Intxaurrondoko komiki-solasaldiak 2017-2018
Intxaurrondoko komiki-solasaldien kurtso berria datorren astean hasiko da. Hileroko bigarren astearteetan arratsaldeko 19:00etan Intxaurrondo Kultur Etxean egingo diren saio hauetatik euskarazko 4ak nik gidatuko ditut eta gaztelaniazko beste 5ak Juanma Díaz de Guereñuk.
Hauek izango dira euskarazko saioak:
- Azaroaren 8an (adi, hau asteazkenean da!, Komikilabea programaren barruan sartu baitute) Marjane Satrapiren Persepolis ezaguna izango dugu mintzagai.
- Urtarrilaren 9an Asiskoren Eusklabo alaiak komikia landuko dugu.
- Martxoaren 13an Eider Rodriguez eta Julen Ribasen Santa Familia aztertuko dugu.
- Maiatzaren 8an Xabier Paya eta Patxi Gallegoren Nork komikiaren inguruan izango da.
Lehenengo saioan izan ezik, beste hiruetan egileak gurekin izango ditugu.
Gaztelaniaz urrian Jillian Tamaki eta Mariko Tamakiren Aquel verano, abenduan Frank Millerren El regreso del caballero oscuro, otsailean Nadarren El mundo a tus pies, apirilean Charles Burnsen Agujero negro eta ekainean Manu Larceneten El informe de Brodeck landuko ditu Juanmak.
Ikusten duzuenez, saio oso interesgarriak guztiak. Animatu etortzera! Euskarazkoetan iaz ez zen jende askorik izan, pena bat, ze oso ongi atera ziren (ez nigatik, egileak bertan zirelako baizik). Ziur aurten ere hala izango dela, ea jende gehiago agertzen den!