Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Jon Sarasuaren bloga

Mikel Lizarralde 2010/12/31 03:13

Bapo. Bukatu dut Ertzeko zatiak, Jon Sarasuaren liburua. Gustura irakurri dut. Analisi polita egin zion Azpi lagunak, eta nigan interesa sortu.

Koadernoan paragrafo gutxi batzuk idatzi, fotokopiatu eta lankideei pasa. Beraz, Jonek badauka blog bat, pribatua eta paperezkoa, baina bloga. Liburua bere lau urtetako post-en artxiboa iruditu zait.

Josuk berak dio pena zatekeela idatziok gordean utzi izana. Egia. Gustura irakurriko nuke bere bloga, irekian, sarean libre.

Telebista-audientziak

Mikel Lizarralde 2010/12/28 19:44

Oso interesgarria iruditu zait Free Rainer (Un juego de inteligencia) filma. Hitzaldi batean audientzia neurtzeko sistemak zalantza jarri nituenean gomendatu zidan entzule batek. Gustura ikusi dut filma, nahiz eta irakurri dudan kritika eskasik

Kontzeptu interesgarri batean oinarritzen da, programa erraz eta leloek audientzia handia lortzen dutenez horixe emititu behar da kate guztietan.

Nahiago dut filma ikusteko gonbita luzatzea berau kontatzea baino. Ikusi, ikusi eta gero komentatuko dugu.

Audientziak neurtzeko sisteman ez dut larregi sinisten eta Iturrik bere blogean jarritako bideo hark susmo txarrak areagotu zizkidan. Filmaren ostean zalantzak bere horretan diraute.

Sorkuntza prozesua

Mikel Lizarralde 2010/12/20 21:59

Interes handiarekin jarraitzen ari naiz Orsai aldizkariaren sorkuntza. Ketari abilari esker aldizkari berri honen ale baten jabe egingo naiz laster. Blogeko azken artikuluan bideo eder bat jarri dute, paper solteak lurrean jarriz, aldizkaria nola inprimatuko den frogatuz.

Hein handi batean Interneten egiten diren wireframe-ak gogoratu dizkit. Oso prozesu ederra da webgunea marraztearena. Zer egin ahal izango den, zein den helburua, funtzionalitateak eta abar. Marraztea bera ederra da, baina politena orri hutsaren aurrean zerotik webgune bat pentsatzearen prozesua da niretzako.

Sorkuntza prozesua interesgarria iruditzen zait, ia emaitza bezainbeste. Gustura ikusiko nuke, zineman bezala, liburu bat nola sortzen hasten den Sarri, edota abesti bat Mursego, bertso bat edota komiki bat. Baita ingeniari batzuk Aharixe izeneko kasko berezi batekin ideiak izaten hasten direnean.

Nik neuk ez dakit nolakoa izango den Orsai, baina gustura jarraitzen dut ekintzaile hauen sorkuntza prozesua.

Nire bazterrak

Mikel Lizarralde 2010/12/08 22:44

Unibertsitateko lagun batek borda bat zeukan Aralarren, zehazki Igaratzan. Birritan izan ginen bertan egun batzuetarako. Leku zoragarria da Aralar. 

Borda horretatik basoak, Urbasa, Sakana edota Aizkorriko mendilerroa ikusten ziren. Egunsenti eta ilunabar ederrak ikusi genituen bertan, beste zereginik ez dago eta!

Igaratzan urrunera begira egoten nintzenean Laboaren Gure bazterrak abestia etortzen zitzaidan beti gogora. Urteak pasa ahala, abesti hori entzuten nuen bakoitzean, Igaratza eta Aralar oroitzen nituen.

Aurrekoan Ruper Ordorikak eginiko bertsio berria entzutean berriz , baita pentsatu ere aspaldian egon gabea nintzela.

Pentsatu eta egin, atzo kotxea Larraitzen utzi eta Txindoki magaletik gora egin nuen, Aralarko larre inguruetara, Gañeta, Malkorri, Uarrain eta Ganbo tontorrak pasaz. Igaratzara hurrengo batez itzuliko naiz, beti pentsatu izan dut ona dela hirietan edota mendian zerbait nahita ikusi gabe uztea, itzultzeko aitzakiaren bat izateko.

Hemen sakelekoarekin atera nituen argazki batzuk.

Bizi euskaraz

Mikel Lizarralde 2010/12/03 20:57

Jaio nintzen lekuan jaio nintzen. Familia eta ingurune euskaldun batean. Mapan zentimetro batzuk aldenduta jaio izan banintz agian ez nintzateke euskalduna izango, eta ez nintzateke naizen modukoa izango.

Europako hizkuntzarik zaharrenaren jabeetako bat naiz. Europako hizkuntza zaharrenaren hiztunetako bat naiz. Nire txikitasunean. Apaltasunez, baina harro-harro. Euskarak ez nau egiten beste batzuk baino hobea, inolaz ere. Euskara ez da beste edozein hizkuntza baino hobea, ez, baina nirea da. Ezberdintasun hori, berezitasun hori maite dut.

Euskaraz ikasi nituen lehen kantuak, lehen jolasak, lehen barreak eta negarrak. Nirea da. Nire bizitzaren parte.

Sarri ikusi nahi izaten dut beheko bideoa. Izugarri maite dut Jose Mari Satrustegi zenaren hitz horiek berriz entzutea:

Europako hizkuntza zaharrenaren jabe gara. Hori baino marketin hoberik ezin dut pentsatu, benetan. Bizi euskaraz, lehen hitza euskaraz, interneten ere bai.

Saihesbidearen 3. fasearen lanak

Mikel Lizarralde 2010/11/06 18:35

Aurreko astean Elgetatik bizikletan jaitsi ostean argazki hauek egin nizkion saihesbidearen 3. fasearen lanei. Sekulako astakeria dela iruditzen zait. Zabalera oso gutxi daukan ibar zati batean lau errepide elkartuko dira: autopista, saihesbide berria, errepide zaharra (bi errai zentzu bakoitzean metro askotan) eta saihesbideko lanetan dabiltzan kamioien bidea.

Ez ahaztu azken hau. Saihesbideko lanetan lurra batetik bestera mugitzen dabiltzan kamioiek auzokide gaixoak molestatu ez ditzaten, bi kamioi handi kabitzeko adina leku daukan errepidea egin dute Urkoren magalean.

Jarduna

Mikel Lizarralde 2010/11/05 21:34

Onartu behar dut ez naizela paperezko egunkariak erosten dituenetako, irakurri ere paperean, ia ezer ez. Baina gaur gurasoei kendu diet Berria. Aurrera egin beharrak aldaketak ekarri ditu, paperean zein interneten. Webguneari ukitu berri batzuk eman dizkiote eta Berriketan sarea sortu dute. Ea ondo doakien, nire akzioek eskertuko diete!

Aldaketa hauek ondo daude, baina benetako erronka EKTren inguruan dagoen jende guzti hori sarera eramatea da. Sarera eraman eta sarean jardun dezatela euskaraz. Aurrekoan EuskalMapaz nioen bera esango dut, jardun dezatela euskaraz normal-normal eta natural-natural. Horrek jende gehiago eramango du euskaraz jardutera, eta litekeena da Berriak bere produktua gehiago saldu ahal izatea. Akzioek akaso prezioa bikoiztuko dute!

Euskarazko jardun honekin jarraituz, asko pozten nau aste honetan ikusi izan ahal dugun Donostia eta Gipuzkoako oferta eta eskaintzak batzen dituen Deskontu.com (ez, batzutan Donostia eta Gipuzkoa ez daude eremu berean). Eskertzekoa da Txominek proiektua euskaraz ere atera izana, bai eta Twitter eta Facebook-en ere euskaraz jardutea.

Eta bukatzeko, ezin ahaztu Umap, Twitterren euskarazko jardunaren batzailea, hasi besterik egin ez den proiektua. Etorkizun ederra opa diot, ikusiko duzue.

Jardun dezagun euskaraz. Kalean eta sarean. Darabilgun erreminta erabilita. Baina euskaraz.

Esneketariaren kontuak

Mikel Lizarralde 2010/11/01 16:25

Orain gutxi bi lagunei pasa zaie esneketariaren kontuen aurka jardun beharra. Batak lokal bat alokairuan hartua zeukan, beharrerako. Urte parea zeraman bertan. Halako batean, lokalaren jabeak alokairua bikoiztu behar ziola esan zion, bestela dirua galtzen ari zela.

Goizean pasa naiz lokal horren paretik. Salgai dago, lanerako material eta guzti. Zelatatuko dut ea zenbat denbora behar duen saltzeko.

Beste lagunak etxea zuen alokairuan. Pisukideak bakarrik uzten zuela eta etxeko ugazabarekin prezio berria negoziatzen ahalegindu zen. Alperrik. Alokairu txikiagoarekin dirua galtzen zuela.

Nik dakidala, etxe horrek hutsik dirau.

Bi ugazabek esneketariaren kontuak egin zituzten. Hainbeste irabazi ahal izango zutela alokairu handiagoekin. Azkenean, jai-jai. Sarritan, hobe da pixka bat gutxiago irabaziz diru-sarrerak segurtatzea sosik gabe geratzea baino.

Eta kontuz, hau ez da Plaentxiko tornillo-saltzailearena, bakoitzarekin oso gutxi galtzen zuena.

Kexak direla eta

Mikel Lizarralde 2010/10/21 00:29

Ados nago hainbat lagunek diotenarekin (azkena Txomin), asko kexatzen gara. Gutxiago kexatu beharko ginateke eta gehiago egiten ahalegindu. Gora aktibistak, ekintzaileak eta hackerrak!

Hona zer nolako kexen inguruan ari naizen (konponbidea ere aipatuaz):

  • Gure herrian ez dago fundamentuzko kultura egitaraurik
    • Bozkatu ezazu bada zentzu pixkatekin; eskatu bilera bat politikariei arazoa eta soluzioak planteatuz; sortu beste alderdi politiko bat; antolatu zuk zeuk zeure intereseko ekintza kulturalak, ...
  • Herriko kale batean sekulako zuloa dago eta ez dute konpontzen
    • Atera argazkiak eta salatu ezazu udaletxean edota egunkarietan, ...
  • Gure politikariak ustel hutsak dira
    • Ez bozkatu ustelkeri zantzurik duen politikaririk; sortu zeure alderdi politikoa, ...
  • Gure enpresako ez-dakit-zein atal oso gaizki antolatua dago
    • Proposamena egin hobeto antolatu dadin, hitz egin arduradunen batekin, era anonimoan nahi baduzu, ...
  • Gure soldatak kaka bat dira edota ezinezkoa da lan on bat aurkitzea edota nagusia esplotatzaile bat da
    • Sortu ezazu zeure enpresa eta ahal bada kooperatiben eredua jarraituz, bazkide zein langileen onuretan pentsatuz, ...
  • Ez-dakit-nork ez du euskaraz egiten eta lotsagarria da, edota ez-dakit-zein zerbitzu ez dute euskaraz ematen
    • Tristea da euskaraz ez egin edo ez ematea zerbitzu bat, baina zuk zeuk egiten al duzu ahal duzun gehienetan? Ahalegintzen al zara euskaldunberriak euskaraz eroso sentitzen? Denda batean euskaraz eskatzen ahalegintzen al zara? eta abar luzea.
  • Marka gehienek esklabotza sustatzen dute hirugarren munduan euren produktuaz ekoitziz
    • Ez erosi esklabotza sustatzen duen markarik, jo marka etikoetara, ... kastigatu marka gaiztoak eta saritu marka zintzoak.
  • Supermerkatuko barazki eta frutak ez dute zapore naturalik, auskalo nondik datozen
    • Erosi bada nekazaritza ekologikoko produktuak, ...
  • Euskal Herriko esneketariak hilzorian daude, ze gaiztoak diren esne-saltzaile handiak
    • Horra hor esnea zuzenean saltzen hasi diren ekoizleak, saritu itzazu, ...
  • Zein gaiztoak diren banku eta kutxak, dena beraientzat nahi dute, jakin ezazu non dauzkaten sartuta gure aurrezkiak...
    • Atera dirua bankutik eta gorde koltxoian, edo askoz hobe, bada Fiare izeneko proiektu bat, banka etikoan oinarritutako Kreditu Kooperatiba sortu nahi duena, egin zaitez sozio eta gorde zure dirua bertan (Argitaratu ostean gehitua, Beñatek iruzkin batean bota ostean).
  • ...

Funtsean, ez kexatu, ez egon besteak aldatu zain, ahalegindu zaitez zu zeu zure mikro-mundua aldatzen. Egun geroz eta errazagoa da aktibista, ekintzaile eta hackerra izatea, gure esku dago. Begiratu ingurura eta begiratu funtzionarioa izatea nahi ez duen talde txiki horri.

Norbanakoaren ekintza soilak eragin txikia izango du, baina geroz eta eragile gehiago, orduan eta pertsona, marka eta merkatu gehiago aldatuko dira.

Begira, azkenean ni ere kexati besteen kexen kontura!

Bukaeran, baina disclaimerra: Kontuz, kexatiarena, nire buruagatik ere badiot. Eta jakin badakit zenbait kexa guztiz zentzuzkoak direla (gure herrian politika depolitikoak adibidez)

Apple eta Android

Mikel Lizarralde 2010/10/19 22:52

Atzo Steve Jobs-ek prentsaurrekoa eman zuen azkenengo hiruhilekoan Apple-ek datu ekonomiko apartak izan dituelako.

Hona hemen berak esandakoak labur-labur (prentsaurrekoa ingelesez hemen):

Salmentak eta aplikazioak

iPhone:

  • 14,1 M iPhone saldu dituzte azken hiruhilekoan
  • 275.000 IOS aparailu aktibatzen dira egunero
  • 300.000 aplikazio

 

Android:

  • 200.000 aparailu aktibatzen dira eguneko
  • 90.000 aplikazioa

 

Blackberry:

  • 12,1 M unitate salduta azken hiruhilekoan
  • Ohikoa ez duten merkatu batean sartu beharko dira
  • Garatzaileak konbentzitu beharko dituzte euren plataformarako ere garatu dezaten (Android eta iPhone-az gain)

 

Android

Android oso fragmentatua dago:

  • Ekoizle bakoitzak bere interfaze propietarioa instalatzen du (bereizteko)
  • Aparailu bakoitzak sistema eragilearen bertsio ezberdina izan dezake, baita pantaila-tamaina ezberdina ere, garatzailearen lana zailduz
  • Market bat baino gehiago (Amazon, Verizon, Vodafone, ... bakoitzak berea). Garatzaileek guztietara igo beharko dute?

Tablet-ak

  • Alde handia omen dago 10 eta 7 hazbeteren artean. 7 hazbete ez da 10-en %70a, %45a baizik. Aplikazio pobreagoak egiten omen dira pantaila txiki horrentzat
  • Bere ustez, hemendik urtebetera 7 hazbeteko gadget-ak egiten dituztenak 10ekoak egitera pasako dira, erabiltzaileak soporterik gabe utziz
  • Google ari omen da esaten ez erabiltzeko egungo Android bertsioa (Froyo), datorren urtean aterako den tablet-bertsio bati itxaroteko
  • iPad-ak 35.000 app vs iaia zero Androiden tabletek
  • iPad-ak dituen osagai guztiak Apple-ek berak sortu ditu, urte hauetan zehar ikasitakoa erabiliz. 
  • Produkturik onena preziorik lehiakorrenean. Jobs-en ustez oso prezio lehiakorra daukate eskaintzen dutena kontuan hartuz

Merkatu-kuota

Merkatu kuota dela eta, Apple-en helburua ez da produktu merke bat atera eta kuota handi bat bereganatzea. Produktu geroz eta hobeak egin nahi dituzte, prezioan ere pixkanaka beherantz joaten, ahal bada, baina beti ere produktuaren ezaugarri bikainei eta erabiltzailearen esperientziari garrantzia emanaz.


Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut CodeSyntax enpresan. Hemen idazteaz gain beste CodeSyntax-en blogean eta Twitterren ere banabil txio-txioka.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.

 

Nabigatu euskaraz