Artxiboa Azaroa 2005
Sasiabangoardiaren nostalgia
Hamar dira, hamar, honez gero ETAk aurten zabaldu dituen agiriak eta, aurreko ostegunean bota zuen atzenaren arabera behintzat, ezin esan gero guztiok itxaro dugun bake-bidea errazteari ekin dionik. Ez horixe. Esanak esan, ETAk euskal politikaren Trueno Kapitaina izaten jarraitu nahi du, antza, eta Maité filmean Obdulio kubatarrak euskaldunei gogoratu bezala: Eso ya no se lleva. ETA modaz kanpo dago eta ez da konturatzen edo... ez du konturatu nahi.
ETA zeharo errealitatez kanpo dago, bai, baina ez soilik armen erabilpenak ezelango onarpenik ez duelako berak defenditu nahi omen dituen euskal herritarren artean, baita ere honez gero ezein alderdik ezta Batasunak ere ez diolako ETAri berari onesten batere erabaki-ahalmenik euskal politikagintzan.
Urtebete joan da Batasunak Anoetan proposatu zuenetik gatazka kaleetatik ateratzea, bitarteko politikoez baino ez baliatzea eta negoziazioa bi mahaitan egitea (Estatua-ETA, bata; alderdi politikoen artekoa, bestea) baina, hala ere, ETAk jarraitzen du oraindik ere amore eman ezinik, bere eskizofrenia horri buelta eman ezinik, eta alderdiei esaten bere ustez zer egin beharko luketen eta zer ez.
Berrogeita bost urte askotxo dira segurutik eta, sasiabangoardiaren nostalgia gainditu ezinaren ezinez, ETAk bere burua erretiratu nahi ez duen agure egoskor, setati eta tematsuak bezala amore eman ezinik jarraitzen du, herriaren salbatzailearenak egin gurarik, alderdien doitasunaren galbahearenak egin nahirik, euskal esentzia politikoen gordailu bera balitz bezala.
ETA ez da inoiz, sekula gero, demokrata izan baina denbora aski izan du ikasteko, erabaki eta proposamenetan asmatu edo ez, alderdiak euren buruaren jabe direla. Errealitatearen mugaz handik ez balego, dagoeneko ETAk ulertu beharko luke alderdiek ez dutela euren erabaki-ahalmena Dick Turpinen eskutan utziko eta, gainera, txarrenean ere, alderdiek gutxienik lau urtetik behin herri-azterketa pasatzen dutela... ETAk sekulan egin ez duena, hain zuzen ere.
Ana ta Mikel bikoteari
I
Lau bat bertso nahi dittut, gaur hamen moldatu,
nere alaba Anari poz-pozik kantatu.
Ta Mikel lagunari Arraten eskatu,
gura daixala beti bihotzez maittatu,
alkarri agindua betetzen saiatu.
II
Aurrian dakazue postura luzia,
batak kazetarixan kontu asmatzia,
bestiak teknikuan datua jartzia.
Bizitza ez da iñoiz bardin pentsatzia,
baiña bai alkarreaz ondo konpontzia.
III
Zuen maittetasuna da zoragarrixa,
ez gero iñoiz pentsau danik huskerixa.
Horretarako bihar da gurari ta nahixa,
benetako lagunen kuttun-egarrixa,
hainbat ahalegiñ eta bixon etorrixa
IV
Ez jatzue faltako kargarik lepuan,
ezta une ederrik amodio goxuan.
Izan zaittie beti alkarren albuan,
iraun daizuen luze denpora morduan,
hamengo Arrateko Amatxon altzuan.
Hogeita hamar urte, eta oraindik...
Franco hil zenetik 30 urte direla eta, komunikabideek gogorazio-bilketa egin dute orduko oroitzapenak jasoteko. Garbi dago gehienek nahiago izan dutela orduko emozio pertsonalak bildu, egoera hartako jarrera politikoen berri eman baino. Egia da demokraziarik gabeko giro hartan joko politikoa mugatua zela, eta garai hartako alderdi eta sindikatuen egoera klandestinoak ez duela batere laguntzen jendeak orduko zentzu politikoan bere burua gaur egun kokatu dezan. Baina horrek ez du esangura orain 30 urte denak Francoren kontra zeudenik edota haren heriotza ostean jarrera politiko kontrajarririk ez zegoenik.
Gogoratu nahi ez arren, hiru ziren 1975an Estatuan nagusi ziren jarrerak: 40 urteko diktadurarekin jarraitu nahi zutenak; diktadurarik nahi ez arren, demokraziarako zubi luzeagoa eskatzen zutenak; eta presoen amnistia, alderdien eta sindikatuen legeztatzea, hauteskunde askeak, herri-erakundetzea eta giza-eskubideak berehala aldarrikatzen zituztenak. Hirugarren hau zen Euskadin nagusi zen jarrera.
Egia, bai, egun hartan asko izan ginela pozaren pozez zigarro purua erre eta xanpaina edan genuenok baina, nahiz eta inor gutxik jakin, egia ere bada jai-giro hartan isilpeko lanik egin zuenik ere izan zela eta, egunkariek ezkutatu arren, belaunaldi oso baterako programa finkatu.
Izan ere, 1975ko azaroaren 20an bertan, klandestinatean zegoen EAJren Euzkadi Buru Batzarrak bost puntuko aldarria egin zuen: euskal herriak behar zituela bere ordezkari politiko eta sindikalak izan; baita bere legebiltzarra hautatu ere; aurrera egiteko, sistema giza-ekonomikoa indarrean jarri; euskararen ofizialtasuna, kulturgintzan, komunikabideetan eta administrazio publikoan garatzeko; eta, kanpora begira, Herrien Europaren aldeko apostua. Amaitzeko, ezkutuko EBB harek dei egin zien Euskal Herrian bertan zein kanpoan jaiotako guztiei egitasmo hartan parte hartu zezaten.
Esanak esan, oraindik ere bada gure artean EBBk orain 30 urte esan zuena lartzat joten duenik.
Ba... oso ondo
Auskalo gero azkenean bakeak egiteko gauza izango ote garen, baina begien bistakoa da behintzat biderik egin egiten ari garena. Bide erdiak bederen.
Urteak daramatzagu nork bere larraina markatzen zein inorena uxatzen eta hona non, azken astebeteotan, inoren bideak norberarenak baino ez diren. Aralarrek dio Batasunak haren bideari ekin diola azkenik. Batasunak dio azkenean Euzko Alderdi Jeltzalea kopiatzen hasi zaiola. Jeltzaleok, berriz, seguru omen daude behingoz Batasuna bideratzen hasia dela eta, Alderdi Sozialistari jaramonik egingo badiogu, alderdi orok dihardu beraien bide beretik aritzen. Bapo, martxa honetan gehienek ildo berean aurkitu ahal izango dute elkar. Ba... oso ondo.
Noizbait bakeak egingo ditugu, bai, eta bake-helmuga horretan Aralarrek esango du berari esker Batasunak mugitu behar izan duela. Batasunak esango du berari esker Euzko Alderdi Jeltzaleak berreskuratu behar izan duela orain 30 urte galdutako bidea. Zapaterok salduko du Espainian berari esker lortu dela bakea eta EAJk esango du horretarako ez zela horren txango luzerik behar.
Eta denok arrazoi, denok irabazle eta denok gustura. Ba... oso ondo.
Frantzia hain handia ote?
Charles de Gaulle Frantziako V. Errepublikaren presidentea Montréala heldu 1967an eta Vive le Québec libre oihukatu zuenean garbi azaldu zuen frantsesek mundua baloratzeko bi neurri dituztela. Bata Frantzia neurtzekoa eta bestea gainerako mundu guztia neurtzekoa. Frantziak Kanadako Québec-entzat aldarrikatzen du frantziar Estatu barrurako aldarrikatzen ez duena.
Frantsesek harro daude Frantziako Iraultzaz baina ez dute, ostera, inoiz aipatu izaten Iraultzaren aitzakiaz Alsazian, Saboian, Bretainian, Okzitanian edo Euskal Herrian egindako etnozidioa. Frantzia ez da Alemania, Austria edo Italia baino europarragoa baina bai, aldiz, jakobinismoaren eragilerik handiena.
Bi mende geroago, ez dirudi Iraultzaren hiru lelo nagusiek liberté, egalité, fraternité-- indarrean jarraitzen dutenik. Ez behintzat frantses guztientzat eta are gutxiago eskolara buruzapiz joan nahi luketen frantsesentzat. Frantziar nortasunak krisialdi latza bizi du eta Alain Tourain filosofoak salatu duenez, Estatu frantsesak nahiago izan du segurtasunaren leloa azpimarratu, aniztasunarena baino. Frantsesek harri eta zur dakusate euren sistemaren porrota.
Frantziar nortasunaren ahuleria hau ez da berria. Ezin ahaztu Frantzia izan zela zine europarra defenditzeko kultura-salbuespena asmatu zuena, bere ekoizpenek amerikarrekin lehiatu beharrik izan ez zezaten. Ezin ere alboratu, europar konstituzio erreferendumean Frantziak ezezkoa eman zuenean, berezko nortasunaren jabe diren zenbait errejiotan Euskal Herrian, Alsazian, Saboian edo Bretainian--, ostera, baiezkoak irabazi zuena.
Frantzia hain handia ote? Joseba Leizaola euskolegebiltzarburu ohiak esana da Frantzia dela Europako Estaturik makalenetakoa. Izan ere, galaxiaren batetik etsairik baletor eta Berlinez, Erromaz edo Madrilez jabetu, ez litzateke Alemaniaz, Italiaz edo Espainiaz jabetuko. Baina, alderantziz, Parisez jabetuz gero, Frantzia guztia mendean hartuko luke aldi berean.
Frantzia... zer da, non da, nora doa Frantzia?
Michel Labéguerie
Hogeita bost urte joan dira Michel Labéguerie (1921-1980) hil zenetik hona eta, beste zenbait ekitaldiren artean, kantaldia eratuko da datorren igandean, Kanbon, haren omenetan.
Gaztetandik EAJ-PNVri atxikia, Enbata taldearen sortzaileetakoa (1959), Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita (1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), Itsasuko Agiri (1963) abertzalearen sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren Kontseilari Nagusi (1964-1980), Kanboko alkate (1965-1980) eta senatari zentrista (1969-1980), bi hamarkadatan Iparraldeko politikari euskaltzalerik nagusiena izan zen.
Uztaritzen jaioa eta errementarien seme, mediku-doktoretza egin zuen Bordelen. Unibertsitari zela, Irrintzi talde jeltzalearen partaide izan zen Eugène Goihenetxerekin batera eta, diotenez, gerra osteko PNVren zerbitzu berezietan jardun zuen. ETAko errefuxiatuen lagungarri aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, baina indarkeria tarteko, giro harekin erabat hautsi zuen 1964tik aurrera.
Labéguerieren ustez, Iparraldea abertzaletzeko beharrezko omen alderdi abertzale moderatua, nationalisme hitzak berak ere beldurra sortarazten duelakoan. Euskaltzaletasunaren apostua egin zuen, baita Iparraldeko hautetsien biltzarra eragin eta Zazpiak bat izeneko egitasmo politikoa proposatu ere, Hegoaldea zein Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europan. Eusko Legebiltzarraren sorrera-egunean Gernikan izan zen eta baita, 1979an, EAJren Alderdi Egunean ere.
Baina, politikari ezezik, euskal kanta berriaren aita ere izan zen, Mikel Laboarekin batera. Labégueriek Georges Brassens kantaria izan zuen oinarri eta Laboak, berriz, Kataluniako nova canço mugimenduaren ekarpena egin. 1960ko gazteriak ez ditu bizirik dirauneino ahaztuko Labéguerieren Gu gara Euskadiko, Haurtxo haurtxoa, Primaderako lilia, Zer duk nigarrez eta beste hainbat.
Gizon jakitun, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxea ireki zigun sarri.