Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Lehen gailurrak, El Pueyo - Luz-Saint-Souveur

Mikel Lizarralde 2012/07/06 23:58
Ordeka aspergarria egiten zait. Niri mendateak igotzea gustatzen zait, eta gaur igo ditut Piriniotako lehenak.

Lagun baten aitarenean hartu dut ostatu bart eta berarekin gosaldu dut plazako tabernan,lagun batzuekin kontu kontari zebiltzala. Hamaikak inguruan ekin diot Portalet igotzen jarraitzeari eta ordubete eskaxean Formigalgo gasolinategian zerbait jatera sartu naiz. gosaldu berritan eta hala ere goseak!

Berriz ekin eta axkar pasa zait gailurrerakoa. Lehortu, arropaz aldatu eta beherantz. Hori da jatsiera luzea hori! Hogeitaka kilometrotik gorakoa. Eta ordekarik sumatu ere egin gabe eskubirantz bidegurutzea eta Aubisqueko igoera. Kilometroz kilometro seinaleak daude gailurrera zenbat falta den eta kilometro horretako penditza erakutsiz, animoak birrindu edo berpizteko. Gouretten iturri baten aitzakiaz geldialdia egin dut. Lau kilometro gailurrera. Lanbropean sartu naiz gero, txirrindulari bat edo beste pasa bitartean, kuriosoa zenbat tandem ikusi ditudan gaur.

Aubisque gainean jende ugari, baina metro gutxi batzuk soilik ikusten zirenez jarraitu egin dut, behera aurrena eta Soulorrerako igoeratxoa ondoren. Zein ederra bi mendate hauen arteko bidea, amildegi izugarria eta mendi handi-handiak edonon.

Soulor jatsi eta sasi ordekaren ostean Argelesa heldu naiz. Eta hor hasi naiz igertzen lehenago bazkaldu ez izana,indarrek apur bat huts egin didatelako. Eskerrak patisserie bati,eta gel energetikoei.Kostata baina heldu naiz.

Guztira 117kilometro. Bataz bestekoa 21 kilometro orduko mugimenduan eta 16,3 orotara. Eta onena afaltzean zerbitzariak hartu duen sustua eskatu dudan guztia ikustean (ogitartekoa patata ugarirekin eta calzone pizza bat);akaso gehiago izutu da gaur egin dudan etapa kontatu diodanean,edo eskatutako guztia amaitu dudala ikustean. Bihar atseden hartuko dut, besteak beste Tourmaletera igotzen ahaleginduz.

Bigarren saioa, Iruñea - El Pueyo de Jaca

Mikel Lizarralde 2012/07/06 00:42
Luze jo du gaurkoak. Guztira ia 10 ordu abiatu naizenetik Panticosa alboko herrixka honetara iritsi arte.

Etapa luzea neukan arren patxadaz hasi dut eguna, motxila soseguz prestatu, gosaldu eta dena ondo gertatu dut. Iruñetik nola atera gutxi gora-behera banekien, baina azkar despistatu naiz. Mugikorrean begiratuta bide onari heldu diot, hori bai mendi-bide batean saltoka ibili ostean.

Agoitz alderantz hartu dut hasieran, eta ondoren Irunberrirantz. Hara iritsi arretik sekuako zaparrada bota dit. Eta ni Laosen izan nuen egun negargarri hartaz akordatzen hasi naiz. Goitik behera blai eginda eta flakiaren beldur. Liedenara azkar heldu naiz, eta gustura jan dut ogitartekoa.

Yesa nuen ondoren. Trafikoaren beldur nintzen. Eta azkar hartu dut lehen muturrekoa. Gurpila zulatu dut, edo haizea galtzen hasi da. Puztu eta beste ordubete ibilinaiz. Beste ordubetean Puente la reinara heldu naiz eta bazkari ederra egin dut.

Gurpila konpondu eta Jacara zeuden 20 kilometroei ekn diet. Trafiko ugari eta errepide eskaxa baina ondo egin dut baita handik Sabiñanigorakoa. Biescasen azken geldialdia egin dut, Portalet mendatearen hasiera zen eta indarrak neurtzeko aprobetxatu dut hango %10eko penditzean.

El Pueyora azkar heldu naiz. Guztira 176 kilometro atera zaizkit. Eta bihar Pirinioak. Hau gogoa! Bitartean, biba gu!

Lehen etapa, Eibar - Iruñea

Mikel Lizarralde 2012/07/04 18:14
Lasai-lasai ekin diot lehen etapari, indarrak hasieratik ez xahutzeko asmoz.

Goiz jaiki, motxila prestatu, parrilan jarri eta etxetik atera naiz. Maria eta gurasoak agurtu eta Elgoibar alderantz jo dut. Gogoa neukan bidaian zuzenean etxetik ateratzeko, hain ohikoak diren tokiak beste begi batzuekin ikusten dira.

Ez nekatzea zen helburua eta horrela igo dut Azkarate, errepide zaharretik. Azkoitiatik Zumarragarakoa ez dut horren gustura egin, trafiko ugari, kamioiak bereziki, eta hobe ez jakin zenbateko tartea laga didaten.

Beasainen pintxoa eta freskagarria hartu ostean Lizarrusti igotzeari ekin diot, Lazkao eta Ataun amaigabea iragan ostean. Igoera ederra, aldapa gutxi, are eta kotxe gutxiago eta paisaia ederra.

Etxarri-Aranatza jatsi eta Sakanako bigarren mailako errepideetan zehar ibili ostean Irurtzuna. Lasaia benetan Sakanan bizikletan ibiltzea, albo batean Aralar eta bestean Urbasa. Irurtzunen zerbait jan eta azken 20 kilometroak gustura egin ditut, helmuga gertu somatuta. Pozik nago lehen etaparekin, 24 kilometro orduko abiadan ibili naiz 114 kilometroan zehar. Mantxoa mailako txirrindularientzat, nahikoa eta gehiago niretzat.

Bihar Panticosa alderantz. Etapa luzea 160 kilometro pasa. Ea ondo doan. Bitartean, biba gu!

Berriz ere bidean

Mikel Lizarralde 2012/07/03 22:20
Iazko oporretan, azken helmugara iristeko desiatzen nengoen. Baina iritsi eta berehala gehiagoren beharra sortzen hasi zitzaidan.

Hilabeteak pasa ditut bidaiak amesten, Transpirenaica, Islandia, berriz ere Asiarantz abiatu. Baina abuzturako neskarekin plana itxi eta aste pare bat soilik geratzen zitzaizkidan. Ezin beraz plan luzeegirik egin.

Halakoan Ander Izagirreren Plomo en los bolsillos liburuarekin egin nuen topo. Liburu eder horretan Tourraren historia eta istorioak kontatzen ditu. Kateatu egin ninduten txirrindulari eta eroi haien istorioek. Eta Piriniotara joateko desioa piztu zidan.

Larregi pentsatu gabe, antolatu dut bidaia. Bihar aterako naiz Iruñerantz. Handik Panticosara eta ondoren Luz-Saint-Sauveur-era. Itzulera Larrainen barrena Otsagabiarantz, segi gero kostalderantz Donostiara iritsi arte eta ondoren N-634a hartu eta etxera. Etxetik irteera-iritsiera bizikletan.

Joango naiz kontatzen ea nola doan dena. Bitartean, biba gu!

Bizikleta eta turismoa

Mikel Lizarralde 2012/07/01 23:10

Gaur Debabarreneko BTT martxan laguntzaile jardun dut, Atxuri baserri alboan zegoen anoa-postuan, Koro eta Aitzolekin batera. Goiz-goiz Mintxetan edariak, mahaia eta itzalkina hartu Atxurirantz igo gara. Muntaia egin eta sukaldeko epeltasunean kafea eman digute.

Kuriosoa egin zait entzutea nola Atxurikoek BTTaren kontura bisitariak izan dituzten. Kanpotar ugari etorri omen zaie mendi-bizikletan ibiltzearen aitzakiaz. Eta horretan gakoa da Elgoibarren orain urte batzuk jarritako BTT zentroa. Markatutako ibilbideak, bizikleten alokairua, aldagelak, bizikleta garbitzeko aukera, ...

Izango du zer hobetua, baina eskualdean mendi-bizikletaz jende gehiago ibil dadin lagundu du, bertakoak zein kanpokoak. Eta azken hauengan pentsatuz, aukera interesgarria da, akaso gehiago landu beharrekoa, azpiegitura zein eskaintza turistiko aldetik. Enekok idatzi zuen orain hilabete batzuk zikloturismoak zelako eragina duen turismoan, lantzen jarraitu beharreko kontua gurea bezalako eskualde batean.

Atxurin

Atxurin behera

Anoa postua Atxurin

Bitartean, zorionak gaurko BTT martxa antolatu duen lan-taldeari, eta baita eskualdean bizikleta sustatzen dabiltzanei.

Salmenta helburu soilak

Mikel Lizarralde 2012/03/14 20:56

Unibertsitatea amaitu ostean banketxe batean aurkitu nuen lehenbiziko lana. Besterik ez eta Bilboko bulego nagusian traje-gorbatarekin lana egiteari baiezkoa eman nion. Sei hilabeteren ostean ez zidaten kontratua berriztu. Berritzeko prozesuan elkarrizketatu ninduenetako batek esan zidan ez ninduela banketxe batean lanean ikusten, bulegoko arduradun eta beste bi elkarrizketatzaileen iritziaren kontra. Pertsona harekin elkarrizketan egi larregi bota nituen, besteak beste banketxeko produktu batzuek sortzen zizkidaten zalantza etiko eta moralak. Sinzerizidioa esango lioketena.

Sekulako kolpea eraman nuen. Lehen aldia zen balio ez nuela esaten zidatena. Baina denborarekin ikasi dut erabaki hura zorionekoa izan zela niretzat. Zortzi urteren ostean banketxeen produktu askotan sinistu gabe jarraitzen dut. Ez zait bidezkoa iruditzen zenbait zerbitzurengatik kobratzea. Eta lana diru-iturri izateaz gain gozamen-iturri izatea ere nahi dut.

Gainera, ez nuen gustuko banketxeak salmenta helburu hutsez soilik esatea langile bat ona edo txarra zen. Inportanteena saltzea zen, bezeroa ahalik eta produktu/zerbitzu gehiagorekin kateatzea, ez zuen ardura bezeroaren interesekoak ziren edota bezeroak eskatu ote zituen. Saldu, hori zen arrakasta faktore bakarra. Saldu baita bezeroari esan gabe ere. Gure bulegoko apal oso bat bezeroentzat eskatutako urrezko kreditu-txartelez betea zegoen. Doakoa zenez, bezeroek jakin gabe saldu zituzten lankide-ohiek. Eta salmenta horri esker saria jaso zuten lankide-ohiek. Urrezko saria, urrezko potrodun lankide-ohientzat.

Nago Inside Job filmean aipatu zituztela neurririk gabeko salmenta helburu hauek, baina Wall Streeteko finantza-komertzialei aplikatuz. Saldu ahalik eta hipoteka gehiago. Ez du ardura hipoteka horiek onak edo txarrak diren. Tori milaka dolarretako sari extra hau salmenta horiek lortzearren. Aizu, eta hipoteka horiek kakaztuak badaude? Ah, lasai, hori beste departamentu baten arazoa da.

Berriz etorri zait gaia gaurkoan. Goldman Sachs inbertsio-banketxean ia hamabi urtez lanean jardun duen Greg Smith-ek artikulua kaleratu du NYTimesen bertatik ospa egiteko arrazoiak emanaz. Azken urteetan enpresa eta bertako langileen jarrera aldatu egin dela irizten dio, helburu komertzial soilak jarraitzen ei dituzte. Ez du axola bezeroari saltzen diotena hobeto dagokiona ez izatea. Garrantzitsuena salmenta hori Goldmanen interesen arabera egiten da. Ahaztu bezeroaren interesak. Gora salmentak.

Eta egia da horrela egiten direla dirutzak. Horrela sortzen dira inperioak. Baina horrek eraman gaitu egungo egoerara. Saltzeari soilik begiratuta sortu da krisia, saltzen genuena guztiontzat ona edota errentagarria ote zen inporta gabe. Salmenta bat ona izan behar da enpresa eta bezeroarentzat, gizartea ahaztu gabe.

Udako kontuekin bueltaka

Mikel Lizarralde 2012/02/07 00:21

Azkenaldian udako bizikleta-bidai hura berriz ere gogoratzeko aukera hainbat aukera izan ditut.

Batetik, Kisaleren blog komunitatean bidaiaren kontakizuna egiten ari naiz, lehen hemen zuzenean egin nuen moduan, baina oraingoan gazteleraz. Eta bestetik, aurreko astelehenean Zarauzko Arraio irratiko Bitakora kaiera saioan (audioa hemen entzun daiteke) egon nintzen ia bi orduz isildu ere egin gabe.

Oroitzapenak freskatzeak akaso balioko didate uda honetarako ideiak lortzeko, nork daki.

Diru iturri berriak egunkarientzat

Mikel Lizarralde 2012/01/02 18:35

Krisian daude egunkariak. Salmenta zein publizitate bidez lortzen dituzten sarrerak beherantz doaz. Gauza berriak asmatzen dituzte, Ziztadak direla edota Deskonturen klonak direla, besteak beste.

Gaur, Publikoko artikulu honetan liburu baten aipamena egiten zuten. Estekarik ez eta Google-en bilatu behar ea liburua non zegoen salgai, eta zein preziotan.

Eta horra hor egunkarientzat diru iturri berriak lortzeko aukera: jarri estekak sareko liburu-dendetara. Aspalditik dauzkate martxan afiliatu programa deitzen dietenak (Amazon edota Casa del Librok badute berea). Izena-eman programa horretan, jarri esteka liburu zehatz batetara eta salmentaren bat badago prezioaren zati bat egunkariarentzat. Ez dute egunkaria salbatuko, baina hobe ezer ez jasotzea baino.

Sinplea. Harritzen nau oraindik inork ez egitea. Zailtasunak egongo dira akaso, edota egiten dute jada eta ez naiz ohartu.

Promozioa egiteko era ezberdinak

Mikel Lizarralde 2011/12/06 13:00

Astea pasa zait Kisalek antolatutako Blogs&Bikes-ari buruz ezer esateke. Gustura erakusten ditut gertuko inguruak; norberarentzat ohikoak izan daitezkeen txokoak gustagarriak egiten zaizkio ezezagunari.

Hauxe izan dugu Debabarreneko BTT zentroa ezagutzera emateko Kisalen egindako bigarren saioa. Hemen egin nuen kronika larunbat honetakoaz, eta hemen irailean kazetari espezializatuekin eskualdea erakutsiz jardun genuenekoa.

Batak zein besteak helburu ezberdinak zituzten. Bietan kontzeptu bera jorratu dugu: edukia da iragarki berria.

Blogs&Bikes-ean 27 blogari eta lagunei Mintxetako BTT zentroa eta ibilbide bat erakutsi genien, aldarte onean Elgoibartik Mutrikurako bidea egiten genuelarik. Etorritakoek zenbaitzuk tuiteatzen jardun zuten, euren blogetan idazten edota argazkiak ateratzen. Hona hemen nik ateratakoak:

 

Irailekoan mendi-bizikletan espezializatutako aldizkarietan agertzea zen helburua eta emaitza polita izan du. Planeta MTB aldizkarian 18 orriko erreportajea, eta El mundo de la Mountabike-en 9koa. Azkar-azkar argazki ziztrin hauek atera dizkiet bata zein besteari:

 

Zenbat balio dute erreportaje hauek? Eta zenbat balio du lagun-taldean eskualde bat ezagutzera emateak?

Vuelta, Eibar eta bizikleta

Mikel Lizarralde 2011/11/23 09:04

Vueltako etapa bukaera bat Arraten izango ei dugu 2012an. Balorazio politikoez gain, burura etorri zaizkit gure herri-agintariek egingo dituzten deklarazioak, batez ere Eibar eta bizikletaren arteko erlazio historikoa nabarmenduz.

Baina erlazio hori historikoa baino prehistorikoa da gaur egun. Aspaldi joan ziren bizikleta fabrikak. Eta Eibarren bizikletan ibiltzea ez da paradisua, ez egunerokoan ezta txirrindulari moduan ere.

Zuloz josita daude kale gehienak. Batzuetan denboraren poderioz edota gaizki zaindu izanagatik, bestetan kalean lanak egitean gaziki asfaltatzeagatik. Pasa zaitez, adibidez, Legarre eta Arrate-bide kaleetatik eta ikusiko duzu nolako saltoak emango dituen zure bizikletak.

Bidegorriez hobe ez hitz egitea. Lankide batek dioen moduan oso zaila da bidegorri bat egitea Eibarren, baina saihesbidearen 3. fasea egiteko mendi-magala deuseztea bai.

Trafiko izugarria dago eta auto gidariek ez dute inolako errespeturik. Bizia egunero arriskuan jartzen dugu herrian bizikletan gabiltzanok. Mugikortasun arazo larriak daude Eibarren eta udal-agintariek ez dute neurri bat bera ere hartzen berau konpontzeko. Bizikletak lagundu dezake autoa alboan lagatzen. Ohiko kontua botako dit baten batek "Eibarren aldapa asko dagoela" esaten, baina guztiok ez gara Urki edota Amañan bizi.

Ez didazula sinisten? Ba ibili, ibili bizikletan astebetean eta hitz egingo dugu orduan.

Nahiago nuke Vueltan Eibarrera ekartzen xahutuko duten diru hori eibartarrongan inbertituko balute, eta ez egun bakarreko kirol orgia mediatikoan. Dirurik ez ei dagoenean are eta gehiago.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut CodeSyntax enpresan. Hemen idazteaz gain beste CodeSyntax-en blogean eta Twitterren ere banabil txio-txioka.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.

 

Nabigatu euskaraz