ZAZPI dokumentala Eibarren
Nire erreferenteak elkarrizketa-sortarekin beste pertsona batzuek bizitzan jasoriko kolpeei nola aurre egin duten jaso nuen. Esan izan dut berekoitik asko izan zuela proiektu hark, ikasteko balio izan zidalako.
Hor sortu zitzaidan interesa esklerosi anizkoitzaren diagnostikoaren ostean bizi izan dudana ikus-entzunezko formatuan jasotzeko. Kamera aurrean geldi-geldi berbetan ez nuenez ikusten nire burua, bidaia baten aitzakian harilkatzea otu zitzaidan.
Gerora Zazpi moduan izendatutako asmo hori horrela jaio zen.
Egitasmoak bi zati izan zituen. Aurrena egon ziren bideo labur batzuk, non azaltzen nuen zer zen esklerosi anizkoitza, nola topatu zidaten, ondorengoa, ... eta bidaia bera ere jaso nuen.
Bigarren zatia dokumental bat izango zen. Bidaian zehar Pello Osoro etorri zen nirekin irudiak grabatzen. Bere aita Iñaki bidelagun izan genuen baita ere, logistikako nagusia.
Bidaia horretan Euskal Herriko probintzia bakoitzeko mendi tontor garaienak lotu nituen. Asmoa izan arren bidaia saio bakarrean osatzea, agendak behartu gintuen azken bi egunak lau hilabetera egitera. Kasualitate horri esker elurrak zurituta topatu genituen Pirinioak. Alpeak ziruditen. Begira bestela Zazpiren karteleko paisaiari. Orhi tontorrera iristen gaude Fer, Fran eta hirurok, beheraxeago zeuden Osorotarrak, irudiak hartzen.
Dokumentala osatu eta Mendifilm jaialdira aurkeztea. Hortxe neukan nire azken mugarria. Nire baitan irudikatzen nuen jasoko nuela mezu bat esanaz "Eskerrik asko aurkeztearren, baina ez dugu Zazpi onartu". Zorionez, ez nuen asmatu.
Nolako oihuak bota nituen onarpenaren mezua iritsi zenean! Ze poza! Onarpenaren mezu soil hura ikaragarria izan zen niretzat.
"Zortzi mila metroko mendi bat igotzearen parekoa da". Iñaki Peña mediku eta dokumentalistak (aurrekoari gehitu diezaiogun orain idazlea ere badela) esan zidan aurreko esaldia Mendifilm zinemaldian parte-hartzera nindoala kontatzean.
Eta Ramon Olasagasti kazetariak Berrian egin zuen erreportajean Iñakiren esaldia erabili zuen.
Ez dakit Mendifilmen parte hartzea zortzi mila metrora igotzea izan zen, goraxeago edo beheraxeago, ez du ardura. Lebitatzen egon nintzen denbora batean.
Orain, ondoren gertatutakoa? "Domeka honetan etorri zaitezke Bilbora?" galdetu zidan telefonoz antolakuntzako Jonek. "Bilbora? Zertara?" Motel, euskarazko film onenaren saria! Hori entzunda zentimetro batzuk gorago lebitatzen hasi nintzen, eta pozaren pozez negar malko batzuk irten zitzaizkidan.
Ederra izan zen saria jasotzeko unea. Agian guztiz sinistu barik neukan artean. Edo lotsa izango zen, ez dakit. Zazpi dokumentala egitea otu zitzaidanean ez nuen berehalakoan pentsatuko halako zerbait biziko nuenik. Maialen eta Katrinekin han. Nekez gailur ederragorik.
Menditour ibiltariaren baitan herriz-herri dabil Zazpi, aukeratzen dutenean. Ataunen bota zuten, baita Otxandion ere, Zaldibarren emango dute apirilaren hasieran.
Eibarren zerbait desberdina egin behar genuen eta horrela antolatu dugu Klub Deportiboaren mendi-jardunaldien baitan: dokumentala eta hitzaldia. Mikel Larreategi lagunak galderak egingo dizkigu Maite Arroitajauregi Mursego eta bioi. Datorren ostegunean, martxoaren 13an, 19:00etan Coliseoan. Doan da saioa baina sarrera hartu beharra dago (leihatilan zein online eskuratu daitezke).
Mendifilmen parte-hartzea zortzi milakoa. Sari bat jasotzea beste zortzi milako bat. Eta, nire herrian botatzea, hirugarren zortzi milakoa? Segi dezagun lebitatzen.