Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Michel Labéguerie

Michel Labéguerie

amat 2005/11/06 20:58

Hogeita bost urte joan dira Michel Labéguerie (1921-1980) hil zenetik hona eta, beste zenbait ekitaldiren artean, kantaldia eratuko da datorren igandean, Kanbon, haren omenetan.

Gaztetandik EAJ-PNVri atxikia, Enbata taldearen sortzaileetakoa (1959), Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita (1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), “Itsasuko Agiri” (1963) abertzalearen sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren Kontseilari Nagusi (1964-1980), Kanboko alkate (1965-1980) eta senatari zentrista (1969-1980), bi hamarkadatan Iparraldeko politikari euskaltzalerik nagusiena izan zen.

Uztaritzen jaioa eta errementarien seme, mediku-doktoretza egin zuen Bordelen. Unibertsitari zela, “Irrintzi” talde jeltzalearen partaide izan zen Eugène Goihenetxerekin batera eta, diotenez, gerra osteko PNVren “zerbitzu berezietan” jardun zuen. ETAko errefuxiatuen lagungarri aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, baina indarkeria tarteko, giro harekin erabat hautsi zuen 1964tik aurrera.

Labéguerieren ustez, Iparraldea abertzaletzeko beharrezko omen alderdi abertzale moderatua, “nationalisme” hitzak berak ere beldurra sortarazten duelakoan. Euskaltzaletasunaren apostua egin zuen, baita Iparraldeko hautetsien biltzarra eragin eta “Zazpiak bat” izeneko egitasmo politikoa proposatu ere, Hegoaldea zein Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europan. Eusko Legebiltzarraren sorrera-egunean Gernikan izan zen eta baita, 1979an, EAJren Alderdi Egunean ere.

Baina, politikari ezezik, euskal kanta berriaren aita ere izan zen, Mikel Laboarekin batera. Labégueriek Georges Brassens kantaria izan zuen oinarri eta Laboak, berriz, Kataluniako “nova canço” mugimenduaren ekarpena egin. 1960ko gazteriak ez ditu bizirik dirauneino ahaztuko Labéguerieren “Gu gara Euskadiko”, “Haurtxo haurtxoa”, “Primaderako lilia”, “Zer duk nigarrez” eta beste hainbat.

Gizon jakitun, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxea ireki zigun sarri.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: