e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Xabiroi 16, kalean
Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 16. alea, aurtengo ekainari dagokiona alegia, kalean dago. Ez dakit noiztik egia esan, baliteke aste batzuk eramatea jada; niri etxera bidali didate, ohi bezala, baina hilabete eman dudanez oporretan...
Hau da bertan aurkituko dugun edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Sanviren Auzomorro umorezko orri bikoitza
- Julen Ribasen irudiak eta Iban Zalduaren gidoia duen Azken garaipena sailaren beste 8 orri
- Irune Lasak egiten duen KomikiTAUN elkarrizketen orria, oraingoan Arantxa Urretabizkaiarekin
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren 3. emanaldia, 8 orrikoa
- Dani Fanoren Anubis 3.0 sailaren 6 orri
- Koldo Mogollonen gidoia eta Loperen irudiak dituen Behien Tarzanen 4 orri
- Olierrek asmatutako eta Markok marraztutako Haratagoren beste orri bat
Horra hor euskal komikigintza onenaren beste ale bat. Bide batez, niri lau bidali dizkidate, beraz norbaitek bat nahiko balu, erantzunetan eskatu besterik ez du.
Sauré argitaletxearen nobedadeak
Legutioko Sauré argitaletxea bi nobedaderekin datorkigu hilabete honetan. Batetik, Gasteizko Santa Maria katedralari buruzko komikia egin dute, Gonzalo Martínez de Antoñanaren gidoiarekin eta Pencho de Armentiaren irudiekin. Harrizko erroak du izenburua katedralaren eraikitzearen garaia lantzen duen komiki honek, eta katedralean eskuratu daiteke 5 euroko prezio bikainean. Euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere atera dute. Gainera, aurtengo urte amaieran beste bi komiki eta hurrengo urtean beste bat ateratzeko asmoa dute, katedralaren garai ezberdinak kontatzeko, bakoitza egile ezberdinek egina.
Bestetik, Ave!Comics komiki-digitalen argitaletxearekin batera, La carrera del sol komikiaren iPhone edo iPod Touch-erako bertsioa atera dute, eta iTunes Store Apple-en denda ofizialean jarri salgai. Espainierazko lehenengo komikia da iTunes Store-en salgai jartzen dena. Txani Rodríguez, Nacho Fernández eta Verónica Rosadok egindako komiki hau Txanoa saileko 3.a da eta oso ongi dago haurrentzat, nire 7 urteko semeak berak osorik irakurri zuen lehenengoa izan zen eta izugarri gustatu zitzaion. Erosi nahi baduzu, http://www.ed-saure.com helbidera joan, egin klik "Castellano" botoian eta agertzen den telefono mugikorrean sakatu. Ea laster daukagun euskarazko lehenengo iPhone-erako komikia ere!
"Hartos de arte" komiki-erakusketa Gasteizen
Maiatzaren 8az geroztik irekita dago Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean Hartos de arte izenburua duen komiki-erakusketa. Atiza kolektiboak antolatzen du eta taldeko kideen zein beste egile batzuen lanak daude ikusgai bertan: Alvarortega, Ata, Azagra, Manuel Bartual, Calpurnio, Chos, Díaz de Corcuera, Mery Cuesta, Mauro Entrialgo, Igor Fernández, Furillo, Nono Kadáver, Larry, Listo Cómics, Miguel Ángel Martín, Más, Oroz, Santi Orue, Pallarés, Roger, Simónides eta Tamayo. Informazio gehiago PDF honetan duzue.
Erakusketa ekainaren 18a bitartean bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30etara
Elkarrizketa egin didate 7K-n
Joan den igandean, Gara egunkariarekin batera banatzen den 7K gehigarrian, Pello Argiñarenak Interneten inguruan egin zidan elkarrizketa agertu zen. 7K bera Interneten ez egotea apur bat kontraesankorra da, beraz elkarrizketa hori hemen jartzea pentsatu dut, extended bertsioan (paperezkorako mozketatxoren bat egin behar izan zuten luzerarengatik).
