e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Mattinek "Aska" komikia atera du
Azken hiru urteetan Udalbiltzak Geuretik sortuak programa martxan izan du, non zenbait kulturgilek egonaldiak egin dituzten Euskal Herriko zenbait herritan, haietan girotutako film, antzezlan edo liburuak egiteko euskaraz... eta baita komiki bat ere! Iñaki Martiarena Mattin komikigileak, Araitz-Betelu-Larraun eskualdean egon ondoren, Aska komikia egin du, uraren eta hark herriotan izan duen garrantziaren inguruan: ibaiak, latsagiak, iturriak, bainuetxeak... Doan irakurri edota deskarga daiteke esteka honetatik.
"X-Venture - Gorputza krisian", manga euskaraz!
Mundu guztiko gaztetxoen artean bezala, izugarrizko arrakasta du gurean ere mangak edo Japoniako komikiak. Haatik, inoiz ez da mangarik euskaraz argitaratu... orain arte! Izan ere, Kataluniako Ooso argitaletxeak uztailean euskaraz ere atera zuen (gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz gain) X-Venture – Gorputza krisian – Erreskate handia 1 – Arnasketa eta digestio aparatua manga, Japonian 2021ean argitaratua eta Hot-Blooded Souls ezizeneko autoreak egindakoa. Eta abenduan etorri da jarraipena, sailaren bigarren zenbakia ere euskaraz atera baitu, X-Venture – Gorputza krisian – Erreskate handia 2 – Zirkulazio-aparatua. Manga pedagogiko edo zientifiko motakoak omen: fikzioa dira, abenturazkoak, baina bide batez zientzia kontuak ikasteko ere balio dute. Japonian haur eta gazteek irakurtzeaz gain eskoletan ere baliatzen dira. Komiki hauek ere, zehazki, arrakasta eta salmenta handiak izan dituzte. Darwin doktorea koman sartzean, Bennet doktoreak proba fasean dauden mikromediku robotikoak sartzen ditu haren arnas eta digestio aparatuetan, salbatzen saiatzeko...
Nabarraldek "Amaiur - Gaztelu baltza" komikia kaleratu du
Aurreko batean eman genizuen Asiskoren Amaiur! Libera State komikiaren berri, eta oraingoan Amaiurko setioaren inguruko beste baten berri eman beharrean gaude. Izan ere, aurten betetzen dira 500 urte Nafarroako Erresuma gaztelarrengandik berreskuratzeko saiakera egin zutenen arteko azken berrehun nafarrak Amaiurko gazteluan 10.000 soldadutik gorako armadari alferrik eusten saiatu zirenetik. Eta Nabarralde elkarteak, Nafarroako historia ezagutarazteko egiten dituen jardueren artean azken urteotan horren inguruko komikiak argitaratzen ari denak, ezin zuen aukera galtzen utzi, eta Amaiur - Gaztelu baltza komikia atera du, Angel Rekalderen gidoia eta Amaia Ballesterosen marrazkiekin.
Ekoline, txakur artista bat Parisen
Ekoline zaindari izateko bere egitekoa bete beharrean margolari izatera Parisera doan txakur emea da. Han ezagutuko ditu laguntasuna zein gaiztakeria. Harriet argitaletxearen komiki hau Stephen Desbergek idatzi eta Teresa Martínezek marraztu dute.
"Natasha", Koldo Almandoz eta Aritz Trueba
Natasha gaztearen bizitza goitik behera aldatu zen 16 urterekin, bera agertzen zen bideo sexual bat biralizatu zenean, eta orain unibertsitatean jende berriarekin bere bizitza eta burua berreraiki behar ditu. Farmazia Beltza argitaletxeak dakarkigun Natasha komiki honetan Koldo Almandoz zine zuzendariak (Oreina, Hondar ahoak) egin du gidoia eta Aritz Truebak (Buyan) irudiak. Zalantzarik gabe, urteko komikirik garrantzitsu, interesgarri eta onenetako bat.
HernaniKomik, euskarazko komikigintzaren azoka, ostiral eta larunbat honetan
Euskarazko komikigintza oso-oso indartsu dabil azken urteotan. Gero eta argitalpen gehiago ditugu kalitate oso onekoak. Baina falta izan zaio beraiei eskainitako jardunaldi batzuk edo azoka bat. Gaur egun badaude zenbait komiki-azoka Euskal Herrian, Getxokoa, Nafarroakoa edo Donostiakoa kasu, eta lehen bietan euskarazko komikigintza presente badago ere, gaztelaniazkoaren kopuru askoz handiagoaren artean galduta geratzen da, eta hirugarrenean apenas duen presentziarik... Hor daude Durangoko eta Ziburuko azokak ere (azken hau euskarazko produkzioari dedikatua), garrantzitsuak direnak euskal komikigintzarako, baina liburu eta diskoena ere badirenez, komikia difuminatua geratzen da beti...
2014an, Mikel Begoña nekaezinaren ekimenez, euskarazko komikigintzari eskainitako Parrapean Komiki-Egunak antolatzen hasi ziren Bilboko Mahatserrian, baina lau edizioren ondoren bertan behera gelditu ziren. Arrasto sakona utzi zuen, hala ere, eta hari edo antzeko bati berriz ekiteko asmoa eta gogoa beti izan dute arloko agenteek eta hainbat saiakera ere egin izan dira. Lan horrek azkenik eman du bere fruitua, HernaniKomik-en jaiotzarekin.
Ostiral eta larunbat honetan, hilak 18 eta 19, izango da HernaniKomik-en lehenengo edizioa, euskarazko komikiari eskainitako azoka. Hernaniko Udalak antolatzen du, baina Euskal Herriko (Harriet, Xabiroi, Mikel Begoña...) zein Hernaniko (Gaueko, Axpi...) komikigintzako zenbait eragilerekin elkarlanean.
Bi egunotan azoka egongo da goizez eta arratsaldez, eta bertako postuetan Astiberri, Harriet, Xabiroi, Elkar, Farmazia beltza, Txalaparta, Dobera Euskara Elkartea, Gure berriak, Jo Ta Ke Ekoizpenak eta Nabarralde etxeen argitalpenak egongo dira eskuragai, eta Kromiki lehiaketako lanak ikusgai ere bai. Egitarauko ekitaldien barruan aipatzekoa da Joseph Camino saria: Parrapean jardunaldietan sortutako sariari jarraipena emango zaio Hernanin, eta bosgarren edizio honetan Jon Zabaleta izango da omendua. Eta Kromiki lehiaketako sari banaketa ere egingo da, eta Dzirt-dzart zuzeneko marrazte-saio bat Asisko eta Eider Eibarren eskutik.
Arratsaldeetan, hasteko komikien aurkezpenak egingo dira, sei zehazki: Haur besoetakoa 3, Ni ez naiz Mikel Laboa, Black is beltza II - Ainhoa, Utzi azalari, Lurbinttoko ohoinak eta Sua. Egitarauz kanpo bada ere, beste komiki batzuk ere aurkeztuko dituzte, hala nola Gasteiz 1200 - Defentsa amaigabea eta Cube arts. Eta borobiltzeko, Black is beltza II - Ainhoa filmaren eta Su Ta Garren emanaldia.
Egitarau zehatza hemen duzue. Egitarau aberatsa eta interesgarria benetan. Eta ni, laneko eta bestelako hainbat kontu medio, ezin naiz egunetakoren batean ere hurbildu... Kaka zaharra!
Ongi etorria HernaniKomik, eta urte askotarako!
"Harald eta Ignir-en altxorra" 2
Harriet etxeak 2019an argitaratu zuen Harald eta Ignir-en altxorra saileko lehenengo zenbakia. Matthieu eta Antoine Brivet anaiek egiten dituzte, hurrenez hurren, gidoia eta irudiak sail nordiko honetan. Eta orain datorkigu jarraipena. Bertan, Harald bikingo gazteak bere aita Dagmar erregeren bizitza salbatzen lagunduko dion Ignir itsasoko herensugearen harribitxia lapurtu dutenen atzetik jarraitzen du. Bitartean, bere ama Silkek zailtasunak ditu herrian botereari eusteko, azpijokoan ari baitzaio bere neba, igarlearen laguntzarekin.
Tintinen beste komiki bat berrargitaratu da euskaraz: Uharte beltza
Duela 3 urte hasi ziren Zephyrum eta Trilita argitaletxeak Tintinen albumak euskaraz berrargitaratzen. Castafioreren bitxiak, Ilargia helburu eta Ilargian oinezen ondoren, orain Uharte beltza istorioari tokatu zaio txanda, gure zorionerako. Inazio Mujika Iraolak egin du itzulpena.
Argitalpen hauek daukaten hizkuntza-politika bitxia da, nolabait esatearren. Euskaraz gain, Espainiako estatuko beste bospasei hizkuntzatan ateratzen dituzte beti, baina beti aldatuz doaz. Aurrekoak valentziera, aragoiera, aranera, castúoa edota mallorkeran argitaratu badituzte, hau asturieraz, cadaqueseraz, kantabrieraz, galegoz eta ladinoz ere atera da. Baina tira, euskara hautatutako hizkuntzen artean dago berriz ere, eta hala klasiko eder hau euskaraz gozatu ahal dugu!
Komiki aldarrikatzaile-dibulgatzaile-pedagogikoen uholde amaiezina
Irudia: Jordi Bayarri / Laurent Kling / Irati Aretxabaleta / Jenny Jordahl / Gerardo Cosenza / Alex Orbe
Hezkuntza eragileek helburu dibulgatzaile/pedagogikoekin edo GKEek euren mezua hedatzeko komikia baliatzea ez da gauza berria, baina azken aldian euskaraz ikusten ari garen mota horietako komikien kopurua zeharo izugarria da. Berriki eman dizuegu horrelako Sauré-ren lau eta beste elkarte batzuen beste lau komikiren berri. Bada, zenbaki honetan aurten edota iazko urtearen hondarrean kaleratutako beste seiren berri eman behar dizuegu:
- Einstein: jauzi kuantikoa (Ikaselkar, gidoia eta marrazkiak Jordi Bayarri, kolorea Dani Seijas), zientzialari ezagunaren bizitza eta ekarpenaren ingurukoa.
- 24 ordu Harri Aroan (Ttarttalo, gidoia Lan Cook eta marrazkiak Laurent Kling), Harri Aroaren ingurukoa.
- Gabriela leku berri batera joan da bizitzera (Elkarbanatuz, gidoia eta marrazkiak Irati Aretxabaleta, doan banatzen da), gazteak eta migrazioari buruz.
- Zer gertatzen da klimarekin? (Erein, gidoia Ole Mathismoen eta marrazkiak Jenny Jordahl), berotze-globalari buruzkoa.
- Bihurrikeriak Sabikan (Sauré, gidoia eta marrazkiak Gerardo Cosenza), Granadako erresumaz.
- Unamuno. Gizona eta arrazoia (Gallo de oro, gidoia Borja Crespo eta marrazkiak Alex Orbe), Bilboko idazle eta filosofoari buruzkoa.
"Aztarna faltsuak", Duhamel-en beste komiki bat euskaraz
Bruno Duhamelek azken urteotan ateratzen duen ia guztia euskaratzen ari da Harriet argitaletxea, eta gu zorteko gara horregatik, bikainak baitira. Itzulera, Inoiz ez, #kontaktuberria_, Abelen bidaia... eta orain Aztarna faltsuak hau, ohikoa duen gisan gaiz aldatuz.
Urte luzez jolas-parke batean mendebalde urruneko sheriff ezagun baten rola egin ondoren, kasik benetan hura dela pentsatzen du Frank-ek. Orain, lanetik egotzi ostean, mendebalde urrun hartarako bidai bati ekingo dio...