Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Inaugurazioak

Mikel Iturria 2007/03/20 19:27

En castellano

Arratsaldean ere lanera joateko asmoa nuen. Baina asmo hori goizekoa zen: ez naiz joan. Etxean geratu naiz. Musika entzuten, zenbait gauza idazten, artikulu batzuk irakurtzen. Neguaren azken eguna gozatzen. Hain laburra izan da aurtengoa!

Etxean geratu naiz, bai. Gaur Victoria Eugenia Antzokian jai bat dago gaueko 21:00etan. Ez naiz agertuko. Gutxitan joaten naiz horrelako ekitaldietara eta, joaten naizenean, beti dago argazkilari bat erretratuak ateratzeko prest. Gogoan dut duela bi urteko antzeko memelokerian harrapatu nindutela Gipuzkoako taberna gehienetan dagoen periodikoan. Nola? Jaten eta edaten. Ederto!

Bihar, berriz, Tabacalerako proiektuaren aurkezpena egongo da izen bereko eraikinean. Odón Elorzak, Joxe Joan Gonzalez Txabarrik eta Miren Azkaratek hartuko dute parte, hiru administrazioen izenean. Joxean Muñoz ere aritzekoa da. Zer kontatuko dute?

Ideiarik ere ez. Gustura hurbilduko nintzateke bihar eguerdiko aurkezpenera, baina goizeko 10:00etan dugu lan-bilera eta gure bilerak bi ordutan amaitzea miraria litzateke.

Portzierto, ea noiz inauguratzen duten Victoria Eugenia antzokiko kanpoaldea. Ondo legoke inauguratzea lanak burutu ondoren, ez aurretik. Maiatzaren 27a baino lehen seguru.

Aste bukaera Huescan

Mikel Iturria 2007/03/18 22:47

En castellano

Ostiral arratsaldean, bazkaldu ondoren, autoa hartu eta Adahuesca herrira abiatu ginen. Hantxe pasa dugu aste bukaera Kataluniako lagun batzuekin.

Casa Labata, Adahuesca

Gaueko 21:00ak inguruan iritsi ginen ostiralean. Herria txikia bada ere, ez genuen berehalakoan aurkitu gure ostatu izango zen Casa Labata. Okerreko bidetik abiatu ginen eta San Pedro Elizaren aurrean utzi genuen autoa. Kotxetik atera eta egun hauetako ezuztekorik txarrenetarikoarekin egin genuen topo: José Antonio eta haren jarraitzaileen omenezko plaka aipatu elizaren horman.

Ez ginen goiz esnatu larunbatean. Gosaldu ondoren Alquezarera hurbildu eta Sobrarbe eskualdeko Lecina herrian dagoen La Choca jatetxean bapo bazkaldu. Arratsalde patxadatsua inguruetan, berriro Adahuescako gure ostatuan afaltzeko gauean.

Hostal-restaurante La Choca, Lecina

Gaur, zorrak kitatu ostean, Rodellar herrira igo gara bazkaltzera. Ez gara ibili mendian, plana ez zen hori, baina eremu ederrak daude han horretarako. Garaiz abiatu gara bueltan eta Realaren berdinketa antzua errepidean entzunez ailegatu gara Donostiara. Ea hurrengo batean argazki kameraren bateria behar den bezala eramaten dudan. Ah! Bi jatetxe hauek gehituz hasi dut nire Tagzania ibilbidea.

Puskarra Youtuben

Mikel Iturria 2007/03/15 01:00

Gaur gauean egon naiz Youtuben gauzak begiratzen eta Puskarra taldeak Gudamendin 2006ko irailean emandako kontzertuaren bideo ezberdinak topatu ditut bertan. Lana Txamarta izeneko erabiltzaileari dagokio. Eskerrik asko.

Ez nituen inoiz zuzenean ikusi baina 80. hamarkadako Donosti Sound estiloan talde mitiko gisa pasa da historiara. Pena da bakarrik XXI. mendeko dokumentu hauek egotea. XX. mendeko bideoak falta zaizkigu.

Yo soy un punk

Africa

Somos pijamas

Loco.Loco

Iñaki Berrioren Ultravioleta Erakusleihoan

Mikel Iturria 2007/03/13 15:00

En castellano

Iritsi da hilabete honetan ere Erakusleihoa egitasmoa. Berrio anaiek dute txanda, laguntzaile talde apartaz inguraturik.

ultravioleta

Errepikaezina izango den enkarguzko emanaldi honek hiru hanka ditu: hitza, kantua eta bideo-proiekzioa. Dena Iñaki Berrioren poemario batean oinarritzen da. Amets eta amesgaizto asko dago bertan, surrealismoa eta egunerokotasuna. Rafa Berriok kantu ezberdinak idatzi ditu anaiaren hitzak erabiliz eta Jean Condé errealizadoreak Iñakiren irudiak hartuko ditu emanaldia baino zenbait egun lehenago. Iñaki bera azalduko da, behin bakarrik, irakurtzera. Proiekzioa egongo da proiekzioaren barruan, Jorge Carrero narrazioetan, José Puerto, Imanol Solores eta beste hainbat lagun arituko dira.

Iñaki Berrio (Donostia, 1958) William Ex eta beste seudonimoak erabiltzeagatik da ezaguna 80 eta 90 hamarkadetako hainbat musika aldizkaritan (Rock Spezial, Rock De Lux) kazetari jarduetagatik. Pepe Reik zuzentzen zuen La Voz de Euskadi egunkarian aritu zen lanean eta, gaur egun, astero zutabea argitaratzen du El Diario Vasco periodikoan. Hitzak idatzi zituen Amor a Traición taldearentzat eta ezkutuko poeta izan da orain arte. Poema guztiak bilduko ditu Ultravioleta plaquettean.

Rafa Berrio (Donostia, 1963) musikari gisa da ezaguna. Pop eta rock ibilbide undergrounda UHF taldean hasi zuen eta, 90eko hamarkadan, Amor a Traición taldean finkatu zen ("Amor a Traición", 1994; "Una canción de mala muerte", 1997). 2000 urtean, Deriva izenarekin "Planes de Fuga" argitaratu zuen eta 2005eko otsailean, berriz, "Harresilanda" (Autoekoizpena-Gaztelupeko Hotsak).

Jean Condé (Paris, 1963) argazkilari profesionala eta TF-1 telebistako errealizadorea da. Gainera, hainbat ekoiztetxe frantses independentetan aritu da lanean eta rock munduko hamaika dokumental eta bideo-klipen egile da.

Non: Ernest Lluch Kultur Etxean.

Noiz: martxoaren 15ean, arratsaldeko 19:30etan.

Adi: Sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen ondotik da.

Doako ekitaldia

Support your local scene

Sarri, sarri edo Nicaragua Sandinista

Mikel Iturria 2007/03/12 22:30

En castellano

Gaur iluntzean irratsaio hau ari nintzen entzuten. Gutxitan jartzen dut emisora hau, baina gaur hori zegoen sintonizatuta etxeko sukaldean.

Ari ziren PPk deituriko manifari buruz hitz egiten eta nola Jarcha taldearen "Libertad sin ira" kantua erabili zuten amaieran.

Aurkezleek, irrati kate hau izateko harritu nauen ausardiaz, bi proposamen egin dizkiete PPkoei hurrengo manifestazioetarako.

Sarri, sarri

Nicaragua sandinista

Zuen iritziz zein aukeratuko dute?

Yahoo-k cyberateos izeneko posta zerrenda ezabatu du

Mikel Iturria 2007/03/12 01:00

En castellano

Atzo goizean El País egunkariko zuzendariari bidalitako gutun honen irakurketak kezkatuta utzi ninduen.

Gutuna El Paísen

Gasteizko Arturo Ríos izeneko gizon batek sinaturiko lerroek hau zioten:

"En 1999 nacía la unión de cyberateos, una comunidad virtual formada por más de un millar de personas que se comunicaban mediante una lista de correo que en sus inicios fue creada en eGroups y luego, debido a la compra de esta empresa por parte de Yahoo! pasamos a formar parte de YahooGroups".

"El 8 de marzo, dicha empresa envió una carta en la que alegaba que se incumplía "algún" apartado de sus cláusulas, sin indicar cuál. Veinte minutos más tarde 80.000 mensajes publicados en sus ocho años de existencia, miles de artículos propios en sus archivos toda esa riqueza e historia documental se ha ido al traste de un plumazo, dejando huérfanos a sus foristas. Yahoo!, de arbitrario pucherazo, ha dado al traste con todo".

"Si bien es cierto que es una empresa privada y que puede hacer lo que quiera, dentro de las leyes, ver cómo se pisotea a un colectivo siempre es sangrante".

Hori da periodikoak argitaratutakoa. Taldearen webgunean begiratu dut baina ez da gauza askorik azaltzen. Lehen behintzat agertzen zen yahook eginiko trastada, baina orain ezta hori ere.

Yahoo-k ez du itxieraren arrazoirik ematen

Menéame-n ikusi dut Magonia blogean Luis Alfonso Gómezek aipatu duela gaia. Yahoo!ko komunikazio kabinetearekin harremanetan jarri da Gómez, El Correoko kazetaria, baina ez du lortu gauza askorik. Aipatu kabineteak ez ditu itxieraren arrazoiak publiko egin nahi.

Gómez-ek dioen bezala, "si Yahoo! considera que algún contenido infringe sus normas, lo elimina. Así, por las buenas. Y no explica la razón a nadie (...) ¿y si la infracción a las normas tiene su origen, por ejemplo, en un miembro de un foro que quiere torpedearlo?

Zaila dute cyberateoek eta zaila izango dugu guk ere mugitzen ez bagara.

Istorio femeninoak

Mikel Iturria 2007/03/11 14:30

En castellano

Ostiral arratsaldean, lehia bizian, inauguratu genuen erakusketa. Ez zen jende gehiegi hurbildu, baina goxo egon ginen bildutakook. Kronika soziala ez dut egingo, baina bai esango dudala gustura egon ginela. Komunikabideetan agertutakoa hemen eta azpian, berriz, prentsa-oharra egokitua.

Erakusketa hau 24 emakumeri buruzkoa da, 12 euskaldun eta 12 kataluniar, eta garai ezberdinetan izan duten jarduera soziala edo artistikoaren garapenaren berri ematen saiatu gara. Emakume horien artean batzuk ezagunak dira, beste batzuk, ordea, historian tokirik ere ez dute izan. Lagun-begiratua botatzen dugu: Historia guztion artean osatzen dugula uste dugunona, gizon nahiz emakume, ezagun nahiz ezezagun.

Tere Pérezek, Alba Espargarók eta Magda Gassók osatzen duten tam (tam) taldeak egin du lana, Elisabet Surís diseinugilearekin batera. Garai bakoitzeko bizpahiru emakumeen aipamena jasotzen da 12 paneletan:

Sakratua eta femeninoa (Mari eta Bartzelonako Eulalia)

Erroma eta Al-Andalus bitartean (Gala Placidia eta Lampegia)

Lur eta gazteluen jabeak (Markako Almodis eta Munia Sánchez)

Bi emakume eta errege bat (Jaime I, Hungariako Violante eta Teresa Gil de Vidaurre)

Hirian (Mirentxu eta Meirona)

Espainiako Gortean (Tota Larrea eta Germana de Foix)

Abenturazaleak eta barrokoak (Juliana Morell eta Katalina Erauso)

Behartsuak, zaharrak eta bakarrik utziak: sorginak (Violant Carnera eta Maria Echachute)

Familiaren pisua (Josepha Vilaret eta Teresa Cabarrús)

Burgesak eta feministak (Dolors Monserdà, Francesca de Bonnemaison eta Maria Maeztu)

Borrokalari sutsuak (Teresa Claramunt eta Tene Mujika)

Musikaren doinuan (Emiliana Zubeldia eta Raquel Meller)

Ernest Lluch Kultur Etxeak lagundu duen produkzioak, Espai Catalunya Topalekuak sustatu du eta Kataluniako Generalitat-aren (Comunitats Catalanes de l´Exterior) eta Via Fora jatetxe-katearen babesa du.

Apirilaren 4rarte, egunero bisita daiteke, jai-egunetan izan ezik: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 16:30etatik 20:30etara larunbatetan.

Adi: erakusketa-aretoaren sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dago, Bakearen Usoaren parean.

Telebista telebisiyua zenean

Mikel Iturria 2007/03/08 06:00

En castellano

Hegoaldeko askok gogoratzen ditugun Espainiako telebisten bi une.

Fernando Arrabal, hordituta, milenarismoaz hitz egin nahian, Fernando Sánchez Dragóren TVEko saio batean.

