David de Ugartek itxiko du EraldaLAB jardunaldia
Datorren larunbatean, maiatzaren 12an, EraldaLAB izeneko jardunaldia izango da egun osoan zehar Andoainen, Aita Manuel Larramendi Ikastolan. Jarduera Kilometroakek laguntzen du eta Donostia 2016ko kultur hiriburuak antolatutako Olatu Talka jaialdiaren barruan kokatzen da.
Jardunaldia osoa euskaraz izango da (EraldaLABen izena emateko) eta tartean Leire Narbaiza eibar.org eta eibartarrak zerrendaren esperientziari buruz arituko da berbetan.
Baina antolakuntzak azken orduko ekitaldi baten berri eman du: David de Ugartek sareak eta P2P iraultzari buruz hitz egingo du 17:30etik aurrera, gaztelaniaz.
Aurkezpen moduan hauxe bidali dute: "David de Ugarte urteak dira jada sarean eta hauen inguruan lanean. Beti izan da pertsona interesgarria sare dinamikak ulertzeko. Sare teoria, soziologia, ekonomia eta beste alorrak nahastuz eta interpretatuz beste ikuspuntu bat emateko gai den pertsona da David. Oraingoan proposamen berri batekin dator gainera, sareei buruzko bere ezagutzez gain, P2P iraultzari buruz hitz egingo du. XXI. mendean etorri daitezkeen eraldaketa garrantzitsuenetako baten lehen zertzeladak elkarrekin marraztera gonbidatuko gaitu".