Getxoko III. Komiki Azoka eta euskal komikigintzaren egoera
Komikiak gustoko ditugunok, aukera polita izan genuen abenduaren 10etik 12ra bitarteko asteburuan. Hirugarren urtez, Getxoko Komiki Azokak zaletasun honi bultzada emateaz gain komikien mundua hurbiletik ezagutzeko aukera eskeini zigun. Hiru egunetan zehar, 60 erakusmahaitan banaturik, argitaletxeak, banatzaileak, komiki dendak, fanzineak, rol jokuak eta beste hainbat kontu izan ziren ikusgai hurbildu ginenon gozamenerako. Eskertzekoak dira baita ere, salerosketaz aparte, antolatu zituzten erakusketa, hitzaldi eta emanaldiak. Pozik agertu dira antolatzaileak ere, aurten inoiz baino bisitari gehiago izan baititu azokak, 12.000 inguru.
Egia esan, ni neu ez naiz komikizale amorratu horietakoa, baina takian-potian gustura hartzen ditut eskuartean. Gainera, sekula izan gabea nintzen komiki azoka batean, eta arratsalde pasa ederra egiteko aukera izan genuen Getxoko karpan. Orain, han ikusi eta entzundakoa aprobetxatu nahi nuke e-gorren blog estrenatu berri honetan sartu-irten txiki bat egin eta komikiaren inguruko gogoeta solte batzuk jaurtitzeko. Esan beharra daukat inpresio eta iritzi pertsonalak direla, ez naiz-eta mundu honen oso gertuko jarraitzailea.
Larunbata arratsaldean egin genuen gure bisitatxoa. Seiak aldera iritsi ginen eta ordurako karpa jendez gainezka zegoen. Egia esan, txirrindulariak esprintean bezala ibili beharra zegoen zenbait mahaitan, ukondoekin-eta lekua eginez, zerbait ikusi nahi bazen behintzat. Gustura genbiltzan baina, geure artean komikiak hartu, begiratu eta komentatzen. Halako batean, jenderik apenas zeukan mahai batera iritsi ginen. Traba handirik gabe hurbildu, eta hara gure sorpresa: euskarazko komikiak zeuden. Ingurura begiratu eta inor ere ez. Egia esan, hamarren bat komiki izango ziren denetara mahaian zabalduta, eta niri ere ez zitzaizkidan oso erakargarriak iruditu. Geure osteratxoa amaitzean konturatu ginen azoka guztiko euskarazko lanak erakusteko erakusmahai baten erdia nahikoa eta sobera zela.
Ez dakit nik komikiak gaur egun Euskal Herrian duen egoera zein den zehazki, baina guk Getxon ez genuen apenas ezer ikusi. Pololoak edo Gartxot bezalako lanak falta ziren besteak beste. Napartheid desagertuaren eta Ipurbeltzen aleak ikuskatzeko edota erosteko aukerarik ere ez genuen izan. Tira, badakigu euskal komiki gutxi ekoizten dela, eta seguru salmentak ere oso urriak direla. Izan ere, eta askotan entzun izan dugu hau, ez dugu ohiturarik. Begira bestela Kataluniara. Han bai, han badute komikien kultura, badauzkate komiki denda espezializatuak eta badute haiekin katalunieraz gozatzeko aukera ere. Baina haiek ere kexu dira, merkatua txikia da nonbait eta gazteleraz produzitzen denarekin ezin ba konparatu. Espainiarrak ere ez daude gustura, eta inbidiaz begiratzen diete Frantzia eta Estatu Batuei. Urrutiko intxaurrak beti hamalau.
Nire ustez badago hemen komikiak erosi eta irakurtzeko zaletasuna; hiriburuetan ere gero eta denda espezializatu gehiago ari dira zabaltzen. Gurea zirkuitu nahiko mugatua izan arren, euskal produkzioari eta kanpoko lanen euskaratzeari ez zaie argitaletxe eta komiki denden aldetik behar beste arretarik eskaintzen. Kontuak kontu, gozatu ederra hartu genuen Getxon; eta nola ez, komiki mordo bat besapean hartuta bueltatu ginen.
Nik neuk aurten ez dut Getxora joaterik izan (bigarren haurra izan dugu aurten, eta egun bakarrerako edozein bidai epopeia bat bihurtzen da bi ume txikirekin), baina iaz egon nintzen eta Aitzolen gogoeta bera egin nuen: komikizale naizen aldetik oso gustura egon nintzen, baina euskaltzale naizen aldetik pena handia euskarazko komikien presentzia urria dela eta.
Baina Getxoko azokan euskarazko komikiek izandako presentzia euskarazko komikigintzaren isla besterik ez da. Pentsatzen dut zuk aipatutako euskarazko komikien stand-a Sauré Frantziako argitaletxearena izango zela, horiek baitira komikiak euskaraz erregulartasunez ateratzen dituzten bakarrak, nahiz eta gehiena itzulpena izan.
Eta zuk nabaritutako hutsuneekin (Ipurbeltz, Elkar etxearen Pololoak, Argiaren Gartxot...) ere ados nago, han egon beharko lukete. Salmentak urriak direla eta ohiturarik ez dagoela ez dira aitzaki. Euskarazko kultur kontsumoan, ohiturak sortu egin behar dira. Agian normala da euskal argitaletxe bakoitzak erakusmahai bana ez izatea (oso produktu gutxi dituztelako), baina guztien artean ezingo al lukete bat jarri? Elkarek Pololoak, Asterix eta Tintin eraman ditzake (bide batez, noizko azken bi hauen agortutako aleen berrargitaratzea?), Argiak Gartxot eta Mantxuten saila, Ereinek Ipurbeltz... eta orain gogora ez datozkidan beste guztiak ere egon daitezke. Esfortzu aldetik, ez lieke Durangorako egiten dutenaren hamarrena ere suposatuko!
Eskerrik asko artikuluagatik, Aitzol, eta ea sartu-irten gehiago egiten dituzun hemen! Eta nahi duen beste edonork ere, ateak zabalik ditu!