Francisco Umbral, haserre, Antena 3 telebistaren beste saio batean, bere liburuari buruz berba egin nahian. Aurkezle lanetan Mercedes Milá.

Mozkorra desagertu egin da panoramatik. Beste hirurak, nola edo hala, jarraitzen dute lehen lerroan.

Elkano Browning Cream Victoria Eugenian

Mikel Iturria 2007/03/07 01:00

En castellano

Victoria Eugenia Antzokian egon naiz Elkano Browning Cream taldearen emanaldia ikusten. Azken aldiz, 2000ko udaberrian egon nintzen teatroan. Gaur euria ari zuen sartzerakoan. Beraz, korrika eta presaka egin dugu barrurantz. Kanpoko obrak amaitu gabe daude oraindik eta eguraldi honekin ez zen giro (itoginak pergolan). Barrukoari ere gutxi erreparatu diot, baina uste dut jende asko zegoela.

Mikel Azpiroz donostiarraren proiektua da Elkano Browning Cream. Duela bi urteko formatua aldatuz (Fran Iturbe eta Karlos Aranzegi), kanpoko bi musikarirekin elkartu da diskoa grabatzeko: aspaldiko laguna duen Matt Harding, New Yorken bizi den Salt Lake Citytarra, eta Frank Mantegari paristarra, Alpha Blondy reggae taldeko bateria izandakoa zortzi urtez.

Gaztelumendiri irakurri diogu Berri Txarrak rock talde nafarra hemendik kanpo dabilela gora eta behera. Ez da makala ere Azpirozek gidatzen duen hirukoteak daraman bidea. Txina-AEB-EHn grabatutako diskoa, Europan eta Amerikan ari dira aurkezten (ikusi bira). Hilabete honetan Estatu espainiarrean ariko dira eta aukera izango duzue zuzenean ikusteko.

Zer eskaintzen duen EBCk? Musika beltza. Groovy, man! Ez zuten jende aproposena gaur aurrean (publikoa irrikitan dago antzoki berritua ikusteko eta askori bost axola zaio eskaintza), baina gozatu dutelakoan nago. Organoa, bateria eta gitarra, denak maila berean lerratuta. Argi gutxi, gehienetan estatikoa. Nahikoa zen gaur musika.

Bateriari begirik kendu gabe egon naiz ia emanaldi guztian. Izugarri gustatu zait.

Zizka-mizka sarean

Mikel Iturria 2007/03/04 14:00

En castellano

Igande goiz honetan alferkeriaz ordenagailuaren aurrean harrapatutakoak.

Bittori

Aurkeztu ez badute ere, gaur ikusi dut sarean dagoela Victoria Eugenia antzokiaren webgunea.

Doka

Lagun batek esan zidan Antiguako Kandela zena kafe antzoki bihurtzekotan dagoela. Izena ere aipatu zidan: Doka. Webgunearen erregistroa egina dago, enpresa sortuta dago ere: Doka Kafe Antzokia.

Laster jakingo da ekimen honen bultzatzaile direnen izen-abizenak, euskal kultura eta kirolaren bueltakoak, kontatzen dutenez. Zorterik onena opa nahi diet.

Fermin

Never say never again. 2004koa azken bira izango zela esan ostean, aurten ere ekingo dio Muguruzak lau hilabeteko tourrari. Europan abiatuko da apirilean (Paris, Durango, Donibane Garazi, Viña Rock…) eta Amerikan izango du jarraipena maiatzean (Mexiko, Kuba, Venezuela).

Laboa

Donostian ere ez. Bertan behera geratu da apirilean Laboak egitekoa zuen kontzertua. Martxoan Tolosan egitekoa zuena erori ondoren, apirileko guztiak geratu dira bazterrean.

Gertuko norbaitek, maitasunez, esango al dio, bapo, amaitu da? Eszenatoki gainean zenbat sufritzen duen jakinda, mediku-arrazoiak argudiatzen dituztela ikusita.

Zapiain

Ez da gaurkoa, baina astekoa bai. Garraio publikoaren aldeko mezu argia, gure filosofo kontenplalariak Bilboko metroan entzundakoa hamasei urteko neska bati: "vamos a ponernos de pie tía porque entre el tracatrá este y el piercin que llevo en el coño es que me voy a correr".

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter