Ertz jaialdian egon nintzen larunbatean
VI. edizioa bete du aurtengoarekin Beran egiten den Ertz jaialdiak. Ez nuen jaialdia ezagutzen eta bertara joan nintzen larunbatean. Beste musiken txokoa da Ertz. Ez da erraza, zale gutxi baitago Euskal Herrian musikaren eremu esperimentalean dabilena. Hori bai, Berako tabernetan ere, bertze musika baino, futbola garaile, nahiz Osasunak partida galdu.
Larunbatean lau emanaldi zeuden iragarrita. 22:00etan zen lehenengoa eta, beraz, 21:00etan taberna batean hartu genuen tokia bokata goxo batzuk jateko. Ordu horretan hasi zen Kopako finala eta gorritxoen zalez inguratuta afaldu genuen. Geunden tokitik ez zen pantaila ikusten. Eskerrak, zeren eta bestela ez niokeen begirik kenduko telebistari. Futbolaz jardun beharrean, musikaz-eta aritu ginen.
Lesakako Gaizka Sarasola musikariak piztu zuen gaueko sua, Xabier Iriondo jatorri euskalduneko italiarrarekin batera. Gaizka musika tradizionalaren esparruan mugitzen da eta ikuspegi berritzailea ematen saiatzen da. Iriondok Gaizkak txistu, danbor eta beste tresnekin sortutako soinuekin jokatu zuen, ordenagailua-eta erabiliz. Publikoaren arreta bereganatu zuten eta jendea adi egon zen, begira, entzuten. Ni ere bai.
Emanaldia bukatu eta hurrengoa prestatu aurretik, zerbezaren bat hartzeko aukera zegoen behean dagoen erakusketa aretoan. Erakusketa aretoan Azkoitiko Matadeixeri buruzko erakusketa zuten paratuta. Ekitaldi mordoa antolatu dute azkoitiar zoro hauek azken urte hauetan, Udalak zirkulaziotik kentzeko beldurra ezin uxatuz.
Bonba izeneko herriko pertsonaiari Maxixatzen aldizkarian duela zenbait urte eginiko elkarrizketa zegoen irakurgai sarreratik gertu. Herriko pertsona (eta pertsonaia) berezia izan zen gizon hau. Demagun Azkoitiko Txantxillo zela.
Gauean, etxeratu ondoren, mesanotxetik Iñaki Segurola azpeitiarraren Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo hartu nuen. Liburua ireki eta Bonbari eginiko elkarrizketa hori aipatzen zuen orrialdearekin egin nuen topo kasualitatez. Ea elkarrizketa hori lortzen dudan nonbaitetik. Sarean ezinezkoa izango da, baina ea norbaitek laguntzen nauen.
Bigarren emanaldia Astra bikotearen interbentzioa izan zen. Ilios, Bartzelonan bizi den greziarra, anti-karrera musikala eginez dabil tinko. Ez dira nire hitzak, bereak baizik. Jason Kahn izan zuen bikotekide. Aretoaren erdialdean jarri ziren biak, ez eszenatoki gainean, ordenagailu banarekin. Eta soinu-frekuentziekin jokatu zuten. Askok ez zuten aguantatu, baina, eta alde egin zuten.
Esaten zuen ba hauetako beratar batek duela zenbait hilabete, kontzertu esperimentaletan, sarrera baino, irteera kobratu behar dela.
Jarraituko du, zeren, bestela, luzeegia aterako zait-eta.
Bonbari egindako elkarrizketa Ostiela!-n ere agertu zen, orain jakiterik ez daukadan aleren batean. Ostiela!-ko webtokian saiatuta agian...