Donostiako Guardetxea kiskalita
Argazkia: Irutxuloko Hitza
Gaurko Irutxuloko Hitzan irakurri dut atzo kiskali egin zela Urgullen dagoen Guardetxea. Pena handia hartu dut, tokia zoragarria izatez aparte, Donostian gelditzen den auto-kudeatutako gune bakarrenetakoa delako.
Informazioa aipatu komunikabidetik kopiatuko dut:
"Urgulleko Guardetxean sutea izan zen atzo eta barrualdea erabat deseginda geratu da. Eraikin zahar hau azkenaldian Donostian kontzertu gehien duen aretoetako bat da. Hortaz, bertan ezingo dira gaurko programatuta zeuden kontzertuak egin. Datozen hilabeteetan ere, zaila izango da egitea".
"Suak Urgulleko guardetxea harrapatu zuen atzo goizean. Suhiltzaileek argitu bezala, ‘guardetxetik kea ateratzen ari zenaren abisua jaso genuen eta sugarrek eraikina kiskaltzen ari zirela topatu genuen bertara hurbiltzean’. Abisua, 8:45etan jaso zuten eta denera, bi kamioi eta beste bi auto abiatu ziren sutea itzaltzera. 13 pertsonek parte hartu zuten eta hiru bat ordu behar izan zituzten suarekin amaitzeko. Bertako altzari guztiak suntsitu dira, batik bat, bertan zeuden musika instrumentu eta tresna elektronikoak".
"Sutearen arrazoiei dagokienez, berriz, ezer gutxi argitu da, itxura guztien arabera, nahita sortutakoa dela ematen badu ere. Antza denez, suhiltzaile eta udaltzainek sua bi gunetan hasi dela esan dute. Era berean, gasolina arrastoak ikusi omen dituzte. EAJko bozeramailea, Xabier Ezeizabarrena, izan da kalteak ikusten".
Eguneratzea 20:30etan: apunte hau gazteleraz jartzeaz aparte, beste kontu batzuk gehitu dizkiot biharko pedrada honi. Guardetxearen egoera tamalgarria lotzen dut Orfeoiaren mega-proiektu berriarekin.
Eguneratzea: martxoak 15: gaurko dv-n notizia on bi.
Baga: Udalak eraikina berrituko duela.
Biga: sutea ustekabekoa izan zela, ez zuela inork piztu.
Zer egingo diogu, bada, batzuetan zorigaitza... Baina gazteak, musika eta autogestioa biltzen diren leku batean... susmatia naiz beti.