Igor Leturia: "Internetek hamar urtean bizitzeko modua aldatu digu, eta hau hasiera besterik ez da"
Arrasate, 1971. Informatikaria. Blogaria. Hizkuntza teknologietan ikertzailea, Elhuyar Fundazioan. Internetek hogei urte bete ditu. Sareen sareaz hausnarketa eskatu diogu.
Pello Argiñarena
Konturatzen al gara mundua klik bakar batera daukagula?
Batzuk bai eta beste batzuk ez. Gazteen artean gehienak bai, oso naturala zaie Internet. Hala ere, mundu mailan, jende askok ez du konturatzeko aukerarik ere.
Telefonoak eta autoak mundua aldatu zuten aurreko mendean. Zenbaterainoko aldaketa ekarriko du Internetek?
Horiek baino are handiagoa. Pentsa nola aldatu duen hamar urte eskasetan gu guztion lan egiteko eta bizitzeko modua, eta hau hasiera besterik ez da.
Oinez edo sagua erabiltzen. Zer ikasten dute haurrek lehenago?
Momentuz oinez, baina laster, nork daki.
Aitonak galdetu du zer den softwarea...
Ez dauka hori jakin beharrik. Erakutsi behar dioguna da nola atera probetxua ordenagailuari eta Interneti bere eguneroko beharretarako: erosketak egin eta etxera ekartzeko, Imsersoko bidaiak hartzeko, Erasmus dagoen bilobarekin bideokonferentziak dohainik izateko...
Urrutiko ezezagun batekin hitz egin dezakegu. Sarritan ez dugu ondoko auzokidea ezagutzen...
Agian auzokideak merezi ez duelako izango da, eta sareak behintzat jende interesgarriagoa ezagutzeko parada ematen digu.
16 urteko hacker batek Pentagonoko sistema informatiko osoan sartzea lortu zuen...
Ni ez nintzen izan, benetan! Internetek zaharrago harrapatu ninduen... ;-)
AEBetan jarraituz, bertako Epaitegi Goreneko erabaki batek honakoa dio: "Interneteko sarean herritarrek kaoserako eskubide osoa dute"
Gauzek esku artetik ihes egiten dietenean eta gizartea berez antolatzen hasten denean, boteretsuek beti kaosaren beldurra zabaltzen dute.
Askatasunaren edo kaosaren aberria. Zer da internet?
Askatasunarena. Baina gobernu eta botere-talde askok nahi dutena lortzen badute, ez da luzarorako izango...
Zenbat zabor dago sarean?
Hedabide eta argitaratzaile tradizionalek beti azpimarratzen dute beraien edukien kalitatea sareko kuxidadearen aldean, telebistan edo egunkarietan edo liburuetan dena ona balitz bezala... Sarean zaborra egon badago, baina beste hedabideen proportzio berean, eta asko enpresek eta interes ekonomikoek sartutakoa da, spam delakoa kasu.
Badago internet on bat eta txar bat?
Internet komunikatzeko bitarteko bat besterik ez da. Ona edo txarra ematen zaion erabilera da. Gauza txarrak egiteko ere erabiliko da noski, baina lapurretak edo bahiketak egiteko erabiltzen direla-eta ez ditugu kotxeak satanizatzen. Gainera, hedabideek erabilera gaizto horien artean sartu nahi dute kultura elkarbanatzea besterik ez dena. Erabilera gaiztoak baditu sareak, baina pirateoa deitzen dutena ez da horietako bat.
Zenbat bakardade dago sarean?
Beste topiko bat. Izango da sarean kontsumitu besterik egiten ez duenik ere, baina, telebistak, irratiak eta liburuek ez bezala, Internetek parte hartzea eta bi norabideko komunikazioa ahalbidetzen ditu. Sareak lagunak egiten laguntzen die bestela bakarrik legokeen jende askori.
Zertan aldatu digu eguneroko bizitza?
Gutako askori, erabat. Beste batzuei, batez ere urteetan aurrerago doazenekin, ezer gutxi, baina horrela izan da beste edozein aurrerapen teknologiko gehienekin.
Zein muga ditu sareak?
Berez, batere ez, eta oraindik izugarri garatuko da utziz gero. Baina izan ditzake mugak, gobernuek eta boteretsuek berea lortzen badute.
Nobela grafikoari buruzko mahaingurua Donostian
Donostian ospatzen den Literaktum, Letren eta Lengoaien Festaren programaren barruan, nobela grafikoari buruzko mahaingurua antolatu dute maiatzaren 25eko arratsaldeko 19:30ean, Ernest Lluch Kultur Etxean. Mahaingurua Juan Manuel Diaz de Guereñuk, 30 X 30 - Gure komikiaren tamaina 1976-2006 liburuaren egileak, moderatuko du, eta Borja Crespo eta Félix Romeok hartuko dute parte. Ez galdu!
"Xabiroi" komiki-aldizkariari buruzko erreportajea "Sautrela"-n
Irudia: Sautrela
Joan den asteko ETBko Sautrela literatura saioan Xabiroi komiki-aldizkariari buruzko erreportajea eman zuten. Denboraldi honetan hirugarren aldia da literaturari buruzko saio honek komikiari buruz hitz egiten duela, Tintin-en 80 urteeri eta Zaldieroari eskainitakoen ondoren.
Oraingoan ere oso erreportaje majoa egin dute Xabiroiren inguruan, bertan idazle eta komikigileek duten elkarlana azpimarratuz, eta literatura eta komikiaren arteko ezberdintasunetan sakonduz. Muntaia ere ikaragarri txukuna da, elkarrizketatuak eta bestelako irudiak mugitzen diren biñetetan sartuz. Patxi Zubizarreta idazleak, Asisko Urmeneta irudigileak eta Dani Fano komikigile eta Xabiroiko editoreak gauza ezin interesgarriagoak esaten dituzte bertan. Ez dezazula ikusi gabe utzi!
"Ganorabako" komiki-lehiaketak baditu irabazleak
Sarritan izan dugu hizpide blog honetan Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako komiki-lehiaketa. 2009ko edizioan 89 lan aurkeztu dira, 32 Euskal Herrikoak eta besteak Kataluniakoak, Madrilekoak, Andaluziakoak eta Amerikakoak. Rober Garay komikigileak, Danimaiz Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak eta Carlos Cristobal Borra kazetari eta komiki kritikariak osatutako epaimahaiak erabaki ditu jada 2009ko edizioaren irabazleak, eta katalanek eraman dituzte hiru sari nagusiak. Hemen duzue lan irabazleen zerrenda:
- 1.go saria, 900 eurorekin hornitua: Xavier Tarregaren Saloon
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua: David Muñoz eta Javi Fernandezen Love & Dinosaurs
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua: Jose Angel Labariren Cuerda
- Euskarazko akzesita, 300 eurorekin hornitua: Aitor Urkiolaren Bidaiaria
- Basauriko egile onenaren saria, 300 eurorekin hornitua: Eugenio Lasarteren Cosas de mi ex
Horiez gain, iazko eta beste urte batzuetako lan irabazleak ere ikus daitezke web gunean. Gainera, web gune guztia elebitan dago. Ekimen txalogarria benetan.
Hala ere, aurreko urteetan bezala, kritikatxoa egin nahi nuke... Nire ustez, komikiak web gunetik bertatik irakurtzeko aukera eman beharrean (edo aukera emateaz gain), CBZ edo CBR formatuan jaisteko aukera ere eman beharko litzateke, gero norberak bere ordenagailuan offline irakurtzeko aukera ere izateko. Formatu hau ZIP edo RAR bidez konprimitutako JPEG irudiak dira, eta ordenagailuan irakurtzeko, CDisplay programa erabil dezakezu Windows-en eta CBView , Comix edo CBRPager Linux-en.
"Mundu digitala" atal berria egingo dut aurrerantzean Elhuyar aldizkarian
Aste honetan aurkeztu dute Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkari berritua. Maiatzeko aletik aurrera, hainbat aldaketa izango ditu Elhuyar Fundazioak ateratzen duen aldizkariak: diseinu eta formatu berriak, informazioaz gain hausnarketa, ulerterrazagoa, zorroztasuna galdu gabe ikuspegi berritzaile eta modernoago bat, komiki eta ilustrazioen presentzia handiagoa, eta atal eta kolaboratzaile berriak. Maiatzeko ale horren lagin bat hemen ikus dezakezue. Benetan aldaketa nabarmena egin dute, eta benetan lehen baino are interesgarriago eta erakargarriago bihurtu dute aldizkaria.
Aipatutako atal berri horietako bat Mundu digitala izenekoa izango da, eta kolaboratzaile berri horietako bat atal horretaz arduratuko naizen ni neu. Aurrerantzean, hilero pare bat orri idatziko ditut aldizkari horretan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruz. Informatikaren munduko azken aurrerakuntza edota tendentziak modu dibulgatzaile eta ulerterrazean azaltzen saiatuko naiz, eta lanbide ditudan hizkuntz teknologiek ere presentzia izango dute bertan. Lehenengo ale honetan, Web Semantikoari buruzko bi artikulutako serie baten lehenengoa irakurri ahal izango duzue.
Elhuyar aldizkariaren eduki guztia Zientzia.net webgunera ere eramaten da, baina paperezkoa ateratzen denetik bi hilabete pasatu bitartean, harpidedun izan ezean, sarreratxo bat soilik irakur daiteke, harpidedunentzako abantaila gisa. Nik ere tarte hori errespetatuko dut, baina bi hilabeteok iragan ondoren Mundu digitala atalerako idatzitako artikuluak hemen jarriko ditut, blogak duen Creative Commons CC-BY-SA lizentziapean. Beraz, uztailetik aurrera hilero IKTei buruzko artikuluok hemen irakurri ahal izango dituzue, eta lizentzia libreaz baliatuz nahi duzuenerako erabili, baldintzak betez gero noski (egiletza aitortu eta baimen beraren arabera partekatu). Ea gustuko dituzuen!
I. Euskal OLPC Party-aren kronika
Apirilaren 23an, joan den asteko ostegunean alegia, elkartu ginen OLPC (One Laptop Per Child) proiektuaren XO ordenagailuaren jabe edo zale batzuk, Euskal OLPC Party deitu dugun topaketa informalean. Party horien lehenengo edizio horren kronika duzue hemen, topaketen wikian ere aurki dezakezuena. Bertan ateratako argazkiak ere ikus ditzakezue hemen, eta Irutxuloko Hitzan idatzitako artikulua hemen.
Donostiako Doka Kafe Antzokian elkartu ginen arratsaldeko 18:00etan zazpi lagun: Arrasatetik, Mikel Lopez de Arkaute, Xabat Amiano eta Igor Leturia, Errenteriatik Itziar Nogeras, Adur Bengoetxea eta Izaskun Aldezabal, eta Zarauztik Inko Illarramendi. Guztira 5 OLPC-XO.
Lehenengo ultrasoinu bidez bi XO-ren arteko distantzia kalkulatzeko aplikazioa probatu nahi izan genuen. Horretarako, baina, XO-ak elkarrekin konektatu behar ziren euren WiFi konexioen bidez, eta une jakin batzuetan eta XO konkretu batzuen artean izan ezik, ez genuen sarean elkar ikusten, beraz hori probatu gabe gelditu zen... Gero beste aplikazio batzuk konpartitzea probatu nahi genuen eta hiruren artean lortu genuen testu prozesagailua partekatzea eta hiruen artean editatzea, eta asko gustatu zitzaigun. Hala ere, gehiagotan eta beste aplikazioen artean ez genuen lortu, eta horrek zapore gazi-gozoa utzi zigun...
Gero ez genuen lortu Dokako Wifi sarera konektatzerik (arraroa, e-gorrek probatua zeukalako Fish&Txips bilkura baten eta ondo zebilen), beraz Tamarindo tabernara joan ginen. Han ordenagailuari aplikazio berriak Internetetik nola instalatu ikusi genuen.
Gero e-gorrek ekarritako Ubuntu sistema Itziar, Mikel eta Izaskunen ordenagailuen SD txarteletan instalatzen jarri genituen. Hori banan-banan egin behar zen eta nahikoa tardatzen zuenez, bitartean Ubuntun nola ibili ikasten aritu ginen e-gorren ordenagailuan: OpenOffice, Pidgin, bideoak, musika... Hala ere, horiek instalatzen amaitu ondoren, ezin izan genuen ordenagailu horiek SD txarteletik Ubunturekin arrankatzea, horretarako garatzaile klabe pertsonalizatua eskatu behar baitzaio OLPC erakundeari, eta 24 ordu behar da eskuratzeko... Hala ere, denok eskatu zituzten beraien klabeak, eta iritsitakoan instalazioaren jarraipena e-mailez egitekotan gelditu ginen.
Bokata batzuk afaldu eta gero 23:00ak aldera etxera joan ginen. Esperientzia polita izan zen, ederto pasa genuen eta lehenengo lekzio horiek eta gero, norberak gehiago saltseatu eta esperientziak elkartrukatzeko berriz biltzekotan gelditu ginen.
I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
OLPC (One Laptop Per Child) garapen bidean dauden herrialdeetako haurren hezkuntza eta etorkizuna hobetzen lagundu nahi duen proiektu bat da, horretarako XO izeneko ordenagailu merke baina zoragarri bat diseinatu duena. Azken bi urteetako udazkenetan kanpaina bana jarri dute martxan bi ordainduta bat eskuratu eta beste bat hirugarren munduko haur bati oparitzeko. Nik 2007koan eskuratu nuen nirea, eta 2008koan (agian nik blog honetan egin diodan propagandak bultzatuta ;-) nire beste ezagun batzuk erosi dute. XO-ak dituen elkarlanerako aukerak probatzeko, beroni ahalik eta probetxurik onena ateratzen ikasteko eta, azken finean, elkarrengandik ikasi eta ondo pasatzeko, OLPC Party bat egitea pentsatu dugu.
AEBetan 2007ko kanpainan 80.000 XO inguru banatu ziren, eta geroztik horrelako topaketa informalak sarri samar egiten dituzte bertako hiri handi guztietan. Euskal Herrian jada XO-a dugun hainbat jende bagaudela aprobetxatuta, I. Euskal OLPC Party-a egingo dugu apirilaren 23an, arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Doka kafe antzokian.
OLPC XO bat dugun bost lagun behintzat egongo gara bertan, baina deialdia irekia da. XO bat duen beste edonor ere ongi etorria izango da, eta proiektuan edo ordenagailuan interesa edo kuriositatea duen edonor ere gonbidatuta dago.
Hau da egin asmo ditugun gauzen zerrenda irekia:
- Sugar sistema eragilearen azken bertsioa instalatu
- Sugar sistemari programa berriak gehitzen ikasi
- Sugar sistemaren elkarlanerako aukerak probatu
- Ultrasoinu bidez bi XO-ren arteko distantzia neurtzeko programa probatu
- Sugar sistemakoak ez diren programak instalatzen ikasi (Firefox, Flash, Skype, MPlayer, Pidgin...)
- Ubuntu instalatzen ikasi
Esan bezala, edonor etor daiteke, baina etortzeko asmoa baduzu, topaketaren wikian zure izena gehitzera eta egin nahiko zenituzkeen gauzak edo landu nahiko zenituzkeen gaiak adieraztera gonbidatzen zaitugu. Animatu, ondo pasatuko dugu eta!