Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Eibarren mugikortasuna hobetzeko neurri erraz eta merkeak

Mikel Lizarralde 2012/09/19 21:16
Mugikortasunaren Europako astea dugu honako hau. Eta nago entzungo ditugula gure herriko agintariak mugikortasunaren aldeko hitz politak esaten. Baina egin, zer egiten dute? Obra garesti eta potoloak soilik, mugikortasunean eragin efektiborik apenas dutenak.

Trenbidea bikoizteak eta estazioak berritzeak zenbat bidaiari gehiago lortuko dizkio Euskotreni? Estaziño kalea eleganteagoa egiteak zenbat auto kenduko ditu? Saihesbidearen 3. faseak zenbat auto kendu ditu gure herritik?

Hemen neurri sinple eta merke batzuk mugikortasuna hobetzeko:

1. Trafiko araudia betetzea

Eibar herri anarkikoa da. Trafiko arauek ez dute pitorik balio. Autoak edozein tokitan aurkituko ditugu: espaloi gainean (gero espaloi horiek konpontzen dirua gastatzen da, gogoratu!), autobus geltokietan eta debekatua dagoen hamaika tokitan.

Doble-fila famatua. Ez dago eskubiderik. Autoa gaizki lagatzen dutenek bost minutu beharko lukete ondo aparkatu eta oinez nahi duten tokira joaten, baina beraien bost minutuak karabanan zain gaudenon bost minutuak baino baliotsuagoak dira.

Gaizki aparkatzeko ohitura hau kenduz gero jendeak autoa hartzeari lagako dio Eibar barruan distantzia laburrak egiteko. Trafikoa arindu egingo da eta gutxiago kutsatuko dugu. Baina horretarako legea bete behar da.

Trafiko arauak ez badira bete behar, soberan daude udaltzainak Eibarren. Aurreztu dezagun ba gastu hori.

2. Semaforo gutxiago eta azkarragoak

Trafikoa arindu beharra dago. Semaforoak denbora gutxi pasa behar dute itzalita. Alemanian, Ingalaterran, Holanda, Belgikan,... Europa osoan dagoen joera horixe da. Semaforo azkarrak, edota semafororik ez egotea. Arindu trafikoa. Geldi dagoen auto bat kutsatu eta kutsatu dabil.

3. Bidegorria Eibar barruan

Egunen batean iritsiko da Maltzaga eta Ermuarekin konektatuko gaituena. Baina herri barruan ere badago zer eginik. Eta oraindik egin ez bada udal agintarien errua da.

Ondorengo ibilbide ia guztia bi erraietako kaleak dira. Nahikoa da errai bat bizikletentzat lagatzea. Barakaldo kalea > Urkizuko pasealekua > Bidebarrieta > Julian Etxeberria > San Juan > San Andres pasealekua > Torrekua (Amañako gasolindegira arte).

Apurka-apurka eginda gastu txikia litzateke: hasi plastikozko hesi sinpleak jartzen eta pixkanaka joan txukuntzen.

Merkeagoa da horrelako zerbait egitea trenbide gainean pasealeku asmatzen ibiltzea baino.

Gainera, honek doble-fila eragotziko luke, trafikoa arinduz.

Egia da Eibarren aldapak daudela, baina Barakaldo kaletik Amañako gasolindegiraino bi aldapatxo besterik ez daude: Bidebarrieta eta Udaletxera iritsi aurretik.

Hasi horrelako bidegorri batekin eta arrakasta izanez gero joan luzatzen eta bide berriak gehitzen. Baina egin zerbait, hasi zerbaitekin. Ez dit balio kulpa beti Gipuzkoako Foru Aldundiari botatzen egoteak. Duela ehun urteko eibartarrak ez ziren beti besteei kulpa botatzen ibiliko, lana egiten zuten euren familiak, lagunak eta herria aurrera ateratzeko.

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (lau)

Mikel Lizarralde 2012/09/18 22:45

Abuztuak 20, astelehena

  • Atzo, sekulako auto-ilarak. Kostan asteburua pasa eta etxera bidean. Alemaniarrak asko. Ordenatuak direla? Denak ordu berean etxera, to!
  • Kostaldeari jarraituz hegoalderantz goaz Hoek Van Holland arte. Hemen hartzen da UK-ra joateko itsasontzia
  • Maas ibaian gora, Maasluis-en hartu dugu bestalderantz joateko ferrya, Rozenburg-era, Zeeland-en gaude jada
  • Nordzee route, LF1-a. Seinaleei jarraitzen diegu. Eta tarteka nahita galdu. Zeeland toki lasai eta atsegina da bizikletan bidaiatzeko
  • Bi dike pasa ditugu gaur. Bigarrena lehena baino luzeagoa. Biak ikusgarriak. Ur-korronte itzelak inguruan, baita haizea ere
  • Zierikzee genuen helmuga, baina apur bat gertuago genuen Renesse-ko mini-kanpin batean geratu gara. 70km inguru gaur. Tope!
  • Inguru turistikoa da hau. Taberna, jatetxe eta kanpin ugari. Kuriosoena ordea herriko eliza pareko seinalea: Santiago 2500km

Maas ibaia LF1a ibilbidearen seinalea IMG_4258 Bidean Herrixka IMG_4256 IMG_4259

Abuztuak 21, asteartea

  • Bart gabeko ihintzagatik arropak bustiak daude. Maillota bueno, bidean lehor daiteke. Baina kuloteak... galtza-motxetan noa. Hori piura
  • Etapa motza gaurkoa, 40km inguru. Zailtasun handiena pasa behar dugun dike luze-luze bat, kontrako haizeagatik
  • Dike horretan atera dugu biok agertzen garen lehen argazkia. Bazen garaia!
  • Bazkaltzean detaile kuriosoa. Maionesa eskatu dut hanburgesarekin jateko. Zerbitzaria ordenagailura. Kontua ekartzean: 0,5 euro. Kutrea, oso
  • Middelburg alboko mini-kanpin batean geratu gara. Jostailu zoragarria zegoen bertan: ohe-elastiko bat! Ze ondo pasa dugun!
  • Hirira joan gara afaltzera. Garagardo bat aurrena. Denak ezin probatu, lastima! Gustatu zaigu Middelburg, polita

IMG_4272 IMG_4287 IMG_4270 IMG_4295 IMG_4299 IMG_4304 IMAG0514 IMAG0517

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (hiru)

Mikel Lizarralde 2012/09/17 13:57

Abuztuak 17 eta 18

  • Atsedena hartzeko behar genuena egin dugu bi egunotan: ondo lo egin, ondo jan, garagardoa edan eta pasiatu
  • Tenperatua altuak espero ziren. Haize afrikarrak hemen ere? 29 gradu gehienez. Maite dut sargori light hau
  • Jende cool ugari ikusi dugu kanaletan txalupaz paseatzen, kuriosoa

Cool people

Abuztuak 19, igandea

  • Amsterdametik ateratzea kosta zaigu, eskerrak mugikorrean GPS eta mapak ditugun!
  • Haarlem, 20km mendebalderantz. Hiri ederra. Kafea hartu eta handik kostaldera holandar mordoarekin batera, denak hondartzara bizikletan
  • Hondartza luze-luzea, etxola mordoarekin. Txirrindulari ugari. Eta trenetik ere jende mordoa. Zandvoort pasata dunetan zehar doa bidegorria
  • Kostaldean Kostaldean
  • Benidorm dirudien herri batean bazkaldu dugu. Bero itzela, eskerrak haizea dagoen. Egun gogorra gaurkoa, 95km ei dira guztira
  • Halakoan Haga alboko Scheveningen-ek harrituta laga gaitu. Holandan "Jersey shore" bat grabatzea nahi badute, hau da lekua
  • Helmuga Kijkduin-en ei dagoen kanpina. Kostata aurkitu dugu. Lur pusketa idor batengatik 40 euro. Etapa-puska honen astoan 5 axola. Bibagu!

40 euroko lur zatia

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (bi)

Mikel Lizarralde 2012/09/13 15:03

Abuztuak 14, asteartea

  • Kanpin-denda bildu, superrean gosaldu, tunela gurutzatu eta hiri-erdian kafea. Apenas dago turistarik. Azken bisita plazari eta bidean gara
  • Gutxika-gutxika geratu beharrean gaude mugikorrean bide onetik goazen ikusteko. Kostata baina atzea laga dugu hiria, helmuga Breda
  • Bredara zuzen doan errepide-bazterreko bidegorritik goaz. Harrituta ikusten ditugun etxetzarrekin, hauek bai palazioak, dirua dago hemen!
  • Belgika eta Holanda arteko muga ohartu gabe pasa dugu. Errepideko numerazioa da aldatu den gauza bakarra.
  • Bazkaria ere superrean. Plastikozko ontziak botatzeko makina dago, txartel propioarekin erabiltzekoa, interesgarria
  • Polita da Breda. Pasioa eman, zerbait hartu eta gertu ei dagoen Drimmelen herrixkara goaz, kanpin bila
  • 75km-ren ostean Drimmelenen. Kanpina itxita. Herrixkako beste kanpinean: "karabanentzat soilik". Pena ahotsak ez dit funtzionatu
  • Kamperen bij de boer. Kanpina baserritarrenean. Alboan behiak, simaurra, eltxoak eta zentral termiko bat. Eta zeinen gustura

Breda

Drimmelen alboko baserri batean

Abuztuak 15, asteazkena

  • Ia 20 kilometro egin ditugu gosaltzeko toki bat aurkitu dugunerako. Broma gutxi gero goizetan bidaidearekin kaferik ez badu hartzen!
  • Harrituta nago hemengo bidegorri sarearekin. Bide ugari, egoera onean eta seguruak, norabideak primeran seinaleztatuak. Maite dut Holanda
  • Ibilbide zehatz eta zuzen bat eraman ordez herriz-herri goaz. Gorinchem-en atseden hartu ostean kanal baten albotik Utrechterantz, zoragarri
  • Kanal horrexi jarraituz Utrecht-era heldu gara. Lehen hiri handia. Bizikleta mordoa. Maria estresatu egin da eta kanpinera goaz azkar
  • Bilthoven herrian dago kanpina. 80 kilometro guztira. Nekeak jota. Superrean erosketa egin. Kanpinera iritsi eta, igerilekua, penak zokora

Utrecht alboko herriko kanpinean

Abuztuak 16, osteguna

  • Patxadaz ekin diogu gaurkoari. Amsterdam gertu dago, 50km ingurura. Utrecht-eko irteeran, eguzkipean, goxo, hartu dugu kafea, plazer txikiak
  • Eguneko bitxikeria. Breukelen herritik pasa gara; hau ei da New York-eko Brooklyn auzoaren izenaren jatorria
  • Breukelen-en atseden hartzen, alforjaz beteriko bizikletan bidaiatzen zuen agurea ikusi dugu. Halakoa izan nahi nuke
  • Azkar iritsi gara Amsterdamera, 50km. Hiri-hegoaldean dago gure hotela. Zeinen gustura hartu ditugun ohea eta esku-oihal lehorrak

Breukelen

Breukelen

Ziztu bizian!

Errota

Bidean

Bidaia baten kontakizun tuiteatua (bat)

Mikel Lizarralde 2012/09/12 22:25
Abuztuan egindako bizikleta-bidaiaren kontakizun laburtua, 140 karaktere baino gutxiagoko esaldietan idatzia

Abuztuak 11, larunbata

  • Alforjak beharrezkoarekin soilik bete ditugu. Bagoaz bizikleta eta guzti tren geltokira. Eibar > Donostia > Hendaia > Paris > Brusela
  • Ez dabil tiketen makina. Estazioko arduradunak diosku ea berak zer egingo duen. "Guk baino zerbait gehiago jakingo duzu!" Ia-ia akatu dugu
  • Hendaian bizikletei gurpilak eta parrillak askatu eta poltsatan gorde dugu dena, bagoiko ate alboan, giltzarrapoaz kateatuta
  • Arropa zuri eta zapi gorriz jantzitako gazte mordoa bagoian. Dax-en atera dira. Kristoren parranda kanpoan. Kanpin dendak eta gazteak edonon
  • Nahita goaz gabeko trenean, baina ezin lokartu. Bero itogarria gure bagoian; besteetan ez. Urik ezin erosi, agortuta, Red Bull besterik ez

Trenean Donostiara bidean

Abuztuak 12, igandea

  • Parisen behingoan. Gare d'Austerlitz. Metroz Gare du Nord-era. Errazagoa da bizikleta gainean ibiltzea sorbaldan 2 eramatea baino
  • Hiru ordu Gare du Nord-eko kafetegian. Alboko turista bati zerbait lapurtu diote ume-ijito batzuk. Jabetu denerako urrun ziren
  • Bruselara doan trena bai erosoa eta freskoa. Ordu t'erdian iritsi gara Midi geltokira. Dena montatu eta Pantone hotelera, St Gilles auzoan
  • Hemen bizi diren lagun batzuekin pasa dugu arratsaldea paseoan. Espero baino politagoa da Brusela. Eta garagardoa...

Abuztuak 13, astelehena

  • Astelehen goiza, trafiko dezente Bruselan. Azkar aurkitu dugu Anberes ingururantz doan kanala. Bide erosoa. Kontatzeko gauza gutxi
  • Azken kilometroak errepide handi baten bazterretik egin ditugu. Anberes sarreran ez dugu inolako kanpinen erreferentziarik aurkitu, galduta
  • Judutar ortodoxo ugari, euren kapel, bizar-luze eta arropa soilarekin. Espero nuen, diamante salerosketagatik famatua da eta Anberes
  • Kirol denda batean esan digute non dagoen kanpina. Eskalda ibaia gurutzatu behar, tuneletik. Okerreko tunela hartu dugu, 5km gehiago, kaka
  • Kuriosoa. Ez dago zubirik Eskalda zeharkatzeko, tunelak soilik. 2 oinezko eta ziklistentzat. Igogailuan 40 metro behera eta 200 metro luze
  • Afaltzean, zerbitzariak dio euskara hungarieratik datorrela, eta apur bat finlandiarretik. Seguru azaldu da tipoa
  • Zerbitzari bera. Kreditu txartelaz afaria ordaintzera joan garenean: "banku espainiarra? hor doaz nire zergak" Alua
  • Azken bueltaxka Anberesen. Hiria asko gustatu zait. Plaza. Katedrala. Tunelak. Eta kanpina ere bai, inguru lasai eta polita

Anberesen

Anberesen

Arrateko igoera

Mikel Lizarralde 2012/08/06 20:44
Moda-modan jarri da gure koadrilan korrika egitea. Eta batak eta besteak zein aplikazio darabilgun komentatzen dugu, distantzia, abiada, kilometroa zenbat denboran eta enparauak neurtzen dituzten horietaoak. Aukeran nahiago dut bizikletan ibiltzea korrika egitea baino, eta aplikazio mordoxka dagoen arren ez dut bat bera ere erabiltzen. Hori bai, nire ibilbide kuttunean erlojua darabilt ahalegina neurtzeko.

Hamabi edo hamahiru urte izango nituen Arratera bizikletan igo nintzen lehen aldian. Ikastolako irteera zen, gehienak oinez eta bakar batzuk bizikletan; azkena iritsi nintzen, besteak beste zuzen igo beharrean Ixua eta Usartzatik ustezko lasterbidea irudikatu nuelako. Urteak daramazkit, beraz, bizikleta gainean xelebrekeriak egiten.

Bizikletaren beroaldiak ez zidan larregi iraun, baina urtebetez edo lagun batekin Arraterantz jotzen nuen. Urteetan kasurik egin ez eta banketxeko lehen soldatetako batekin erosi nuen bizikleta berria, Santiagoraino birritan bidaide izan dudan Orbea laranja.

Mendi-bizikleta berria erosi eta gutxira hasi nintzen Arrateko igoeran denborak hartzen. Itzioko bidegurutzen hasi, Iturburu, Urkoko iturria, Ixuako bidegurutzea, Usartza gaina eta Arrate. Banan-banan oroitu eta etxean kalkulu-orri batean apuntatzen ditut. Eginiko denborak ez badira esanguratsuak, hobe ez apuntatzea, haizeak erman ditzala.

Ohitura hau ez dut beste inongo ibilbidetan errepikatzen. Akaso ez dudalako beste ibilbiderik horrenbestetan egin. Lanetik atera, ilunabarra gertu, segi Arraten gora.

Lehen denborak hartzen hasi nintzenetik hamalau bat minutuan murriztu dut nire erlojupeko, edo erlojuaren kontrako, borroka. Ez dut behar pultsometro edo aplikaziorik jakiteko ondo edo gaizki noan, nahikoa erloju sinple bat.

Donostia - Eibar, amaiera, oraingoz

Mikel Lizarralde 2012/07/25 09:19
Batzuetan zaila egiten da gustuko gauzei amaiera ematea. Baina amaiera horrek beste plazer batzuk ekarriko ditu, zeregina bukatzeko zain zeudenak.

(Uztailaren 10ean eginiko etaparen kontakizuna).

Zenbatetan egin ote dut Donostia eta Eibar arteko bidea? Baita bizikletan ere. Eta bidea horren ezaguna eta gertukoa izanik lasaitasun sentimendua neukan. Hirurogeita hamar kilometro exkax. Aurreko egunetan eginiko kilometro andanaren ostean, zer zen ba hori?

Patxada horrexekin ekin nion egunari. Lehenik eta behin Norteko estazio parean saltsero ekintzaile batzuen pop-up okindegia bisitatu ostean. Onak dira ba! Motxilan bi ogi sartu nituen, etxekoentzat, bidaietatik oparitan zerbait ekartzearen ajeak.

The Loaf

Eta itzulerako bideari ekin nion. Ohitura dudan moduan Igeldon gora jo nuen, ez dut eta gustuko Usurbildik pasatzea. Maldan gora hasi aurretik zirimiria nuen lagun, eta Igeldo pasa ostean lanbroa, bizikletan jarduteko giro ezin hobea; eta zer esanik ez Oriorantz jaisteko, balaztak bustiak, lurra majo irristatzeko moduan, hotza hezurretaraino, beldurrak airean iritsi nintzen.

Baina N-634an sartu eta segituan bota nituen pare bat oihu. Eskerrak zenbait auto-gidarik txirrindulariak xaxatzeko ohitura duten. Zer egingo genuke bestela? Errepidean lasai ibili? Ez gero!

Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia. Ederra gero ibilbidea. Lastima eguraldi txepelak gozatzeko tarterik ez eskaintzea. Baina hara, halakoan, Itziarren gora abiatu eta atertu egin zuen, Debabarreneko mikroklima akaso.

Zeinen gustura egin nuen ibaian gorako bidea. Deba, Mendaro, Elgoibar. Haizea alde. Bizipoza topean. Indarrak bueltan izan nituen azken kilometroetan. Ahuleziak seko laga behar zaituen une horretantxe, helmuga begiz jo eta ahaztu egiten dituzu pasatako nekeak, bizipozak eragiten die pedalei.

Etxetik irten eta etxera itzuli. Aspaldian nahi nuen horrela bidaiatu. Eta ederra izan zen. Oraindik ere ederra da. Etorriko dira gehiago. Behin amuan koxk egin ostean zaila da gustukoari guztiz muzin egitea.

Orontze - Donostia

Mikel Lizarralde 2012/07/16 22:45
Ez gutxietxi gero mendi ezagunik gabeko etapak! Ibilbide gora-beheratsu bat nahikoa izan daiteke apurka-apurka indarrak lapurtzen joateko.

(Uztailaren 9an eginiko etapa).

Aurreko egunetan Portalet, Aubisque, Tourmalet eta Iturzaeta (Larrau) igo ostean, Donostiara bidean ez neukan halako mendi ezagunik; eta luzea izango bazen ere, ondo egitearen uste sendoa neukan. Goiz hasi zen ordea gora eta behera ibili beharra. Ezkarozetik Auritzera bidea luzea egin zitzaidan. Hankak hotzak, baina auspoa azkar berotu nuen, larregi. Jaurrieta, Abaurreagaina, Garralda. Zelako lasaitua Auritz begiz jotzean. Uste baino nekatuago nengoen, eta etapa hasi besterik ez zen egin!

Garazira jaitsi aurretik Orreagan ogitartekoa, erromes giroan, lehenago ere egin izan nuen moduan. Beti taberna berean sartzen naiz, Ibañetatik gertuen dagoena, aurreko bietan aitarekin, oraingoan bakarrik.

Ibañetara bidean lanbroa, eta zirimiria. Mugaz bestaldean euria izango zenaren beldurrez hasi nuen Luzaiderako jaitsiera. Auto bat atzean, jaitsieraz goza nezan tartea emanez. Hori gozatua. Agurtu egin ninduten ordeka moduko batean albotik pasatzean. Eskertzekoa da zenbait gidariren enpatia.

Donibane Garazira iritsi eta oraindik kilometro mordoxka nituenez egiteke, ez geratzea erabaki nuen. Beste batean oroitu beharko ditut Espainiako karrika eta abarri txikitan eginiko bixitak. Nire imajinazio zoriontsuan Baigorrirako tartea ez nuen oso aldapatsua espero, baina bai, hemen ere aldapak aurkitu nituen, ez gehiegizkoak, baina hankak pittin bat gehiago nekatzeko modukoak bai.

Muga lausotua bigarrenez igaro aurretik Izpegiko lepoa gainditu behar nuen, Baigorrin gora. Platano parea eta edaria erosi nituen behean. Eta zelako poza bertakoekin euskaraz jardutean. Giputz alu hau poztu egiten da mentalki ohikoak dituen eremuetatik urrun euskaraz egitean, dela Bilbon edota Nafarroa Beherean, haientzat arrunta izan arren.

Izpegi igotzen hasi eta errepide erdian itxia zegoenaren iragarpena. Kasuen! Badaezpada ere aurrera egin nuen, akaso bizikletak pasa zitezkeen eta; baina Donostiara iristeko beste aukera batzuetan pentsatzen hasi nintzen, Dantxarinea, Hendaia, ...

Izpegi

Zortzi kilometroko igoera eder eta lasaia. Laugarren kilometroan ari ziren lanean, lurzorua berria jartzen. Pena aurpegia jarri eta euskaraz galdetu nien ea pasa nintekeen izkinatik. Baietz, pasatzeko, baina bizikleta airean eraman beharko nuela. Poz bikoitza, pasa nintekeelako eta berriz ere euskaraz egin zidatelako.

Pozarren egon arren ez da atsegina mendian gora belar eta harri artean bizikleta sorbaldan daramazula ibiltzea. Lanak atzean utzi eta lasai egin nuen gailurrerakoa, atzetik autorik etorriko ez zen patxadaz. Hemen ere kilometroz kilometro txirrindulariontzako kartelak, eta goian, goresmenak!

Izpegi

Goseak amorratzen, hirurak pasatxo, lehortu gabe maldan behera egin nuen, jatetxe bila. Bai azkar aurkitu ere Erratzu pasa eta berehala. Ai, Baztan eta Malerrekako euskara, zein ederra. Eta zeinen gustura entzun nuen neska guapa bat "Doneztebera dena da zelaia" esanaz, ea aldaparik ba ote zen galdetu ostean. 70 kilometro falta zitzaizkidan oraindik, eta jada munduaren erdia gurutzatua nuenaren sentsazioa.

Doneztebera bidean muga iragan izanaren beste iragarpen bat. Poliziaren kontrola. Alboan paratu eta bertako lagun bati aurki pasatzekoa nintzela abixatu nion. Zein polita bidaian aspaldiko lagunak agurtzen joatea. Ezin denera iritsi ordea, Zubietatik ere pasa nahi nuen Beñat agurtzera, baina ezin, berandutzen ari zen eta.

Eguneko beldurrik handiena nuen ondoren, Irunera eramango ninduen errepidea, kamio eta autoz lepo betea. Zorionez errepide zaharra egokitua dago bizikletaz bidaiatzeko, baina tarte bat edo bestean N-121etik joan behar, besteak beste tunel batean. Izuak jota eguneko abiadarik handiena hartu nuen tunel horretan, azkar pasatzea besterik ez nuelarik buruan.

Behobia eta Irun inguruan beste kontrol bat, eta auto pilaketak. Gipuzkoak zirimiriarekin hartu ninduen. Bost axola jada bustitzea. Indarrez nenbilen. Eta malaletxean, gidari barduliano aluak bezalakorik ez dago bidaiari hau espabilatzeko. Airean igo eta jatsi nuen Gaintxurizketa. Errenterian Ketarik irakatsitako bidegorria hartu nuen, baina Mirakruzen errepidera sartu nintzen berriz ere, Donostiako klasikoaren amaiera egiten banengo lez.

Tropeletik ihes egindako txirrindularia nirudien Boulevardean sartzean. Besoak jasotzea edota muxuak banatzea falta izan zitzaidan soilik, ze amorru eta poz orru bat bota nuen, alboko taxisten harridurarako. Nola ez nintzen poztuko ba, amamaren etxera iritsi nintzen eta!

Mugalari moduan ibilitako etapa honetan 170 kilometro pasatxo egin nituen eta neurtzeko zaila den pozak bete zidan barrena.

Donostia!

Luz-Saint-Sauveur - Orontze, Orhi albotik

Mikel Lizarralde 2012/07/15 14:06
Duela hogeitaka urte Indurain bere onenean zebilenean nire txirrindulari kutunena Chiappucci zen, beti bigarren beti galtzaile. Irabazi ezin dutenek sortzen duten erakarpena, galeraren xarma. Baina 1996an Indurainek hondoa jo zuen Iturzaeta (Larrau) igotzen, eta irabazle zenean baino gehiago maitatu nuen. Pirinioetako

(Uztailaren 8ak argitaratu behar nuen hau, baina nekeak jota gerorako laga behar, orain helduko diot berriz ere kontakizunari; etxean nago jada, bidaia ederra izan da, zaila kontakizunak maila bera ematea).

Egun luzea aurretik izan arren, ezin goiz jaiki eta abiatu. Goizero-goizero izarek kateatu egin naute eta gutxitan abiatu naiz bederatziak edo hamarrak baino lehenago. Eta Euskal Herrira itzuli behar nintzen egun honetan berdintsu jokatu nuen. Patxadaz lotu nuen parrila bizikletan eta motxila honen gainean lotu. Majo gosaldu eta soseguz ekin nuen lehen kilometroetan. Ibaian behera nindoan Luzetik Lourdes alderantz. Txirrindulariok ezin hartu errepide nagusia eta sigi-saga jardun behar bigarren mailako bideetatik, baina atseginak dira auto gutxi eta zoru bikainari esker.

Lourdesen Pauerako bidea hartu nuen, basilika famatuaren albotik iragan ostean. Kilometro mordoxka egin nituen txirrindulari baten atzean, bi hiru metrora, jazarketa-proba moduan. Ibilbidea lasaia zen, tarteka ordekan tarteka muinoetan gora-behera.

Halakoan, beste txirrindulari-bidaiari bat ikusi nuen bide bazterrean, matxura bat konpontzen edo. Nire frantses eskaxean ea ondo zegoen galdetu nion. Beragana gerturatu eta gertatu zitzaiona ikustean "ostia!" batek ihes egin eta erdaraz hitz egiten hasi ginen. Matxura xelebrea izan zuen, kanbioaren atzeko desbideratzailea apurtu, irauli eta erradioetan sartu zitzaion, gurpila seko geratuz. Pirinioak zeharkatzen ari zen Mediterraneotik Kantaurira, akabo bere bidaia. Oloron gertu zegoela eta bertan bizikleta dendaren bat izango zuela esan nion, nahiz eta igandea izan. Eskerrak ez nuen halakorik izan bidaia osoan, zulatu ziztrin bat besterik ez.

Aurrera jarraitu nuen, halakoan baso eder batean, halakoan baserri eta soro artean. Nire erloju biologikoak bazkaltzeko eskari luzatu zidanean ordu biak inguru eta hurrengo herrixkara iristean jatetxe bila jo nuen. Baina frantsesen ordularia bestelakoa da, eta aurkitu nuen lehen jatetxeak itxia zeukan jada sukaldea. Beldurtu nintzen, igandea izanda, ea bazkaldu ezinik geratuko ote nintzen. Eta hori desastrea litzateke, helmugara ezin iritsi. Zorionez, kilometro gutxira zegoen Asasp herriko taberna zaharkitu batean bi urdaiazpiko bokadilo eman zizkidaten, jambon blanc; bai, bi, bizikletan ibiltzeak ematen duen gosea neurrigabea da, neroni beldurtzeko modukoa.

Taberna zahar hark Zegamako Kontsejua gogoratzen zidan, edota gurean 70-80ko hamarkadako estetikari eusten dioten taberna zahar horiek; egurrezko xaflak paretaren lehen metro edo metro eta erdian, eta goian ehizatutako animalien buruak. Eta telebistan Tourra. Barra-erdiko lehen ogitartekoa amaitzen nuen bitartean ikusi nuen Samuel Sanchezen erorikoa. Zorte hobea izango nuelakoan, kaskoa berriz ere jantzi eta aurrera.

Bazkaldu osteko lehen kilometroak kostata egin nituen, egia da 90etik gora neramatzala jada, baina Arette-en kafetegi polit bat ikustean barruan sartu nintzen birritan pentsatu gabe. Zerbitzaria atsegina zen eta nola edo ahala azaldu nion Luz-Saint-Sauverretik nentorrela eta gero Otsagin alboan nuela helmuga. Harridura keinuak egin zituen, eta eskertu nion, egiten duzunari meritua emateak norberari indarra ematen diolako. Euskalduna nintzela esan nion, eta apur bat zoratuta gaudela, vasco loco, Laisekari Luz-Ardidenen Armstrong-ek esan moduan.

Zuberoako muga

Eta Zuberoan sartu nintzen halakoan, eüskal bihotza, poz-pozik. Urteak ez nintzela hemen. Kantuan iritsi nintzen Atharratze ingurura, eta handik Larraine herrirantz. Aurki ekingo nion Iturzaeta (Larrau) beldurgarria igotzeari, Pirinioetako koefizienterik gogorrena duen mendatetzarra, 1996an Indurain menderatu zuena.

Mendate hasieran 135 kilometro neramatzan. Aurrean 15 kilometroko igoera. Bi ordu beharko ei nituen, irakurri nuenez. Larraine herrira arte ia 3 kilometroko pareta, bataz beste %10eko penditza, tarteka 12 eta 15eko zaplaztekoak. Herriko lehen etxeetan iturria, iaia bizikleta eta guzti sartu nintzen barruan. Tarte lasai baten ostean beste 7 kilometroko sufrimendua, hitzaren esanahi doilorrenean. Pedalkadak eman maldan behera ez joatearren, ez erortzeko. Aurki sartu nintzen lanbro eta zirimiri artean. Akabo sufrimendua ahazten laguntzen zuten ikuspegi ederrak, jatsi burua, heldu gogor bizikletari.

Erroimendi

Erroimendi gainean tarte lau bat, arnasa hartzeko edo, hartzerik balego. Lanbrorik ez balitz gailurra ikusi behar. Akaso hobe ez ikustea, jatsi burua, heldu gogor bizikletari. Blai eginda nengoen, arrazoiz esaten zaio gazteleraz zirimiriari calabobos, alua izatearen sentsazioa; nork bidali niduen bidai hau egitera, nork etapa horren luzea planeatzera. Azken kilometroa, 12 eta 14ko aldapa gogorrak, jatsi burua, heldu gogor bizikletari. Eta halakoan, ohartu gabe, Nafarroako gobernuaren turismo-iragarkiak. Gainean egongo nintzenaren sentsazioa akaso, amaitu zen eta malda. Haize gogorra, hotza eta euria. Izkina batean lehortu, arropa berria jarri eta argiak jarri nizkion bizikletari, jaitsieran autoek ikus nintzaten.

Azkar busti zitzaizkidan arropa lehorrak. Eta halakoan, tunel bat iragan, eta eguzkia. Tarteka Orhi ikus nezakeen, aitarekin orain hamar-hamabi urte igotako mendia, zelako oroitzapen ederrak. Apur bat gehiago jatsi eta argazkiak egiteko aprobetxatu nuen.

Orhi

Goitik beherakoan bidaiak bazuen jada zentzua, etapa luzeak bere meritua. Zeinen gustura pasa nituen Otsagi eta Ezkaroze. Hostal Salazarreko ugazabari aho txikiarekin esan nion Luz-Saint-Sauveurretik nentorrela 170 kilometroren ostean, astakeriaz lotsatuta, baina barrena... barrena poz-pozik.

Tourmalet

Mikel Lizarralde 2012/07/07 23:45
Atzoko nekeen ostean egun lasaia behar nuen, eta zer hoberik Tourmalet igotzea baino, alde "errazetik", hori bai.

Patxadaz gosaldu, bizikletari parrila kendu, motxilatxoan arropa lehorra sartu eta gaurkoari ekin diot. Luzeko turismo bulegoan ura hartzen beste euskaldun batzuk. Bideari ekin eta azkar pasa naute, Baregesa bidean. Hasieratik dago aldapatzarra. Aita-seme batzuk ere pasa naute, baina gertu geratu zaizkit, ni pasatzeko ahalegina baina gero ezin tartea ireki.

Bareges herrian aita-semeak ura hartzera geratu dira, eta baita ni ere, 5 kilometroan azkar edan dut eta litro erdia. Ikasgai garrantzitsua da hori, hartu ura sarritan, badaezpada ere.

Kilometro eta pikura eski estazioko aparkalekuak arnas apur bat emango digu. Hamar kilometro gailurrera. Amaiera arte kilometroro iragartzen dizute zelako kalbarioa duzun aurrean: altuera, penditza eta falta den distantzia. Urrun ikusi ditut aparkalekutik aita-semeak. Nire erritmoari eutsi eta aurrera.

Zikloturista ugari pasa ditut, euren poltsa eta guzti. Arinago igartzen naiz gaurkoan kendutako soberakinei esker. Txirrindulari bat edo beste ere pasa dut, horiek koadroak ikusten direnak. Eta goian helmuga izango denaren jira-bueltak ikusten dira, lekutan oraindik ere.

Halakoan mendi hegal batetik bestera pasatzen gara eta errebuelta batzuen ostean Pic du Midi ikusi dut, bere gailur kurioso horrekin. Igoera eta aldapaz apur bat ahazteko baliogarria, eskertzekoa aizu!

Kilometro eta erdiren faltan aita-semeetako bat ikusi dut urrunean. Indar apur bat oraindik ere baneukanez hortzak estutu, manilarrari gogor heldu eta harrapaketari ekin diot. Azken maldan pasa dut, ehun edo berrehun metroren faltan. Hori poza nirea. Gailurra horrela egiteak plazer puntua eman dio. Zeinen gustura esan diodan "bonjour" albotik pasatzean.

Goian haizea. Eta lehengo euskaldunak. Alkarri argazkiak atera eta arropa aldatu dut. La Mongie aldera begira denboraz egon eta behera bueltan. Ederra jatsiera eta ederra parajea. Baregesen pancake basquaise bat jan eta hotelera. Ondoren alboan dauzkadan termetara jo dut, erlaxatzera, uretan plisti plasta ibiltzea asko maite dut eta.

Biharkoa gogorra izango da. Euskal Herrira itzuliko naiz eta itxuran Piriniotako igoera gogorrena gainditzea espero dut, Larraine (Larrau). Bitartean, biba gu!

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut CodeSyntax enpresan. Hemen idazteaz gain beste CodeSyntax-en blogean eta Twitterren ere banabil txio-txioka.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.

 

Nabigatu euskaraz