Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Aklimatazio egunak

Mikel Lizarralde 2011/08/12 19:02

Egun dezente igaro dira azkenengoz idatzi nuenetik, astebete inguru. Vang Vieng-a iristea uste baino gogorragoa egin zitzaidanez autobusez igo nintzen Luang Prabang-a. Han Miren eta Eñaut nituen zain eta beraiekin ibili naiz azken egunetan, bizikleta albora lagata. Ez dira aklimatazio egunak, baina bai lagunen konpainian lasai ibiltzekoak.

Luang Prabang, Vang Vieng eta hiriburuan bertan ibili gara gustora asko. Ze polita den lagunekin ibiltzea. Gaur esan diet agur, oporraldien amaiera Thailandiako hondartzetan igaroko dute eta. Eskerrik asko ni adoptatzearren bikote!

Bihar hasten da benetako abentura. Goizean goiz, eguraldia lagun, Vientiane, Laosko hiriburua, utzi eta hegoalderantz joango naiz. Lau egun inguru beharko ditut Tha Khek-a iristeko. Han deskantsu egun bat hartuko dut, besteak beste interneteko konexioa lortu eta Maria eta gurasoekin hitz egiteko.

Ordura arte, txintxoak izan, ondo pasau, gitxi gastau... eta bueltak amari!

Bostgarren eta seigarren egunak, Vientiane - Vang Vieng

Mikel Lizarralde 2011/08/04 16:46

Atzo goizean euri larregi ez zegoela ikusi eta bizikleta hartu nuen Laos iparralderantz igotzen hasteko. Vientiane atzean utzi eta 70 kilometroko bidea egin nuen, lehenago, hori bai, ondo gosalduta (mendebaldar estiloko asiar luxua)

Vientiane-ko gosaria

Bide gehiena laua izan zen eta eguneko zailtasun bakarra eguraldia bera.

Helmuga Phon Hon herrixkan nuen. Lonely Planeten aipamen sinple bat zegoen esanaz pare bat ostatu bazeudela. Eta egia da. Hori bai, hemen ez espero asiar luxua. Lau euroren trukean, ezin askoz gehiago eskatu, edo bai?

Ohea Laosen sarri-sarri aurkitzen den komuna (+ lababoa eta dutxa!)

Herrixka 13. errepidearen bi alboetan dago banatua eta ez da apenas atzerritarrik geratzen, horregatik ume guztiak begira-begira nituen. Denak falang-ari begira. Falang hitza darabilte laotarrek guri buruz jarduteko, girioi buruz.

Gaur berriz 80 kilometro egin ditut. Gora-beheraz josiak eta oso nekagarriak. Eguzkia ere bidelagun. Baina nago nahiago dudala euria, ze eguzkitako krema dezente eman arren erre egin naiz. Teorian aldapa bihar hasten zen, baina oker zeuden nire prebisioak.

Vang Vieng nuen helmuga. Herrian sartzean segituan antzematen da hemen badaudela atzerritarrak. Leku hau ezaguna da falang gazteen artean parranda eta tubing-agatik. Idatzi nuen Banana Pancake Trail-aren parte da Vang Vieng.

Eztabaida egon ohi da ea Vang Vieng-a etortzeak merezi duen. Turista gehien-gehienak 20-25 urte artekoak dira. Eguna lotan, tubing-a egiten eta Friends edo Family Guy etengabe ematen duten tabernetan pasatzen dute. Nago halakoetan norberak zuzenean ikusi behar duela ea zelako den lekua, nik etortzera animatzen ditut bidaiariak. Esperimentu soziologiko xelebrea da.

Eta bihar zer? Gaur hartutako egurraren ostean eta jakinda Miren eta Eñaut zain ditudala bihar bertan jada Luang Prabang-en, autobus bat hartzen ahaleginduko naiz. 230 kilometro daude haraino, mendate gogor pare batekin... paso, bizikletan ibiltzera etorri naiz, baina oporretan nago eta nire osasuna denaren aurretik dago.

Laugarren eguna, Vientiane

Mikel Lizarralde 2011/08/02 19:24

Gaurko eguna bidaia prestatzeko neukan, eta pixka bat terrenora ohitzeko. Hirian bizikletan ibili nahi nuen, baina euria ez da geratu ere egin egun osoan.

Atzo ezagutu nuen bikote ingelesarekin pasa dut egun osoa. Gosaldu ostean Patuxai (garaipenaren arkua) alderantz joan gara, aterki bana erosita.

Patuxai, garaipenaren arkua

Bazkaldu ostean Mekong ibai ingururantz. Asko aldatu da ingurunean iaztik. Pasio ederra egin duten ibai alboan. Kirola egiteko makina moderno-modernoak ere jarri dituzte. Ibaian geundela monzoia gerturatu da eta estalpe bila ospa egin dugu.

Badator Monzoia

Irudian ez da ondo ikusten, baina kalean ez zebilen inor, denak estalpean babestu gara. Ordu erdi inguruz sekulako zaparrada bota du.

Monzoia

Printzipioz bihar hartuko dut bizikleta serioski. Lehen 70 kilometroak egiteko asmoa neukan, Laos iparralderantz. Baina goizeko lehen orduan hartuko dut erabakia. Horrelako euritearekin ez da oso dibertigarria bizikletan ibiltzea. Ikusiko dugu, bitartean, biba gu!

Bigarren eta hirugarren egunak, Bangkok eta Vientiane

Mikel Lizarralde 2011/08/01 19:10

(Uztailak 31 eta abuztuak 1)

Nahiago nuke futbol jokalarien moduko jet lag-a izan! Eta prentsan agertu ohiko 10 orduak ez ditudalako egin lo. Bangkok-eko lehen gabean hiruzpalau ordu egin ditut lo, tartekatuak. Ohean pasatako denbora gehiena esna egon naiz.

Goizean esnatu eta bizikleta erostera joan gara. Eñaut eta Mirenek lagunduta 190 euroko Trek bizikleta txinatarra erosi dut. Prezioa ez denez itxita egoten zertxobait negoziatzen ahalegindu naiz, batez ere unibertsitate pribatu batean ikasi dudala eta tipo argia naizela igerri dadin. Zer pentsatuko ote dute Asiako dendari gehienek mendebaldar batekin prezioa negoziatzean, jakin nahiko nuke.

Tren txartela erosi ostean hirian zehar pasiatzen ibili gara. Kontrastez betea dela esatea ez da asko esatea, izan ere, zein hiri ez dago kontrastez betea? Luxua eta txabolak, airean mugitzen den trena eta tuk-tuk-ak, Lumpini parkean tai-chi-a egiten duten señorak eta autopista azpiko belardian lo egiten duten eskaleak.

Hotelera bueltatzean motxilak parrillari lotu dizkiogu eta laster arte esan diet Eñaut eta Mireni. Egun batzuren buruan Laos iparraldean ikusiko ditut. Gurasoekin ere hitz egin dut, San Inazio eguneko bazkaria zuten.

Tren geltokira bizikletaz joan naiz. Ez nuen berehalakoan usteko Bangkok-en bizikletaz ibiliko nintzenik, baina bizikleta saltzaileak lasai joateko esan dit. Tira, iritsi iritsi baiz, baina azken aldia da halako hiri batean horrela nabilena, uff.

Trena Tailandian bidaiatzeko modu berezia da, gomendagarria guztiz, ezagutzeko modukoa. Halako bagoi batean egin dut mugarako bidea. Hemen ere tarteka egin dut lo.

Nong Khain trenetik jaitsi eta mugara, Friendship Bridge delakora. Tailandiako irteera-bisatua hartzen ari nintzela Laosen bizi den Singapurko tipo batek ekonomia lekzioak eman dizkit. Espainia oso gaizki dagoela. Baina Laos oso ondo, sendo. Gora ekonomian adituak!

Inork ez didanez kontrakorik esan bizikletan zeharkatu dut Friendship Bridge (debekatua dago) eta Laosko bisatua lortzeko prozesu amaitezinean hasi naiz. Zorionez bikote ingeles batekin berriketan hasi eta ordu erdi inguruz kontu kontari jardun dugu.

Zigilua lortu eta Vientianerako hogei kilometroak egin ditut bizikletaz. Itxuran sirimiria ez da euskalduna soilik; eta bai, mela-mela eginda bukatzen duzu ordubeteren ostean. Itxura negargarria izan arren galdetu dudan lehen hotelean aurkitu dut tokia. 

Arratsaldean kafea hartzera joan eta goizeko ingelesa ikusi dut. Ordubete inguruz jardun dugu berriketan. Hauek dira bidaietako une politenak, oharkabean, Qatarren bizi den kimika irakasle batekin ordubete pasatxoan hizketan. Bihar Vientiane erakutsiko diet. Monzoia dela eta eguraldi negargarria dago eta deskantsurako hartuko dut biharkoa.

Bizikletarekin

Lehen eguna, Bangkok

Mikel Lizarralde 2011/08/01 18:39

(Uztailak 30) 

Hamasei ordu eskaxetan Eibarren egotetik Bangkokera bidaiatu berri dut. Beti harritu izan naute bidaiek. Goizean leku batean gaude, eta arratsaldean handik hamar mila kilometrora. Patata tortila goizean, pad thai-a arratsaldean.

Atzo aitarekin Loiura joan eta Frankfurt-erako hegaldia hartu nuen. Alemanian bi ordu eskax egin eta hamar orduko hegaldia Bangkoka. Ia hegaldi osoa lo pasa dut. Gaixoa leihatila ondoan zegoen frantsesa. Komunera joan nahi zuen bakoitzean nire gainetik (literalki) pasa behar zen.

Tailandian sartzeko ilara luze bat itxaron beharra dago, bisatua (gutxienez doakoa da). Maleta jaso eta taxi bila joan naiz. Bangkokeko aireportua hiria bezalakoa da, modernoa baina kaosean murgildua. Jende mordoa zuri gauzak esaten, taxia dela, hotela, ... 

Bangkok-en Eñaut klasekidea eta Miren nituen zain. Beraiei esker errazagoa izan da nire lurrartzea. Eskerrik asko! Kuriosoa da lagun bati "hi, uztailak 30ean Bangkokeko hotel horren igerilekuan elkar ikusiko diagu, ados?" esatea.

Lehen noodle platerkada afaldu, zerbeza pare bat eta hotelean gabeko hamarretarako. Jetlag-ak ez du barkatzen eta sekulako logurea daukat.

Bihar egun inportantea izango da, bizikleta erosi eta Vientianera joateko tren-txartela lortu behar.

Gabon eta biba gu!

Badator

Mikel Lizarralde 2011/07/27 22:20

Bihar neskalagunari laster arte esango diot, Badoa bidaian. Ni etzi. Lehen aldia izango da urteetan horrenbeste denboran bata bestearengandik horren urrun egongo garena. Familia eta lagunei ere bihar eta etzi artean botako diet "gero arte" bat.

Ostiralean hegazkina hartu eta Bangkok alderantz. Badator aspaldian itxarondako momentua. Ilusioz eta beldurrez nauka esperoan. Gogoa daukat, baina urduri jartzen nau ezezagunak. Eskerrak Eñaut adiskidea zain izango dudala Bangkok-en. Lagun, familia eta bikotekideak erraza egiten didate guztia. Biba zuek, biba gu; benetan alboan eroango zaituztedala.

Bizikletazaleon beldurrak

Mikel Lizarralde 2011/07/11 15:33

Lagunek galdetzen didate ez ote naizen beldur Asian bizikletan ibiltzera joateagatik. Ezetz esaten diet. Beldur berdina (edo handiagoa) pasatzen dudala Euskal Herrian, errepidean zein mendian. 

Atzoko Tourreko istripuak nire bi beldur handienak batu zituen: autoak eta alanbradak. Beheko bideoan ikus daitekeen moduan, istripua eragin zuen autoa ez zihoan oso azkar (50-60 km ingurura?), baina Flecha eta Hoogerland ederki kolpatu zituen.

Eibartik Debara joatean, adibidez, autoak askoz abiada handiagoan ibiltzen dira. Begira berriz bideoari, eta pentsa zer egin zenezakeen txirrindulari bat harrapatuko bazenu 90 km/h abiaduran joanda.

Badakit txirrindulari asko talde handiegitan joaten direla, zabal-zabal, eta ez dela legezkoa. Bai, baina askoz gehiago gara bakarka goazenak. Ez jarri aitzakiarik txirrindulariekin sartzeko. Guk ez daramagu babesik, kaskoa soilik. Gure karrozeria aluminioa baino dezente ahulagoa da. Kolpe soil batek hil egin gaitzake, hil.

Bestalde, Hoogerland gaixoak alanbrada gainean erortzeko zoritxarra izan zuen. Zenbat aldiz begiratu ote ditudan alanbradak mesfidati. Orain badakit, bertara eroriz gero nire gorputza horrela gera daitekeela.

Asian ibili arte ezin jakin, baina oraingoz sentsazio horiek ditut. Euskal Herrian bizikletan ibiltzean kontrolatu ezin ditudan faktore batzuk arriskuan jartzen dute nire bizia.

Zeinen esku dago gure informazioa?

Mikel Lizarralde 2011/07/01 10:23

Jende asko larrituta dabil Interneten doan ematen dugun informazioagatik. Bakar batzuen esku informazio pertsonal asko dagoelako, eta berau aprobetxa dezaketelako edozertarako: eskaintzen dizkiguten produktuak hobetzeko, eskaintza komertzialak egin, datuak saldu, gobernuei eman, ...

Google+ berriaren iragarpenarekin ere kezka eta mezu ironikoak irakurri ditut. Orain informazio gehiago emango diogula Google-i.

Ulertzen ditut kezkak. Informazio pertsonal baliotsu larregi ematen diogu enpresa bakar batzuei. Baina sarean zer informazio partekatzen dugun, eta zer ez, gure esku dago. Nik erabakitzen dut Facebook-en, Twitterren edota Google+en zer esan eta zer ez. Nire esku dago Gmail edo Facebook-eko kontua ixtea, adibidez.

Ni neu gehiago larritzen naiz gure herriko kotila eta kuxkuxeroek niri buruz dakitenarekin. Akaso gertukoagoa dudalako, eta nire egunerokoan eragin zuzenagoa duelako. Senideei, koadrilakoei edota lankideei kontatzen dizkiegun gauza asko bolo-bolo ibil daitezke herrian zehar. Oporretan nora noan, etxetik joan naizela, senide honekin ez dudala hartu-emanik, lanetik bota nautela, zorrak besterik ez ditudala eta abar.

Eta informazio hori enpresetara (banketxeak, adibidez), erakunde publiko edota poliziara iristen da, erraz-erraz. Eta gure egunerokoan eragin zuzenagoa izan dezake horrek, nire ustez, Kalifornian dagoen enpresa batek eragin dezakeena baino gehiago.

Google edota Facebook-ek bezainbeste informazio daukate niri buruz herriko kuxkuxeroek.

Udako plana, Kanbodia eta Laos

Mikel Lizarralde 2011/06/27 08:54

Aspaldi erosi nuen Bangkok-a eramango nauen hegaldiaren txartela, baina erabakitzeke neukan ibilbidea. Azkenean Kanbodia eta Laos-en ibiliko naiz bizikletaz. Gutxi gora-behera, ondorengo plana jarraituko dut:

Thailandia eta Kanbodia arteko muga pasa eta erdirik-erdi zeharkatuko dut herrialdea, Mekong ibaiarekin topo egin arte. Gero Mekong-en gora joko dut Laosen iparralderantz. Bi mila kilometro pasatxo. Nondik nora ibiliko naizen badakit, gutxi gora-behera, pixkanaka egingo dut bidea.

Bi herrialde hauetan egona naiz jada, eta horrek lasaitasun puntu bat ematen dit. Hasieran Vietnam-a joatekoan nengoen, baina ez dit tira larregi egin, ez dakit zergatik, beste batean izan beharko da!

Tira, banabil ba gauzak pittin bat zehaztu eta argitzen.

Lasai, ez du ezer egiten

Mikel Lizarralde 2011/06/17 15:12

Demagun mendian gora noala, eta baserri batean solte dabilen San Bernardo bat zaunkaka hasten zaidala. Ni begira geratzen naiz, pixka bat beldurtuta, alboan duen ugazabak txakurra oratu zain. Demagun ugazabak Hartz izenez deitzen duela txakurra. Eta demagun, halako batean, "lasai, ez du ezer egiten" esaten didala; ugazabak, ez txakurrak. 

Laburbilduz: mendian gora, zaunkaka ari zait solte dagoen Hartz izeneko txakur handi-handia, ni pixka bat beldurtuta, eta jabeak dio ez didala ezer egingo. 

Doazela popatik hartzera halakoetan "lasai, ez du ezer egiten" dioten txakur-jabeak.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut CodeSyntax enpresan. Hemen idazteaz gain beste CodeSyntax-en blogean eta Twitterren ere banabil txio-txioka.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.

 

Nabigatu euskaraz