Euskarazko manga zaparrada Harriet-en Kabe zigiluan!
Hau dunk marka, hau! Urte asko behar izan ziren lehenbizikoz manga bat euskaraz argitaratua ikusteko, baina geroztik benetako zaparrada ikusten ari gara. Bi argitaletxeri zor diegu hori: Ooso-ri eta, bereziki, Harriet-i. Azken honek Kabe zigilua sortu du euskaraz manga ateratzeko, eta aurten hamar bat manga ateratzeko asmoa azaldu du. Eta, izan ere, asmo hori betez, urtearen erdira oraindik iritsi ez garenean, 5 atera ditu.
Batetik, Tomomi Usuiren Cube Arts sailaren bigarrena eta hirugarrena dauzkagu, non Takuto gazteak eta bere lagunek barruan harrapatu dituen Cube Arts bideo-jokoaren (blokez osatutako mundu bat irudikatzen duen eta Minecraft asko gogorarazten duen jokoa) barruan bizitzen ari diren abenturen jarraipena eta amaiera ezagutuko ditugun.
Bestetik, Tabasa Ioriren Heroines game sailaren lehenengo eta bigarren zenbakiak daude. Bertan Txanogorritxo bezalako ipuinetako pertsonaiak agertzen diren baso batean sartzen da Alice, baina ikusiko dituen istorioak ez dira ipuinetakoak bezalakoak, pertsonaiok elkar hiltzen baitute beldurrezko komiki honetan.
Azkenik, Itaru Kinoshitaren Dinosaurs Sanctuary sailaren lehenengoa daukagu, Suzume zaintzailearen dinosauroz betetako irla eta parke bateko bizipenak dakarzkiguna.
Manga guztiak Iker Alvarezek ekartzen ditu euskarara zuzenean japonieratik.
Erabat berri pozgarria, manga edo komiki japoniarra gazteen artean ikaragarri arrakastatsua baita eta, beraz, euskaraz izatea lehentasunezkoa eta estrategikoa da. Bejondeizuela, Harriet eta Kabe!