Onenak... aspaldidanik
Euskal ekonomia eta Eusko Jaurlaritzaren jestio ekonomikoa omen dira datorren igandeko hauteskundeetan erabaki beharreko ardatz nagusi bi.
Euskal administrazioa ez da, ez, ahaltsua; ezta on hutsa ere, eta seguru gero ez dariola ur bedeinkaturik egiten duen guztiari. Baina, datu objektiboen arabera, euskal administrazioa da espainiar estatuko onena eta, oro har, Europako serioenetakoa.
Hau horrela izan da azken hogeita hamar urteotan, baina baita lehenago ere. Orain dela mende t´erdi inguru, esaterako, Cánovas del Castillo presidente espainiarrak ez zituen euskal foruak erabat kendu nahi izan, haren ustez euskal jestioa gobernu espiniarrarena baino hobea zelako eta, horretara, egin beharrekoa ez zelako euskal administrazioa Espainiakoaren mailara jaistea, Espainiakoa Euskal Herrikoaren parera jasotzea baino.
Cánovasek politikagintzaren alderdi praktikoan sinesten zuen. Berak idatzi bezala: politikagintza da unean uneko momentu historiko bakoitzean gure ametsetarik ahal duguntxoa praktikan jartzeko artea.
Ez dakit zuek baina nik, honez gero, ez dut politikarengandik besterik itxaro. Hau da, beste pare bat mendetan edo, euskal administrazioak onena izaten jarraitzea.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko otsailaren 24an.
Angiolillo anarkista italiarrak Cánovas hil zuen tiroz Santa Agedako bainuetxean (Gesalibar, 1897.08.08)
Segurutzat jotzen dut Canovasek esana eta bere atzeko pentsamendua bat ez etortzea. Genetikaz ez dira hobeak hemengo agintariak, bai daukate alde gertu egotea, baina Canovasen berbak ez dute ezer frogatzen, sasoi horretan hori esatea interesatzen zitzaiola baino ez.