Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Manque mierda

Mikel Iturria 2007/03/03 07:00

En castellano

Garai bateko Betis gustuko nuen; talde atsegina, zalego are atseginagoa (manque pierda). López Ufartek aste honetan kontatu du taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, abonatu eta bazkide kopurua igo egin zela laurogeigarren hamarkadaren bukaeran.

Gaur egungo jabeak boterea hartu zuenetik, gauzak asko aldatu dira. Ez da han bakarrik gertatu, futbola (eta ingurua) asko kakaztu baitira, han eta hemen.

Gehienok jakinaren gainean egongo zarete. Pasa den asteazkenean, otsailaren 28an, Betis eta Sevilla taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen lehenengoaren zelaian. Jokoan Kopan urrats bat ematea, finala jomugan. Kanouték kanpoko taldea aurreratu zuenean, bigarren zatiaren hasieran, norbaitek botila bat jaurti eta buruan seko jo zion Juande Ramosi, Sevilla taldearen egungo entrenatzaileari, lehenagotik Betisen prestatzaile izandakoari. Ramosek konortea galdu zuen eta esku-ohe batean atera behar izan zuten bertatik. Partida bertan behera utzi zuen epaileak.

Gau hartan telebista kate ezberdinetan bota zuten irudia. Etxeko taldearen presidente den José León Gómez jaunak komunikatua irakurri zuen kameren aurrean:

"El Consejo de Administración del Real Betis Balompié, sus técnicos y jugadores lamentan el incidente que de forma puntual y aislada ha ocasionado la suspensión del partido de cuartos de final de la Copa del Rey entre el Real Betis Balompié y el Sevilla Fútbol Club".

Hori baino puntu gehiago ditu agiriak, baina hemen egingo dut planto.

Galdera: edozein biolentzia-motaren aurrean, behin eta berriro gaitzespenak eskatzen dituztenek, ahorik zabaldu al dute oraingoan?

Loretopetik (XII) Bittorik beste hiri batekin egingo du topo

Mikel Iturria 2007/03/02 06:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan martxoaren 2an argitaratutakoa.

Nahi baino gehiago iraun duten berritze lanen bueltan, hilabete honetan abiatuko da XXI. mendeko Victoria Eugenia Antzokia. Etxafuegoak inaugurazio gala bakarrean edo publiko anitzaren gustuko programa osatuz izan behar ote duen polemika antzua alde batera utzita, 2006ko maiatzean Donostiako Kultur Proiektuen berri emateko Topaketetan Miguel Martínek adierazi bezala, beste hiri batekin egingo du topo teatroak.

Victoria Eugeniaren kudeaketari dagokionez formula berri baten bila aritu dira agintariak azken hilabeteotan. Urrian zurrumurru zena, San Sebastian egunaren ondoren behin-betiko erabakia izateko bidean da. PSE-EE eta EAJ alderdiek Donostia Kultura enpresa-erakunde publikoa egiteko akordioa hartu zutela jakinarazi zuten. Horrek zer esan nahi duen? Funtsean, Zuzenbide Pribatuaren eremupean sartzea aipatu erakundea.

Bertako langilea izanik, nire ikuspegia ez da objektiboa, baina beste zenbait udal elkarteren ibilbideari erreparatuz gero, ez dakit ezer onik ekar dezakeen erabakiak. Badakigu ere asko aldatzen ari direla gauzak eta bizitza guztirako enplegua pasa den mendeko kontua izango dugula laster. Malgutasunak agintzen du, besteak beste.

Nortasun juridiko berria legegintzaldi honetan gauzatu nahi dute eta hain garrantzitsua den erabakia presaka aplikatu. Gauzak horrela, kezkatuta utzi nau aldaketa prozesua nola komunikatu diguten langileei. Felipe González bezala, langileen ordezkariak komunikabideen bidez enteratu omen ziren bi alderdien arteko akordioaz.

Otsailean kezka iturri izan zen ere Urgulleko magalean dagoen Guardetxea norbaitek erre egin duela jakitea. Pena hartu nuen horren berri izandakoan. Toki atsegina delako, jarduera interesgarri asko egiten dituztelako, auto-kudeaketaren kultura hirian bizirik mantentzeko balio duelako. Besteak beste.

Egun horretan bertan betiko Donostiak atsegin handiz hartuko zuen beste albiste batek zer pentsatua eman zidan: Orfeoi Donostiarrak gune berria eraiki nahi duela Miramonen. Tartean, 1500 lagunentzako auditorioa. Harrigarria egin zitzaidan, iazko maiatzean izandako jardunaldi haietan proiektu horren berri inork eman ez zuelako. Gizarte-mota honek hain gustuko dituen beste proiektu erraldoi bat?

Hiriaren sinbolo diren elkarte eta erakundeek bezala, Reala kasu, Orfeoiak politikarien ateak joko ditu. Hauteskunde atarian, ate horiek argazkia egiteko zabalduko dira. Gero, gerokoak.

Guardetxeari dagokionez, berriz, zenbait udal agintarik trabak jartzen hasi dira jada. Soberan dute gune hori.

Igual ez da hainbeste aldatu hiria, Bittori.

Polònia, Kataluniako telebistaren umorezko saioa

Mikel Iturria 2007/02/25 23:15

En castellano

Gero eta telebista gehiago ikusten dut ordenagailuaren aurrean. Errua Youtube bezalako zerbitzuek dute eta han bideoak eskegitzen dituztenek.

Alta emanda nago blog honetan eta bertatik jarraitzen ditut Kataluniako telebistan emititzen dituzten Polónia saioaren asteko bideorik onenak.

Hau da otsailaren 23ko saioari dagokion bat. PPkoen bulego nagusira doa SGAEko kobratzailea.

Telebista programa honek ere badu jarraitzaileentzako posta zerrenda bat

U-Roy Miarritzeko Atabal aretoan

Mikel Iturria 2007/02/23 18:52

En castellano

Aspalditik nuen Atabal aretora joateko gogoa eta atzo bete nuen nahia. Aitzakia: U-Roy jamaikarraren emanaldia.

Miarritzeko tren geltokitik gertu, ez da zaila inguruan aparkatzea eta, gainera, kontzertu-areto bikaina du (700 lagunentzako edukiera). Pega bakarra da eszenatokia ez dagoela oso altu eta hori arazo da gaur egungo belaunaldi lepoluzeak kontutan hartuz. Eraikinean badaude taberna bat, estudioa, entsaiatzeko gelak, multimedia-gela....

Jakina da Iparraldean reggae zaletasunak hegoaldean baino tradizio gehiago duela eta nabarmen geratu zen hori atzo. Aretoa betetzetik gertu zegoen gu iristerako.

Telonero lanak Junior Marvinek egin zituen eta bero utzi zion publikoa maisuari. Lehenengo artistarekin batera aritutako bandari (haizeak, gitarra, baxua, bateria, teklatuak) bi emakume gehitu zitzaizkion. Traje elegantea soinean eta kapela buruan sartu zen U-Roy ordubeteko showa egitera. Gustura egon nintzen.

Bihar, larunbata, Bilboko Santana 27 aretoan egongo dira musikariak. Portzierto, Miarritzen kontzertu-egunean sarrera 16 eurotan zegoen; bihar Bilbon erosiz gero, 21 euro. Iparraldean 700 lagun sar daitezke gehienez; Bilbon, berriz, 2000. Zergatik prezio diferentzia hori?

Hor behean uzten dizuet zaharrari buruzko pare bat lotura.

Jon Iraundegiren argazkiak

Mikel Iturria 2007/02/20 08:00

En castellano

Atzo goizean bidali zuen Garik mezu hau eibartarrak posta zerrendara:

"Ez dakit ezaguna izango den, baina badago kontzertuetako argazki piloa dituen argazkilari (itxuran) irundar bat. Agian Iturrik ezagutuko du eta agian Ibanek, Iturrik edo Poxpolok planteatuko diote erakusketaren bat, benetan argazki majoak ikusi ditut eta (...) Kortatu, Negu Gorriak, Angeles del Infierno, Rory Gallagher, La Polla, MCD, Scorpions eta beste pila bat".

Sartu naiz hemen eta konturatu naiz Jon Iraundegi zela fotografoa, Irungo Aterpe tabernakoa (Tren geltokiaren aldamenean dagoena).

Jonekin harremana izan nuen Bertso-hop Info aldizkaria egin genuen garaian (1993-1994). Oker ez banago garai hartakoa da Henry Rollinsen argazki hau; seguraski Bordelen ateratakoa.

Egile eskubideak: Jon Iraundegi

Oso tipo jatorra da eta oraindik ere kamera soinean ibiltzea gustatzen zaiola konprobatu dut. Une honetan 162 argazki igo ditu Flickr zerbitzura. Gaizki begiratu ez badut, denak 2007an zintzilikatuak.

Zenbait rockzalek utzitako komentarioak irakurtzeko aukera dago haren argazkietan eta denek flipatzen dute garai bateko argazkiak ikusita. Ideia ona litzateke haren argazki sortarekin erakusketa egitea, bai.

Bukatzeko hona hemen Jon, laster batean Donostian aritzekoa den Fitorekin.

Egile eskubideak: Jon Iraundegi

Donostiako Guardetxea kiskalita

Mikel Iturria 2007/02/17 09:51

Argazkia: Irutxuloko Hitza

En castellano

Gaurko Irutxuloko Hitzan irakurri dut atzo kiskali egin zela Urgullen dagoen Guardetxea. Pena handia hartu dut, tokia zoragarria izatez aparte, Donostian gelditzen den auto-kudeatutako gune bakarrenetakoa delako.

Informazioa aipatu komunikabidetik kopiatuko dut:

"Urgulleko Guardetxean sutea izan zen atzo eta barrualdea erabat deseginda geratu da. Eraikin zahar hau azkenaldian Donostian kontzertu gehien duen aretoetako bat da. Hortaz, bertan ezingo dira gaurko programatuta zeuden kontzertuak egin. Datozen hilabeteetan ere, zaila izango da egitea".

"Suak Urgulleko guardetxea harrapatu zuen atzo goizean. Suhiltzaileek argitu bezala, ‘guardetxetik kea ateratzen ari zenaren abisua jaso genuen eta sugarrek eraikina kiskaltzen ari zirela topatu genuen bertara hurbiltzean’. Abisua, 8:45etan jaso zuten eta denera, bi kamioi eta beste bi auto abiatu ziren sutea itzaltzera. 13 pertsonek parte hartu zuten eta hiru bat ordu behar izan zituzten suarekin amaitzeko. Bertako altzari guztiak suntsitu dira, batik bat, bertan zeuden musika instrumentu eta tresna elektronikoak".

"Sutearen arrazoiei dagokienez, berriz, ezer gutxi argitu da, itxura guztien arabera, nahita sortutakoa dela ematen badu ere. Antza denez, suhiltzaile eta udaltzainek sua bi gunetan hasi dela esan dute. Era berean, gasolina arrastoak ikusi omen dituzte. EAJko bozeramailea, Xabier Ezeizabarrena, izan da kalteak ikusten".

Eguneratzea 20:30etan: apunte hau gazteleraz jartzeaz aparte, beste kontu batzuk gehitu dizkiot biharko pedrada honi. Guardetxearen egoera tamalgarria lotzen dut Orfeoiaren mega-proiektu berriarekin.

Eguneratzea: martxoak 15: gaurko dv-n notizia on bi.

Baga: Udalak eraikina berrituko duela.

Biga: sutea ustekabekoa izan zela, ez zuela inork piztu.

Viña Rock 2007

Mikel Iturria 2007/02/17 01:00

En castellano

Gozoak jarri dira batzuk, sarrera erosi ondoren, Viña Rock jaialdia Villarrobledotik Benicàssimera eraman dutela jakiterakoan. Eta arrazoi dutela uste dut. Dena den, sarrera itzultzeko prest agertu dira antolatzaileak.

Batzuk gogoratuko zarete iaz arazoak egon zirela Soziedad Alkoholika kartelean jartzeagatik (Ramoncínek zuzenean aritzeko izan zituen prolemak ahaztu gabe).

Aurtengo kartelari erreparatuz gero, hanka sartzea gustatuko litzaidake, baina beldur naiz ez ote diren iazko kontuak errepikatuko.

Martxoaren 25eko eguneratzea: azken aste hauetan zenbait gauza aldatu dira eta beste batzuk beti bezala jarraitzen dute.

a) Villarockbledo sortu da Villarrobledon. Ikus gaztelerazko apuntean nola haserretu diren bertakoak Matarile antolatzaileekin jaialdiaren lekualdaketagatik.

b) Manu Chao egongo da Benicàssim-en.

c) Negugorriak.net webgunean irakurri dut AVTk eskatu duela ez uzteko SAri eta fmri parte hartzen aurtengo edizioan.

San Balentin Rabo

Mikel Iturria 2007/02/15 08:21

En castellano

Komunikabideen bidez jakin genuen atzo Kaixo Maitia harremanetarako webgunea abiatu berri dela, euskal jendea normalizazio bidean jartzeko iniziatiba, Bai Euskarari ziurtagiria eta guzti.

Aste honetan egon nintzen begiratzen kultur etxean jendeak abisuak-eta uzteko dagoen tabloia. Harrituta geratu nintzen jendea harremanetan jartzeko pare bat karteltxo, kutre samarrak kasu honetan, ikusi nituenean.

Gogoan dut duela pare bat urte Rio de Janeiroko kaleetan zehar, paseoan, publizitate banatzaileek ematen zituzten papertxoetan, diru erraza lortzeko eskaintzak nagusi zirela, baina bazeudela sexu arazoak konpontze bidean jartzeko foiletoak ere.

Atzo argitaratu zuen Irutxuloko Hitzak Ekologistak Martxan otsailaren 14ari begira abiatutako boikota: ez egitea erosketak, "aitzakia komertzial bat direlako. Denbora erosketak egiten xahutu beharrean bikotekideari arreta gehiago eskaintzea proposatu dute".

Hori irakurrita, Álvarez Raborekin gogoratu naiz (Madrilgo saltoki handi batzuetan lanean ari delako?). Bloga martxan jarri behar zuela esan zigun Hasier Etxeberriak duela ez asko. Eta uste nuen alta emanda nengoela, baina ez da horrela. Atzo sartu eta deskubritu baitut Youtubek zentsuratu zuela-eta, gozoa zegoela Rabo. Zenbait irakurleen oharrak jarraituta, beste toki batean eskegi du zentsuratutako animazioa. Eta nik hona ekarri dut.

El truco del Almendruco


El Truco Del Almendruco - video powered by Metacafe

Contrastant, agur

Mikel Iturria 2007/02/13 22:07

En castellano

Potipoti blogari esker jakin dut gaur arratsaldean, Contrastant webguneko kideek agur esan dutela.

"Fa temps que hem arribat a un atzucac, ja que les nostres obligacions professionals i familiars ens impedeixen que ens dediquem com caldria al web. La solució per continuar tirant endavant el nostre projecte passa per la professionalització de la nostra feina, cosa impossible d'aconseguir a hores d'ara. Per tant, no es donen les condicions objectives que ens permetrien continuar la feina amb regularitat".

Espainian Manifestómetro bloga dago. Euskal Herrian, berriz, Mariano Ferrerek bazuen manifestazioetako jende kopurua kontatzeko formularen bat, baina horrelako iniziatiba altruistarik ez da gauzatu.

Norbait animatzen da?

Oharra: Contrastant ez da bakarrik manifestazio kontuetan aritua, komunikabideen lana aztertu du ("komunikabideen irakurketa bat" dio leloak).

Donostia Kultura enpresa bihurtzekotan

Mikel Iturria 2007/02/11 17:02

En castellano

Pasa den urria-azaroan izan genuen lehen albistea. Orduan hipotesi zirenak, gauzatzeko bidean dira gaur: PSE-EEk akordioa lortu berri du EAJ-PNVrekin Donostiako Kultur Udal Patronatua Donostia Kultura enpresa publiko bihurtzeko. Zehazki, "entidad pública empresarial".

Legeria

2003an Espainiako Parlamentuak "Ley 57/2003 de medidas para la modernización del gobierno local" onetsi zuen. Gai honi dagokionez, zera dio atariko azalpenetan: "En materia de gestión de los servicios públicos locales, se establece una nueva clasificación de las formas de gestión, incorporando al ámbito local una nueva figura que la experiencia ha demostrado eficaz en otras Administraciones Públicas, como son las entidades empresariales".

Ondorioz, honako hau da LBRL 7/1985 legearen 85. artikuluaren erredakzio berria:

One. Son servicios públicos locales los que prestan las entidades locales en el ámbito de sus competencias.

Two. Los servicios públicos de la competencia local podrán gestionarse mediante alguna de las siguientes formas:

  1. Gestión directa:

a) Gestión por la propia entidad local.

b) Organismo autónomo local.

c) Entidad pública empresarial local.

d) Sociedad mercantil local, cuyo capital social pertenezca íntegramente a la entidad local o a un ente público de la misma.

Hau da, Amaia Almirallek esan bezala, Donostia Kultur Udal Patronatua b) puntuan dago egun eta c) puntura pasa nahi dute agintariek. Hau da, Zuzenbide Pribatuaren menpeko erakunde publiko bihurtu.

PSE-EE eta EAJ-PNV

Gobernuan dagoen alderdi sozialistarentzat "izaera aldaketa honekin, hiriko kultur eskaintzaren etorkizuna bermatu nahi dugu (…) Etxezarretak azaldu zuenez, aldaketa hauek administrazio publikoak eskatzen dituen prozesuak arintzeaz eta bizkortzeaz gain, dirua aurreztuaraziko diote Donostia Kulturari (…) Langileek egoera eta baldintza berdinetan jarraituko dutela esan zuen kultura zinegotziak” (Irutxuloko Hitza, DV, 2007ko urtarrilak 24).

"Se crearán dos nuevas sociedades instrumentales -San Telmo SA y Victoria Eugenia SA- adscritas a la nueva entidad, que estarán encargadas de gestionar la actividad empresarial de sus respectivos ámbitos. Bajo la primera quedará el museo rehabilitado y ampliado, y bajo la segunda todas las actividades de artes escénicas, cine, y el Jazzaldia. El nuevo ente empresarial asumirá además el CAT -festejos-, una vez que el área de Turismo se desgajase para su gestión por una sociedad municipal público-privada".

Gainerako alderdiak eta sindikatuak

PPk aldeko jarrera azaldu zuen eta EAren balorazioa ez dut inon aurkitu.

Une horretan sozialistekin batera udal gobernuan zegoen EB-IUko zinegotziak, Duñike Agirrezabalak, zera zioen: "Funtsean Kultura Patronatuaren pribatizazioa da lortu dutena. PSE-EEk eta EAJk sistematikoki udal zerbitzuak pribatizatzeko joera dute, baina guk ez dugu hori onartzen. Kultura ezin da merkatuaren menpe egon, ez eta irabazien menpe ere. Ikuspuntu ezkertiar eta aurrerakoi batetik, ezin dugu onartu akordioa".

Baga Boga plataforma aurka azaldu zen, baita Kultura Patronatuaren enpresa komitean bi ordezkari dituen LAB sindikatua ere.

Aipatu komitean ELA sindikatuak bost ordezkari ditu eta Mikel Illarreta presidentea ez dago kontra. Pribatizazioa baino, deszentralizazioa baita haren iritziz.

Langilegoa

Otsailaren 6an bildu zen Patronatuko zuzendaritza langileen ordezkariekin eta pasa den ostiralean, hilaren 9an, langile asanbladaren aurrean agertu zituzten sindikatu biek beren planteamenduak.

Mikel Illarretak (ELA) azaldu zuen Donostia Kultura negoziatzeko prest dagoela. Bere irudiko, langilegoak soilik lan baldintzak berdin mantentzeko ahalegina egin behar du, gainerako kontuetan sartu gabe.

Amaia Almirall (LAB) zuzendaritzak eginiko planteamenduaren kontra agertu zen. Sindikatu honek arrazoi politiko-ideologikoak azaldu zituen erabakiaren kontra eta politika neoliberalaren beste adibide bat dela adierazi zuen.

Bi orduko bileraren ondoren, langileok azken egunetan pasatako agiriak aztertzeko denbora gehiago eskatzeaz gain, jakin nahi dugu ea beste formula batzuk aztertu ote dituzten (Udal Departamentu bihurtzearena, zehatz-mehatz). Era berean, Udalean gaia bideratzeko sortu berri den batzordean aritzeko aukera eskatuko dugu.

Denbora gutxi dago mugimenduak egiteko. Izan ere, legegintzaldi honetan onetsi nahi baitute egitura berria. Eta horrek esan nahi du otsaileko udalbatzarretik pasa behar dela gaia.

Nire iritzia? Laburbilduz: pastela ez zait gustatzen, baina buelta emateko aukera gutxi ikusten dut.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter