Iturburuk 40 urte bete dittu
Oker ez banago, 1976-1977 negukuak izan bihar dira argazkixok (bilduma osua Flickrren gehittu dot). Ahaztuta neukan, baina hara memorixia zer dan, ointxe etorri jata burura: gogoratzen dot aittakin igo nitzala obrak ikustera negu horretan. Ez dot askorik gogoratzen, 7 urte eukiko nittualako, baina gogoratzen dittut makinak biharrian; eta gogoratzen dot ikastolako gurasuen artian zeguan ilusiñua.
Jende askon laguntziakin eta biharrakin eraikittako ikastetxia izan zalako Iturburu, ordura arteko ikasgelak txiki geldittu eta gero. 1960an sortu zan Juan Antonio Mogel ikastolia, Euskal Herriko lehenenguetakua. Hasiera batian dozena erdi umekin hasi zan, baina 1970. hamarkada erdirako ehundaka giñan ikasliak, eta herrixan ez zeguan lekurik gu guztiok sartzeko. Halaxe erabagi zeben Iturburu eraikitzia, Estixa izeneko parajian, Arrajola gaiñian.
1977-1978ko neguan estrenau genduan Iturburu, oin dala 40 urte
1977-1978 ikasturteko neguan igo giñan lehenengo ikasliak Iturburura. Irailerako egon bihar ei zan amaittuta ikastetxe barrixa, baina obrak amaittu ezinda, ehundaka ikaslek ikasgela probisionaletan hasi bihar izan genduan ikasturtia (gure gelakuak, esate baterako, Markeskuako monjak lagatako gela zahar jausi biharrekuetan).
Esango neuke abendu inguruan zabaldu zala Iturburu (ezin zihatz-zihatz esan). Oindiokan guztiz amaittu barik zeguan, jakina: autobusak Arrateko bidian lagatzen ginttuan; bidetxingor batetik gora eitten genduazen, oinez, azkenengo 200 metruak. Jolastokixa be amaittu barik zeguan, frontoia aterperik barik (ez dakit hasiera-hasieran frontoirik be ba ete zeguan), eta gelak be ez zeguazen guztiz amaittuta,.... Baina guri kristona iruditzen jakun ikastetxe barrixa. Autobusez igo biharra, mendixan bertan ikastia, basoz inguratuta, sekula amestu ezin geinkian jolastoki zabalakin,... paraisuan pareko zan guretako!
Hamentxe gaoz, lehenengo ikasturte haretan, 1978an, Urko atzian dakagula.
Gure gelakuak urte bi besterik ez genduzen bertan egin, baina ez dakaguz ahaztutzeko. Nahiz eta gu, egixa esateko, "Itziokuak" sentidu izan garan beti, EGBko urterik gehixenak (8tik 6) bertan egin genduzelako. Baina ze, Iturburu guria be izan zan, zatitxo bat besterik ez bada be!
Estixa toponimuaz
Ikastetxiari "Iturburu" izena ipini jakon, baina ez dago garbi zegaittik. Orduko guraso eta irakaslien artian galdetuta be, ez dau inork gogoratzen. Tokixan berezko toponimua ez dalako Iturburu, Estixa baizik.
Gure belaunaldittik gorako guztiak ezagutu izan dabe Estixa. Haur eta gaztien jolastokixa izan zan belaunaldiz belaunaldi. Arrajola gaiñian, oinez igotzeko moduan, zelai haundiren batzuk ei zekazen, eta baitta itturriren bat be. Perretxikotara, afariketetara, txorittara, lorak batzera, bihurrikerixetara,... gure guraso eta aittitta-amamen kuadrillak haraxe juaten ziran jolasera sarri-sarri.
Estixa eremu zabaleko toponimua da. Esan gura dot, ez dala zelai edo basotxo bat. Neurri batian, gaur egungo Iturburutik beherako zati haundi bat da Estixa, ixa Mirafloreserainoko guztia (gaur egun pinuz josittako ingurua).
Eibarko mapa toponimikorako jasotako dokumentuen artian, "Estiaga" topau genduan 1846ko dokumentu batian; ahoz Estixa esan izan jako, bai aspaldi, behintzat (Estiaga > Estiaa > Estixa garapenak ez daka sakretu fonetiko haundirik, Elorriaga>Elorrixa edo Madariaga>Madarixa moduan). Euskaltzaindian arabera, ez dago arrazoirik toponimo hori Z-az idazteko; Estiaga da, horretara, onartutako forma estandarra.
Eibarko ikastolaren historia txikia, 1960-1994 liburuan be (Imanol Laspiur, 1995) agertzen da azalpen txiki (txiki-txiki) bat ikastolia eraikitzeko erosittako parajiaz.
- Agiri gehixenetan agertzen da "edificio a edificar en la zona de Estixa".
- Amazabalegi basarrikuak saldu zittuen lurrak ziran: "olabarrico-solua" (zati bat, 3537 m2), eta "albercaldia" (zati bat, 24.271 m2). Hau da, ez zeben saldu ez Estixako zatirik, ez Iturburu izeneko lurrik.
- Aurreko lurrekin batera, ikastoliak lortzen dittu: "Lubarri-barrenako iturburuan jaiotzen diren urak biltzeko eskubidea, han bertan kutxeta bat egiteko".
Hortaz, Estixa da toponimo nagusixa; Iturburu izango zan toponimo txiki bat, izatekotan, solobarrenen baten zati bat (azken agiri horretan aittatzen dana, esate baterako). Baina jakinda "iturburu" ez dala Eibarko euskeran erabiltzen dan berba arrunt bat, ez nitzake harrittuko gurasoren batek asmautako izena balitza, bertako leku-izen edo toponimo bat baino.