Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Monoblogoa

Monoblogoa

e-gor 2005/01/11 22:30
Blogen audientziari buruz

Blog bat idazteak ematen duen satisfazio handiena erantzunak jasotzea da, norbaitek irakurtzen zaituela eta idazten duzuna interesatzen zaiela esan nahi baitu. Nik blog berria martxan jarri nuenean, duela hilabete inguru, erantzun mordoxka eta poz handia jaso nuen. Baina hori izan zen Sustatun iragarri nuelako, eta asko ongi etorri mezuak ziren. Ziurrenik aurrerantzean ez dut erantzun askorik jasoko, eta nire blog hau monoblogoa bihurtuko da.

Normala da hori horrela izatea, ondoko kausak medio:

  • Euskaldunak gutxi gara, euskaldun internautak gutxiago eta blog euskaldunak irakurtzen ditugunak are gutxiago
  • Jende askok ez ditu RSS feed-ak edo Bloglines moduko zerbitzuak ezagutzen; jende horrek blog interesgarri bat aurkitzen badu, nabigatzaileko gogokoen zerrendan gordeko du, eta noizean behin (normalean egunean behin) sartuko da ea ezer berririk dagoen ikustera; ez baduzu maiztasun nahiko handiarekin gauzak argitaratzen, aspertu egingo da eta sartzeari utziko dio; eta nire asmoa hilabetean bizpahiru gauza idaztea denez...
  • Jendeak zure bloga irakurrita ere, irakurleen portzentaje batek soilik dauka erantzuteko ohitura

Horregatik, asumituta daukat nire bloga ia ziur monoblogoa bihurtzera kondenatuta dagoela, blogari euskaldun gehienona bezala. Denborarekin gauza hobetuko den esperantza ere badut, aipatutako lehen eta bigarren puntuak hobetzen doazen neurrian.

Baina feedback-ik ez jasotzea baino okerragoa litzateke irakurri ere inork ez irakurtzea. Eta nik behintzat zalantza hori daukat beti. Inork irakurtzen al nau? Merezi al du idazteko lana hartzea? Izan ere, internetek hori dauka: antzerkian ez bezala, ez dakizu audientziarik duzun ala desertuan predikatzen zabiltzan.

Hori argitu nahian, aipatutako Bloglines zerbitzura jo dut. Zerbitzu honek hainbat blogetara harpidetu eta berauetan artikulu berriak noiz ateratzen diren ikusteko balio du. Eta gainera blog jakin batek zenbat harpidedun dituen ikus dezakegu. Helbide honetan euskarazko blogen zerrenda dago. Eta nik ere neure harpidetza-zerrenda dut, euskarazko hainbat blogez gain gaztelaniazko eta ingelesezko beste batzuekin. Harpidetza-kopuruen azterketa egin eta ondokoak ikusi ditut:

  • Tknika EAEko Lanbide Heziketaren Berriztapenerako Zentroak teknologiari buruz duen blog bat da, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak dituena; bada, Harry Potter filmaren emisioak ez bezala, euskarazko bertsioak gaztelaniazkoak baino harpidedun gehiago ditu, 25 euskarazkoak eta 8 gaztelaniazkoak! Honen arrazoia, dudarik gabe, Sustatu, CodeSyntax eta Eibar.org-ek osatzen duten Hirutasun Santuak (hauek ere, kristau erlijioaren hirutasuna bezala, hiru eta bat dira aldi berean, inork hori nola den ongi ulertzen ez dugularik) euskaldunon artean internet, teknologia berriak, blogak, RSS jarioak eta Bloglines promozionatzen egindako lan eskerga da. Eskerrik asko, beraz.
  • Aurrekoa konfirmatzeko konpara ditzakegu Sustatu eta Barrapunto-ren harpidedun kopurua: 61 eta 615 hurrenez hurren. Bi webguneak antzekoak izanik (Barrapunto teknikoagoa eta Sustatu kulturazaleagoa diren arren), harpidedun kopuruok ez dira inola ere euskara eta gaztelaniaren hiztun kopuruekiko proportzionalak.
  • Nire blogera 18 daude harpidetuta; beraz, badakit gutxienez horrenbestek irakurtzen nautela (espero dut gehiago izango direla, Bloglines erabiltzen dutenez gain), eta hori ez da gutxi! Euskarazko blog pertsonalen ranking-ean 12.a nago 55etik, liderraren (Luistxoren) harpidedunen ia erdiarekin. Gainera, nirea baino askoz lehenagokoak, ezagunagoak, interesgarriagoak eta hobeak diren beste blog batzuen aurretik nago. Ziur hori Sustatun iragarri izanagatik dela. Beraz, bloga lehendik martxan zenuten pionero langile finei gomendatzen dizuet zuen bloga Sustatun anuntziatzeko, ziur harpide kopuruak gora egingo dizuela.

Beraz, artikulua ezkor samar hasi badut ere, bada itxaropenerako tarterik:

  • Badakit 18k behintzat irakurtzen nautela
  • Bloga iragarri eta gero idatzitako artikulu batzuk erantzunak jaso dituzte, beraz, oraingoz ez da monoblogo bat!
  • Euskaldun blogosfera, idazle zein irakurle aldetik, osasuntsu dago, beste hizkuntza batzurekin proportzioan konparatuz
  • Blog fenomenoa orokorrean gora doanez, pentsatzekoa da euskarazkoak ere onera egingo duela

Aurrera, beraz, euskal blogosfera!

etiketak: , ,
e-gor
e-gor dio:
2005/01/14 01:14

Hainbeste buelta eman, gero toki berera itzultzeko... Hasi nintzen erantzunak asko eskertzen direla esanez, baina horiek ziurrenik amaituko zirenez, jakin nahi nuen gutxienez inork irakurtzen al ninduen, eta erantzun piloa jaso dut, gehienak esanez berdin diola kopurua, gutxi izanda ere batzuek apreziatzea dela kontua, eta nola jakin jendeari esaten duzuna interesatzen zaiola... ba erantzunen bidez!

Eskerrik asko erantzun duzuen guztiei, garrantzitsuena audientzia ez dela ikusarazteagatik. Eta pentsatu nahi dut beste batzueri ere horretaz konturatzen lagundu diegula denen artean... Ea jende gehiago animatzen den bloga jartzera!

Gabiria, blog loritoduna
Gabiria, blog loritoduna dio:
2005/01/12 18:42

"...emozio bat, irriparre bat, edo ikasgai bat dagoela..."

Eta, nire esperientzia laburrean ikusi dudanez, beste batzuek isil-isilik eskertzen dizkizute Patxik aipatutako emozio horiek, e-mail pertsonalak bidaliz adibidez. Eta nik ere, nire mezuei erantzuten dietenei, e-mail pertsonal bat bidaltzen diet, eskertzeko. Ze eskertzekoa da. Nik ikaragarri eskertzen dut jakitea beste norbait dagoela hor, eta irakurtzen duela eta, zuk idatzitakoa gustatu zein ez, esan egingo dizula. Normalean gustatu zaizula esango dizu, baina kontrakoa ere gustura hartuko nuke. Eta parte hartzea ere oso gauza garrantzitsua da, ze ez dut uste inork pulpitu legez hartu nahi duenik bere bloga, baizik eta foro legez, beti ere blogariak planteatutako gaien inguruan. Horregatik aberasgarria eta eskergarria da jendeak erantzutea, eta arazoa lotsa bada, izen faltsu batekin sinatzea ere badu, eta berdin eskertuko zaio, nik behintzat bai.

Bide batez, Patxi, gauza bat eskatuko dizut: bisitatzen dituzun blogetako azken erantzunetan Patxi Patxi Patxi agertu arren, erantzuten jarraitzea. Egunen batean ikusten badut berriz lotsatzen hasi zarela, toke bat emango dizut.

Eta zuri, Igor, animo. Jarraitu idazten burutik pasatzen zaizkizunak, eta denok gozatuko dugu.

asier
asier dio:
2005/01/14 11:19

Uste dot erantzun-sorta honek erakutsi detsuala irakorleren bat, behintzat, badakazula.

Bloglinesen be, hasierako 18 horrek, 23 dira honezkero.

Nik euskal blogosferan ikusten dotena da, mezu eta erantzun asko dagozela, baina endogamia izugarrixakin: beti bardinak gara blog guztietan idazten eta erantzutzen dogunak. Hau da, erantzunen %90a, beste blog bat daukatenak egiten dittue/dittugu.

Harritzekua be ez da, jakina, blogen kontu hau gauza barrixa dalako, baina endogamixia ez da ezertarako ona, eta blogarixon artekuak be tara genetikoren bat ekarriko deskuan bildur naiz.

Edozelan be, urtebetian euskal blogintzak euki daben aurrerakadia izugarrixa izan da. Ixa ezer ez egotetik, hamaika gai eta itxurako blogak sortzera igaro da. Ia 2005ak zer dakarren. Ni behintzat, zain-zain nago.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/03/02 22:24

Hauxe da Andu Lertxundik gaur egunkarian idatzitako gutizia. Gora bihotzak!

"PLAZAK"

Blogak, blokak, bitakorak, koadernoak, libretak, dietarioak? Demagun plazak. Gaztelumendiren plazan literatura eta konpromisoari buruzko debate interesgarria dabil egunotan. Katixe Agirreren plazara arrimatzen bazara, Lapsus linguae ipuina irakurtzeko aukera izango duzu bertan. Asko gara Joxe Aranzabalen plazan biltzen garenak, haren minbiziarekin kezkatuta lehen, haren osasuna ospatzeko orain. Internetek eskolari ekar liezaiokeenak arduratzen bazaitu, Jabi Zabalaren plazatik pasatzeko aholkatuko nizuke. Hainbat giroren babesñoa topatuko duzu Luistxo, Patxitrapero, Amatiño edo Julen Gabiriaren plazetan.

Herri barruko toki publiko eta zabalak dira plazak. Topa-guneak, enkontrurako lekuak, eztabaidarako tokiak. Bizitza modernoa izaera hori kentzen ari dela gure herrietako plazei? Ados, baina beste plaza batzuk zabaltzen ari da: Interneten daude.

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2005/01/12 19:12

Hausnarketa polita, Igor. Euskal blogosferan dihardugun gehienok horrelako pentsakizunak darabilzkigu buruan, baina zuk oso ondo pantailaratu dituzu.

Horrezaz gain, esan nahi nizun nik ere irakurtzen dudala zure e-bloga, Bloglines bitartez, eta oraingo itxura gogokoago dudala lehengoa baino.

Bloglines-ek esaten dit 18 barik, 20 irakurle baditutula Bloglines-en bertan harpidetuta. Hortaz, aurrera etengabe. Zorionak!

eneko
eneko dio:
2005/01/12 01:41

Aupa Igor,

  1. artean nauzu, eta ikusten...., pentsatutakoak baino irakurle gehiago dituzu, ez milaka baina tira batzuk bai :-)

Markosek dioen moduan askotan alperregiak gara, edo lotsatiegiak, edo ez dakigu zer esan, edo auskalo zer, eta ez dugu parte hartzen. Aipatu duzun Sustatu adibide garbia da, bisitak gora eta gora doaz, baina auskalo zergaitik, parte hartzea ez doa gora neurri berean: jendeak irakurtzen du, baina ez du iritzirik ematen.

Bestalde, euskal hiztunak izan eta Interneten gabiltzanok ez gara hainbeste... baina gehitzen joango gara eta blogisten jenerazio honen atzetik etorriko dira beste batzuk eta hobeak, seguru.

Ah! eta ez pentsa, ebanjelizatzen jarraitu beharko dugu/duzu: internet euskaraz, blogak, rss jarioa, bloglines, del.icio.us, coreblog nola hobetu,... eta etorriko direnak... :-)

ondo segi, eta zorionak!

e-gor
e-gor dio:
2005/01/12 23:19

Alde batetik, Gabiriak esandakoa (eta bai egoki esanda ere!) berresten dut, ez zaitezela desanimatu eta erantzuten jarrai dezazula. Asko eskertzen dira horrelakoak. Gabiriak esandakoa irakurri eta gero, errudun eta guzti sentitzen naiz ez dudalako astirik erantzun guztiei e-mail pertsonal batekin korresponditzeko...

Bestetik, egindako akatsa nik zuzen dizazuket nahi baduzu, baina orduan zuk ondoren idatzitako mezuak (eta baita honek ere) zentzua galduko luke...

Gabiria
Gabiria dio:
2005/01/12 21:25

Beste alde batetik, argi dago egunero jende kopuru jakin bat ibiltzen dela blogetatik saltseatzen, baina blogariak gara inplikatuenak eta esango nuke ere blogariak garela gehien saltseatzen dugunak han eta hemen. Adibide legez, bakar-bakarrik begiratu nork erantzun dion "Monoblogoa" honi: Markos, Eneko, Patsy, Patxi, Joxe eta nik. Hartu beste edozein erantzun sorta eta ikusiko dugu portzentaje handi batean blogariak garela elkarri erantzuten ibiltzen garela. Hori ez da txarra ere. Gutxienez, balio dezake nolabaiteko inplikazioa hartzeko gure artean: geuk ulertzen dugunez inork baino hobeto zer den (Igorrek esan duen moduan) "desertuan predikatzea", erantzun diezaiogun elkarri. Askotan, aski da erantzun bat, beste norbait ere erantzutera animatzeko.

Julen
Julen dio:
2005/01/15 15:37

Egia esan e-gor, zure idatzia esukal blogosferaren isla iruditu zait.

Nik ere blog bat dudan partetik, askotan egin izan diot galdera berbera neure buruari: ea norbaitek irakurriko ote zuen nik idatzitakoa. Pertsonalki ordea, nire helburua behintzat ez da irakurle kopuru zehatz bat izatea, baizik eta tartean behin, sarean zerbait idaztea. Idatzitako hori gero norbaitek irakurten duela eta gustatu egiten zaiola? Ba oso pozgarria litzateke.

Bestalde, askok esan bezala, uste dut irakurleak egon badirela, baina parte hartzea urria dela. Badirudi erantzunak ematea beti pertsona berdinen esku dagoela, konkretuki blog bat duten horiengan. Ematen du blog bat dutenei erreserbatuta dagoela erantzuna emateko eskubidea.

Hori gutxienez aldatu beharra dagoela iruditzen zait, blogosfera ez baitute blogen idazleek bakarrik osatzen. Beti dago ez dakigun norbait hor, pantailaren atzean, ezkutuan begira. Ea ba lortzen dugun noizbait, horrek ere erantzunen bat ematea (ez derrigortuta, noski): esateko, gutxienez, hor atzean dagoela eta gustura irakurtzen duela. Ziur guztiok badakizuela zein nolako irrifarrea sortzen duen horrek.

Amaitzeko, egia da: askotan erantzunak emateko denbora, gogo edo ez dakit zerren falta dago (nigandik hasita).

Besterik gabe, jarrai dezagun ba blogosfera txiki hau handitzen, pixkanaka-pixkanaka baldin bada ere.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/17 17:56

Arrazoi dezu Asier, baina mezuren bat izugarri gustatu, eta erantzuteko gogoari eustea, hori hobea al da? Norberarentzako ez behintzat.

Sentitzen det, baina nik behintzat nerekoi izaten segi behar det. Endogamiko konpleto.

Patxi Gaztelumendi
Patxi Gaztelumendi dio:
2005/01/12 12:22

Zerbait egiten duen orok izan ohi du sentsazio hori. Sarri. Arrakasta arrastaka eroatea ere ez da samurragoa izango ziurrenik. Guk, urteak eman genituen irratia.com irrati digitalarekin, eta ez genekien inork entzuten ote gintuen. Gero, tarte bat, ixilune zapatista bat egin genuen, eta orduan bai, orduan jendeak galdetu egiten zigun ea bizi ginen.

Orain, berriz hasi gara, eta berriz sentsazio berdinarekin gaude. Baina, atsegin handiagoagaz, izan ere, Interneteko lanak hori du, audientziak neurtzen ez dela erraza. Erantzunak beharbada, kaleko komentarioak... auskalo.

Baina, gauzak ondo egitearen ordaina handia da gero. Hori norberak barruan daroan gauza bat da. Bizitza osoan. Egiten dugun urrats bakoitzean, ekintza bakoitzean.

Ezta?

Patxi
Patxi dio:
2005/01/12 16:52

"100-200 mila inguru?"

Lapitzari punta gehiago zorroztera nator.

Nerekin ikastolan ibili ziren gehienek, alfabetatuen zerrenda gizentzen dute, baina ez dira gai, gaur egun, euskeraz idatzitakoak irakurtzeko. Asko kostatzen zaie.

Beraz, gutxiago gera oraindik, eta partehartzea, askoz haundiagoa, proportzionalki.

Kontua da, gure proportzio horren mugen barruan, ez dala asko parte hartzen.

Neri gertatu zitzaidan, Markos Zapiainen mezu apartak irakurri, eta ezin eustsi, erantzun egin behar! Baina "Azken erantzunak" atalean, hor agertzen zan:

Patxi Patxi Patxi Patxi...

Erantzuteari utzi nion, lotsa hutsagatik.

Galdera da: zergaitik ez du erantzuten jendeak?

Badira arrazoi nabarmen batzuk, nere ustez, baina ez nuke gehiago luzatu nahi.

Hala ere: nik txiripaz jakin det, adibidez, neska batek negar egin zuela Sabinoren ipuiarekin. Nere argazki bat egongela batean dagoela txintxilik. Euskal idazle batek nere mezu batzuk inprimaturik dituela (ke horror, autopublizitatea egiten ari naizela dirudi! Hala ari ote naiz?)

Esan nahi dedana da, blog gehienen barruko estatistika hoietan azaltzen diren zenbaki baju baju hoien atzean, askoren atzean, emozio bat, irriparre bat, edo ikasgari bat dagoela, inoiz jakingo ez badegu ere.

Beraz, animo! Igor, eta beste guztiak.

e-gor
e-gor dio:
2005/01/12 12:57

Hasteko, eskerrik asko erantzunagatik eta botatako loreengatik!

Baina aklarazio txiki bat egin nahi dut. Nik esan dudanean:

"harpidedun kopuruok ez dira inola ere euskara eta gaztelaniaren hiztun kopuruekiko proportzionalak"

ez nioen zentzu negatiboan, alderantziz baizik. Sustatu euskal hiztunek (edo hobe, zuk esan bezala, euskal hiztun alfabetatuek) irakur dezakete. Ez dakit zenbat izango garen, 100-200 mila inguru? Barrapunto, aldiz, gaztelaniaren hiztun guztiek irakur dezakete (zuk esan bezala, ia denak baitaude gutxi gorabehera alfabetatuak), baita Ertamerika eta Hego Amerikakoek ere (eta izan ere hala da, hango askok idazten dute), hau da, gutxienez 100-200 milioi bai. Proportzioa 1/1000 da, baina Bloglines-en bi webguneetara dauden harpidetzen proportzioa 1/10 da. Horrek esan nahi du euskal hiztunen artean blogosfera, bloglines eta horrelakoak oso osasuntsu daudela.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/12 12:27

"harpidedun kopuruok ez dira inola ere euskara eta gaztelaniaren hiztun kopuruekiko proportzionalak."

Kontutan hartu behar da, Igor, gaztelaniaren hiztun gehienak, badirela gai arazorik gabe irakurtzen dutena ulertzeko, eta txukun xamar idazteko. Euskal hiztunek berriz... irakurritakoa ulertzen bakarrik nahikoa lan izaten dute. Zer esanik ez idazteko garaian! Hori ere kontutan hartu beharrekoa da.

Zure blog-a, teknikoa dan aldetik, oso mugatua gera daiteke, irakurle kopuruari dagokionez. Komikiak gustoko ez badituzu, eta informatika arrotz bazaizu... kontuak atera. Euskal pertsonaia unibertsalen mezua aldiz, edo hau berau, askoz jende gehiagorengana irits daiteke. Beharbada estilo honetako mezuak izan daitezke zubi bat, mezu teknikoetara jendea eramateko.

Markosi ez bezela, neri orri honen estiloa asko gustatzen zait. Lehenengo inpresioa, aldatu zenuenean, oso ona izan zan.

Julenen orriak, koloreen "loritotasun" bitxia aparte utzita, badu zerbait neri enbarazu pixkat egiten didana. Kosta egiten zait kursibaz idatzita dagoena irakurtzea, baina beharbada nere arazoa bakarrik da.

Gehiegi luzatzen ari naiz?

egokitasuna eta argitasuna, erruz dituzu Igor. Irakurle fin bat badezu behintzat. Zorionak.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/12 17:00

Han!

Hemen arrazoi bat, zergaitik ez duen jendeak parte gehiago hartzen.

Ikasgai esan nahi nuen, eta ikasgari atera zait.

Zeinek zuzendu orain?

markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/01/12 00:59

ni ez nago zure blogera harpidetuta

batzuetan hala ere saltseatzen ibiltzen naiz e-gorblogen, nahiz eta ez erantzun

sarritan ez baitakit zer arraio erantzun, edo lan egun baten ostean (oso gogorrak ia beti) nekatuegi egoten naiz erantzuten hasteko

hala ere, uste baino monoblogo gutxiago, ez pentsa

lehengoan zuhur eta lurmutur gelditu nintzen blogaren itxura aldatu eta klikatu, klikatu eta aldatu

kolore gris hau ez da oso polita nire ustez

Gabiriarena gustatzen zait asko, laranja more alai hori

hori ere irakurri dizut ez dakit non, zer egin itxura aldatzeko aukera horiek zeureganatzeko, baina pazientziarik ez halako ikerketei ekiteko

Luistxo
Luistxo dio:
2005/01/13 11:24

Uste dut audientzia gutxienekoa dela blogintzan. Irakurle bat edo bi bazenu ere, kontua ez da zuretzat hori inportantea den, baizik eta e-Gor seguruaski haientzat inportantea dela. Ez pentsatu media tradizionalaren ikuspegitik, audientzia maximizatzeko ikuspegiarekin. Begiratu hartzailearen esperientziatik: zuri, hartzaile gisa, gutxi inporta dizu blog batek ala besteak duen audientzia, bere edukia eta bere egilearen pertsonalitatea, agian, interesatzen zaizkizu.

Honek zerikusia du Interneten modan dagoen kontzeptu inportante batekin, The Long Tail delakoarekin. Buztan luzea... saiatuko naiz esplikatzen halako batean.

Bestalde, aizu, zein da zure Bloglines identitatea? mesedez egin publiko zure profila, www.bloglines.com/public/luistxo bisitatuz nire gustuen espioitza egin dezakezu bezala, neuk zeure gustuena ere espiatu nahi dut eta.

Profil publiko hori egiteko, zoaz Account atalera Bloglines-en, han Blog Settings aukeratu, Username edo erabiltzaile izen bat aukeratu, eta ondoren baiezkoan jarri aukera hau: publish my Blog and/or Blogroll.

Hori egin ondoren, esan NOR zaren bloglinesen, plis.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/13 00:48

Gabiriari erantzunez: nere kasuan behintzat, oso oso denbora gutxi izaten det ia beti, justu eguneko mezua idazteko. Batzuetan, blogetako lagunei erantzuteagatik, egun horretan ez da mezurik izan. Konponduta zaude, Julen, erantzunak ugaltzen hasten badira!

E-gor, hankasartze honena, gauza hutsa da, baina gertatzen da batzuetan, mezuren bati erantzun, eta handik bost minutura pentsatzea: Ai dios, hau nik esan al det?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi "sei" zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
  • Harpidedunak:
  • e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste) RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Twitter-en jarraitu:
  • Erantzunen harpidetza
  • Harpidedunak:
  • RSS jarioa
  • E-mail harpidetza
  • Artxiboa
    2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017
    Artikulu aipagarriak

    MythTV sorta
    2004/11

    "Pololoak" sorta
    2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

    Monoblogoa
    2005/01/11

    "Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
    2005/01/25

    Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
    2005/04/18

    Firefox eta bere plugin zoragarriak
    2005/05/11

    "El País"-en komiki bilduma
    2005/05/15

    Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
    2005/05/25

    "Watchmen" sorta
    2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

    "La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
    2005/11/08

    "Goienkaria"-n agertu naiz
    2005/12/08

    Komikiak eta euskal rock-a
    2005/12/14

    Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
    2006/01/02

    Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
    2006/02/01

    "Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
    2006/08/05

    Argazkigintza eta DRM-a
    2006/10/09

    Paul Auster eta Euskararen Herria
    2006/10/29

    Angoulême sorta
    2007/01-02

    Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
    2007/04/23

    Hergé-ren defentsan
    2007/05/22

    Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
    2007/07/02

    OLPC sorta
    2007/12 - 2008/01

    Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
    2008/02/05

    Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
    2008/03/11

    Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
    2008/08/04

    "Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
    2008/08/25

    "Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
    2008/09/17

    "Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
    2008/10/14

    Pottokiek 50 urte!
    2008/10/22

    Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
    2008/11/12

    Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
    2008/12/04

    "Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
    2009/01/23

    I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
    2009/04/16

    Elkarrizketa egin didate 7K-n
    2009/06/03

    Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
    2009/10/06

    Asterix, heroi garaitua
    2009/10/29

    "Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
    2009/11/13

    Pololoak 3: The making of
    2009/11/22

    5 urte 5!
    2009/12/15

    Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
    2009/12/20

    "Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
    2010/01/13

    Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
    2010/01/19

    Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
    2010/01/27

    Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
    2010/02/09

    e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
    2010/05/20

    Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
    2010/06/02

    "Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
    2010/07/22

    Sistema eragileen guda berria
    2010/12/14

    Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
    2010/12/27

    Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
    2011/01/10

    "Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
    2011/01/13

    Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
    2011/01/27

    "Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
    2011/02/20

    Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
    2011/03/21

    Sare sozialetan preso
    2011/04/06

    Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
    2011/10/14

    Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
    2011/11/04

    Euskarazko 8 komiki berri
    2011/12/02

    Social networks killed the RSS star?
    2012/06/10