Euskal gertaera eta pertsonaia unibertsalak
Euskaldunok, beste edozein herrik bezala, baditugu gure historian garrantzitsuak izan diren gertaera eta pertsonaiak. Eta baditugu ere gure ustez munduaren historian garrantzitsuak izan diren euskal gertaera eta pertsonaiak. Baina zenbateraino diren horiek benetan ezagunak munduan, hori kanpokoek esan behar dute.
Bidaiatzean-eta atzerritarrekin egoten garenean, askok Euskal Herria zer den ere ez dakite, eta dakitenek, ETA eta euskal gatazkarengatik da. Baina beste euskal gertaera edo pertsonaiarik ezagutzen dutenentz galdetuta, ziur aski ezetz esango dute. Horrek ez du esan nahi ezagutzen ez dituztenik, pertsonaia edo gauza bat baino gehiago ezagutuko dute seguruenik, baina Euskal Herrikoak direnik ez dute jakingo.
Mark Kurlanskyk bere The Basque history of the world-en Erdi Aroko euskal untzigintza eta bale-harrapaketa, Iñigo Loiolakoa, euskal txapela eta Gernikako bonbaketa aipatzen zituen munduaren historian eragin handiena izan duten edo munduan ezagunenak diren euskal gertaera edo pertsonai gisa, ondo gogoratzen badut (aspaldi irakurri nuen). Eta janaria ere goraipatzen zuela uste dut, bereziki angulak eta bakailaoa pil-pil erara.
Niri galdetuz gero zeintzuk izan litezkeen kanpoan ezagunenak diren euskal gertaera eta pertsonaiak, gertaera gisa Orreagako gudua, Erdi Aroko euskal untzigintza, Gernikaren bonbardaketa, San Ferminak eta gaur egungo gatazka esango nituzke, eta pertsonaia gisa Iñigo Loiolakoa, Lope de Agirre konkistatzailea (Werner Herzog-ek zinemaratua, Klaus Kinsky-k antzeztua), Ravel eta Miguel Indurain. Noski, hau nire iritzia besterik ez da, benetan balio duena kanpotarren iritzia da.
Baina lehengo egunean beste euskal pertsonaia bat munduan ezaguna dela (edo bere garaian izan zela) baieztatu nuen. The original illustrated "Strand" Sherlock Holmes - The complete facsimile edition irakurtzen ari nintzela egin nuen topo berarekin. The Red-Headed League izeneko kasuan, Sherlock Holmes handia Sarasateren biolin kontzertu bat entzutera joan zen! Eta gainera disfrutatu ere egin zuen eta kasua argitzeko erlaxatzen lagundu zion! Nik ez nekien Pablo Sarasate iruindarra hain ezaguna izan zenik (nire musika klasikoaren ezezagutzagatik noski).
Irudian ikus dezakegu Sherlock Holmes kontzertuaz gozatzen.
Ni bat nator zurekin orokorrean, aipatzen dituzun hoietan. Gernikako bonbardaketak egin gaitu munduan ezagunen, zoritxarrez. Hala ere, nik bi artista sartuko nituzke zerrendan. Europan kantari ibili ziren bi. Bata, Iparragirre, eta bestea, Julian Gaiarre. Biak herri txiro batean sortuak, baina giro refinatuenak ezagutu zituztenak.
Oso mezu interesgarria e-gor.