Euskal hatxea
Pasa den asteazkenean, urriak 18, Bernardo Atxagak KMK-n eskaini zuen hitzaldian egon nintzen. Gaia: Euskal Hiriaz. Ez dut topatu hitzaldia KMK-ren bideo kanalean eta ez dakit streaming bidez eman ote zen.
Sarrera bikaina egin zuen Jose Luis Padrón-ek antolatzaileen izenean. Ahots nekatu batekin txosten batetik ateratako datuak irakurtzen hasi zen nahita (zenbat langile eta enpresa dauden Euskadin kulturgintzan), baina ederki eman zion buelta hainbat begitan behatza sartuz (2016 kultur urtea eta 155 artikulua aipatu zituen: harremanik dute biek, Jose Luis?).
Euskal Hiriaz jardun aurretik Euskal Herriaz aritu zen Bernardo argituz bera eremu honetan amateur bat dela. Urteen barna bidaiatu zuen, gertuko eta urrutiko ispiluak aipatuz. Nik hainbat izen-abizen apuntatu nituen: Juan Olazabal karlista irundarra, Humboldt, Isaiah Berlin, Pío Baroja eta familia, Kepa Altonaga, Ignacio Echaide (ingeniari eta Euskaltzaindiako lehendakari izandakoa, Donostiako lehen telefonia zerbitzua martxan jarri zuen karlista), Antonio Zavala, Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Txillardegi (publikoki damutu zen berandu irakurri zuelako haren hainbat liburu), Matalaz, Rodeznoko kondea eta Martin Ttipia gasteiztarra.
Atxagaren esaldi bat: "Gaiztakeria esan behar nuen, baina autonomoa naiz eta inork ez dit ematen bost urteko bekarik. Isil nadin".
Ez da erraza haren jarduna hemen laburbiltzea eta ez da hori nire asmoa, baina bai azpimarratu nahi dudala oso ezkor agertu zela euskararen etorkizunarekin.
Ikusi duzue Gure Esku Dago-k Tolosan duela hainbat hilabete antolatutako mahai-ingurua? Bertan aipatutako kontu batzuk errepikatu zituen Bernardok Donostian.
Amaitzeko, egun horretan jakin genuen ez dela denboraldi honetan Sautrelarik egongo. Ez zen gaia atera solasaldian, baina nik bai jarri nahi nuela apunte honetan ETBren erabaki hau. Eta lerroburuan aipatutako Hatxea Hasier Etxeberria aka Konatxe ere izan daiteke. Urtebete ere ez da pasa bera hil zenetik. ETBk ez du dolua ere errespetatzen. Ze desastrea!
Fidel Vicente, gugan bego
Irudien muntaia: Drakis Vadillo.
Kanonak dio jendeari bizirik dagoen bitartean egin behar zaiola aitormena, baina kosta egiten zaigu.
Saura(s) izeneko dokumentalean, Felix Viscarret-ek Carlos Saurari eskainitakoa, zinemagilea seme-alabekin eta bikotearekin agertzen da solasean. Lehor fama du zuzendariak, ukatzen ez duena, baina badu aitzakia: Rafael Azcona gidoigileak esaten omen zuen berak inoiz ez ziola "maite zaitut" esan emazteari, zerbait pornografikoa zelakoan.
Fidelen agurra San Pablo parrokian antolatu zuen familiak. Ez nintzen sartu eta ni bezala jende asko. Baina bai iritsi zirela kanpora, errepikapenagatik, apaizak barruan esandakoak. Javier Hernaez apaiz obreroa da eta gogoratu zuen hura ez zela eliza arrunta, Altzan "hesiz eta amiantoz inguratuta" baitago.
Familia bera ere harrituta zegoen bildutako jende kopuruarekin. Hogeita hamar urte luze bete baitzituen Fidelek soinu teknikari gisa eta gure herri txiki honetan kristo guztiak ezagutzen baitzuen. Horrela, bitxia izan da sareetan eta egunkarietan ikustea nor gogoratu den heriotzaren berri izandakoan: jende oso diferentea.
Teknikariaren aurretik beti ikusi dugu Fidel pertsona: beti zuen txantxa prest, baita une zailetan ere. Ez zen inori buruz gaizki esaka ibiltzen eta, logikoa denez, inori ez diot inoiz entzun Fideli buruzko hitz txarrik.
Bera ni baino hobeto ezagutzen zuen batek esan zidan amak egunero egiten ziola (patata?) tortilla afaltzeko. Tortilla hori askotan hotza jango zuen Fidelek (niri asko gustatzen zait), gehienetan ordu txikitan etxeratzen baitzen, lanean aritu ondoren.
Niri ere kosta egin zaizkit lerro hauek idaztea. Tira, testua ez da beste munduko ezer, baina blogari batek bloga du aitormen eremu eta ez nuen aukera hau alferrik pasa nahi. Handia zelako Fidel eta merezi zuelako.
Fidel Vicente Cintero, gugan bego.
Fidel Vicente, in memoriam. Este texto en castellano.
Kataluniari buruzko alfabetoa
Autodeterminazioa
Kataluniak, katalanek zer egin behar duten ez dagokit niri, bertan bizi direnei baizik: autodeterminazio eskubidea deritzo.
Branchadell
Albert Branchadell UABko Itzulpengintza eta Interpretaritza Fakultateko dekanoa da 2016ko maiatzetik. Berari buruz sarean bila ari nintzela, ikusi dut 2016ko urte hasierara arte El País-en argitaratu izan zituela hainbat zutabe, baina orain Ara egunkarian ari da hiru astez behin Branchadell. Irakurri berri dut ere bi zutabegile independentistek utzi dutela egun hauetan Kataluniako El Paísen zuten kolaborazioa eta ez dakit biak baina bat bai behintzat Ara-n hasiko dela. Eta Gregorio Morán La Vanguardiatik bota zuten.
Castells
Hilean behin edo idazten du La Vanguardian Manuel Castells-ek. Irailaren 30ean Errepresioari buruzko apunte bat argitaratu zuen. "Mis estudiantes en EE.UU. me preguntan cómo ir a defender Catalunya" edo gazte askok nola ikusten duten Bartzelona.
Manuel Castells. 2 de octubre. #U1kat #1Octhttps://t.co/JVUisvyvFz pic.twitter.com/4XcvluG8FU
— Mikel Iturria (@iturri) 2017(e)ko irailak 30
DUIgdemont
Zer gertatuko da urriaren 10ean? Puigdemont president-ak alde bakarreko independentzia deia egingo du? Nola egingo da? Formala izango da soilik eta partida jokatzen jarraituko dute? Segi pantailari begira.
Euskal Herria
Zer nahi duzue esatea? 2011n the organization-ek armak utzi zituenean lasaitu ederra hartu genuen. Politikaren pisua urte hauetan guztietan hain izan da eramaten zaila, zeren despolitizazio prozesu batean gaudela. Hainbat zauri daude oraindik itxi ez direnak eta Espainiak ez du ezer egin nahi presoek etxerako bidea har dezaten.
Gauzak horrela, niri asko kostatzen zait ikustea hemen prozesu soberanista gertu egon daitekeenik, baina batek daki.
Felipe VI.a
Ezer gutxi espero zitekeen. Nork idatzi zion diskurtsoa? Gobernu espainiarrak? Saiatu naiz berriro urriaren 3ko erregearen diskurtsoa ikusten, baina ez naiz hamargarren segundura iritsi.
Baina niretzat Felip ere bada Bartzelonan bizi den lagun bat. Bon dia, Felip!
Garcés
Marina Garcés filosofoak Mercè-ko jaietako irekieran irakurritako pregoia (bideoa eta pdf-a bertan) gomendatu nahi dizuet. Erregearen beste aldea zentzu askotan.
Hostiak
Arma asko ditu Espainiako Estatuak, baina Seis razones por las que vamos camino de perder Catalunya izeneko analisian Jordi Sabaték dioen determinismoa baldin badu ekimen honetan sartu den Kataluniako jendeak, jai izan dezake.
Indarra eta ilusioa
Realak denboraldi hasiera bikaina izan zuen: lau partida jarraian irabazi zituen eta denok ilusioz gainezka.
Hurrengo bost partidetatik lau porrot eta berdinketa bakarra.
Ilusioak zenbat iraungo du Katalunian? Jakitun dira garai gogorrak bizi beharko dituztela, baina aste honetan bati irakurri nion bezala: aurrera begiratzen dut eta beldurra nagusitzen da, baina atzera begiratzen dudanean, zer uzten ari garen ikusita, lasaitu ederra hartzen dut.
Gaizki pasako dute.
Juliana
Inoiz ez dakit Enric Juliana La Vanguardiako zuzendariaren albokoa den edo zuzendariaren alboan dagoen (gaztelaniaz hobeto agertzen dira nire zalantzak: director adjunto o adjunto al director).
Dena dela, gustatzen zaizkit Enric Julianaren analisiak irakurtzea.
Katalunia
La mare de Deu!
Lobo
Ramón Lobo kazetari beteranoak elkarrizketa sorta majoa egin du El Diario-n (Julián Casanovari, Josep Fontanari...).
Martínez
CTXT-n Guillem Martínez-ek jada burutu duen Procesando el Procés eta hasi berri duen Procesando la Cosa sorta jarraitu behar dira. Bi adibide: Creo que ha pasado esto (irailaren 7an) eta ¿Pacting, Duing o Dresding? (urriaren 6an).
Neofrankismoa
Ez dakit neo ote den aurrizkirik aproposena kaleetan Francoren garaiko bandera espainolak (eta jendea) astindu duten hainbat frankista eta falangista ikusita. Edota futbol partida bailitzan "A por ellos" abestuz poliziak eta guardia zibilak agurtu dituzten herritar horiek. Zer esanik ez boto papera boto ontzian uztera zihoazen herritarrak astintzera zihoazen hainbat polizia eta guardia zibilen portaera ikusita.
Ortiz
Javier Ortiz maitatuak 2005eko irailean idatzitako apunte batzuk Cataluña etiketapean jarri ditugu haren gunean. Bat hautatzekotan Maragall no es Cisneros. Eta nola ez, egun hauetan Pakok idatzitako Estamos y estaremos, quicir eta Luis de la Cruzen La sacralización de la legalidad como vía al totalitarismo.
Parlem
Naif-a izango da hitz egitearen aldeko aste honetako ateraldia. Ados. Baina kaleetara atzo atera ziren askoren desioak uler ditzaket.
Parentesia. Ortizen 1997ko La Equidistancia hartaz gogoratu nintzen astean zehar. Itxi parentesia.
Baina hitz egin asko hitz egin da Katalunian azken urte hauetan. Horregatik txalogarria iruditu zitzaidan Berria egunkarian Iñaki Petxarromanek David Fernàndez eta Jordi Évolerekin eginikoa. Eta osorik ikusi ez badut ere 2016ko bukaeran Julia Otero eta Anna Gabriel-en arteko hau ere.
P. S.: Gerard Piqué.
Rajoy
Prietas las filas. El Paíseko zuzendariak Espainiako presidenteari eginiko elkarrizketa argitaratu dute gaur.
2008an Aznar, Aguirre, Pedro Jota (El Mundon) eta Losantos (COPEn) kontra zituenean, onik atera zen. Kontuz Marcako irakurle honekin. 2015ean hildako lagun batek zioen bezala, aurreko gallegoak 40 urte iraun zituen Estatuko goi agintean.
Sabadell
Banco Sabadell Guipuzcoano da gurean. Bankuak eta enpresa handiak beldurra eragin nahian, baina beraiek ere ez dira ba oso lasai egongo. Caixabank Espainia da: esan didatenez, negozio bolumenaren %20a du soilik Katalunian. %80 handik kanpo.
Facebook-en ez dut apenas muturra sartu, baina nahi baino gehiago ibili naizela Twitter-en.
Gaur hemen atera ditudan asko irailaren 7an hasitako hari luze batean daude pilatuta.
Gehienetan bezain interesgarri @Guillemmartnez-en kronika. Katalunian atzo zer gertatu zen.https://t.co/mu6KZITelf
— Mikel Iturria (@iturri) 2017(e)ko irailak 7
Urkullu
"Da la impresión de que cuando el Gobierno va, los independentistas vuelven" esan omen zion ITV News kateko korrespontsalak Jordi Sabatéri.
Bat baino gehiago haserretuko zait, baina uste dut Euskal Herrian besteak doazenean, bueltan dela EAJ.
Eta etxeko trapu zikinak sukaldean garbitzen.
Urkullu zozoa da, bai. Ez du alkoholik edaten baina Pit Bull arrazako txakurra dauka. Adi!
Vasallo
Els carrers seran sempre nostres? Brigitte Vasallok idatzitako hau edo non zeundeten aurreko urteetan?
X eta Y
Ez dut uste datozen egunetan argituko direnik inkognitak. Denbora beharko da, baina garai hauetan dena da posible munduan barrena gertatu diren hainbat gauzek erakusten duten bezala.
Zamora
AristiZabal, Zabala eta Zamora abizenak ditut. Zeta maite dut. Eta David Fernàndez-en aitona Zamorakoa da.
Un alfabeto sobre Cataluña, este apunte en castellano.
Udako zirauna
Hau ez da Egia
Egiako Gazteak izeneko taldeak pintada egitea erabaki zuen duela bi aste eskas apirilean Egia kalearen beheko aldean zabaldutako La Farándula garitoaren aurka.
Ez zitzaidan gustatu marka hori jartzea horrelako lokal bati.
Taldeak komunikatu bat zabaldu du. Lehen lerroan beren aurkako kriminalizazioa salatzen du. Gero dio ez zela "kulturaren aurkako ekintza bat izan (...) kultura konkretu bateko negozio modernoak agertu dira Egian, Donostiako esparru kultural kapitalistarenak hain zuzen ere (...) Argi geratzea nahi dugu ez dela konkretuki La Farandularen aurkako ekintza bat izan, baizik eta La Farandulak bultzatzen duen transformazio ekonomiko eta politikoaren aurkakoa".
Ez dut arazoaren muina ulertuko, baina horrelako ekintza bat gure hirian antzerkiaren alde apustua egin duen lokal pribatu bakarrari egitea (El Sekaderok ateak itxi behar izan ditu) ez zait batere gustatu. Baina berdin pentsatuko nukeen beste lokal (moderno edo ez moderno) horietako bat tartean izango balitz: ez dut gustuko marka horiek jartzea.
Nik neuk kultur mundu instituzionala dut ogibide eta gaur ekarri nahi dut hona langile talde batek ia duela bi urte Kortxoenearen alde agertu gineneko esaldi bat: "Kultur aniztasuna eta eredu ezberdinen arteko bizikidetza ez direlako marketing eslogan hutsak, gure eguneroko jardun profesionalean hedatzen saiatzen garen oinarriak baizik".
