"Lehoi ogroa" eta "Dortokaren promesa" sailen zenbaki berriak
Eta Harriet etxearen kontu gehiagorekin gatoz (euskaraz komiki gehien ateratzen dituena baita). Batetik, Bessadiren Lehoi ogroa sailaren bigarren zenbakia atera du, Hiru lehoiak izenburukoa. Hemen ere animaliez osatutako mundu fantastiko bat eta irudi polit-politak aurkituko ditugu. Ogro hiltzaile bihurtzen den eta memoria galdu duen Kgosi lehoia, Wilt antxumea, Othila sagu gerlaria eta Hind azeria Logrine xamanaren etxolara iritsiko dira, non Kgosik bere iragan izugarria ezagutuko duen...
Bestetik, euskal komikizaleon ezagunak diren Stéphane Piatzszek gidoilariak (Iñaki Holgadorekin Rétine saila eta Guillermo Gonzalezekin Le chevalier à la licorne egindakoa) eta Tieko marrazkilariak (Tomoë) egiten duten Dortokaren promesa sailaren hirugarrena ere argitaratu du. Hemen izango dute amaiera Frantziak Tortuga uhartera hango filibusteroekin ezkontzera preso bidalitako eta ihes egindako hiru emakumeen abenturek.