Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Belaunaldi-txandarik eza

Belaunaldi-txandarik eza

Amatiño 2009/02/08 11:00
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta Euskal Bizikleta urtero eratu ohi dituzten antolamenduak bildu dira azkenik, hainbat urteko konponezinen ondotik, bi txirrindu-lasterketez bat egin eta aurrerantzean elkarrekin jardun ahal izateko. Egitasmo bateratu honek Eusko Jaurlaritzaren zein ETBren onespena du. Publizitate paraofizialak ere pozarren hartuko du erabakia.

Kostata hartutako erabakia izan arren, ez dio ezelan ere logikari arrazoirik zor, ez baitzen batere homologagarria barrena azken hamar urteotan gertatzen ari zena, alegia: nazioarteko lasterketa bi Gipuzkoa bezain esparru txikian,  finantza-iturri berdintsu samarrez eta telebista berberaren estalduraz.

Etorkizun latza zuten donostiarrek antolatutako euskal itzuliak eta  eibartarrek eragindako euskal bizikletak, bakoitzak bere aldetik jarraituz gero. Jakinekoa gero, gogoz behintzat, bataren zein bestearen guraria nor bere kaxa lehengo lepotik jarraitzea zela, baina azken boladan benetako “lepoa” ez zen antolatzaileena, publizitatearena eta telebistarena baino. Eta… ezin denean ezin da eta, gainera, ezinezko da.

Hala ere, egia bada ere azken erabakian zer esan asko izan dutela erakundeek (Eusko Jaurlaritzak), komunikabideek (ETBk), merkatuak (publizitateak) eta Donostiako zein Eibarko antolatzaileek, egia ere bada  inon aipatu ez den beste arrazoi bat izan dela oinarri-oinarrian: belaunaldi-txandarik eza. Hau da, Euskal Itzuliaren nahiz Euskal Bizikletaren antolatzaileen artean aurpegi berberek dirautela ia-ia demokrazia indarrean jarri zenetik ona. Orduko eta oraingo argazkiak ikusi besterik ez, musu berberak zimurragoak badira ere.

Baina, hori bai, belaunaldi-txandarik eza ez da gertatu zaharrek alde egiterik gura izan ez dutelako, gazteek testigurik hartzerik nahi izan ez dutelako baino. Eta honek ez du esangura oraingo gazte-jendeak ezer egin nahi ez duenik, beste zerbait egin nahi duela baizik. Belaunaldi bakoitzak ditu bere berezko zaletasun, lehentasun eta jokabideak.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: