Emak Bakia baita filma egin du Oskar Alegriak
Apenas ezagutzen dudan Oskar Alegria errealizadore nafarra, baina hainbat tokitatik berari buruz iritsi zaizkidan hitzak beti laudoriozkoak izan dira.
Urteak pasa ditu Oskarrek Ray Man-ek 1926an Emak Bakia filma grabatzeko erabilitako etxearen atzetik eta, azkenean, lortu du lan hori guztia dokumental bihurtzea. Ez baita erraza hain ospetsua den artista bati buruzko filma egiteko baimen guztiak lortzea, besteak beste.
Lortu ditu eta uste dut denak gozatu ahal izango dugula emaitzarekin. Hemen behean doa trailerra.
Berriki Mexikon proiektatu berri dute eta hona hemen Jorge Ayalak cinedocente honi buruz idatzitakoak.
Beste ilustre batzuk ere aipatu dituzte hainbat gauza:
“Honatx Man Ray bera txoratuko lukeen filma”.
Víctor Erice, zinema zuzendaria
“Zoragarria, zentzu guztietan".
Chris Fujiwara, Undercurrent aldizkariko editorea
“Zinema adimentsua eta zintzoa: bideak gain hartzen dio helmugari”.
Corneliu Porumboiu, Cannes 2006ko Urrezko Kamera
“Haizeak eta halabeharrak eragina dute film xarmangarri honetan; baina eskua da maisu”.
Bernardo Atxaga, poeta eta idazlea
“Denboraren iragaiteari buruzko hausnarketa hunkigarria, zinema egina”.
Eric Pauwels, 2010eko Cinéma du Réel aipamen berezia
Oskar Alegria ha culminado su documental Emak Bakia baita, este apunte en castellano.
Nor izango da Donostiako alkate urtebete barru?
Gogoan izango duzue Bilduk osatutako zerrenda izan zela bozkatuena eta horrek ekarri zuela Odon Elorzaren agurra (1979tik zinegotzi; 1991tik alkate).
PSE-EEk ezetz esaten badu ere, gertu ditugu Gasteizko parlamenturako hauteskundeak. Ez dirudi 2013ko udaberrian izango direnik eta gero eta gehiago aipatzen da 2012ko urria-azaroa.
Duela hainbat astez Garak argitaratutako inkesta baten arabera, Bilduk 24 eserleku lortuko lituzke, 22 EAJk, 15 PPk, 12 PSE-EEk eta 2 Ezker Anitza-IUk.
Garbi dago EAJk Ajuria-Eneara bueltatzeko ahaleginak egingo dituela. Beraz, Urkullu izango litzateke hurrengo lehendakaria eta ikusteko dago norekin elkartuko diren jeltzaleak.
Gasteizen bada jendea uste duena sozialistek ez dutela gobernua utziko. Beraz, PSE-EErekin akordioa lortuz gero, zer eskatu dezakete sozialistek trukean?
Gauza jakina da Ernesto Gascori asko gustatuko litzaiokeela Donostiako alkate izatea. Horretarako nahikoa da EAJ eta PSE-EEk aldeko botoa ematea (14 zinegotzi dituzte eta 27k osatzen dute plenoa).
Aukera gehiago ere egon daitezke: Gipuzkoako Foru Aldundian egon daitezke mugimenduak; EAJk PPrekin lor dezake akordioa; Bilduk mugimenduren bat egin dezake...
Politika fikzioa egiten ari naiz. Ados. Baina ez dut uste oso urruti nabilenik.
¿Quién será el alcalde de San Sebastián dentro de un año? Este apunte en castellano.
Raxoiren lehengusua
Duela ez hainbeste, Mariano Rajoy (Raxoi) ez zen Espainiako presidentea. Ondo gogoratuko duzue urteak eman zituela PPren buru gisa, baina oposizioan. Arrisku-prima gora eta arrisku-prima behera, gaur aldaketa klimatikoaren inguruan 2007. urtean bere lehengusu bat aipatu zuela etorri zait burura.
Prima. Lehengusua. Lehengusina. Primoak gu. Nosoträsh.
Crowdfunding proiektu batzuk
500 lagunek babestu dute jada Kerobiaren Supernova proiektua. 31 egun dituzte beste hainbeste lagun lortzeko.
Fermin Muguruzak Zuloak rock taldeari buruz egin beharreko dokumentala grabatzeko egitasmoa 88 lagunek babestu dute. 500dik gora lortu behar ditu uztailaren 7rako.
Fundación Robok disko bat egin nahi du eta taldearen lehen urteurrena ospatu. 1.000 euro lortu dituzte eta beste 7.000 behar dituzte proiektua aurrera eramateko.
Barrura begiratzeko leihoak dokumentala egiten ari dira Josu Martinez eta beste lagun batzuk. 20 euro eskatzen dituzte egitasmoa gauzatzeko.
Zakarren tratamendua Katalunian
Urteak dira jada zakarren tratamenduarekin bueltaka gabiltzala gipuzkoarrok. Ez diet errua bakarrik alderdiei bota nahi, giputzok ere dena nahi baitugu: orain arte bezala bizi, atez atekoaren traba saihestu eta erraustegia Bizkaian, ahal dela.
Martxoaren hasieran, Javier Vizcaínok Kataluniako esperientzia kontatzeko bi lagun gonbidatu zituen Onda Vascako Gabon irratsaiora: alde batetik, Maria Zaloña zakarren tratamenduan aditua (batez ere, konpostaje kontuetan); bestetik, Francesc Giró teknikaria eta Kataluniako Generalitateko Zakarren Tratamendurako Agentziako zuzendariaren albokoa.
Ez dut ezer gehiago esango. Hemezortzi minutuko audioa uzten dizuet.
Gaizki amaitu da @kioskoymas-ekin izandako lehen esperientzia
Vocento taldearen lidergopean Espainiako hainbat talde editorialetako periodikoak eta aldizkariak tabletetan eta telefono aurreratuetan ikusteko duela ia urtebete martxan jarritako plataforma da Kiosko y Más. Periodiko eta aldizkari hauek erosteko aukera ezberdinak daude: alde batetik, egunkari eta aldizkari solteak; bestetik, harpidetza-planak daude: hilabeterako, hiru hilabeterako eta urtebeterako.
Apirilaren hasieran, plataforma honen webgunean begiratzen nuen bitartean, Kataluniako Ara egunkaria zegoela ikusi nuen. Gustukoa dut periodikoa eta hilabeteko harpidetza egin nuen. Uste dut 12 bat euro pagatu nituela egunero periodikoaren pdf bertsioa nik aukeratutako hiru aparatuetan izateko: tableta, telefono aurreratua (smartphone) eta mahaiko ordenagailua.
Esperientzia ona izaten ari zen. Gustura ari nintzen periodikoa irakurtzen, baina ez nuen jarraitzeko asmorik. Probatzeko egin nuen harpidetza-eta.
Baina azken orduan plataformak berak hartutako erabaki batek haserretu egin nau.
Gauza bat bai egin dudala gaizki, bere garaian ikusi bainuen "Preguntas frecuentes" atalean honako paragrafo hau:
"Los planes de suscripción son siempre auto-renovables, así que suscríbete una vez y despreocúpate para siempre". Zer esan nahi ote du horrek. Ez zitzaidan batere gustatu esaldia, baina ez nuen bere garaian galdetu eta galdera bota nuenean, harpidetzaren azken egunean edo, zera erantzun zidaten:
"Le recordamos que las cancelaciones han de solicitarse con un plazo mínimo de siete días a que se produzca le renovación".
Ea hori non zegoen idatzita galderari, estekarik gabeko erantzun bat:
"En relación a su consulta le informamos de que para darse de baja tiene que solicitarla con una antelación mínima de siete dias antes de que finalice su suscripción tal y como se recoge en los términos de uso".
Kaguensos! "Términos de uso" aukera ez dago eskuragarri aplikazioan. Webgunera jo beharra dago eta nik, normalean, ez dut webgunea kontsultatzen. Baina webgunean ere ez da erraza ikustea lotura hori.
Zapore mikatza utzi dit kontu honek. Izan ere, norberak hilabeteko harpidetza egiten badu ez du bi hilabetekoa pagatu beharrik? Zergatik arau hori?
Esan bezala, eskerrak ez nuela urteko harpidetzarik egin.
La primera experiencia con @kioskoymas ha acabado mal, este apunte en castellano.
David de Ugarteren hitzaldia Eraldalab jardunaldietan
Aurrekoan esan bezala, larunbat honetan Eraldalab jardunaldiak izan genituen Andoainen. Goizean interbentzio laburrak izan ziren, proiektu ezberdinak aurkezteko, eta bazkalostean tailer pare bat egon ziren.
Itxiera moduan, bi orduko klase magistrala eman zuen David de Ugartek. Gaia: sareak eta P2P iraultza.
Hain izan zen interesgarria tipoaren hitzaldia, ezen Anoetan egon zen Aranbururen agurrera ez joatea erabaki bainuen.
Ahal baduzue, ikusi bideoa eta jarraitu Daviden jarduna Las Indiasen. Ez bilatu ortodoxia. Seguro gauza askotan ez zaudetela berarekin ados, baina kitzikagarria da haren jarduna. Hausnartzen laguntzen du. Eta ez da gutxi.
Eguneratzea: 22:55. De Ugartek erabilitako ilustrazioak ere ikusgai jarri ditu.
David de Ugartek itxiko du EraldaLAB jardunaldia
Datorren larunbatean, maiatzaren 12an, EraldaLAB izeneko jardunaldia izango da egun osoan zehar Andoainen, Aita Manuel Larramendi Ikastolan. Jarduera Kilometroakek laguntzen du eta Donostia 2016ko kultur hiriburuak antolatutako Olatu Talka jaialdiaren barruan kokatzen da.
Jardunaldia osoa euskaraz izango da (EraldaLABen izena emateko) eta tartean Leire Narbaiza eibar.org eta eibartarrak zerrendaren esperientziari buruz arituko da berbetan.
Baina antolakuntzak azken orduko ekitaldi baten berri eman du: David de Ugartek sareak eta P2P iraultzari buruz hitz egingo du 17:30etik aurrera, gaztelaniaz.
Aurkezpen moduan hauxe bidali dute: "David de Ugarte urteak dira jada sarean eta hauen inguruan lanean. Beti izan da pertsona interesgarria sare dinamikak ulertzeko. Sare teoria, soziologia, ekonomia eta beste alorrak nahastuz eta interpretatuz beste ikuspuntu bat emateko gai den pertsona da David. Oraingoan proposamen berri batekin dator gainera, sareei buruzko bere ezagutzez gain, P2P iraultzari buruz hitz egingo du. XXI. mendean etorri daitezkeen eraldaketa garrantzitsuenetako baten lehen zertzeladak elkarrekin marraztera gonbidatuko gaitu".
80. hamarkadako pop musika Donostian
Martxoaren erdialdean abiatu zuten Ernest Lluch Kultur Etxean 80 zuzenean izeneko zikloa. Lo juro por los Ramones erakusketa, Marivi Ibarrolaren argazkiekin osatutakoa, da zikloaren muina. Tartean hainbat jarduera egon da: hitzaldi pare bat, kontzertu bat, etab.
Zikloa maiatzaren 10ean amaituko da eta gaur, maiatzak 9, bi proiekzio egongo dira kultur etxean: Barcelona era una fiesta undergound eta Si yo fuera tú, me gustarían los Cicatriz.
Pasa den astean, maiatzaren 3an, mahai-inguru bat antolatu zen 80. hamarkadako Donostiako pop musika jorratzeko. Gregorio Gálvez maisuaren gidaritzapean, Cheli Lanzagorta, Diego Vasallo, Rafael Berrio eta Javi Pez aritu ziren solasean.
Atzo jarri zuen Donostia Kulturak egun horretan grabatutako audioa entzungai. Ia ordu t´erdiko grabazioa da. Garai hura, musika hura edo dena delako mugimendu hori gustukoa baduzue, entzun arretaz. Ez horregatik.
El pop donostiarra de los 80, este apunte en castellano.
Itzultzaile baino, outsider totala naiz
2002 urtearen amaieran izango zen. Garai hartan Harkaitz Canoren Pasaia Blues nobela irakurri berri nuen. Halako batean, Susa argitaletxearen webgunean, lehenengo kapitulua zegoela deskubritu nuen.
Ez dakit oso ondo zergatik, baina hura gaztelaniaz jartzeko pultsioa izan nuen. Inori ezer esan gabe, dokumentu hura jaitsi eta poliki-poliki hura itzultzen hasi nintzen.
Halako batean, bukatu nuen kapitulua eta mila buelta eman ondoren apenas ezagutzen nuen Harkaitz Canori bidali nion e-mailez. 2003ko apirilaren 17an izan zela ikusi berri dut nire e-mailean.
Egunak pasa egin ziren eta Harkaitzek ez zuen erantzuten. Damutu egin nintzen.
2003ko apirilaren 22an jaso nuen erantzuna. Hartutako lana eskertuz eta berandu erantzutearen arrazoia zibilizaziotik kanpo pasatako opor-egun batzuk zirela. Gainera, aipatu zidan liburu hori zuela gaztelaniara itzuli gabeko bakarrenetakoa. Mano-mano jarri ginen biok eta 2003an zehar amaitu genuen.
Idazlea obra mugitzen saiatu zen Espainiako hainbat argitaletxeetan, baina ez zuen zorterik izan.
Urteak pasa dira eta, halako batean, Harkaitzek aipatu zidan 2012ko udaberrian argitaratuko zela. Amaitu berri den apiril zinez euritsuan Ttarttalok publikatu du Pasaia Blues gaztelaniaz. Erosi nahi baduzue, hortxe duzue lotura. Izan ere, ziztu bizian desager daiteke-eta liburudendetatik (irakurri Dirua eta hitzak artikulu hau).
Elkar aldizkariak elkarrizketa egin dio azken zenbakian eta Alberto Moyano kazetariak ere publikatu du Canorekin izandako solasaldia.
Hiru gauza aipatu nahi ditut:
1.- Outsider: Seguraski hauxe izango da literatur itzulpenen mundu honetan egingo dudan gauza bakarra eta ohorea da nire izena Harkaitz Canorenarekin lotuta egotea.
2.- Internet: Goian esan bezala, nobela hau publikatu da gaztelaniaz 2003 urtean jada Susak erabakita zuelako liburuen zatiak jarri behar zirela irakurleen eskura webgunean. Gaur egun, oso-osorik jartzen dituzte liburuak eta e-book formatuan oso prezio egokian irakur dezakezu haien katalogoa.
3.- Bederatzi: Ia bederatzi urte joan dira liburuaren itzulpena bukatu eta honek argia ikusi arte. Poesia fikzioa da (baita zera ere) poeman zioen: "Ez dut uste pertsona tormentatuegia naizenik / Batzuetan etsipen ikaragarri bat jabetzen da nitaz / zer egingo zaio, gauzak aldatzen doaz / gure garai bateko eskolakidea / opuseko neska batekin ezkontzekotan dago / eta beste batek legez kanpoko arrantzan / itsasoan daramatza bederatzi hilabete / haurdunaldi oso bat / agian pertsona bihurtuko zen itsasoaren sabelean /amarenean egin ez zenez gero". Bederatzi hilabete nahiko ez eta igual bederatzi urte hauek behar izan dira itzulpena ontzeko.
Más que traductor, soy un outsider, este apunte en castellano.
