e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Euskarazko manga bildumen jarraipenak dakarzkigu Kabe etxeak
Azken urteotan, Kabe zigiluaren pean hainbat manga bilduma argitaratzen ari da Harriet argitaletxea, eta irailean hiru liburuki berri argitara eman ditu: Mizu Sahararen Buztan eta guzti sailaren bigarren zenbakia, buztan txiki bat duen eta institutuko ikasle den Utsumiren eta sekretua jakin eta babesten duen bere ikaskide Nachiren istorioarekin jarraitzen duena; Yuya Kanzakiren Change the world sailaren hirugarrena, berak nola jakin gabe benetan serieko hiltzaile den polizia batekin gorputza elkartrukatu duen Yuichi Satoren abenturekin; eta Rootport-en gidoia eta Tomomi Usui-ren irudiak dituen Otaku bat jainko lanetan sailaren hirugarrena, non Susumuk, lo etenetik esnatu eta gizateria hastapenetan dagoela ikusita, zibilizazioari aurrera egiten lagundu nahi dion bere manga gogokoenaren jarraipena ezagutzeko. Aurreko guztiak bezala, hauek ere Iker Alvarezek itzuli ditu euskarara, japonieratik zuzenean. Gazte mangazaleentzako beste opari bat!
"Itsasoa", Erroak sailaren 3. komikia
Amaya Echevarriaren gidoia eta Tiago Battestiren irudiak dituzten Erroak komiki sailean, Alaia gaztetxoak eta Elorri bere izebak hainbat abentura bizi dituzte naturako eta euskal mitologiako pertsonaiekin. Lan hauek argitaratzeko sortutako zigilu propioaren bidez, lehen zenbakia, Ilargiaren orrazia, 2020an atera zen, eta bigarrena, Gizotso, 2023an. Bada, aurten hirugarrena atera dute, Itsasoa. Bertan, izenburuko izena duen sirenak kaosa ekarriko du mundura, bere kantuaren bidez zabaldutako madarikazioarekin. Orduan, Alaiak Akerbeltz azti gaiztoaren esku utzi beharko du bere patua, eta denboran atzera eginez, 1784ko Baionara bidaiatuko du —azken baleontzi handien garaira—, handik Quebecera... Iragana eta oraina zeharkatuko ditu, naturaren larrialdiari eta sirenaren madarikazioari aurre egiteko.
Harriet argitaletxearen eskutik, Markoren lan berria euskaraz: "Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa"
Ezaguna da Mark Armspach Marko marrazkigile euskaldunak mendiarekiko eta, bereziki, Pirinioekiko duen zaletasuna eta maitasuna. Philippe Charlot gidoigile biarnotarrak ere partekatzen ditu horiek. Eta bion artean Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa komikia ondu dute, Harriet argitaletxearen eskutik euskaraz gozatzeko aukera dugula.
XIX. mende amaieran Pirinioetan kokatutako istorioan, topaketa batzuen lekuko izango gara: batetik, hartz bat, haren hezitzaileak hil dituen indiarra eta aita ankerrarengandik ihes egindako bi anaia gazteak; bestetik, haien atzetik dabiltzan soldadu-taldea eta aita; eta zer gertatuko da bi taldeek ere topo egitean?
Baina horiez gain, lan honetako protagonista nagusietakoa Pirinioak dira. Izan ere, Markoren ohiko marrazki bizien artean Auñamendi, Midi d’Ossau eta beste mendi batzuen irudi ederrak ere ikusiko ditugu, akuarela elegantez koloreztatuta. Komiki polita benetan, inondik begiratuta ere.
...eta haurrentzako komiki-sailen zenbaki berriak: Ahizpak, Biga eta Superninja Kururo!
Aurrekoan aipatu genuen Lily eta Dudu-munstroa ez da izan aurtengo hasieran atera den haurrentzako euskarazko komiki bakarra, ezta gutxiagorik ere! Martxoan bertan beste hiru atera ziren:
- ETB3n eta Makusin animazio seriea duen Christophe Cazenove eta William-en Ahizpak sailaren zortzigarren komikia atera zuen Hachette etxeak, Maita nazazu gehiago!
- Astiberrik Romain Pujol eta Vincent Cauten Biga sailaren zortzigarrena argitaratu zuen, Aldaketak datoz!
- Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxeak Marko Torresen Superninja Kururo saila ren bigarrena kaleratu zuen, Sarraski izugarria.
Zalantzarik gabe, badute haurrek komikiaz euskaraz gozatzeko aukerarik!
Harriet-en haurrentzako komiki berria: "Lily eta Dudu-munstroa"
Frantziako komikigintzan oso ohikoa den orri erdiko umorezko gag laburren tradizioari jarraiki ondu dute haurrei zuzendutako komiki hau Mic eta Val-ek, neskatila bat eta bere munstro txintxoa protagonista dituena. Lily eta Dudu-munstroaren gidoia Mic eta Val bi egileen artean egin dute, Mic-ek egin ditu marrazkiak eta Val-enak dira tinta eta koloreak. Eta Miel Anjel Elustondok euskaratuta argitaratu zuen otsailean gurean Harriet argitaletxeak, haur euskaldun guztien gozamenerako.
"Saltsa nostra", errezeta-libu... ez, errezeta-komikia!
Sukaldari ezaguna eta saritua da Sergio Ortiz de Zarate, eta gastronomiaren inguruko hainbat proiekturen arima Iker Bildosola. Bien artean sortu zuten Saltsa Nostra egitasmoa, komikigintza ardatz hartuta tokian tokiko ekoizpena, kultura eta elikadura osasungarri eta jasangarria aldarrikatzen duena. Eta horren lehen emaitza da Sergio Ortiz de Zarateren errezeta-liburuakomikia - Done Joanesen erraietan. Pedro Rivero eta Fernando Alonsorekin batera egin dute gidoia, eta marrazkiak Fernando San Vicenterenak dira. Komiki serio eta pedagogikotik urruti, hemen sua, labanak, konspirazioak, akzioa, espioitza, dueluak... daude, thriller gastronomiko ganberroan. Tarisko argitaletxea sortu dute Saltsa Nostra egitasmoko komikiak ateratzeko, eta honen barruan beste 12 ateratzeko asmoa dute, beraz adi!
"Mutila izatea", maskulinitate eredu ezberdinak egon daitezkeela erakusteko
Aiora Jakak itzuli du Ttarttalo argitaletxeak atera duen Mutila izatea: maskulinitatea haize kontra komikia, Karim Ouaffi gidoigile eta Mikankey marrazkilari dituena. Bertan, Masato, Igor, Feti, Antton eta Ametsek Aitor klasekidearen heriotza nola kudeatzen duten ikusiko dugu. Horrela, mutil izateko modu ezberdinak azaleraziko zaizkigu, maskulinitate toxikoaz harago. Genero-estereotipoak, pribilegio maskulinoak, emozioak adieraztea, homosexualitatea, fisiko gihartsuak, indarkeria, jazarpena, pornografia, feminismoa... eta beste gai askoren inguruan hitz egin eta hausnartzeko bide ematen duen komikia. Interesgarria zinez, eta ez soilik mutil nerabeentzat...
"Ilunabar", Amaia Carrereren "umore kosmiko eta absurdoko" komikia
Amaia Carrere marrazkigile lapurtarrak crowdfunding bidez autoekoitzitako komikia dugu Ilunabar. Egilearen esanetan, “umore kosmiko eta absurdozko” istorio laburrak biltzen dituen komikia da, estralurtar xiberotar eta antzekoekin. Eta marrazki sinple eta minimalistak baliatu ditu. Liburu-dendetan eros daiteke edota Carrereren webgunean.
"Mugako dragoiak - Azote 2" atera du Harriet argitaletxeak
Komiki hau Gregorio Muro Harriet gidoilariaren Mugako dragoiak sailaren jarraipena dugu. Lehengo batean eman genizuen Azote azpisailaren lehen komikiaren berri, eta orain horren bigarrena eta azkena atera da, San Carlos-eko kanoiak. Honetan ere marrazkiak Pedro Camellok egin ditu eta koloreak Seijas-ek. Azuzena Acosta Azote eta haren senarrak ganadu talde bat iparraldera daramatela, gerra lehertuko da, eta protagonistek San Carlos gotorlekuko batailan parte hartuko dute.
Komiki berriak, gure historia hobeto ezagutzeko jarriak
Komikia, fikziozko istorioak kontatzeaz gain, gero eta erabiliagoa da helburu pedagogikoekin, eta hala gertatzen da euskaraz ere. Hor daude, esaterako, Ikaselkar-ek ateratzen duen Zientzialariak saila edo Ttarttalo-ren 24 ordu saila. Eta gure historia gaitzat duten komikiak ere ugari ari dira izaten, berriki argia ikusitako Elgeta 1937 - Emakumeen memoria eta Erbestearen memoriak - 37ko euskal haurrak adibidez. Bada, oraingoan berriki artera diren beste zazpiren berri eman nahi dizuegu.
Lehenak Txillardegik Telesforo Monzonekin eta Bergarako herriarekin izandako harremana du gaitzat, eta Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan egin du Kote Camacho Kotetok. Lehendabizi Hona bostekoa! bildumaren barruan atera zen eta orain egileak autoekoizpenean argitaratu du, Komiki Films bere ekoiztetxearen eskutik. Txillardegi (eta Monzon) Bergaran komiki honetako testu guztiak bi protagonistek elkartrukatutako gutunetatik ateratakoak dira.
Intza, ez da munduan beste bat komikiak Donostiako alde zaharrean geratzen diren nortasundun taberna apurretako baten historia dakarkigu, Intza tabernarena alegia. 1936ko Gerraren aurretik senar-emazte batzuek sortutako euskaltzale giroko taberna, frankismoak senarra fusilatu ondoren alargunak aurrera atera zuena baiErmuna Bar España berrizendatzera behartuta eta goiko solairuak Círculo Carlistarentzat konfiskatuta, eta diktadorea hil ondoren izena eta izana berreskuratutakoa, gaur arte. Dani Fanok egin zuen 8 orriko istorioa eta Xabiroi aldizkariko 72. zenbakian atera, eta gero komiki beregain gisa ere argitaratu da. Doan eskura daiteke Intza tabernan bertan. Intzan tragoxka edota mokadutxoren bat hartuta, komiki eder honekin bueltatuko zara etxera.
Ermua binetetan Ermuko Udalak eta liburutegiak sustatutako komiki-proiektu bat da, herriko une ezezagunak istorio moduan jasotzen dituena. Mikel Begoñak egiten ditu gidoiak, Kike Infamek marrazkiak eta Daniel Gojenolak koloreak. Lau komiki atera dituzte, elkarrekin istorio-konstelazio bat osatzen dutenak, planeten eta jainkoen izenekin lotura sinbolikoa eginez: lehenengoa Saturno Ermuan deitzen da, eta Frantzisko Izagirre Patxiko alkatearen eta Alejandro Aranburu Droget pilotaria eta Mexikoko Iraultzan Pantxo Villaren ondoan borrokatutako errepublikazalearen istorioa kontatzen du; bigarrenak, 1794 - Marte eroturik izenburukoak, Frantziako armadak burdinaz eta suz hiriaren egiturak suntsitu zituenekoa du gai; hirugarrenean, Merkurioren hego bizkorrak, Patxi Piperren xelebrekeri eta trikimailuen bitartez ezagutuko dugu apustuen mundua, Gipuzkoan debekatuta zeuden baina Ermuan hala eta guztiz ere egiten ziren garaian zentratuta; eta laugarrena, Neptunoren 24 korapiloak, Ermuko emakume erraketistei buruzkoa da. Ale bakoitzetik 500 kopia inprimatzen dira, ikastetxeetan banatzeko eta liburutegian eskuratzeko, eta bertsio digitalak udal webgunetik deskargatu daitezke.
Antzuolako Alardea Elkarteak, bestalde, komiki bat atera du izena ematen dion ekitaldia ezagutarazteko. Xabier Sagastak egin du Antzuolako Alardea komikia, 2022an horretarako lehiaketa irabazita. Antzuolako liburu dendan eta Udal Liburutegian eskuratu daiteke edota elkarteari eskatuta.
Bukatzeko, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Auzitegia - 60 urteko justizia eta gertutasuna komikia atera du, Joseba Beramendi Expraik egin dituela gidoia eta marrazkiak.