Turistak erraustu, Tourists go home
Ez da pintada bakarra izan aurrekoa: lerro hauen goiko aldean dauden bezalako leloekin agertu dira beste pintada batzuk Donostian eta Ernaik ere akzio itsusi samarra burutu zuen Basquetour-en kontra Bilbon. Martxelo Otamendiren zutabetxoa gustatu zitzaidan eta ondorengo lerro hauek nireak egiten ditut:
"Agintari batzuei asko gustatzen zaie formen gaineko eztabaida, fondoan ez sartzeko. Halako «ez dezagun hitz egin arazoaz, baizik eta arazoa salatzeko metodoaz». Hori kontuan hartu beharko lukete protesten antolatzaileek".
Museoko agerraldia
Hiriko hainbat ostalarik eta merkatarik zein udaleko, probintziako eta Eusko Jaurlaritzako turismo gaietarako arduradun sozialistek agerraldia egin zuten hilaren 9an San Telmo Museoan turismoaren aurkako kanpaina horiek salatuz.
1.- Zer agerraldi klase zen hori? Beste garai batekoa iruditu zitzaidan. 2019an alkate izan nahi duen Gascok beste behin jokoz kanpo harrapatu zituen Goia eta enparauak urte hasieran Urrezko Danborrarekin harrapatu zituen bezala? Hurrengo egunetan sozialisten bide beretik aritu baitira jeltzaleak.
2.- Turismofobia xenofobia dela zioen Basquetour-eko zuzendariak, Bartzelonako alderdikide sozialista baten hitzak bere eginda. Ezin ditut hitz horiek burutik kendu. Soberan daude.
Soseguz eta patxadaz
Berdin du turismoa izatea, etxebizitzen garestitzea, Abiadura Handiko Trena, zakarren kudeaketa edo dena delakoa, herri honek gabezi izugarria dauka gai potolo eta garrantzitsuei soseguz heldu eta behar den bezala eztabaidatzeko.
P. S.: La posverdad de la turismofobia irakurri nuen lerro hauek idatzi ondoren. Martín Caparrós-en testua ilustratzeko Oviedoko pintada baten argazkia. Egilea: Eloy Alonso (Reuters).
P.S.: Gaiarekin zerikusirik ez du, baina izenburuari tiraka jakin dut zirauna ez dela sugea, hankarik gabeko muskerra baizik (Asier Sarasua). Hortik tiraka Ziraba proiektuaren berri izan dut: "Ziraba proiektua anfibioak eta narrastiak ardatz harturik, hainbat elkartek elkarlanean aurrera daramaten proiektua da. Ingurugiroa, hezkuntza, euskara eta zientzia uztartuz, auzolanaren bidez Hernaniko udalerrian hainbat ekintza bultzatzea du helburu".
Serpiente de verano, este texto en castellano.
EKKI, SGAEren alternatiba bat
Itzuli ondoren, gaztelaniazko blogean argitaratu nuen Xalba Ramirezek Argian eginiko elkarrizketa bat: "SGAEk bazkide ez direnen izenean kobratuz 17,5 milioi euro irabazi zituen 2015ean" (Xalba Ramírez entrevista a Ainara LeGardon sobre la SGAE).
Esan bezala SGAE: el monopolio en decadencia liburua SGAEren nondik-norakoak jakiteko nahitaezko liburua da. Amaitu dut eta gomendatzen dizuet irakurtzea gai hauek interesatzen bazaizue.
Bederatzigarren kapituluan alternatibak dituzte hizpide. Bi aipatzen dituzte: DAMA (ikus-entzunezkoen alorreko gidoigile eta egileentzat) eta EKKI, Euskal Kulturgileen Kidegoa. Azken hau gure eremukoa denez, goazen apunte nagusi batzuk hemen jartzera.
Ainara LeGardonek zera dio elkarrizketan:
EKKI oso hasierako momentuan dago, mintegi informatiboak antolatzen, bazkide berriak formatzen eta erakartzen. DAMAkoak bost urte egon ziren dirua biltzen hasi aurretik, SGAEren aldetik izandako epaiketa eta presioak gaindituz. Espero dugu EKKI lehenago jarri ahal izatea funtzionatzen. Anarik esan zigun bezala “bere abantaila da hobetzeko margen handia duela. […] Arrakala txiki batek haitz oso ireki dezake”.
Bost elkartek sustatu zuten erakundea 2014an: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak eta Euskal Herriko Musikarien Elkarteak.
Ainara LeGardonek eta David G. Aristeguik esaten dute Anari dela eredu-aldaketa honen zutoinetako bat, besteak beste SGAEn baja eskatu duen lehena izan delako, ondoren EKKIn izena emateko. Idazkaria Igor Estankona da.
Liburuan Anari jabetza intelektualaren alde ageri da: "Aurreko belaunaldiak lortutako zerbait da jabego intelektuala. Beste gauza bat da erregistratzeko modua, dirua biltzearena, nola egiten diren legeak (...) Urte hauetan guztietan, ideologikoki deseroso sentiarazi nauen egoeraren bat egon bada, hori izan da nire obraren kontrol osoa ez izatea".
Bi urte luze pasa badira ere, oraindik hasiera fasean dago EKKI (liburua inprentara bidaltzerakoan 54 bazkide zituen), baina jada irabazi ditu hainbat gatazka epaitegietan SGAE, CEDRO eta VEGAP erakundeen kontra.
Liburuan egoera berri interesgarriren bat aipatzen dute Ainarak eta Davidek: "Creative Commons lizentziak erabiltzen dituen egileren bat enteratzen bada SGAEk egile horren izenean bildutako eskubideak dituela (erakunde horren kide izan gabe), EKKIko bazkide egin liteke eta diru kopuru hori erreklamatu".
Estankonak bazkide izateko euskal kulturaren baitan egon beharra aipatzen du, zentzu zabal honetan: "euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz edo ingelesez egiten dena, Bilbon, Tuteran, Eskiulan, Shangaiko Euskal Etxean edo Renoko Unibertsitatean".
Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 159.2 artikuluak markatzen du muga territoriala. Erakundearen egoitza komunitate autonomoan (EAEn, kasu honetan) izan behar du eta lurralde horretan bertan izan behar dute beren egoitza soziala bazkideen erdiak. Gainera, erakundearen diru-bilketaren % 60a lurraldean bertan jaso behar da.
Amaitzeko, irakurri nuenetik buruan bueltaka dudan Anariren esaldi hau: "Nire ustez, bagara belaunaldi bat erretorika, ahalmen eta ideologia handikoa beste batzuk egin eta guk bidegabetzat jotzen duguna deuseztatzeko; baina sortzeko orduan zer egiteko gai garen frogatzeko dugu oraindik [...] Zerbait sortzeko unea da".
Hamahiru
Ainara Legardon eta David Garcia Aristeguik kaleratu berri duten SGAE: el monopolio en decadencia liburuan hauxe diote 39. orrialdean:
"Paragrafo hau idazteko behar izan ditugun hiru minutuetan Facebook-en 14 milioi sarrera argitaratu, milioi eta erdi inguru txio bota" eta jarraitzen dute gero "350 post Wordpress-en, 185.000 argazki Instagram-en eta 2.160 irudi publikatu dira Flickr-en. 310 orduko edukiak igo dira Youtube-ra (420.000 ordu ikusi dira aipatu hiru minutuetan) eta 23.000 ordu entzun dira Spotify-n".
Datuak 2016ko abuztuaren 5ekoak dira eta The Internet in Real Time webgunetik jasoak dira.
Ez dut konprobatu denbora berean zeintzuk diren gaur egungo datuak. Ez zait gehiegi inporta (errespetu guztiarekin).
Argazkilaria: Asier Sarasua (eibar.org blog komunitatea martxan!).
Luistxo izan zen bultzatzaile nagusiena (eta eskertu behar hori betirako), baina hor dago ere eibar.org blog komunitatea (eskerrik asko!).
Ez zarete irakurle asko, baina batzuk bai behintzat. Zuei ere esker mila!
2004ko uztailaren 14an blogeko lehen apunte txiki hau argitaratu nuenean (Mariano Ferrer-en agurra) ez nekien oso ondo zergatik eta zertarako behar ote nuen bitakora kaiera (kanona markatzen dutenek esan zuten ez zela jatorra hori horrela esatea, baina noizean behin puskatu behar dira arauak), ezta noraino iritsiko nintzen ere.
Ba gutxienez honaino iritsi naiz. Eta jarraitzeko asmoa daukat, kontzeptualki hau delako nire eremu digital naturalena.
Trece, ¿qué te parece?
Irunen bi alarde betirako?
Aurten zeresana eman du sareetan Karrika Nagusiko Batzokiko balkoia(k) jasotzen dituen argazki batek (tira, bik).
Baten batek argazkia moztuta eman zuen. Hori ez da zilegizkoa.
— Josu Goiko (@josu_goiko) 2017(e)ko uztailak 1
(argazki moztua eta osoa) pic.twitter.com/wC79nLU6pC
Ikus dezakezuenez, lehen balkoian bizkarra emanda bost lagun ageri dira Alarde parekide edo mistoko konpainia bat pasatzen den bitartean. Bigarren balkoian, aldiz, denak desfileari begira daude. Nire lagun batek dioen bezala, EAJk denetarik du bere maletan.
(Nafarroa aldetik, jelkide batek zioen ea nolatan ospatu daitekeen 1522ko nafarren porrota Gipuzkoan).
Noizbait esana daukat ni, irundarra izanik ere, ez naizela inoiz atera alardean, baina bertako emakumeentzat eskubide bera nahi dudala: herriko jaietan parte hartzeko aukera norberaren esku egotea.
500 urte
Ekaina amaieran amaren etxetik pasa eta aldizkari bat hartuta egin nuen buelta Donostiara. Bertan Xabier Kerexeta historiagileak sinatutako bi artikulu: Berba in biou (sarrera moduan) eta Cumplimos 500 años (jarraipena eta garapena).
Kerexetak dio iritsi dela gauzak konpontzeko unea eta erronka botatzen dio Irungo herriari: bosgarren mendeurrena beteko denez 2022an, Bidasoako alardeak Unescoren ondare immaterial izendatzeko kanpaina hastea.
Hainbat adibide jartzen ditu. Nik bi argudio aipatu nahi nituzke segidan:
- Ez dago (er)aldatzen ez den festarik eta, gizartearen zentzu berean (er)aldatzen ez bada, desagertu egingo da.
- Festak ospatzeko bitan banatzen den herriak arazo bat dauka, larria gainera.
Itxaso bete ur?
Goiko lerro hauek astean zehar zirriborratu nituen. Larunbatean Berria egunkariak Maite Asensiok Denis Itxasori eginiko elkarrizketa mamitsua argitaratu zuen: Uztargarria da bi alardeetara joatea.
Itxasoren iritzia irakurri ondoren lau ideia di-da:
1.- Zaplasteko mordoa jasoko zituela alde batetik zein bestetik (berak hirugarren espazio bat aipatzen du).
2.- Hainbat txio irakurri ditut eta ez dakit ez ote den jendea horrelako proposamen bat azkar samar baztertzen ari proposamena egin duena zein den aintzat hartuz.
3.- Badago urik igerileku horretan? Hau da, bere proposamen soila da? Bere kabuz mugitu da? Zer pentsatzen dute Bidasoaldeko eragileek?
4.- Zubigintzan ez dut ikusten politikari askorik: oso gutxik dute mugitzeko aukerarik edo gogorik alor honetan.
Amaitzeko, Xabier Kerexetaren enbidoa: "Bost urte ditugu arazo dena aukera bihurtzeko (...) Nor dago prest?"
¿Dos alardes en Irun para siempre?, este apunte en castellano.
Errefuxiatuak
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan zen asteartean, ekainak 20, eta Mikel Ayestaranek ekainaren hasieran argitaratutako "Oriente Medio, Oriente roto" liburua irakurriz harrapatu nau.
Ekainaren 8an egon zen liburua aurkezten Donostian eta Alberto Moyanoren elkarrizketa honek handitu zidan liburua irakurtzeko desioa (Mikel Ayestaran: «Creo que rompo con esa figura tan mitificada del corresponsal de guerra»).
Oraintxe ikusi dut Donostiako ekitaldia sarean dagoela: Aquarium-en Karlos Zurutuza kazetari eta adiskidearekin izandako solasa.
2004-2005 urteetatik Ekialde Hurbilean korrespontsal edo berriemaile berezi gisa izandako eskarmentua bildu du lehen pertsonan beasaindarrak.
Astelehen iluntzean entzun nuen duela egun batzuk Roge Blascok eginiko elkarrizketa. Biek ondo elkar ezagutzen dute eta gertukoa izan zen solasaldia, Rogek duen samurtasun horrekin egindako galderak tarteko. Entzun nahi baduzu, egin klik hemen bertan.
Zabaldu parentesia. Radio Euskadiko norbaitek erakuts diezaiola Rogeri nola txertatu blog batean modu klikagarrian loturak, mesedez. Eskerrik asko. Itxi parentesia.
Ayestaranen liburuan bereziki zirraragarria egin zait hamabigarren kapitulua Refugiados izenekoa. Bertatik pasatzen dira Damascon bizi den jendea, baina baita Siriatik hanka egindakoak ere.
Adibidez, Jordaniako Zaatari eremuan bizi direnak. 2016ko apirilean, Jordanian 636.000 errefuxiatu siriar omen zeuden (8 milioi biztanle ditu Jordaniak). Zaatari bezalako eremuetan baliabide gutxi duten 120.000 siriar bizi da. Siriako muga ordu erdira dago eta beste hainbestera dute gehienek etxea.
2016ko abuztuan, errefuxiatu andana hasi zen Europara iristen. Mazedonia zeharkatzen ari ziren errefuxiatuen ibilerari kobertura egitea tokatu zitzaion Mikeli. Garai hartan oso kazetari gutxi zeuden lur haietan. Noizbait irakurri edo entzun izan nion Ayestarani berari zer gaizki pasa zuen. Irudi bat geratu zitzaion iltzaturik: haurtxo baten negar kontsolaezina gainezka zegoen trenaren sabaiaren kontra gorputza behin eta berriz jotzen zuen bitartean jendearen bultzaden ondorioz.
Tira, garai latzak bizi ditugu eta liburuan ez duzu kontsolamendu handirik topatuko, baina bai lagunduko dizula geopolitikoki borborka dagoen mundu zati bat ulertzen.
Max Aub aipatuz hasi naiz eta kapitulu horren amaieran dagoen Yabalia (Gaza) errefuxiatu eremuko aiton palestinar baten esaldiarekin amaituko dut: "Norbera etxetik ateratzen denean, barru-barruan daki ez bueltatzeko irteten dela".
P. S.: Zaporeak proiektuaren alde dirua biltzeko ekitaldi solidarioa dago igande honetan, ekainak 25, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Personas refugiadas, este apunte en castellano.
Hamabost euro
Libiako atxilotze-guneei buruzko hitzaldia San Telmon entzun ondoren, etxeranzko bidean atzo, dozenaka turista gaztez osatutako taldea gurutzatu zen Parte Zaharrean. Euskaldunengatik esango dute gero, baina gregario sentimendu hori erabat orokortua dago egun.
Bulebarrean jada, "Tengo hambre" edo antzeko kartel handia burutik bera zintzilik zeraman pertsona bat, garai bateko "Compro oro" haietakoen antzera. Inoiz ikusi gabea nuen halako zerbait Donostian.
Alderdi-Eder pasa eta Andia kaleko Jaurlaritzaren parean, badiari begira gitarrista bat solasean beste hiru musikarirekin (Julian tartean). Eraikina eta laukotearen artean Udaltzaingoaren auto bat.
Musikarien arteko elkarrizketa horietako bat. Julianek esaten zion besteari aurreko batean ikusi zuela eta gehiago gustatu zitzaiola.
Ea problemaren bat izan zuten guardiekin galdetu nuen. Hasiera batean ezetz, baina gero baietz. Ez dakit non ari zirela jotzen eta horietako batek identifikazioa eskatu ziela.
Hamabost eguneko baimenak eskatu ditzakete kale musikariek marko konparaezinean aritzeko. Gainera, Julianek zioen orain pagatu behar dela tramitea. Hainbat kolore politikotako alkateak pasa dira jada gure hiritik eta inor ez da gai izan egoera konpontzeko.
Gitarrista Eibarkoa omen. Pasa den larunbatean egon zela Donostian arratsaldeko 14:00etatik 22:00etara musika jotzen. Zortzi orduko txanda. Jende asko zebilela paseoan, baina soilik 15 euro poltsikoratu zituela. Kostaldean zailagoa dela. Barnealdean patrika gehiago astintzen duela jendeak.
Julianen hirukoteak bere bidea jarraitu zuen. Hantxe geratu zen eibartarra bakarrik. Ni, etxera.
Aspaldian ikusi gabeko lagun batekin bazkaldu nuen. "Egiten dudan lanarekin oso pozik nago, baina sasoi ilunak bizi ditugu".
P.S.: Larunbatean, ekainak 17, 13:00etan Antiguako Gaskuña plazan "A cal y canto". Bulebarreko hura izan zitekeen.
Quince euros, este apunte en castellano.
Chirbeatzen (II)
Chirbesen etxean
Rafarekin bitan egona banintzen ere inguru hartan, ez nuen bere etxea ezagutzen. Calp-eko egonaldia aprobetxatuz, Fundació Rafael Chirbes-ek Facebook-en duen telefonora deitu nuen hara joan baino hamar bat egun lehenago. Manolo ilobak hartu zuen deia. Jada Calp-en nengoela deitzeko eta geratuko ginela. Nirekin egin zutena ez da zerbait berezia: garaiz deitzen baduzue, etxea bisitatzeko aukera badago eta.
Zabaldu parentesia. Bide batez, Rafael Chirbes fundazioa webgunea egin nahian dabil. Lan hori egiteko, autorearen berri izatea eskatzen dute, interesatuek egindako beste webgune batzuk aipatzea eta aurrekontu bat helaraztea. Itxi parentesia.
Maiatzaren 30ean lotu genuen hitzordua, goizeko 10:00etan Beniarbeig-eko Jubilatuen Etxeko tabernan. Aldez aurretik ikusitako argazkiren bati esker, berehala identifikatu nuen kanpoko mahai batean eserita zegoen kapeladuna zela Manolo.
Ordubete luze egin genuen han lasai hainbat konturen inguruan hitz egiten: Beniarbeig-eko Chirbesen etxean dagoela gaur egun haren fundazioa Rafak hala erabakita, nortzuk osatzen duten fundazioa, zein arazo dituzten aurrera egiteko, baina baita gauza pozgarriak ere ("La buena letra" valentzieraz argitaratzeko asmoa dutela eta datorren udaberrian Chirbesen obra aztertzeko kongresua egingo dutela).
Manoloren motorraren atzetik igo ginen etxera. Bertan zeuden Tomas txakurra eta Alvaro, Villarrobledoko mutil bat, egilearen liburutegia osatzen duten 5.000 bat bolumenak katalogatzen ari dena.
Etxea 2000. urtearen bueltan erosi zion Rafak kamioilari jubilatu bati eta bi planta ditu: goiko partea (negurako egokiagoa) eta behekoa (udako beroari aurre egiteko).
Liburu politikoenak-eta beheko aldean zeuden, sukaldea eta logelarekin batera. Goiko zatia egokitu egin dute liburu gehienak jasotzeko: arteari buruzko liburuak, sukaldaritzari buruzkoak, literatura eta abar.
Ez nuen denbora gehiegi pasa liburuei begira: hobe denbora pasatzea ezagutu berri nituen bi lagun haiekin hitz egiten. Halere, bi gauza:
1.- En la orilla liburua Donostiara aurkeztera etorri zenean, Luis Irizar sukaldariarekin bazkaldu zuen. Madrilen elkar ezagutu omen zuten bere garaian eta niretzat erabat ezezaguna zen Manuel Martínez Llopis mediku eta gastronomoa aipatu zuten behin baino gehiagotan.
2.- Carlos Blanco Aguinaga irundarraren dedikatoria. Valentziarrak esana zuen publikoki Blancok erakutsi ziola irakurtzen (Carlos Aguinaga, el sabio que me enseñó a leer). Egungo Irungo kultur gune berriak haren izena dauka. Egun hauek aprobetxatuz, 2007an Alberdaniak argitaratutako Por el mundo memoria liburua irakurri dut: 1926an Irunen jaio (Santiago kalean), 1936ko irailean Hendaiara joan eskapo familiarekin (Anastasio Blanco aita Indalecio Prietoren gizona zen eta ardurak zituen kontraespioitzan), 1939ko abuztuan Mexikora, DFko Luis Vives institutuan egindako ikasketak, nola lortu zuen Harvard-en estudiatzea eta hogei urte eskas zituela Israelera armak eraman zituen itsasontzi batean nola ontziratu zen. Oraintxe bertan ikusi dut De mal asiento dela horren jarraipena, Caballo de Troya argitaletxeak kaleratutakoa.
Tira, Beniarbeig-etik urrundu naiz pixka bat. Trago bat hartu, harremanetan egongo ginela esanez agurtu eta 14:00ak aldera Sagrako Un cuiner a L'Escoleta jatetxera hurbildu ginen bazkaltzera.
Portzierto, Calp-en Juan Manuel Ruiz Casadoren hitz hauek irakurri nituen: Rafael Chirbes dejó escritas sus memorias. Espero dezagun hauek irakurtzeko parada izatea.
En la orilla antzezlana Valentzian
Maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran Valentziako Teatre Principal-en egon da "En la orilla" antzezlana, Chirbes-ek hil aurretik argitaratutako azken nobelan oinarritutako Adolfo Fernández-ek eta Ángel Solo-k taula gainean erakusteko egokitutakoa.
Urte hasieran estreinatu zuten Alacant-en eta handik gutxira egon zen Bilboko Arriaga Antzokian (Barakaldon egongo da 2018ko martxoan) eta Valentzia gertu samar zegoela aprobetxatuz (tira, hiru orduko bidaia joan-etorriak kontuan hartuz) gerturatzea erabaki genuen.
Bi plano nagusi daude antzezlanean. Alde batetik, Francisco, Justino eta Esteban-en arteko "azken guda dantza" izan daitekeena. Hau da, goiza ehizan pasa ondoren, mahai baten bueltan elkartzen dira jana, zurruta eta bestelako drogak lagun elkarri beste egoera batean esango ez lizkioketen gauzak botatzeko. Bestetik, Estebanen aitaren zaintza, semeak eta Liliana langileak bideratzen dutena. Agertzen dira ere aroztegiko langileak, baina hirugarren maila batean.
Zazpikotean César Sarachu da Esteban protagonista. Ohituta Camera Café telebista saiora zaila egiten da hasieran bere vis komikoa ahaztea, baina Suedian antzerki klasikoan badu eskarmentua gure gizonak.
Bi aktoreen lana gustatu zitzaidan bereziki: Justino (Marcial Álvarez) eta Liliana (Yoima Valdés). Gogoangarria aita dutxaren ur azpian garbitzen duen bitartean Estebanekin zaintzaileak duen solasa.
Padrós-ena Adolfo Fernández-ek bera egin zuen, baina ez zuen egun ona izango, zeren eta 9. lerroan egonik ere, arazoak izan nituen haren ahotsa behar bezala entzuteko.
Laburbilduz, emaitza ez da borobila, baina ondo eman diote jarraipena taula gainean nobelari. Ahal baduzue, ikusi.
Chirbesen libururik Valentziako liburu-dendatan?
Antzokira joan aurretik, Casa del Libro kateko liburu-denda batean sartu-irtena egin nuen. Bitxia egin zitzaidan gaztelaniaz idazten zuten autoreen artean ez izatea toki esanguratsua Chirbesek bere jaioterrian. Ez nintzen dena arakatzen ibili, baina begiratu nuen tokian "Crematorio" zegoen bakarrik eta arraroa egin zitzaidan ez izatea beste autore nagusi batzuek zuten bezala haren izenarekin karteltxo bat.
Max Auben esaldi bat bukatzeko, Rafak berak haren jaiotzaren lehen mendeurrenean El País-en idatzitako artikulu batetik hartua: "Pase lo que pase: sólo la ignorancia es mala".
Chirbeando (II), este apunte en castellano.