Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Bloga eta blogaria oporretara doaz

Mikel Iturria 2005/04/22 10:14

Gaur eguerdian blogaria oporretara doa. Blogariak oporrak hartzen baditu, blogak ere, seguruenik, hartuko dituela esango nuke, baina hori blogariak ezin du ziurtatu. Bizitza propioa baitu blog kabroi honek. Gauez putetxez putetxe ibiltzen omen da. Hori entzun du blogariak.

Blogaria oporretan dagoen bitartean, ea konpontzen duzuen euskal aberia. Kataluinarrei eskatuko diet laguntza.

Gorkalimotxori lapurtu diot beheko irudia.

Joseba Iturria contra o mundo

Mikel Iturria 2005/04/21 07:30

Lanpetuta nabil azken egun hauetan, datorren astean jai hartu behar baitut. Bazkaldu dut lantokiko aldameneko tabernan, malamaneran. Ez gaizki jan dudalako, korrika eta presaka izan delako baizik. Joseba Iturriaren artikulua irakurri dut. Maite dut bere "contra o mundo" jarrera.

Atzo ikusi nuen Joseba Iturria Gara egunkarian Realaren kronikak egiten dituen kazetaria. Anoeta Estadioan ikusi nuen, baina ez kanpofubolean, kultur etxean baizik.

Gaur, esan bezala, korrika eta presaka bazkaldu behar izan dut. Ia 16:00ak ziren eseri naizenerako. Telebistatik txirrindulari proba bat botatzen zuten. Cabestany zegoen beste zenbait ilustrerekin pantailari adi. De Lucak irabazi duela entzun dut gero. Ez dakit zer, baina.

Azken aste honetan Gipuzkoako orakuluan eta inguruko komunikabideetan zenbait pluma esanguratsu atera da esaten oso berandu dela ekainaren 30a hauteskundeak deitzeko Realean. Arconada atezain ohiak esan zion hori Diarioko kazetari bati, periodikuak bi orrialde eskaini zion joan den asteko elkarrizketa batean. Itsusia iruditu zitzaidan Arconadaren aldetik hainbeste ikusmin dagoenean bera aurkezteko edo ez aurkezteko horretan, periodiku bati, kazetari bati esatea zer pentsatzen duen. Ez tio, egin agerraldia komunikabide guztien aurrean!

Joseba Iturriaren kaskagorkeria gustuko dut. Ahal dudanean jarraitzen ditut bere artikuluak, noizbait hemen kontatu dudan bezala. Ez du oso ondo idazten, presaka gehienetan, ideiak errepikatu egiten ditu, ez ditu artikuluak birpasatzen. Hala ere, gustatzen zait, "contra o mundo" joateko joera duelako.

Hona hemen apirilaren 20ko artikulua.

Biba zu!

Oharra: nabari da Arconada garai batekoa dela, Google-n bidez, argazki gutxi agertzen baita sarean.

Hona hemen onenetakoren bat:

Ari, ari, ari, Ratzi lehendakari!

Mikel Iturria 2005/04/20 07:30

Nik ere Gabiriaren moduan lehen irudia igo nahi dut blog honetara. Dena ondo ateraz gero, hemen azpian ikusiko duzue Benedicto XVI.aren argazkia.

Muntaia-edo Vendell-ena da.

Oso ona komentarioa: "Berak ez badu kanpainarik egiten, egin dezagun guk geuk". Ez du askoren beharrik izan, dena dela.

Armentiak aipatzen duelako izan dut marrazkiaren berri.

Euskaldunen lehendakaria nor izango den zehazteko arazoak dauden honetan, aukera ona izan daiteke Ratzingerekin kontatzea.

Portzierto, Armstrongek ez zuen beste egun aproposagorik bere erretiroaren berri emateko? Aita Santu (hitz egiteko modua da) honen izendapenak periodikuetatik aterako du estatubatuarra.

Atzokoa bai hausnarketa eguna!

Mikel Iturria 2005/04/19 07:30

Igande arratsaldean egon ginen Elgetako BeSTan. Lasai, baina ondo. Autoa hartu behar nuenez Donostiara bueltatzeko, alkohol gutxi gure zainetan. Arraroa egin zen hauteskunde emaitzak Elgetan jarraitzea, inoiz ez baitut etxetik kanpo pasa horrelako gaurik. Baina ez dira hauteskundeak amaitu: EAEko gobernua osatzea korapilatsu dirudien honetan, konklabean ere hasi dira botoak ematen eta Realean hauteskundeak ekainean izango dira.

Egun pasa egin genuen atzo. Bergaran pote bat hartu eta Mathiasen kopilotuarekin batera Elorrioko Intxortan bazkaldu genuen. Jakoba kafetegira joan ginen ondoren, baina itxita zegoenez Parran hartu genuen bigarren kafea.

18:00etarako Elgetako Espaloian geunden. Orain arte, Espaloia blogarekin lotzen dut: 2004ko uztailean blog ikastaroa Eibarren jaso ondoren, bertan bazkaldu genuen eta atzoko BeSTa ere han egin genuen. Ea hurrengo batean musika emanaldiren bat ikustera joaten naizen. Pena dut Ruper apirilaren 23an ikusteko aukera ez izateagatik, baina Bartzelonan egongo naizenez, tira!

Hitz egiteko aprobetxatu nuen topaketa. Berehalakoan pasa zitzaidan denbora. Batzuk hantxe ibili ziren argazkiak atera eta atera eta publikatu eta publikatu. Hemen duzue adibidea.

Hauteskunde gauean batzuk out nola gelditzen ari ziren ikusi genuen telebistaz. Adibidez, Ariztondo eta Lasa lehenengo emaitzak baloratzera atera zirenean. Ibarretxe Armstrong zela esan zuen babes-ekitaldi batean Andoni Imaz futbol jokalari ohiak. Lehen entzun dut irratian Tourraren ostean erretreta hartuko duela estatubatuarrak. Hori egingo al du Laudioko txirrindulariak?

Ez dirudi. Ez dakit zer gobernu irtengo den, baina esango nuke 80. hamarkadako soluzioek (erre-soluzioek, hitz joko kaskarra barkatu) ez dutela balio. Politikariei esan beharko zaie hau dela duten herria. Eta kitto. Aurrera egin behar. Poztekoa da 6 alderdi egotea hain herri txikian.

Hauteskunde ondorena luzea izango denez, konklabea izango dugu orain lehenengo planoan. Zein izango da ezkutuko EHAK batikanoa? Eta zein PPkoa? Beno, konklabean PP nagusi izango litzateke, nahiz eta emakume bat jarri zerrendaburu.

Ah! Realaren hauteskundeak ere ezin ahaztu. Zein gutxi gustatu zaidan zenbait futbolari ohiek beren hautagaitzari jarri dioten izena: denonerreala, horrela dena elkarrekin. Ez ditut imaginatzen gazteleraz larealdetodos jartzen.

Elgetako Blogs & Beers BeSTa

Mikel Iturria 2005/04/17 07:30

"Ni nintzen aizkolari" zioen Kortaturen bigarren diskoan ageri zen kanta batek. Mikel Albisuk idatzitako letrari jarri zioten musika Muguruza gazteenek. “Ni naiz blogari” pentsatzen jaiki naiz gaur. Izan ere, 100 mezu idatzi ditut dagoeneko. 100. mezua I. BeSTa aipatzeko.

Kasualitatez hasi nintzen blogari, elkarteko guruek blogak urrats bat direla 2009an munduaren dominazioa lortzeko aurrikusi dutelako. 2004ko uztailean egin genuen ikastaroa, edozeinek erabiltzeko moduko den mekanismo erraza ikasteko.

Ikasi genuen berehala. Bertan egon ziren batzuk, ni baino lehenago lortu zuten blogari titulua, ni baino askoz gehiago idatzi baitute. Beste batzuk, hala ere, oraindik apenas piztu duten blogaren sua. Gutxiengoak ezta hori ere.

Azken asteetan, apirilaren 17an 100.a lortzeko asmoz, ia egunero idatzi dut bitakoran. Zaila egiten da, kopon! Ez dakit nola ibiliko naizen datorren astean martxa hori mantentzeko. Beti dago zeozer interesgarri aipatzeko, baina askotan hausnartzeko denbora botatzen dut faltan.

Gainera, 22an oporrak hartu eta Bartzelonara noa, Sant Jordi eguna bertan ikusteko eta bizitzeko. Ranblak, lagunak, ea eguraldiak laguntzen duen... 24ean, berriz, Roseseko bainuetxe batera joango gara bospasei egun bertan egiteko.

Elgeta urruti eta han goian dagoela kritikatu dute batzuk. Ez zaie arrazoirik falta. Baina Espaloia Kafe Antzokia izan da zezen hau toreatu duena. Beraz, eskerrik asko horrelako ekitaldia antolatzeagatik.

Ez dakit oso egun aproposa ote den. Igande arratsaldea eta out-eskundeen zurrunbiloan sarturik. Giro ona egongo dela ziur naiz, bertaratuko direla baieztatu duten batzuk ezagutzen baititut. Bertaratuko diren baina ezagutzen ez ditudan besteak ere, ziur jende jatorra dela. Eta ez bada, tira, zer egingo diogu ba, agoanta!

Nik ez dut ordenagailurik eramango, eramangarririk ez dut-eta. Bertan idazteko aukerarik baldin bada, idatziko dut. Bestela datorren astean aipatuko dut zeozer.

Abisatuta zaudete: Iturri blogari.

Zura taldearen "Ilargi Handi Zauri Zarae" diskoa eta ikuskizuna

Mikel Iturria 2005/04/15 15:00

Atzo gauean egon nintzen Zura taldeak Hondarribiko Banako aretoan egin zuen Ilargi Handi Zauri Zarae diskoaren aurkezpenean. Xabi Strubellen gidaritzapean, talde honek emango du zer esana datozen hilabete eta urteetan. Abisua pasa.

Xabi Strubell musikari on eta pertsona zintzoa da. Dut taldean aritutakoa, gerora Anari eta Sorkun abeslariaren proiektuetan ere ibili da. 2003an sortu zuen Zura taldea.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta" 1905ean jaio zen. 1937an akabatu zuten faxistek. Aurten, beraz, bere jaiotzaren mendeurrena beteko da.

Federico García Lorca poeta andaluziarra noiz jaio zen ez dut begiratu. Hala ere, bera ere Guda Zibilean hil zuten faxistek.

Bien garaikidea zen Nikolas Lekuona eta Francoren armadan ibili zen erizain lanetan, behartuta. Gudan hil zuten.

Lau lagun hauek (eta beste batzuk) parte hartu dute, modu batean edo bestean, Ilargi Handi Zauri Zarae CD-DVDan. Esan dugu 2005ean betetzen direla 100 urte Lauaxeta jaio zela. Potxo argitalzuloa (zer izen polita!) elkarte oñatiarrak enkargatu zien Xabi Strubell eta lagunei bi poeten arteko harremana jasotzen duten poemak musikatzea. Eta hori egin du Zura taldeak.

Ez daukat denbora asko atzoko kontzertuari buruzkoak pentsatu eta behar diren bezala hemen adierazteko, baina kontzertua asko gustatu zitzaidala esan behar dut. Jende asko, lagun asko bildu ziren oso arty den aretoan: Juan Luis Goenagaren margo eta arropak, Gari Garaialderen surf argazkiak eta giro lasaia.

Larunbatean taldea Elorrion egongo da eta datorren astean, ostegunean, Donostian.

Azpikoa, prentsa-oharretik atera dut. Portzierto, Donostian sarrera doakoa da.

Prentsa-oharrekoa kopiatu aurretik, apirilaren 13an aurkeztu zuten diskoa Bilbon. Apirilaren 14ko prentsak ondokoa jaso zuen:

Berria

Diario Vasco

Gara

Correo

Ernest Lluch-Amarako kultur etxeak apirilaren 21ean, arratsaldeko 19:30etan, areto nagusian ZURA taldeak eskainiko duen kontzertuaren berri eman nahi dizue.

Taldea 2003an sortu zuen Xabi Strubell-ek (gitarra eta ahotsa). Maketaren bat grabatu badute ere, hau da argitaratzen duten lehen lana. Strubell-ekin batera, honoko hauek osatzen dute taldea: David Martínez (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Diego García (bateria). Martxel Mariskalen partaidetza ere ezin da ahaztu, taldeko abeslari eta letragile baita, nahiz eta ikuskizun honetan ez aritu.

Apirilaren 14an kaleratu dute "Ilargi Handi Zauri Zarae” Potxo argitalzuloak eta Metak disketxeak). Esteban Urkiaga "Lauaxeta"k 1935-36an euskaratutako Federico García Lorcaren poemak musikatzeko proiektua jasotzeko gonbidapena jaso zuen taldeak eta hori da egin dutena. Gainera, lan hau argitaratu da euskal poeta honen jaiotzaren mendeurrena betetzen den urte berean. Diskoaren liburuxkan, garai hartako beste banguardista baten irudiak erabili dira, Nikolas Lekuona.

Ikuskizunak, berriz, artea bere osotasunean du oinarri. Disziplina desberdinen artean zubiak eraikiz, ikuskizunean Lorca eta Lauaxetaren artean sortutako harreman literarioa taularatuko da, antzerkia, musika, poesia, pintura eta arte bisualak uztartuz.

Alde batetik, antzerki baten bitartez Lorca eta Lauaxeta ikusiko ditugu bakoitza bere hizkuntzan poemak errezitatzen, elkarrizketa bat sortuz. Jarraian, ZURAk harreman horretako poemak musikatzetik sortutako musika joko du, errezitatzeari utzi gabe. ZURAren emanaldia proposamen bisualak lagunduko du, DVDaren haritik.

Kolaboratzaileak ez dira faltako. Diskoan Xabi Erkizia, DJ sucio, El brujo eta Kenitra. Zuzenekoan ere parte hartuko dute gehienek.

Gauzak hitz eginaz konpontzen dira

Mikel Iturria 2005/04/14 07:30

Joan den asteko ostiral gauean, lanetik bueltan, istripu txoro bat izan nuen autoarekin. Garajera sartzerako oztopoa: atea irekitzeko gailuak ez zuen funtzionatzen. Autotik irten eta giltzaz garajeko atea ireki nuen. Kotxera sartzerako buelta eman nuenean, ikusi nuen nola egiten zuen talka ondo aparkatuta zegoen beste auto baten aurka. Golf bihurria tokatu zait, dedio!

Ez zen gauza askorik gertatu, maldarik gabeko kalean bizi bainaiz. Maldatxoren bat izanez gero, auskalo non bukatuko zuen berebilak! Handik pasa zen bati galdetu nion ea ezagutzen ote zuen beste autoaren jabea, baina ezezkoa erantzun zidan.

Euria ari zuen, presaka nenbilen. Libreta atera, nire telefonoa eta helbidea idatzi papertxo batean eta parabrisas-ekin lotuta utzi nuen oharra. Garajera sartu nintzen eta kotxea aparkatu; etxera igo eta berehala atera nintzen kalera, afaltzeko zita egina bainuen Alde Zaharrean.

Larunbat goizean, hantxe zegoen kolpatutako kotxea. Oharra ere bai. Busti-bustia, baina nire telefono zenbakia irakurtzeko moduan oraindik. Aseguru-etxeari eman nion gertatu zenaren berri.

Larunbat arratsaldean, berriz, etxera ailegatzerakoan autoa ez zegoen bere tokian. Hala ere, harritu nintzen jabea nirekin harremanetan jarri ez zelako.

Igande goizean deitu zidan. Aldameneko portaleko bizilaguna da. Lasai hitz egiten zuen berak telefono hariaren beste aldean. Ordu erdi barru geratu ginen paperak konpontzeko.

Aldameneko taberna batean izan zen zita. Eskerrak tipoa lasaia den, 1´90-eko garaiera duen gizon puska baita. Paperak egin genituen. Nire kotxeak ez du ezer eta harenak atzeko eskuineko atea zapalduta. Ez da lan handia izango, baina egun pare bat pasa beharko ditu gabe.

Etxera igo nintzen nire solaskideak izandako antzeko jarrerekin gauza asko di-da batean konponduko genituela pentsatzen.

Hitzaren garrantzia ondo dago, baina antzerkian ere monologoak nagusi. Elkarrizketa vs. elkar ostiaka.

Oharra: irakurri beste Golf baten istorioa.

Etorkinak gora, etorkinak behera

Mikel Iturria 2005/04/13 07:30

Espainiako Gobernuak martxan jarritako etorkinen azken arautze prozesuaren haritik, Lan Ministerioak eta enpresari zein langile sindikatu nagusienek akordioa lortu dute errolda agiria ez den beste agiri batzuk aurkeztu ahal izateko. "Zein urrun bizi naizen (garen) mundu horretatik!" pentsatu dut. Madrilgo Ladinamo aldizkariaren 15. zenbakian Asian Dub Foundation musika taldeko kide batekin eginiko elkarrizketan irakurritako gauza bat gogoratu dut.

Ladinamo Madrilgo aldizkariak harreman estua du Euskal Herriarekin, besteak beste, Entzun eta Thebalde aldizkariak diseinatzen dituen ekipo berak egin baitu haren diseinua. Proiektu asko dituen elkarte bat ere bada Ladinamo. Egunen batean bisitatu nahi dut beraiek aretoa.

Esan bezala, Asian Dub Foundation taldeko kide bat elkarrizketatu dute azken zenbakian. Donostian aritu ziren duela zenbait urte, Rage Against The Machine taldearen kontzertua irekiz.

Elkarrizketaren atarian kazetariak dio berriki argitaratu dutela Tank izeneko diskoa, English National Theatreren enkarguz Gadaffiren bizitza kontatuko duen opera prestatzen ari direla eta, bukatzeko, hirurogei hamarkadako Aljeriako borrokaldia filmaren soinu banda berria egiteko asmoa dutela. Lanpetuta, beraz.

Taldea asiar jatorria duten lagunez osatuta dago, batez ere. Tony Blair-en gobernuak inmigrazioari buruz duen jarreragatik galdetuta, hau dio musikariak:

"Beno, Europako gainerako herrialdeen jarrera bera du inmigrazioari dagokionez. Guretzat inmigrazioa herrialde batek izan dezakeen gauzarik positiboena da. Jende berria dator, ideia berrituak, beste kultura bat. Inmigranteen seme-alabek jarrera freskoak dituzte eskoletan. Beraiek bai ikasi nahi dutela. Jatorrizko herrialdeetan eskolara joateagatik ordaindu egin behar dute edo gerran daude edo izugarrizko zailtasun ekonomikoak dituzte. Britainia Handian gazte jende askok ez du ikasteko gogorik. Baina asilo eskatzaileen edo errefuxiatuen seme-alabek beste jarrera bat dute. Beraientzat ikastea pribilegioa da, ulertzen? Beraiek alda dezakete Britainia Handiko hezkuntza sistemaren ibilbidea. Baina hori guztia komunikabideek, alderdiek eta gobernuak erabat ahaztuta dute. Beti zukua aterako diote inmigrazioari zaion beldurrari, botoak ematen dituelako. Duela 30 edo 40 urte gure gurasoek murrizketa eta jarrera berdintsuak jasan behar izan zituzten gobernuaren eta komunikabideen aldetik: etorkinak, zioten, gauzak eramatera datoz, trukean ezer eskaini gabe".

Atzo, bazkaldu ondoren, ETB2ko arratsaldeko saioa ikusten egon nintzen, periodikua irakurtzen nuen bitartean. Gurrea medikuak eta Goikoetxea ostalariak normalean botatzen dituzten iritziak sutan jartzen naute. Atzo ere bai. Etorkinen arautze prozesuaz ari ziren.

Dagoen tokian egonda, Koro Erdoziak ederki isilduko luke bi horien papanatismoa. Kutre kakati batzuk gara, kopon!

Txetxo Bengoetxea berbetan

Mikel Iturria 2005/04/12 07:30

Txetxo Bengoetxea musikaria ezagunago (eta maitagarriago) bihurtu zen Euskal Herrian La pelota vasca Medem-en filman agertu zenetik. Apirilaren 17ko hauteskundeak direla-eta, Ezquiaga zenbait pertsona ezagun elkarrizketatzen ari da Gipuzkoako orakuluan. Joan den ostiralean, hilaren 8an, Txetxo elkarrizketatu zuen.

Ibilbide luzeko musikaria da antiguatarra. 21 Japonesas taldeko lider izana da. GATA taldean ere ibilitakoa. Bakarka dihardu orain eta dagoeneko bi disko eman ditu argitara. Azkena joan den urteko udaberrian argitaratu zuen, hilabete asko eskubideak erosi zizkion disketxearekin borrokan pasa ondoren. Naïve konpainia frantsesean publikatu behar izan zuen azkenean.

2004ko ekainaren 11n inauguratu egin zen Manifesta ditxosozko hura. Kursaalaren kanpoaldean iragarrita zegoen Txetxoren kontzertua. Berandu iritsi nintzen, ordu berean Lugaritz Kultur Etxean beste emanaldi bat baitzegoen, Urdangarin eta konpainiaren "Txikiegia, zaharregia agian".

Txetxoren azken bi kantuak entzuteko aukera izan nuen. Ordubeteko saioa egin zuela esan zidaten. Haserre zegoela nabaritzen zitzaion, antolatzaileekin ziurrenik, desastre xamarra izan baitzen dena. Jende gehiago zegoen Antiguako kultur etxean, Kursaaleko terraza hartan baino, soinu arazoak ahaztu gabe. Argazki honetan baina kontzentratua ikusten da bere lanean

Ezquiagak eginiko elkarrizketatik entresaka eginaz, bi erantzun aipatuko ditut:

Gaur egungo Euskal Herria ea nola ikusten duen: "Zama handia eta pilatutako mina izugarria izanik ere, herria aurrera doa. Arazoa da bigarren edo hirugarren martxan goazela; biolentzia eta mina desagertzerakoan, herri hau bosgarren martxan joan daiteke lasai-lasai. Etorkizuna badugu eta ona gainera!".

Galdera topikoa: musika mundua Madrilen mugitzen da eta zu hemen bizi zara: "Hemen dago nire etxea eta ondo bizi naiz hemen, bidaiatu behar badut ere. Nire azken diskoaren promozioa bukatu berri dut. Eta musikaren mundua oso gaizki dago: datozen aldaketen aurrean ezin egona dago, disketxeak ez dira egokitzen eta jende guztiak uste dut musika debaldekoa dela eta musikariak airetik bizi garela. Baina musikariak frigorifikoa bete behar dugu, guztiek bezalaxe, eta inspirazioa ez dator zerutik. Hala ere, hau beste istorio bat dela uste dut".

Bai, Txetxo, hori beste istorio bat da. Zaila duzue etorkizuna. Are zailagoa musika merkatuaren % 80a kontrolatzen duten bost korporazio handien esku jarraitu ezkero.

Niko Etxart, piratak, SGAE eta Kultura askatzearen aldeko manifestua

Mikel Iturria 2005/04/11 07:30

Ostiral goizeko Gara periodikuaren titular honek harritu egin ninduen: "El Niko Etxart rockero reaparece con un disco «pirata» y su grupo Hapa-hapa". Bapatean, bezperako eguerdiko informatiboetan ikusitako irudia etorri zait burura. Taberna batean bazkaldu nuen eta telebistak ez zuen bozik, baina, oker ez banago, aurkezpena SGAEren Bilboko egoitzan egin zutela esango nuke.

Sarea borborka egon da azken aste hauetan (eta dabil) Espainiako Kultura Ministerioak egin nahi dituen aldaketak direla-eta. Apirilaren 7an abiatu da Kultura askatzearen aldeko manifestua sinatzeko ekimena.

Une honetan ez dakit zenbat sinadura bildu dituen, ostiralean 3000tik gora. Hori bai, ez dute inolako agiririk eskatzen eta edonork jar dezake nahi duen izena.

XVI. mendeko estetika pirata du Minuette diskoaren azalak. Ostiraleko Berrian egunkariaren portadan ageri da. Kultur orrialdetan aurkezpenaren kronika ere aurkitu dugu. Lasai-lasai grabatu omen du Etxart-ek bere taldearekin, Hapa-Haparekin. Jon Eskisabel kazetariak musikariaren ibilbidea birpasatzen du eta, bere ustez, Niko Etxart rockeroaren diskorik onena omen da.

Etxart-en arima ez rockeroa jasota dago Eperra diskoan. Apirilaren 22an izango da Donostian Dominika aitarekin eta Robert Larrandaburu koinatuarekin. Kontzertua, 20:30etan izango da Antiguako Lugaritz Kultur Etxean.

Hasieran aipatu dut SGAE eta beraiekin bukatuko dut. SGAEren Madrilgo egoitzan gaur bertan izango den beste ekitaldi baten loturarekin.

Hona hemen Garak aurkezpenari buruz zioena

Hona hemen Berriak jaso zuena

Hona hemen Elkar argitaletxearen lotura

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Hara! Asteburuan entzun ditut lehenengo bi saioak ... Gari Araolaza, 2025/06/04 08:21
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Stat counter