Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Kroaziako blogari «donostiarra»

Kroaziako blogari «donostiarra»

Mikel Iturria 2018/02/18 20:14
Italiatik abiatuta, udan Esloveniatik eta Kroaziatik barrena ibili ginen. Istrian aita donostiarra zuen Quebec-eko François-ekin egin genuen topo. Kasualitatez.

Abuztu amaieran, Booking.com-en bidez Istriako Poreč herrian hartu genuen ostatu. 60 urtetik gorako gizon bat genuen zain. Gaztelaniaz hasi zen, atzerriko doinuaz: «¿Ustedes son vascos, no?». Guk baietz.

Iturria: Wikipedia. Egilea: Hobe. Domeinu publikoa.

Kontatu zigun aita donostiarra zuela eta, Gerra Zibilaren ondorioz, Kanadara joan zela ihesi. Halere, lehen ideia Australiara joatea omen zen, baina ez zegoen lekurik. Hurrengo ontzia Kanadara zihoan eta han igo zen gure gizona.

François G.-k québécois gisa aurkeztu zuen bere burua. Duela hamabi bat urte etorri zela Kroaziara, Kanadan ezagututako emazte kroaziarrarekin batera.

Zergatik? Kanadan denak ondo baino hobeto funtzionatzen du, baina sei hilabete jarraian paisaia elurtuei begira egotea nekagarria dela. Lehen ez zela horretaz konturatzen, merkataritza-ontzietan zebilelako munduan barrena.

Aipatu nion bere abizena oso ezaguna dela Donostian, establezimendu batengatik. Ez dela hemen inoiz egon.

Istriatik gertu Bilborako hegaldi asko izango zituela, nik. François-ek, berriz, ea 80ko hamarkadan Oiz mendiko abioi istripuaz gogoratzen ote nintzen. «Bai, noski». Ba berak tiketa zuela hegaldi horretarako, baina bezperan gehiegi edan eta ez zela garaiz jaiki. Irratia piztu eta istripuaren berri izandakoan, 24 ordu pasa omen zituela «zombie» bat bezala.

Biharamunean enpresara deitu zuenean, haiek hildakotzat zutela erantzun ei zioten. «Batzuetan edatea ez da hain txarra», bota ziola enpresako ordezkariak. Oporraldia hamabost egunez luzatzeko esan zioten, izua pasa bitartean. Azkenean hiru hilabete behar izan zituela bere onera bueltatzeko.

Irailaren 3an elkar ikusi genuen berriro. Pagatu behar genion azken zatia eta 50 kuna eman genizkion Donostian lehen tragoa gure kontura hartzeko. Ez dakit hona etortzerik izan ote duen.

Bidaiako etxerik onena zela esan genion. Saldu egin zuela, hark. Baina beste etxe bat duela barrualdean alokagai, Frank about Croatia gunean.

Apunteak bidaiako koadernoan idatzi aurretik, sarean murgildu nintzen eta orduan konturatu gure Frank/François erreferentziazko blogari dela Kroazia bisitatzeko garaian, Vera bikotearekin batera.

Amaitzeko, beste kasualitate bat: apunte hau argitaratu dut Oiz mendiko abioi-istripuaren 33. urteurrenaren bezperan. 1985eko otsailaren 19an izan baitzen.

El bloguero «donostiarra» que escribe sobre Croacia, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter