Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Haserrealdiak aldaketarako pizgarri

Haserrealdiak aldaketarako pizgarri

Mikel Iturria 2018/03/25 21:25
Pasa den asteburuan Jakoba Errekondok astero Euskadi Irratian duen kolaborazioa entzun nuen. Une horretan liburu bat zuen hizpide: La gestión creativa del cabreo (Haserrealdiaren kudeaketa sortzailea, KRK ediciones). Egilea, Jaime Izquierdo Vallina, laguna zuela eta Euskal Herrian aurkeztuko zuela aste honetan bertan.

Internet-en bilaketa egin eta laster aurkitu nituen tokia, ordua eta eguna: martxoak 22, 18:00etan Orona Fundazioak Hernanin duen auditorioan. Jaime Izquierdo eta Jakoba Errekondoz gain, Ibarretxe lehendakaria eta Iñigo Marquet (Orona Fundazioa), azkena aurkezle lanetan. Interesgarria zirudien. Eta hala suertatu zen.

La gestión creativa del cabreo liburuxka bat da, tamainaz, eta di-da irakurtzen da. Baina seguruenik irakurketa gehiago merezi dituen horietako izan daiteke. Duen gauzarik onena da, zalantzarik gabe, planteamendua bera. Ez da autolaguntzarako liburu horietako bat. Ondoren bi ordu polit laburtu nahi dituen kronika.

Gestión creativa del cabreo: liburu aurkezpena

Ibarretxe

Esaldi biribila bota zuen hasteko: «Euskal gizartea gutxi teorizatu eta are gutxiago idazten duen gizarte bat da».

Pentsiodunen manifestazioak aipatu zituen: entrenatuta, ohituta daude. Bere garaian, adibidez, protestan atera ziren kalera altzairugintzaren ekoizpen sistemaren suntsipenaren kontra.

Urakanen suntsipen sortzailea ere aipatu zuen eta Kariben herri taínoetan urakanak ez duela konnotazio txarrik: gure San Joan suak duen papera jokatzen dutelako.

Oso haserrealdi gutxi izan dituela gaineratu zuen. Adibidez, lehendakari garaian (ez euskal herritar guztiona, 2/3ena soilki, herrialdearen zatiketa administratiboa dela eta) alde batera utzi zituela afari ofizial guztiak (2 edo 3 kenduta). Gauero familiarekin afaltzen zuela eta egunaren errepasoa egiten zuela elkarrekin. Horrela, biharamunean pisurik gabeko motxila soinean ekiten ziola egunari.

Madrilera estatu politiko berria aurkeztera joan zenean, bere kontra irain mordoa erabiltzen saiatu zirela, baina ez zutela lortu, berari bost axola zitzaizkiolako.

Horrela amaitu zuen hasierako hitzalditxoa: «9 urtez logela izan nuen Ajuria-Eneako gela hartan utzi nuen motxila eta orain ikertzaile soziala naiz».

Jakoba Errekondo

Gazta baten erruz zela Jaimeren laguna: «gazta bat da Euskal Herriaren laburpena». Galdera-erantzunen txandan heldu zion berriro esaldi honi.

Irakurri zuenean liburua oso ona iruditu zitzaiola. «Konturatu nintzen haserrealdi kolektibo bat kudeatzen ibili naizela». 23 urte pasa zituelako Zerainen lanean, bertako jendea itzelezko haserrealdi baten kontra altxatu zenean:

1.- Erakundeen kontra: politikari eta akolitoen kontra. Herri guztia batu egin zen alkate frankista bati aurre egiteko.

2.- Elizaren kontra: apaizak gurutze bat ebatsi eta Elizbarrutiko Museora eraman zuela. Herritarren presioari esker, gurutzea herrira itzularaztea lortu zuten.

Ondarearekin hasi ziren, eskola errekuperatu, liburutegia eraiki... dena inkontzienteki. Herri eta landa jakintza errekuperatu eta nortasuna landu zuten.

Pentsatu zuten ondarea eta turismoa uztartzeak lanpostuak sortzen lagunduko zuela. Hori berritzailea zen 1994an. Inkontzienteki egiten zutena kontzienteki egitera pasa ziren.

Hirugarren hanka proiektu sozio-ekonomikoa sortzea izan zen. «Kultur paisaia gisa izendatu genuen». Ez daudelako parke naturalak, kultur parkeak baizik; izan ere, Euskal Herrian ez baitago ezer naturalik eta kultura lurraldearen gakoa da (ez Victoria Eugeniakoa, ezta Kursaalekoa ere).

Kultura eta sormena: egile bat aipatu zuen zioena kulturak balio duela problemak konpontzeko eta baita Eduardo Galeanoren esalda famatua: «jende txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginez, alda dezakete mundua».

Haserrealdien kudeaketak balore terapeutikoa du (adibide gisa, baratze-terapia) eta bi hitz esanez amaitu zuen:

1.- Grina: behar-beharrezkoa.

2.- Autoestimu kolektiboa: komunitate gisa.

Jaime Izquierdo

Gonbidapena eskertu ondoren, haserrealdiei buruz gutako edozeinek dakiguna zekiela berak (geologo gisa aurkeztu zuen Marquet-ek). Aldea zen berak zekiena liburu batean bildu zuela terapia modura.

Lau bideo ikusi genituen:

1. -Jesús Gil Compostelako direktibo bat kolpatzen Espainiako Futbol Profesionalaren Ligaren atarian kazetariz inguratuta.

2.- Nadal-Berdych tenis partida baten zatia: epailearekin haserretzen da Nadal bere ustez hark ez duelako arrazoirik, baina amorru hori bideratu eta hurrengo jokaldian tantoa irabaztea lortzen du.

3.- Labordeta Espainiako eskuineko parlamentariak pikutara bidaltzen Kongresuan.

4.- Barrabiletako minbizia atzemateko kanpaina batean Míchel-Valderrama istiluaren erabilera.

Liburuaren making of-ari heldu zion. Ideia Tenerifeko La Laguna Unibertsitateko lagun bati (Juan Nany Sánchez García: Ekonomiako irakasle emeritua) entzun ziola 2012ko hitzaldi batean: «beharrezkoa dugu haserrealdia modu sortzailean kudeatzea».

2016an, «asko haserretu nintzen: funtzionario publikoa naiz, baina gehiago naiz publiko funtzionario baino; aldiz, Administrazioa gehiago da administrazio, publiko baino».

Lagunari baimena eskatu ziola ideia garatzeko eta La Orotavan (Mamion) elkartu omen ziren lagun batzuk 2016ko apirilaren 9an: inor ez zen emozioen alorreko profesionala.

Bilera hartan konturatu ei zen haserrealdiak ondo maneiatu izan zituela eta hausnartu zuela garai hartakoa zergatik kudeatzen zuen hain gaizki.

«Haserrealdia aldaketaren pizgarri da eta aurkikuntza handi guztien aurretik dago».

Ideia positiboek ez dute kudeaketarik behar: gozatu egiten ditugu. Baina haserrealdiak bai maneiatu behar ditugula.

Gainera, haserrea energia mota bat da.

Kanarietako topaketa hartan parte hartu zuen baten (Felipe Siberio) esaldia azpimarratu zuen: «haserrealdia soilik erabiltzaile mailan ezagutzen dut».

Liburuan 6 haserre-mota identifikatu ditu Izquierdok:

1.- Kapritxozkoa: haurrena, baina baita heldutasunik gabeko helduena ere.

2.- Erreflexu modukoa: norberak egiten dio kalte bere burua arreta gutxiz aritzeagatik.

3.- Tratu txarren ondoriozkoa: norbaitek eragindakoa.

4.- Ausazkoa: gaixotasun bat, adibidez.

5.- Estimu gutxikoa: desamodioa.

6.- Kausazkoak: kolektiboak.

Kultur elementuaren gehitzea

Marquetek galdegin zien kulturak eta lurraldeak jokatzen duen paperari buruz. Ibarretxek erantzun zuen baietz, bazutela eraginik eta Mandela, Gandhi edota puri-purian dagoen Kataluniako egoera aipatu zituen. Euskal herritarrei buruz, zera gehitu zuen: «Ez dugu maite zaitut esaten inoiz hemen». Izquierdoren lagun japoniar batek dioela haiek barrura begira haserretzen direla.

Natura vs. kultura aritu ziren: Errekondok errepikatu zuen berak natura baino kultura duela gustuko, erabat mendean hartutako ingurua delako, kultura. Babestutako naturguneen kontra hitz egin zuen Izquierdok: ez dira guneak (lurraldea eraikitakoa da), ez dira naturalak eta ez dira babestuak (garatu behar dutelako).

Genero ikuspegia

Entzule batek galdetu zion ea genero ikuspegiaz hausnartu ote zuen haserreak aztertzeko orduan. Lau bideoetan gizonezkoak zirela protagonista, adibidez. Amaitu zuen esanez emakumeak jendaurrean haserretzeak ospe txarra duela.

Izquierdok kritika kontuan hartuko duela esan zuen (ez omen zen lehen aldia) eta ikuspegi hori 3. edizioan sartzen ahaleginduko dela. Hori bai, esan zuen emakume batzuk agertzen zirela liburuxkan.

Gaineratu zuen emakumeek guk baino arrazoi gehiago dituztela haserre egoteko eta, beraz, haserreak maneiatzen hobeak direla.

Era berean, Ibarretxek esan zuen gizarte matxista dela gurea eta emakume haserretu baten estereotipoa histerismoa dela, baina haserre dagoen gizon bat gizaseme serioa dela. Emakumeak azkarragoak izan direla beti, ohituago daudelako. Aiton-amonak aipatu zituen: aitona ganaduaz arduratzen zen bitartean, amona gainerako guztiaz arduratzen zela eta horrek suposatzen zuela haserreen %90a kudeatu beharra.

Beste emakume batek esan zuen bera tximino baten moduan haserretzen zela, baina emakumeek, gainera, besteen haserrealdiak kudeatu behar dituztela eta horrek garrantzia duela. Ibarretxe, irribarrez: «Oso ona da, egia delako».

Errekondok esan zuen landa-eremuan emakumeenak direla baratzeak eta hori ez dela esaten, itxuraz gizonek egiten dituzten gauzak direlako garrantzitsuak.

Jakobaren gazta

Gazta bat egitea industrializazio prozesu guztiaren metafora dela. Kanpora (ekitaldi publikoetara) doanean, beti entzuleriaren artean gazta banatzen duela, entzuleak bereganatzeko: gaztaren zaporeak lortzen duela, aho-sabaitik berehala iristen baita burmuinera.

Amaiera: «Etorkizuna ez da torloju bat: gazta diferente asko egitea baizik».

Jende nagusiaren esku ezkerra

Aiton batek, euskaraz, esku ezkerraren garrantzia azpimarratu zuen gauzak maneiatzeko orduan. Egileak erantzun zion jende nagusiak gazte jendeak baino ahalmen handiagoa duela arazoak bideratzeko, askoz ere gehiago erabiltzen dutelako ezker eskua.

Anekdota: desagertutako bi aleak

Ekitaldia hasi baino lehenago, gizon bat jaitsi zen eta mahai batean zeuden bi ale hartu zituen. Hau da, edozein aurkezpenetan liburuak saldu eta egilearen sinadura eskuratzeko egoten diren postu horietako batetik.

Nire talaiatik iruditu zitzaidan aleak hartu zituela aintzat hartu gabe ordaindu behar zirenik. Postuaren ardura zuen laguna biratu zen segundo batean hartu zituen.

Ekitaldia bera amaitu zenean, Izquierdok mahaira begira esan zuen hantxe genituela liburu ale batzuk salgai. Jokaldiaren protagonistari begiratu nion haren erreakzioa ikusi nahi nuelako. Beste lagun batekin, emaztea seguruenik, zerbait komentatu zuen.

Jaitsi, ale bat erosi eta zain egon nintzen. Bikoteak alde egin zuen itxuraz kontzientzia txarrik gabe edo, auskalo, agian lotsatuta. Zalantzaren tartea utz diezaiogun haren mesedetan.

El cabreo como motor de cambio, este apunte en castellano.

Garii A
Garii A dio:
2018/03/26 06:52
Oso interesgarria Iturri.

Haserrea deitzen dio berak baina nik amorrua esaten diot. Amorruak eta agresibitateak fama txarra dute, baina aldaketa eragiteko behar-beharrezkoak dira. Agresibitateak ez du biolentzia esan nahi, eta agresibitatea aurrean daukazuna errespetatzearekin bateragarria da.

Okerrena amorrua gordetzea da. Amorruaren kudeaketa onak amorru hori kanpora atera behar du, bestela barrua erretzen du eta gero tokatzen ez den unean ateratzen zaigu. Gauzak errespetuz eta argi esan ahal izatea altxor bat da!

Gai interesgarria eta gure herrian aplikazio handikoa!
iturri
iturri dio:
2018/03/27 10:14
Mila esker, Gari.

Haserrealdia erabili dut nik, baina ez dut uste egokia denik: haserrea, amorrazioa... Tira!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter