Artxiboa Otsaila 2009
Onenak... aspaldidanik
Cánovas del Castillo presidente espainiarrak ez zituen euskal foruak erabat kendu nahi izan, haren ustez euskal jestioa gobernu espiniarrarena baino hobea zelako eta, horretara, egin beharrekoa ez zelako euskal administrazioa Espainiakoaren mailara jaistea, Espainiakoa Euskal Herrikoaren parera jasotzea baino.
Euskal ekonomia eta Eusko Jaurlaritzaren jestio ekonomikoa omen dira datorren igandeko hauteskundeetan erabaki beharreko ardatz nagusi bi.
Euskal administrazioa ez da, ez, ahaltsua; ezta on hutsa ere, eta seguru gero ez dariola ur bedeinkaturik egiten duen guztiari. Baina, datu objektiboen arabera, euskal administrazioa da espainiar estatuko onena eta, oro har, Europako serioenetakoa.
Hau horrela izan da azken hogeita hamar urteotan, baina baita lehenago ere. Orain dela mende t´erdi inguru, esaterako, Cánovas del Castillo presidente espainiarrak ez zituen euskal foruak erabat kendu nahi izan, haren ustez euskal jestioa gobernu espiniarrarena baino hobea zelako eta, horretara, egin beharrekoa ez zelako euskal administrazioa Espainiakoaren mailara jaistea, Espainiakoa Euskal Herrikoaren parera jasotzea baino.
Cánovasek politikagintzaren alderdi praktikoan sinesten zuen. Berak idatzi bezala: politikagintza da unean uneko momentu historiko bakoitzean gure ametsetarik ahal duguntxoa praktikan jartzeko artea.
Ez dakit zuek baina nik, honez gero, ez dut politikarengandik besterik itxaro. Hau da, beste pare bat mendetan edo, euskal administrazioak onena izaten jarraitzea.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko otsailaren 24an.

Angiolillo anarkista italiarrak Cánovas hil zuen tiroz Santa Agedako bainuetxean (Gesalibar, 1897.08.08)
Benjamin Buttonen atzekoz aurrerako bizitza
Hamahiru nominazio ditu “The curious case of Benjamin Button” filmeak gaur erabakiko diren Oscar sarietarako. Ez dakit nik zenbat lortuko dituen atzenean, baina ez dut uste Brad Pittek aktorerik onenari dagokiona merezi duenik. Eta, lortzen baldin badu, beti uste izango dut Brad Pitt delako ematen diotela.
Behar bada filmeak berak merezi du Oscar saririk; agian, baita David Fincher zuzendariak ere; eta, segurutik, zer esanik ez, argazkiak, jantziak, giroak edo efektu bereziek; baina, makillaje-lan aparta alde batera utzita, nik ez diot filme honetako Brad Pitti ezelango dirdira berezirik sumatu. Hala ere, jakina, Brad Pritten distira Brad Pitten distira da.
Laurogeita bost urte dituela 1918an soin zaharkituz jaio eta 2003an Alzheimerrez hiltzen den haurraren bizitza da filme hau, F. Scott Fitzgerald idazlearen ipuinean (1922) oinarritua. Atzekoz aurrerako bizitza surrealista, noski, arras sinesgaitz iruditu arren filmean zehar dezente erraz onartzen dena, bai historiaren beraren baitan eta baita butaketan eseritzen diren ikusleen artean ere.
Historia ez da, jakina, batere konbentzionala, eta ezohiko egoerak interesari eusten dio ia hiru ordutan zehar, auzia nola konponduko zain. Aldrebeskeria honek, ordea, uste baino katramila gutxiago sortzen du eta bai, ordea, mezu garbia aldarrikatu: bizitza datorren moduan hartu behar dela, gertakariak gertatu baino ez direla egiten, gertaera bakoitzak bere momentu aproposa duela eta, zer gerta ere, hartaz baliatu beharra dagoela. Une batean Daisyk (Cate Blanchett) galdetzen dio Benjamini (Brad Pitt) ea nola ikusten duen bere burua eta honek normal asko erantzun: Ez dakit, nik ez dut besterik ezagutu.
Filme erromantikoa, amodiozkoa, ontasun handikoa. Benjamin Button protagonistak ez du behin ere pentsamendu txarrik, intentzio maltzurrik edota batere gaiztakeriarik bere (zorigaiztoko?) bizitza luze guztian zehar.
Hala ere, entzuteko baino gehiago, ikusteko filmea da, ikuskatzekoa, begiz dastatzekoa. Historia izugarri ondo girotua, aroz aro eta hamarkadaz hamarkada. Pertsonaien itxuraldaketa, berriz, sekulakoa. Eta ez karakterizazio handiko egoerarik nabarmenenetan soilik (agure zahar jaio berria), baita pasarte hurbilago edo normaltxoagoetan ere, Daisy anderea eta Benjamin gaztea elkarrekin azken aldiz oheratzen direnean, esaterako. Txalogarria, bai, haur zaharkituaren irudikapena baina harrigarria gero zelan Benjamin Button, gaztetu ezezik, hazi ere hazten den altueraz.
Zinea zine...

Odolostiak
Ez dot neure inguruan iñor ezagutzen odolosterik jaten ez dauanik. Baiña ezagutu be ez dot iñor ezagutzen labaña hartu eta txarrixa hiltzeko gertu daguanik. Iñork ez dau txarririk hil nahi baiña danok odolostia jateko gertu.
Kontraesan nabarmen xamarra gure gizartian, txarri-kontuetan ezezik baitta beste edozenbat arlotan be. Esaterako, danok gara oso zorrotzak energixa-itturrixak kritikatzerakuan baina iñork ez dau argi barik geratu nahi. Etxian argixari emonezkero argixa ixotzia nahi dogu, jakiña, nundik ete datorren arduratu barik.
Danok begiratzen detsagu petrolioari betozko illunez, baina iñork ez detsa muziñik egitten autuan depositua betetzerakuan. Iñork ez dau nahi bere etxe onduan trenbiderik, autopistarik, erraustegirik, zentralik edo hil-beilatokirik, baina danok gura dittugu komunikaziño bizkorraguak, energixa merkiaguak eta zerbitzu hobiak.
Kolesterola takian potian aittatu arren, guztiori gustatzen jakuz txarrikixak, eta odolostian ordez urdaiazpikua bada, hainbat hobe. Baina horretarako txarrixa hil bihar danik iñork ez dau aittatzerik nahi izaten.
Ez dot iñun txarriboden kontrako pankartarik ikusi. Bakotxari tokatzen jakozen gauzetan ez ikusi egin eta kitto.
… eta kitto astekaria. 668 zenbakia. 2009ko otsailaren 20an.
Tertuliakideen lilurak, menturak eta kalenturak
Gezurra dirudien arren, Joxemiel Barandiaranek eta Koldo Mitxelenak baretu zidaten neri Oteizaz nuen lilura galanta. Hainbat urtez uste izan nuen Oteiza erabateko jeinua zela. Guztiaz zekiela, alegia: eskulturaz, arkitekturaz, diseinuaz, estetikaz, filosofiaz, poesiaz, paleontologiaz, arkeologiaz, linguistikaz, filologiaz eta beste hainbat gauzaz. Baina ez zen nonbait egia.
Behin (1973?) Joxe Miel Barandiaranek esan zigun Bergaran eman zuen hitzaldiaren ondotik, Oteizak historiaurreaz eten gabe bota ohi zituen teoriak gehiago zirela ipuin politak zientzia-azalpenak baino. Tira, zorrotz asko itzulita Aita Barandiaranek apal-apal esandakoa, Oteizak ezer gutxi zekiela hartaz, inork kontrakorik egin ez arren.
Beste behin (1977?), berriz, Irun Literatura Sarien epai-mahaian, Koldo Mitxelenak ironia dezentez argitu nahi izan zigun Hondarribian, salamankariaren beraren gaietan behintzat Oteiza hutsaren hurrengoa baino ezjakinagoa eta arriskutsuagoa zela.
Ez, ez batak eta ez besteak ez zuten Oteiza irudigilea zalantzan jarri baina bai, ordea, bere lekuan kokatu. Oteiza jainkoa zelakoan eta… artista besterik ez. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere, jakina.
Antzerako zerbait gertatzen ari zait gure irrati-telebistetako zenbait tertuliano edo solaskiderekin. Nik beti uste izan dut horrelako trantzeetan parte hartzeko, edozein unetan huntaz eta hartaz hitzegiteko, makinatxo bat gauza sakon jakin behar dela, eta denetarik gainera. Baina, behar bada, oker nengoen edota, hobeto esan, ez nengoen erabat zuzen.
Politikaren inguruan aritu izan nintzelarik ohartu nintzen politikaz hain aditu agertzen zirenek zein gutxi zekiten eta zein informazio urria zuten, nahiz eta denetaz bolo-bolo eta barra-barra jardun, zertzelada eta katramila guztien jabe bailiren.
Geroztik konturatu nintzen, berriz, ekonomiaz ere ez zirela maisu. Ondoren sumatu nuen energia ez zela euren gairik landuena eta azken bolada honetan ohartzen hasia naiz industriaz ere ez direla jakitunegi.
Ez, ez. Ez dezala gero inork pentsatu nik edonork baino gehiago dakidala uste dudanik. Ez, ez. Hain justu, alderantziz da. Nik hain gutxi jakinda, besteen eskasiaz konturatzeko gauza baldin banaiz… zer ez ote dute gero pentsatuko gai bakoitzean jantziak direnek… Dialez aldatu eta kitto.
Hala ere, ausardiarik behintzat ez die inork ukatuko.

Demokrazia errepresentatiboa
Segurutik demokrazia da giza-zibilizazioak asmatu duen sistemarik justuena. Baina, hau egia izanik, egia ere bada, gizarte aurreratuak burutu duen demokraziarik landuena demokrazia errepresentatiboa dela. Eta hau gogoratu beharra dago, hauteskunde-girotan esaterako, ordezkariak hautatzeko orduan hain zuzen ere.
Gure ama zenak aspaldi esan zidan sekula ez fidatzeko liburu bakarreko irakurleaz. Orain zail samarra da liburu bakarreko irakurlerik aurkitzea, baina gero eta errazagoa da ideia edo helburu bakarreko jendea topatzea. Gero eta konplexuago den gizarte honetan, gero eta espezialista gehiago dago. Ondo da, bai, gai batez edo bestez espezialtzea, baina gizartearen aniztasuna ahazteke behintzat.
Gaur egun denetariko talde edo plataforma aproposak daude, egitasmo jakinekoren baten aldekoak edo kontrakoak. Eta denek hitzegiten digute beraien arazoa gizartean dagokeen garrantzitsuena balitz bezala, besterik ez balego bezala. Beste guztiok, eurek gogoko duten gaiaz derrigorrez eztabaidatu eta erabaki beharko bagenu bezala; eta demokraziaren izenean, gainera.
Baina hori ez da demokrazia. Demokrazia ez da gaiak txikitu, bereizi, banandu eta bakoitza bere aldetik aparteko erreferendumetan erabakitzea: behin ospitalea non egin, bestean geltokia non jarri, beste behin zein hizkuntza-politika edo industria-lege erabaki; eta hurrengoan, berriz, autopista ordaindu behar den edo zergak igo egin behar ote diren.
Segurutik demokrazia da giza-zibilizazioak asmatu duen sistemarik justuena. Baina hau egia izanik, egia ere bada, gizarte aurreratuak burutu duen demokraziarik landuena demokrazia errepresentatiboa dela. Eta hau gogoratu beharra dago, hauteskunde-girotan esaterako, ordezkariak hautatzeko orduan hain zuzen ere.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko otsailaren 10ean.

Belaunaldi-txandarik eza
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta Euskal Bizikleta urtero eratu ohi dituzten antolamenduak bildu dira azkenik, hainbat urteko konponezinen ondotik, bi txirrindu-lasterketez bat egin eta aurrerantzean elkarrekin jardun ahal izateko. Egitasmo bateratu honek Eusko Jaurlaritzaren zein ETBren onespena du. Publizitate paraofizialak ere pozarren hartuko du erabakia.
Kostata hartutako erabakia izan arren, ez dio ezelan ere logikari arrazoirik zor, ez baitzen batere homologagarria barrena azken hamar urteotan gertatzen ari zena, alegia: nazioarteko lasterketa bi Gipuzkoa bezain esparru txikian, finantza-iturri berdintsu samarrez eta telebista berberaren estalduraz.
Etorkizun latza zuten donostiarrek antolatutako euskal itzuliak eta eibartarrek eragindako euskal bizikletak, bakoitzak bere aldetik jarraituz gero. Jakinekoa gero, gogoz behintzat, bataren zein bestearen guraria nor bere kaxa lehengo lepotik jarraitzea zela, baina azken boladan benetako “lepoa” ez zen antolatzaileena, publizitatearena eta telebistarena baino. Eta… ezin denean ezin da eta, gainera, ezinezko da.
Hala ere, egia bada ere azken erabakian zer esan asko izan dutela erakundeek (Eusko Jaurlaritzak), komunikabideek (ETBk), merkatuak (publizitateak) eta Donostiako zein Eibarko antolatzaileek, egia ere bada inon aipatu ez den beste arrazoi bat izan dela oinarri-oinarrian: belaunaldi-txandarik eza. Hau da, Euskal Itzuliaren nahiz Euskal Bizikletaren antolatzaileen artean aurpegi berberek dirautela ia-ia demokrazia indarrean jarri zenetik ona. Orduko eta oraingo argazkiak ikusi besterik ez, musu berberak zimurragoak badira ere.
Baina, hori bai, belaunaldi-txandarik eza ez da gertatu zaharrek alde egiterik gura izan ez dutelako, gazteek testigurik hartzerik nahi izan ez dutelako baino. Eta honek ez du esangura oraingo gazte-jendeak ezer egin nahi ez duenik, beste zerbait egin nahi duela baizik. Belaunaldi bakoitzak ditu bere berezko zaletasun, lehentasun eta jokabideak.

Txapela buruan, nagusi Erroman
Sabino Arana Fundazioak aurreko larunbatean saritu zituenen artean aipagarri, besteak beste, Roger Etxegarai (Ezpeleta, 1922) kardinala, bakegintzan zein hitzarmenetan egindako lan eskergarengatik.
Roger Etxegarai izan zen, jakina denez, Irak-eko inbasioa zela-eta, 2003 urtean Vatikanoak Washingtona bidali zuen ordezkaria gerra ekiditzeko ahaleginetan. Sabino Fundazioaren sarien epai-mahaiak aditzera eman duenez, Etxegarai aditu samarra omen da denetariko gatazka-kontuetan. Eta, nik dakidanez, ez urrutikoetan soil-soilik.
Ezpeletako semeak ez du ezkutatzeko bere jatorria. Eta ez txapel eta guzti ibili ohi delako Erroman barrena zein mundu guztian zehar, baita iraun ere euskal senaren jabe dirauelako. Aurten 87 urte bete arren, txapel ederra behar gero disko gogor horretan dagoen informazio guztia estaltzeko eta segurtatzeko.
Vatikanoan bizi naiz eta...
Katrin
Zortziki hau Katrin Gesalaga Aranberri da. Hogeita lau ordu ditu kakanarroak eta 2,450 kilo besterik ez. Uste baino hilabete lehenago jaio da, hegaztadaren letxe, batere arazorik gabe eta erraztasun handiz. Aitaren antza omen du eta, itxura denez, baita amaren presak ere. Aittitta urbitsetan.

