Demokrazia errepresentatiboa
Gure ama zenak aspaldi esan zidan sekula ez fidatzeko liburu bakarreko irakurleaz. Orain zail samarra da liburu bakarreko irakurlerik aurkitzea, baina gero eta errazagoa da ideia edo helburu bakarreko jendea topatzea. Gero eta konplexuago den gizarte honetan, gero eta espezialista gehiago dago. Ondo da, bai, gai batez edo bestez espezialtzea, baina gizartearen aniztasuna ahazteke behintzat.
Gaur egun denetariko talde edo plataforma aproposak daude, egitasmo jakinekoren baten aldekoak edo kontrakoak. Eta denek hitzegiten digute beraien arazoa gizartean dagokeen garrantzitsuena balitz bezala, besterik ez balego bezala. Beste guztiok, eurek gogoko duten gaiaz derrigorrez eztabaidatu eta erabaki beharko bagenu bezala; eta demokraziaren izenean, gainera.
Baina hori ez da demokrazia. Demokrazia ez da gaiak txikitu, bereizi, banandu eta bakoitza bere aldetik aparteko erreferendumetan erabakitzea: behin ospitalea non egin, bestean geltokia non jarri, beste behin zein hizkuntza-politika edo industria-lege erabaki; eta hurrengoan, berriz, autopista ordaindu behar den edo zergak igo egin behar ote diren.
Segurutik demokrazia da giza-zibilizazioak asmatu duen sistemarik justuena. Baina hau egia izanik, egia ere bada, gizarte aurreratuak burutu duen demokraziarik landuena demokrazia errepresentatiboa dela. Eta hau gogoratu beharra dago, hauteskunde-girotan esaterako, ordezkariak hautatzeko orduan hain zuzen ere.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko otsailaren 10ean.