Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Bost minutu hemezortzi segundu

Mikel Iturria 2007/04/23 01:00

Moscas en la sopa blogean ikusia.

Ezer gutxi esan daiteke Oklahomako tiraleku honi buruzko bideoa ikusi ondoren. Zirrara sortzen du play tekla sakatu ondoren metrailadoreari itsatsita agertzen den neskatoaren naturaltasuna. Eta jendea iufaka ra-ta-ta-ta-ta egin ondoren. Lasaitu ederra hartuko zuten beraiek. Nik ez ordea.

Nacho Escolar Donostian maiatzaren 15ean

Mikel Iturria 2007/04/22 07:00

En castellano

Ostegunean jakin genuen Nacho Escolar izango dela La Sexta telebistako zenbait akzionistek martxan jarri behar duten periodikoaren zuzendaria. Loretxoak dio proiektu horren emaitza urrian egongo dela kalean.

Ez da hori abian den proiektu bakarra, Juan Varela eta Iñigo Sáenz de Ugarte beste periodiko bat (digitala kasu honetan) ari baitira prestatzen.

Escolarrek zuzenduko duen periodikoari dagokionez, Zapateroren egunkaria izango dela esan dit pertsona ezagun batek. Ez dakit horrela izango den, baina arriskua hartu dute 31 urteko profesionala buruan jarriz. Itxuraz, adin beretsua zuen Pedro Jotak Diario 16 egunkariaren zuzendari izendatu zutenean.

Dena dela, nik kontatu nahi nuena zen Donostian egongo dela Ignacio Escolar maiatzaren 15ean. Aurten hirugarren edizioa beteko du Literaktum jaialdi txikiak, hiriko zenbait kultur etxek eta Liburutegi Zentralak antolatzen duguna. Literatura du ardatz jaialdiak, baina beste zenbait diziplina eta lengoaia ere sartzen ahalegintzen gara.

Ni oso pozik nago Escolar kultur etxean egongo delako. Baina konturatu naiz saretik kanpo inork ez duela ezagutzen. Eta sarean hasi beharko dut/dugu zabaltzen maiatzaren 15ean Joseba Iriondo eta Ignacio Escolar kazetarien arteko solasaldia gidatuko duela Alberto Moyanok. Gonbidatuta zaudete.

Te damos la chapa-Ziutateaz

Mikel Iturria 2007/04/21 08:00

En castellano

Atzo inauguratu genuen erakusketa berri bat. Aurten ere Ceinpro ikastetxeko irakasle eta ikasleek egindako lanak merezi du bisita bat.

Materiala ikusgai egongo da Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 26a arte: astelehenetik ostiralera (16:00etatik 20:30etara) eta larunbatetan (16:30etatik 20:30etara).

Eta hau da prentsa-oharretik hartutakoa:

Ceinpro zentroko ikasleek diseinatutako erakusketa da "Te damos la chapa-Ziutateaz", parte hartu duten gazteek, zein ikusleek, dibertitzeko, ikasteko eta, batez ere, hausnartzeko asmoz muntatu dena: argazki sorta bat, 120 txapa eta diaporama bat.

Donostiako Udalak 2007ko martxoan Kursaalean antolatutako Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen 8. Topaketan parte hartzera gonbidatu zuen ikastetxea. Topaketek elkarbizitza, ingurugiroaren iraupena eta pertsonen arteko berdintasunari buruzko kezka zuten ardatz; hau da, hiri eroso eta abegitsuaren aldeko aldarria.

Ikasleek diseinatutako txapak kongresuan parte hartu zutenei oparitu zieten antolatzaileek. Era berean, hiriari buruzko ikuspegia landu zuten irudi eta mezu ezberdinak nahasten dituen filmean: alde batetik, pobrezia, gerratea edo kutsadura bezalako gai gordinak; bestetik, ziutate hobeago baten aldeko itxaropen deia: paisaia ederrak, bidegorrien sarea, euria, ura edo hirian barrena eginiko ibilaldiak.

Diseinua eta sorkuntza prozesua nolakoa izan den laburbiltzen duen liburu formatuko dokumentu grafikoa osatu dute ere.

Hauek dira artistak:

María Adamut, Irene Ascunce, Aaron Bachiller, Iñaki Castillo, Pol Echeverria, Igor García, Manuela García, Jon Jiménez, Patricia Larrea, Alba Lorenzo, Izaskun Martín, Ekain Mateos, Ruth Portela, Jon Ruesgas, Aitor Salgado, Joana Sánchez, Katerín Sánchez, José Sanz, Ainhoa Telletxea, Ion Urrestarazu eta Julen Zuaznabar.

Irakasleak:

Juan García, Ana Gómez, Eleder Lacuesta, Iban Lafont, Susana López-Garín, Mamen Marí, Luis Pozo eta Adela Rojo.

Maria eta cannabisa

Mikel Iturria 2007/04/19 07:00

En castellano

Berria irakurriz enteratu nintzen atzo eguerdian María San Gilek minbizia duela eta, horregatik, politika utzi behar duela bolada batez.

Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen: "ea sendatzen den!". Bigarrena, berriz, ea trantze honek zer pentsatua ematen dion eta ikuspegia moderatzeko aukera duen (gure hobe beharrez).

Lerro hauek idatzi aurretik, espero nuen bezala, ikusi dut Joxek ere animoak bidaltzen dizkiola San Gili.

Arratsaldean, etxerako bidean, Mezularia entzun nuen hamar minutuz. Martin Barriusok gonbidatu zuen Maria Panag elkartera (hemen Martini duela hilabete batzuk eginiko elkarrizketa bat). Elkarteak cannabisaren legeztatzea aldarrikatzen du eta aipatu sustantziaren erabilera terapeutikoa gomendatu zion Barriusok, goragalearen kontra.

Badakit ez dela txisteak egiteko unea, baina beste elkarte hau egokiagoa dela uste dut.

Igor Calzada, FasTFatum, Erakusleihoan

Mikel Iturria 2007/04/17 07:00

En castellano

Iritsi da hilabete honetan ere Erakusleihoa egitasmoa. Datorren udazkenera arte aio esango dugu.

Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazten dizue apirilaren 19an Igor Calzada kantugileak FasTFatum (FTF) proiektua aurkeztuko duela gure zentroan. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.

Igor Calzada (Donostia, 1975) kantugilearen lehen bakarkako proiektua da FasTFatum (FTF). Bere musika-proiektuek beti hibridotasun ukitu (edo gutxienez asmo) bera izan dute funtsean: musika (kantu bezala ulertua) eta literatura (istorio bezala erabilia) uztartzearena, alegia. Kontzertua, kantu, irudi eta narrazio pregrabatuekin osatzen den taula gaineko ikuskizunean datza. Harkaitz Cano idazlearen testuetan oinarrituta eta Dublin eta iparraldeko altitudeetan aurkitzen duelarik inspirazio bidea.

Informazio gehiago: FasTFatum

Hona hemen Exit izeneko kanta:

Non: Ernest Lluch Kultur Etxean

Noiz: apirilaren 19an, arratsaldeko 19:30etan.

Adi: Sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen ondoan da.

Support your local scene

EITBko kazetarien euskarazko blogak non daude?

Mikel Iturria 2007/04/15 12:12

En castellano

Gustura joan nintzen oporretara apirilaren 2an (zortzi gau hemen). Beti bezala, kosta egin zait berriro martxa hartzea, baina ez dago beste erremediorik.

Bloglines-eko kontua bete samarra nuen itzuleran eta, gehienak irakurri beharrean, paso egitea erabaki dut. Hori bai, zenbait blog berriren buskan egon naiz. Kasu honetan, EITB taldeari erreparatu diot.

Etxe honi kosta egin zaio bide horretatik jotzea, baina azkenean hasi dira zenbait kazetari blog interesgarriak idazten. Jarraitu nuen lehena Roge Blascorena izan zen. Gero, Javier Vizcaínorena eta Dani Alvarezen Ganbaratik.

Aste Santuaren bueltan New York-eko korrespontsalaren bloga deskubritu dut. Luis Foncillas da bera. Kasu honetan, ez dago Radio Euskadiren guardasolapean, EITBren babesean baizik. José Félix Azurmendiren bloga ere bertan da.

Harritu nauena izan da ez dagoela euskaraz ari diren profesionalen blogarik. Eta ez dakit zein den arrazoia. Era berean, emakume gutxi daude blogatzen. Eskertuko nuke, bereziki, Arantxa Iturberen, Maite Artolaren edo Susana Mujikaren bitakorak. Non daude? Non zaudete?

Konatxe ondo ari bada ere, berea ez da kazetari baten bloga. Adibide behinena, seguraski, Muruarena litzateke.

Elnako amaetxea liburuaren aurkezpena Donostian (II)

Mikel Iturria 2007/04/01 14:00

En castellano

Javier Vizcaínok abisua pasa zidanez, hunkitzeko prest joan nintzen ostiralean egin genuen liburu aurkezpenera. Hogeita bost lagun bildu ginen Assumpta Montellàk ordu t´erdi luzez kontatu behar ziguna entzutera. Erbestea eta Frantziaren paper lotsagarria

"Gerra denok galdu genuen" esanaz abiatu zuen solasaldia eta Historia Ofiziala (boteretsuena) ez zaiola interesatzen gehitu, jende anonimoarena baizik. Horregatik, pertsona adinduekin egoten denean erabiltzen duen esaldirik gogokoena "konta iezadazu nolakoa izan den zure bizitza" izaten dela.

Atzerrira jo zuen jendearen kontuetan jarri zuen arreta berezia ("erbestea sentimendu bat da") eta liburuaren 119. orrialdean Felipe Sáez Mexikon errefuxiatutako haurrak zioena gogoratu zuen: "Erbestekoa naiz, hori herrialde bat izango balitz bezala".

Mexiko ez bezala, Frantzia ez zela batere abegikorra izan erbesteratuekin. "Allez, allez" hitzak ziren errefuxiatuek gehien entzun zituztenak. Oso kalkulu okerra egin zuen Frantziako Gobernuak: gehienez ere 50.000 errefuxiatu espero zituen eta kopuru hori ia hamar aldiz handiagoa izan zen (476.000 pertsonek zeharkatu zuten muga).

Oso gogorra izan zela irakurtzea Parlamentuko egunkarian parlamentari batek Frantziako Guyanara bidali nahi zituela guztiak edo ultraeskuindar batek itsasoan gustura hondoratuko zituela. "Gu baino 200 urte aurreratuago dagoen herrialdean" gertatu zela gaineratuz. Eta inork ez duela inoiz barkamenik eskatu gogoratu zuen.

Haurrak eta señorita Isabel

Hori guztia jakin ostean, "Zer gertatzen zen haurrekin?" galdera egin ziola bere buruari. Errefuxiatu guztiak Frantziako hondartzetan zeuden frantses eta senegaldar soldaduen zaintzapean eta haurren heriotza-tasa % 95,7koa zela.

Garai haiek bizi zituen jende nagusiaren kontakizunetan Señorita Isabel izeneko andrea azaltzen zen noizean behin. Lan honetan 2001 urtean hasi bazen ere, 2003ra arte ez zuela osatu puzzlea: señorita hori Elisabeth Eidenbenz zela. Garai hartan haurdun zegoen emakume batek kontatu zion nola beste andre bat erotu egin zen haur jaioberria hiltzen ikusi zuenean. Eta haurdun zegoen andre horrek eman zion ere Elna herriaren berri.

Elisabeth Eidenbenz

Autoa hartu eta Elnara jo zuen. Berehala topatu zuen amaetxea. Bertan ikusi zuen bazegoela oroigarri bat Elisabeth-en omenez, 597 haur salbatu zituela zioena.

Lortu zuen Eidenbenz anderea Vienan lokalizatzea eta gutun bat bidali zion frantsesez. Handik hamabost egunetara jaso zuen erantzuna gazteleraz. Amona laguntzeko prest zegoen.

Zortzi hilabeteko eskutitz trukaketaren ondoren, 2004ko uztailean Elisabethek Assumpta gonbidatu zuen Vienara. Kanpotik begiratuta behintzat hunkitzen ez zen emakume suitzarrarekin egin zuen topo Montellàk. Ez orain, ez lehen. "Bizi genituen garai haietan ezin nintzen hunkitu ume bat jaio zelako; nire laguntza behar zuten ume gehiago zetozen atzetik" adierazi omen zion.

Eidenbenz andereak burua argi du oraindik eta osasunez ondo dago, entzumen arazo batzuk kenduta. Gestapoko agintariei aurre egiten zien 25 urteko gazte kuraios hura irudikatzea ez omen da hain zaila, 90 urteak beteta dituen gaur egungo amona ezagututa.

Gainera, historiagile baten ikuspuntutik tesoro ikaragarriaren jabe da Elisabeth: amaetxearen historia laburbiltzen duten 800 argazki sailkatuak gordetzen omen ditu album ezberdinetan. Eta erretratu horiek guztiak eskaneatzeko aukera eskaini omen zion Assumptari.

Kontakizun hau eremu akademikotik kanpora ezagutzera eman behar zela erabaki zuten. Sapiens aldizkarian atera zuen artikulu bat eta 2005ean liburua ("sentimenduz beteriko kutxa") argitaratu ondoren, arrakasta itzela lortu zuen Katalunian. Alemanez, frantsesez eta gazteleraz publikatu berri dute. Dena ondo joanez gero, udazkenean Manuel Huerga hasiko da filmatzen datorren urtean estreinatuko duten filma. Produkzio garrantzitsua izango denaren zantzu guztiak ditu.

Kronika soziala

Ez zen ohiko solasaldi bat izan. Jende askok hartu zuen parte:

Txaro Barinagak Assumptàren aurkezpena eta liburuko pasarte bat gazteleraz irakurri zituen.

Amaia Linaresek liburuko beste bi pasarte euskaratu eta haiek irakurri zituen.

Joaquín Fernández biolontxelo-joleak bi pieza eskaini zizkigun: Bachen 1. suitearen preludioa (musika klasiko asko entzuten omen zen amaetxean eta bertan egondako ama batek pieza hori gogoratzen zuen bereziki) eta Pau Casals-ek munduari ezagutzera emandako Kataluniako kanta tradizionala, El cant dels ocells (Casals errefuxiatuta bizi zen Frantzian eta ahal zuen neurrian lagundu omen zuen maternitatea).

Hamaika minutuko bideo hau ere ikusi genuen. Bertan Elisabeth-i eginiko elkarrizketa ageri da.

Víctor Larraioz ere aurkezpenera etorri zen, bere alabarekin. 90 urte inguruko aitona Argelers hondartzan egondakoa da.

Bi esaldi

Bat, bezperan, Donostiako Via Fora jatetxean egindako afari-solasaldian Arantxa Urretabizkaiak esandakoa: "nire esperientziaren arabera, gu ere bagara gaiztoak, ez besteak bakarrik".

Bi, Serge Barba haurrak esandakoa: "Nire amak bizia eman zidan; Elisabeth Eidenbenz-ek gizateriarenganako konfiantza.

Ilarak

Mikel Iturria 2007/03/28 23:00

Goizeko 8:00etan, Anoeta Estadioko takiletan bi lagun zeuden teilatupean egunkari bana irakurtzen. Lehenengoa 6:30etan hurbildu omen da leihatiletara Realaren 30 bazkide txartel patrikan zeuzkala. 11:00etan zabaldu dituzte leihatilak. Hau da, lau ordu eta erdi egon da itxoiten.

11:00etan atera naiz lantokitik erdigunera joateko. Dozenaka lagun zeuden ilara luzean Realak larunbateko partidarako abonatuei doan banatuko dien bina sarrera jasotzeko zain.

Irudia: Realsociedad.com

Arratsaldeko 18:30etan ere jende asko zegoen zain. Goizean baino gutxiago, hala ere.

Ez zait logikoa iruditzen. Bazkaltzerakoan lankide batek galdegin dit ea zein den gure gizartearen anestesia mota. Ez dakidala erantzun diot.

Hori bai, dosi galanta jarri digute.

Elnako amaetxea liburuaren aurkezpena Donostian

Mikel Iturria 2007/03/25 22:30

En castellano

Datorren ostiralean, martxoaren 30ean, "La maternidad de Elna" liburuaren aurkezpena izango dugu kultur etxean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (sarrera: Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta Assumpta Montellà egilea egongo da bertan. Bezperan, martxoaren 29an, berriz, afari-solasaldia antolatu da Via Fora jatetxean (943 470989).

Ekitaldi hau Istorio femeninoak erakusketaren osagarri da.

Jarraian prentsa-dossierretik hartu eta nik moldatutako zenbait kontu jarriko ditut. Liburua igande arratsaldean irakurri berri dut eta hunkigarria da.

Zer kontatzen den

Elisabeth Eidenbenzek 1939-1944 bitartean Perpinyà inguruan sostengatutako amaetxeari erreparatu dio Assumpta Montellàk liburuan. Elisabeth Espainian egon zen erizain Espainiako Gerra Zibilean, Suitzako gobernuz kanpoko erakunde baten eskutik. Guda amaitzerakoan, Frantziara babes bila doan errepublikarren exodoa bizi zuen 25 urteko maistra suitzarrak. Ia 500.000 erbesteratuei Frantziako agintariek emandako tratua ikusita, lotsaturik eta haserre, emakumeen eta jaioberrien alde lan egitea erabaki zuen.

Haurdun zeuden emakume errefuxiatuek Frantziako hondartzetan erditzen zuten, inolako laguntza eta pribatutasunik gabe. Elisabeth-ek, emakume haurdun talde batekin eta beste erizain bolondresen laguntzarekin, etxe abandonatu bat prestatu zuen Elnan, Perpinyàtik gertu dagoen herri txikian. Emakume bakartu haiek goitik bera aldatu zuten eraikina amaetxe bihurtzeko.

1939an, Frantziako hondartzetan jaiotzeak heriotza suposatzen zuen; Elnako amaetxean jaiotzeak, berriz, bizitzeko aukera. 597 haur jaioberri ekarri zituzten mundura, naziek zentroa itxi zuten arte.

Geroztik, 65 urte pasa dira eta ume haiek handitu eta beren bidea egin duten aiton-amonak dira. Gehienek ez zuten istorio honen berri, askok bizitza salbatu zien emakumearen izenik ere ez zekiten. 2002an, elkartu ziren jaiotetxean Elisabeth-i eskerrak emateko.

Irudia: Assumpta Montellà

Assumptak istorioa nola topatu zuen

Hau dio egileak:

"2001ean, erbeste garaiko infernuaren testimonio bila, emakume bat agertzen zen noizean behin kontakizunetan. Emakume gazte hark haurdun zeuden emakumeak laguntzen zituen Frantziako hondartzetan, ustezko abegi eremutan".

"Estatistika lanei esker, banekien 1939 urtean Frantziako errefuxiatu guneetan umeen heriotza-tasa % 95,7koa zela. Asko harritu ninduen norbait aritzea korrontearen kontra, bizitzaren alde, inolako protagonismorik bilatu gabe".

"Unibertsitateko beste zenbait lankideekin honetaz hitz egiterakoan, istorio ttikitzat zuten gertaera, beste emakume batzuk laguntzen zituen emakume bat… eta kitto".

"Emakume eta ama naizelako, seguruenik, ez nuen etsi eta ikerketarekin jarraitu nuen Elisabeth Vienan topatu arte. Bizirik dago egun eta historia hori errekuperatzen laguntzeko prest".

"Eidenbenz andrea bezalako jende asko behar dugu gure ontzi kaskarraren norabidea aldatzeko, baina Elnako Amaetxearen tankerako gertaerek itxaropena bizirik mantentzeko balio dezakete".

Assumpta Montellà

(Mataró, 1958) Historia lizentziaduna da. Gerra Zibilari eta erbesteari buruzko ikerketa lan ezberdinak eman ditu argitara eta Oroimen Historikoa errekuperatzeko elkarte ezberdinen kolaboratzaile da, baita TV3ko "Documentales Históricos” saioko aholkulari ere. Baina bere bokazioa paperetan murgiltzea da, behin eta berriro begiratuz, pertsonen oroimena arakatzea, jende xumearekin hitz egitea, anekdota guztiak ezagutzea gero herriaren bizi taupada azaltzeko.

Manuel Huerga zinemagileak, Salvador filmaren zuzendariak, istorio hau filmatzeko asmoa du. Haren webgunean begiratuz gero, 2008an filmatzeko asmoa duela dirudi.

"La Maternidad de Elna" da Assumptaren lehen liburu arrakastatsua (8. argitalpena atera da katalunieraz). Berriki publikatua izan da gazteleraz, frantsesez eta alemanez.

Sareko esteka batzuk

Hona hemen sarean dauden zenbait lotura interesgarri:

Una lista de Schindler catalana, Xabier Aldekoa

Elisabeth-i eginiko elkarrizketa entzungai eta ikusgai

La gesta de una mujer menuda, elkarrizketa

Sant Jordi gurutzea emateko kanpainaren berri

La lista de Eidenbenz, Marc Andreuren artikulua

Asturiasko Printzea Sarirako hautagaitza

Erakusketa baten berri

Elnan jaiotakoak biltzeko webgune bat

Loretopetik (XIII) Debalde

Mikel Iturria 2007/03/23 06:00

En castellano

Irutxuloko Hitzan martxoaren 23an argitaratutakoa.

Pasa den astean aldizkari batek egin zidan proposamena. Zutabe bat nahi zuten. 4.500 karaktere neurria. Gaia: bi urte luzeko esperientzia kontatzea blogintzan. Gustatu zitzaidan ideia. Eskaerari zerbait falta zitzaiola konturatu arte.

Eginiko eskaintzari erantzuna eman aurretik, komunikabideetan dezenteko eskarmentua duen lagun batekin jarri nintzen harremanetan eta modu laburrean azaldu nion arazoaren funtsa, aldizkaria zein zen aipatuz eta posta elektronikoan faltan zegoen datua azalduz. Hark ere baietz, galdetzeko zenbat ordaintzen zuten.

Hori egin eta erantzuna berehala jaso nuen: gure medioak ez ditu asteko kolaborazio hauengatik ezer ordaintzen. Eskertu nion kazetariari nitaz akordatzea, berak ez baitzuen errurik, baina ezezko elektronikoa igorri nion.

Lagunarekin jarraitu nuen berbetan. Duela gutxi gertatutakoa jarri zidan adibide modura. Irrati baten deia jaso omen zuen hamar minutuko elkarrizketa egiteko. Elkarrizketa ordu erdiz luzatu bazen ere, hori ez zen arazo izan. Hura amaitu ondoren, kazetariaren dei berri bat jaso zuen. Eskerrak emateko izango zelakoan, bai zera! Aste horretakoa hurrengo asteetan errepikatzeko gonbitea luzatu zion irrati-gizonak.

Duela zenbait aste idatzi zuen Luistxok telebista ekoiztetxe bat jarri zela berarekin harremanetan. Etxean familia grabatzeko kamera batzuk utzi eta Katalunian antenan dagoen Efecte Mirall saioaren euskal bikia atera nahi du ETBk, Edo zu edo ni. Familiak nahi duenean erabakitzen du noiz grabatu, baina trukean ez du eurorik jasotzen.

Administrazio batek martxan jarritako plana aplikatzekoa zen eremu bereko jendea behar zutela-eta, nire beste lagun bati deitu zion erakunde batek. Funtzionarioak eta kargu politikoak aparte, bera bezala zeudenek ez omen zuten ez dietarik ez kilometrajerik kobratu.

Gauza guzti hauek buruan nituela, kolaborazioa bidaltzeko eskatu zidaten Irutxuloko Hitzatik. Gaia banuela esan nion deitzaileari. Hurrengo egunean jakin nuen egunkariak aurten 1.000 harpidedun berri behar dituela eta beste hainbeste datorrenean. Realaren erronka baino errazagoa dirudi, baina marka da hain jende gutxik dirua jartzea Donostiako euskal periodiko bakarra kalean izateko. Debaldeko irakurle izan nahiko dute.

Arraioa! Datorren astean antolatu beharreko ekitaldi baterako musikari baten premia dugu kultur etxean. Ez da lan handia, ea norbait dagoen prest doako kolaborazioa egiteko. Nori hots egingo diot?

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter