Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Frantzia hain handia ote?

Frantzia hain handia ote?

amat 2005/11/13 20:34

Charles de Gaulle Frantziako V. Errepublikaren presidentea Montréala heldu 1967an eta “Vive le Québec libre” oihukatu zuenean garbi azaldu zuen frantsesek mundua baloratzeko bi neurri dituztela. Bata Frantzia neurtzekoa eta bestea gainerako mundu guztia neurtzekoa. Frantziak Kanadako Québec-entzat aldarrikatzen du frantziar Estatu barrurako aldarrikatzen ez duena.

Frantsesek harro daude Frantziako Iraultzaz baina ez dute, ostera, inoiz aipatu izaten Iraultzaren aitzakiaz Alsazian, Saboian, Bretainian, Okzitanian edo Euskal Herrian egindako etnozidioa. Frantzia ez da Alemania, Austria edo Italia baino europarragoa baina bai, aldiz, jakobinismoaren eragilerik handiena.

Bi mende geroago, ez dirudi Iraultzaren hiru lelo nagusiek –liberté, egalité, fraternité-- indarrean jarraitzen dutenik. Ez behintzat frantses guztientzat eta are gutxiago eskolara buruzapiz joan nahi luketen frantsesentzat. Frantziar nortasunak krisialdi latza bizi du eta Alain Tourain filosofoak salatu duenez, Estatu frantsesak nahiago izan du segurtasunaren leloa azpimarratu, aniztasunarena baino. Frantsesek harri eta zur dakusate euren sistemaren porrota.

Frantziar nortasunaren ahuleria hau ez da berria. Ezin ahaztu Frantzia izan zela zine europarra defenditzeko “kultura-salbuespena” asmatu zuena, bere ekoizpenek amerikarrekin lehiatu beharrik izan ez zezaten. Ezin ere alboratu, europar konstituzio erreferendumean Frantziak ezezkoa eman zuenean, berezko nortasunaren jabe diren zenbait errejiotan –Euskal Herrian, Alsazian, Saboian edo Bretainian--, ostera, baiezkoak irabazi zuena.

Frantzia hain handia ote? Joseba Leizaola euskolegebiltzarburu ohiak esana da Frantzia dela Europako Estaturik makalenetakoa. Izan ere, galaxiaren batetik etsairik baletor eta Berlinez, Erromaz edo Madrilez jabetu, ez litzateke Alemaniaz, Italiaz edo Espainiaz jabetuko. Baina, alderantziz, Parisez jabetuz gero, Frantzia guztia mendean hartuko luke aldi berean.

Frantzia... zer da, non da, nora doa Frantzia?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: