Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Sasiabangoardiaren nostalgia

Sasiabangoardiaren nostalgia

amat 2005/11/27 20:11

Hamar dira, hamar, honez gero ETAk aurten zabaldu dituen agiriak eta, aurreko ostegunean bota zuen atzenaren arabera behintzat, ezin esan gero guztiok itxaro dugun bake-bidea errazteari ekin dionik. Ez horixe. Esanak esan, ETAk euskal politikaren Trueno Kapitaina izaten jarraitu nahi du, antza, eta “Maité” filmean Obdulio kubatarrak euskaldunei gogoratu bezala: “Eso ya no se lleva”. ETA modaz kanpo dago eta ez da konturatzen edo... ez du konturatu nahi.

ETA zeharo errealitatez kanpo dago, bai, baina ez soilik armen erabilpenak ezelango onarpenik ez duelako berak defenditu nahi omen dituen euskal herritarren artean, baita ere honez gero ezein alderdik –ezta Batasunak ere— ez diolako ETAri berari onesten batere erabaki-ahalmenik euskal politikagintzan.

Urtebete joan da Batasunak Anoetan proposatu zuenetik gatazka kaleetatik ateratzea, bitarteko politikoez baino ez baliatzea eta negoziazioa bi mahaitan egitea (Estatua-ETA, bata; alderdi politikoen artekoa, bestea) baina, hala ere, ETAk jarraitzen du oraindik ere amore eman ezinik, bere eskizofrenia horri buelta eman ezinik, eta alderdiei esaten bere ustez zer egin beharko luketen eta zer ez.

Berrogeita bost urte askotxo dira segurutik eta, sasiabangoardiaren nostalgia gainditu ezinaren ezinez, ETAk bere burua erretiratu nahi ez duen agure egoskor, setati eta tematsuak bezala amore eman ezinik jarraitzen du, herriaren salbatzailearenak egin gurarik, alderdien doitasunaren galbahearenak egin nahirik, euskal esentzia politikoen gordailu bera balitz bezala.

ETA ez da inoiz, sekula gero, demokrata izan baina denbora aski izan du ikasteko, erabaki eta proposamenetan asmatu edo ez, alderdiak euren buruaren jabe direla. Errealitatearen mugaz handik ez balego, dagoeneko ETAk ulertu beharko luke alderdiek ez dutela euren erabaki-ahalmena Dick Turpinen eskutan utziko eta, gainera, txarrenean ere, alderdiek gutxienik lau urtetik behin herri-azterketa pasatzen dutela... ETAk sekulan egin ez duena, hain zuzen ere.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: