Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Zegama-Aizkorri 2019ko mendi maratoiaren nire kronika

Zegama-Aizkorri 2019ko mendi maratoiaren nire kronika

Mikel Lizarralde 2019/06/05 08:35

Poz-pozik nago. Igandean Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaitu nuen. Bero sargoriak oraindik eta gogorragoa egin zuen; majo sufrituta helmugara iritsi nintzen arren, pribilegiatua sentitzen naiz eta uste dut mendian korrika egitea gustuko duen edonork egin beharko lukeela lasterketa hau behin, zorrotz entrenatuta. Nik neuk ezagutu dut jada eta ez dut hurrengo urteetako zozketetan tokirik okupatuko berriz, besteren batek izan dezala nik izan dudan zortea.

Aurreko egunak

Zertarako ukatu, urduri nengoen. Eguraldiaren iragarpena sarri begiratzen nuen, iganderako sargoririk egongo ez zen itxaropenez. Dozena erdi elkarrizketa egin zizkidaten pasa den astean eta baten batek pentsatuko du hedabideetan agertzeak presio gehiago eragingo zidala, baina ez zen horrela izan. Asko eskertzen diet hedabideei esklerosi anizkoitza ezagunagoa egiten laguntzearren.

Bitxia irudituko zaizue, baina bezperan txuleta-jana egin nuen unibertsitateko lagun batzuekin. Eta, aizu, bai ondo etorri zitzaidan tentsioa jaisteko. Lasterketaren estrategiarako ez zen onena izango horrela bazkaltzea, baina lagunekin berriketan eta barre apur bat egiten jardutea primeran etorri zitzaidan. Lagunak agurtu ostean Zegamara joan nintzen dortsalaren bila, ondoren, etxera.

Lasterketa

Seietan jaiki, gosaldu, motxila prestatu eta aitarekin Zegamarantz abiatu ginen. Elizaren atzean aparkatu, aldatu, beroketak egin eta irteerarantz. Aurreskua, Vangelisen Titans, tentsioa eta 9:00etan irteera. Bostehun lasterkarien artean azkena izan nintzen lasterketari hasiera ematen. Laurehun metroko bueltaxka bat herriari eman eta aldapan gora hasi ginen, Saadar alderantz. Jendetza hasieran orroka animoak ematen. Lehen bi kilometroak egin aurretik izerditan blai nengoen jada, eguzkiak parez-pare jotzen zuen eta.

Konturatu orduko Otzaurten ginen, hori jendetza zegoena, gero etorriko zenaren abixua. Aurreikusitako denboran iritsi nindoan eta mentalki errepasatzen nuen Ultzaman, Atabarretan eta Aratzen egin behar nuen denbora, Sancti Spiritura garaiz iritsi eta kanpoan ez geratzeko. Aurreko astean askok esan zidaten indarrak gordetzen joateko Urbia inguruan egon arte eta, ustez, hala nindoan, suabe antzean.

Zein paraje ederra den Otzaurtetik Aratzerakoa. Ez badakizu hurrengoan zein mendi-buelta egin, egizu hau, puntu horiak jarraituz, ez zara damutuko.

Basotik irten eta Aratzera igotzen hasi behar ginenean, hara, lehen sorpresa, han ikusi nituelako Maite, Beñat, Mikel eta Josu lankideak. Nolako poza eman zidaten. Lasai nindoan eta Beñatekin bromak eginez esan nien agur. Aratzen aurreikusitakoa baino minutu batzuk lehenago nengoen. Sancti Spiritura jaistean ezer arrarorik ezean, seguru nintzen lasterketa moztu aurretik. Poliki jaisten zen lasterkari baten erritmoa jarraitu nuen, utikan ahuntzen pare zihoazenak. Hiru ordu eta laurdenean zegoen Sancti Spiritun denbora-muga, eta hamabost minutu lehenago iritsi nintzen, ondo! Anoa postura iritsi eta gora begira geratu nintzen, hori jendetza zegoena. Pikutara beroa eta nekea. Irribarre handi batekin igo nintzen txalotzen ninduten guztien erditik. Gutxitan esan dut hainbestetan "eskerrik asko".

Aratzera igotzen

Hiru ordu laurdenean Aizkorrira iristen nengoen. Han ere jendetza. Eta hori emozioa koadrilakoak ikusi nituenean. Besarkada handi bat eman nien. Nolako poza eman zidaten. Puntan freskatu eta mendilerroa jarraitu genuen Irauleraino. Bidean Pablo ikusi nuen. Oso azkar ez gindoazen eta "begira, nire ama hor beheko baserri horretakoa da" esateko astia izan nuen. Gailurretan haizea zebilen eta giro atsegina zegoen.

Aizkorri puntan agurtzen

Hautsa arrotuz jaitsi ginen Irauletik Arbelarrerako senda lehorrean. Jaitsiera malkartsua da, poliki nindoan, eta lehen karranpa zantzuak igartzen hasi nintzen. Arbelarren arreba zegoen, besarkada handi bat, ura edan anoa postuan eta aurrera. Oltzeko bueltan bero handia egiten zuen eta bizitzan lehen aldiz karranpak eduki nituen, nolakoak, gainera! Geratu, luzatu, arnasa hartu eta segi aurrera. Poliki xamar iritsi nintzen Urbiara.

Hantxe nituen zain Txomin, Violeta, Jon eta konpainia. Txomini agindu nion The Loafeko kanelazko bollo bat ekarriz gero bertan jango nuela. Zalantza egin nuen hasieran, baina, bah! "Pikutara, ekarri hori!". Ederki sartu zitzaidan. Poz handia eman zidan haiek ikusteak. Eta baita metro batzuk aurrerago zeuden Unai eta Enekok ere.

Jon eta Txominekin Urbian

Andraitz igotzen hasi aurretik Bittor nuen berriz zain, mendilerroko azken zatia berarekin egin ostean lasterbidea hartu zuelako. Eta, halakoan, koadrilakoak ere bai, Aizkorritik jaitsita. Hor gindoazen bospasei lagun kamiseta berarekin korrika Andraitzerantz. Presidentea bere bizkarzainekin, edo halako zerbait. Egoera zoragarria iruditu zitzaidan. Eta pixka bat aurrerago arreba ikusteak borobildu egin zuen. Honek esan zidan beste gehienek baino aurpegi hobe neramala. "Horiek ez dute pasa orain hilabete gutxi nik pasa dudana", esan nion, harrokeriarik gabe, noski.

Bizkarzainekin
 

Andraitzen gora joan erritmo alaian igo nintzen Bittor eta Franek lagunduta. Goian biei agur esan eta beheranzkoari ekin nion. Hortxe pentsatu nuen, kitto, zailena egin dut. Hanka-sartze ederra. Aurreratu zidaten jaitsiera oso luzea egin daitekeela, eta nire kasuan asmatu zuten, berehala hasi bainintzen karranpekin, ezin korrika egin, hori ezintasuna. Dozenaka korrikalarik pasatzearen sentsazioa neukan. Apurka-apurka goibeltzen nindoan. Eta, halakoan, pinudi itxi baten erdian, "hemen eta orain, aupa Mikel!" orroa entzun nuen. Hara non, basoaren erdian, inor ez zegoen toki batean, Miren, Julen eta euren lagunak ni animatzen. Jaitsiera salbatu zidaten.

Erritmo oso lasaian nindoan aldapan behera. Azken kilometroan Aitzol eta bere familia ikusteak sekulako poza eman zidan, helmugaren aurrekaria. Zegama sarreran hantxe zegoen Edurne lehengusina, osaba, ama, ... helmugara emaztea eta bi alabekin sartu nintzen. Ezin pozari eta negarrari eutsi. Twitterren geroxeago esan nuen moduan, iritsi ginen, pluralean, denen artean eraman nindutelako irteeratik helmugara. Pribilegiatua naiz. Eta ez soilik lasterketa hau egin ahal izan dudalako, lasterketa hau horrela egin ahal izan dudalako baizik, horrelako babesarekin. Hori bizipoza!

Handia haiz @macmikel handia pic.twitter.com/kePXPeaquh

— Ander Garro (@werther000) 2019(e)ko ekainaren 2(a)

Esan gabe doa hemen aipatu ditudan guztiek kamiseta bera zeramatela. Halako talde sentsazio bat izan dut nire inguruan. Babestua sentitu naiz, maitatua, eta hori oso ederra izan da.

Nork esan behar zidan urtebete lehenago 2019ko Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaituko nuela. Mila aurpegidun gaitza da esklerosi anizkoitza. Batzuengan gainbehera azkarra ikus daiteke. Nire kasuan diagnostikoa ez da muga izan mendi maratoi hau egiteko. Egin dudanak lagundu dezala hurrengoan gazte bati gaitza diagnostikatzean beldurra samurtzen.

Ondorengoa

Ez da Zegama-Aizkorri gehiago egongo niretzat lasterkari moduan. Bost axola egindako denbora edo hori hobetzeko desioa. Beste batzuek izan dezatela lasterketa hau barrutik bizitzeko zortea.

Eskerrak eman nahi dizkiet animatu ninduten guzti-guztiei. Muxu bana. Eskerrak, nola ez, antolakuntzakoei dortsala eman eta esklerosi anizkoitza ezagunagoa egiten laguntzearren. Eta eskerrik asko nire ahalegina ulertu eta esklerosi anizkoitza ezagunagoa bilakatzen lagundu duten hedabideei: Euskadi irratia, Eta kitto, Arrate irratia, Segura irratia, Noticias de Gipuzkoa, Euskal Telebista, Radio Eibar eta SER.

Aspaldi aipatu nuen Zegama-Aizkorri ez zela helburua, bitartekoa baizik. Ekaineko albiste garrantzitsuena ez dadila iragan igandekoa izan, 12an daukadan neurologoa baizik. Ea gaitzak lo jarraitzen duen. Horrela izatekotan, hori ere denok batera lortutakoa izango da

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2019/06/10 13:34
Kronika ederra, Mikel. Astebete itxaron dut berau irakurtzeko, eta hunkitu egin nau. Porru eginda iritsi zinen —zelan bestela—, baina aldi berean lebitatzen-edo, bizi izandako emozioek eraginda.

Orain egunerokoan berriro ere, ea ondo doakizun kontroletan. Nik poz-pozik janzten dut zure kamiseta arineketan egitera noanean.

Zorionak, eta segi horrela!

Joxe
Mikel Lizarralde
Mikel Lizarralde dio:
2019/06/12 22:06
Aupa, Joxe! Biba zu! Eskerrik asko eta gogoratu kamisetan dioena: hemen eta orain! Besarkada handi bat!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.