituena? Eta gainera interneten ibiltzen dena? Inork irakurriko al du hau? Batzutan pentsatzen dut masokista naizela...