Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Entzuten pasako nituzke egunak

Entzuten pasako nituzke egunak

Mikel Iturria 2005/06/04 16:02

Maiatzaren 24an Henning Mankell suediar idazlea egon zen Donostian, Literaktum letren eta lengoaien festan. Lau istorio kontatu zituen Gizakia ipuin kontalaria da hitzaldia harilkatzeko. Horietako bat kontatuko dut hemen. Eta gaur kontatuko dut, atzo arratsaldean erosketak egiten nituen bitartean entzun bainuen lau emakume nagusiren solasalditxo bat eta Mankell-ek esandakoa etorri zitzaidan gogora.

Goteborg hirian jaio zen Mankell 1948 urtean. Suedian eta Mozambiqueko hiriburuan, Maputon, bizi da. Bere liburuen 25 milioi ale saldu ditu jada, gehienbat Wallander inspektorearen abenturekin.

Esan bezala, lau istorio kontatu zituen. Eta nik bigarrena jarriko dut gaur hemen. Maputoko Antzoki Nazionaleko zuzendari artistikoa da suediarra. Antzokian bero handia egiten duenean, kanpora ateratzen ei da gure gizona, freskuran egoteko.

Behin kalera irten eta eraikinaren aurrean dagoen aulkian bi gizon zeuden eserita. Biek hil berria zen hirugarren pertsona bat zuten aipagai. Batak esaten omen zion besteari difuntoa istorio bat kontatzen hasi zitzaiola hil bezperan. Luzea izanik, berandutu ziren eta hurrengo egunean izan behar zuen jarraipena. Baina, istorioa amaitu gabe ospa egin zuen bizidunen mundutik.

Entzuten ari zenak, denbora luzez isilik egon ondoren, zera esan omen zuen: "Ez da hiltzeko modu egokia, kontakizuna bukatu gabe alde egitea". Hau kontatzen zuen bitartean Mankellek aipatu zuen berari asko gustatzen zaiola belarria jarri eta besteek diotena entzutea. Bere ustez, segapotoak kalte handia egin dio ohitura horri. Ulertu nion edozein unetan jotzen duela telefonoak eta magia hori izorratzen dela.

Atzo, asteburuko konprak egiten ari nintzen etxe ondoan dudan supermerkatu batean. Zain nengoen txarkuteian. Aldamenean ama-alabak zeuden. Amak, gurpildun aulkian, apenas hitz egiten zuen. Bien partez hitz egiten zuen haren alabak, ordea. Amaren adin beretsuko beste bi emakume gehitu ziren taldera.

Hasi zen etorritako bat kontatzen nola duela gutxi Espainiako artista unibertsal horietako baten emanaldian egon zen. Ez nuen asmatu zeinetaz ari ziren, baina garai bateko Espainiako artista tipiko horietako bat behar zuen. Emakumea hasi zen esaten artistari Donostia oso polita iruditu zitzaiola: "¡Qué ciudad tan bonita tienen ustedes! No sé si son conscientes de ello, pero es una de las ciudades más bonitas que conozco. Y a mí me tratan muy bien aquí. En el Sur también, pero aquí me siento muy bien".

Emakumeak gehitu zuen: "Y luego cantó no-sé-qué y se emocionó y me emocioné".

Amarekin zegoenak: "¿Y cantó esa, eh? Es muy bonita. Es la que más me gusta a mí. Es preciosa".

Eta horrela zihoan konbertsazioa. Segapotoak ez zuen nire entzunaldia oztopatu. Txarkuteian nire txanda iritsi zela baizik. Pena, la-cosa-prometía...

etiketak: Besteen harrikadak
Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/07 13:26

Kontxo Iturri, Kirmen Uribe-renak bezain borobila atara jatzu artikulua, txo! Atsegin-atsegina!

Bidenabar, hauexek dira Henning Mankell-en euskarazko liburuak, "Erein" argitaletxearenak, Haur eta Gazte Literaturako "Perzebal" sailekoak:

  1. "Ohe elurtuan lo egin zuen mutikoa". 2. "Izarretara bidean zihoan txakurra" 3. "Itzalak luzatu egiten dira ilunabarrean" 4. "Bidaia munduaren amaierara"

Ongi segi eta aupa Bidasoaldea!

Iturri
Iturri dio:
2005/06/05 14:03

Kaixo Leire:

Ez, ez dut oraindik irakurri Mankell-en eleberririk, baina uda honetan Wallander-en baten bat irakurtzeko asmoa dut. La pirámide erosi nuen aurrekoan.

Euskaraz laupabost liburu daudela irakurri nuen. Erein argitaletxeak publikatu omen zituen, baina ez dut ezer aurkitu hauen webgunean. Agian gaizki begiratu dut.

Leire K.
Leire K. dio:
2005/06/05 13:54

Henning Mankellen hitzaldian egon zinen, hortaz! Neu ere gustura joan izango nintzatekeen.

Uste dut arrazoia duela Mankell-ek: jendeari begiratuta eta entzunda ikasten dira istorio asko. Idazle batek hori egin behar du lehenengo, ez? inguruari adi egon. Egiten zaila, segapotoari begira baldin bagaude!

Irakurri dituzu Mankellen nobelak? Niri asko gustatzen zait Kurt Wallander detektibearen bilduma. Uste dut Mankell oso istorio-kontalari ona dela.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/08 10:10

Ez etsi, gizona. Manolo Escobar Bilbora bueltauko danean (laster edo berandu gertatuko baita) abisaukotsut.

Bien bitartean, ea zertan geldituko dan bokarta eta olagarroaren arteko amodio istorio hori, Zaldi Eroa egunotan "berria"n kontatzen dabilena. Biñeta horiek ikusi dituzu? Hori izan leike bokartaren salbazinoa, transgeniko xamarra bada be.

Bidasoa fundamentalista, inoiz ez!

Iturri
Iturri dio:
2005/06/07 22:24

Aupa Patxi:

Eskerrik asko mezuagatik, baina ez naiz Kirmenen orkatilera iristen.

Eta, portzierto, jakin dut zein zen folklorika: doña Isabel Pantoja egon omen zen Kursaalean duela gutxi eta ni enteratu ez.

Ze pena!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter