Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Edorta Jimenezen torturak

Edorta Jimenezen torturak

Mikel Iturria 2026/11/05 17:50
Edorta Jimenezi eginiko elkarrizketa agertu zen aurreko batean Oier Aranzabalek aurkezten duen «Barruan gaude» podkastean. Hainbat kontu aipatu zituen Edortak, tartean 1984an, Felipe Gonzálezen garaian, Bilbon eta Madrilen pairatutako torturak.

Edorta Jimenezi Oier Aranzabalek eginiko elkarrizketa Guau plataforman dago. 

9. minututik aurrera hasten da Edorta torturak kontatzen. Hona hemen nik jasotako transkripzioa.

Edorta Jimenezen torturak

Ni atxilotu ninduten, orduan bananduta nengoen, emaztearen etxean Bermeon. Alaba ohe azpian sartu zen. Etorri zen polizia-talde bat, nik sekula, ezta Ramboren pelikuletan ere ikusi ez ditudan armekin, ez dut uste reglamentuzkoak zirenik. Robocop moduko zerbait, nahiz eta horrelako pelikularik ikusi ez, baina irudietan bai.

Sartu ninduten autoan eta jada polizia bat hasi zitzaidan burlaka, kolpeak jotzen urdailean eta gorputzean, ostikoak etengabe, dibertsio moduan. Bilbora eraman ninduten. Han, Bilbon, jarri ninduten ziega batean, eta tarteka-tarteka gora eramaten ninduten, biribila egiten zuten eta egun hartan, egunez, ostiatu egiten ninduten; hau da, ematen zizkidaten ukabilkadak. Batek esan zidan, hori gogoan dut: «No te vamos a dejar marcas, pero vas a perder diez años de vida (…) Te doy así». Eta azaldu zidan zelan jotzen ninduen, diafragman, ze min egiten zuen horrek, suntsitu egiten zintuela.

Orduan, oso gogoan neukan, Xabier Onaindia medikuaren kasua, LABeko sortzaileetako bat. Nola egin zioten. Hark salatu egin zuen.

Egunez jonki bat sartu zidaten ziegan. Nik jonkiari hitz egiten nion eta esan nion: «begira, irteten zarenean, zoaz Basurtuko ospitalera. Han egiten du lan nire arrebak eta esaiozu hemen nagoela». Nire emazteak jada bazekien.

Non zen lekua?

Indautxu. Orduan, gauean eraman ninduten, beti esposatuta, burdinekin, ipini zidaten buruan pasamontañasa, maskara edo dena delakoa, ze nik ez nuen ikusi. Egin ninduten entzunarazi eta elektrodoak, hau da elektrizitate deskargak ematen zizkidaten gorputz guztian; gehienbat barrabiletan. Baina aurpegian izan ezik, esan dezagun gorputz guztian. Orduan sentsazioa zen ezin diozula eutsi, ez dela posible.

Noski, nik barruan nuen beste bat literaturari esker dena ikusten ari zena. Ni neu ez nintzen beste bat zegoen dena ikusten, nolabait. Eta beste horrek esaten zidan: «Honek muga bat izan behar du». Hau da, ez da betiko, muga bat izan behar du. Eta, klaro, muga hori heriotza izan zitekeen momentu batean.... Beno, nik esan nien: «Hil nazazue! Hil nazazue! Hil nazazue!». Hasi nintzaien gauzak esaten, ez hankarik ez bururik ez zeukatenak. Eta uste nuen pentsatu zutela: «Bueno, nahikoa da». Eta esan zidaten goizean, ze ez zen erraza jakitea zer ordu zen: «Gaur gauean egingo dizugu askoz ere okerragoa».

Orduan nik jaka moduko bat nuen, oso arina, kremailerarekin, eta ahalegindu nintzen zauriak egiten ezkerreko eskumuturrean. Hasi nintzen pixka bat odoletan eta orduan ikusi ninduten, eta eraman ninduten Madrilera.

Hori izan zen nirea. Askorik ez dut esango, zeren [Joxe] Arregi esate baterako bertan hil egin zuten eta nik gai ikusten nituen. Gainera, nire gogoeta nagusia gero izan zen, hor zuk arakatu zer dagoen, eta ez dago ezer arrarorik. Eskuburdinak poliziaren ekipaia dira edo tresneria, mahaiak mahai dira, ez dakit bateriaren bat edo ba ote zeukaten, bateriak bateria dira, burukoa burukoa da....

Luzaroan egon nintzen antzerki lan bat pentsatzen. Gero portugaldar baten antzerki lana irakurri nuen, Hiruk argitaratua, jada ez daukat gogoan...

Bueno, ba hori izan zen gehienbat. Gero, niretzako terrorifikoena ez zen hori, terrorifikoa zen esaten zidatenean: «Begira, orain zure emaztea-edo hartuko dugu, eta zuri egin dizuguna berari egingo diogu». Hori niretzako jasanezina zen. Hori zen terrore psikologikoa.

Gero, jada Madrilen eduki ninduten. Ez zidaten lo egiten uzten, eta eduki ninduten han bost egunez, baina jada ez ninduten ukitu. Ipini zidaten mediku bat, medikua zela uste dut. Etortzen zen, kentzen zidan alkandora edo neukana, gero eman ez zidaten alkandora. Eta pomada edo zerbait ematen zidan eta ez zuen tutik ere esaten. Eduki ninduten denbora guztian han goian. Eta azken gauerako beheko ziegetara eraman ninduten. Ziega horiek izan ziren caballerizak edo zalditegia, zeren hor postetxea egon zen, Madrilekoa, Espainia guztikoa. Eta han gau hartan, gau bakarra izan baitzen, entzuten nituen alarauak edo kexak. Eta nik esaten nuen: «Zer ote da hau?». Eta jonkiak zeuden. Eta klaro jonkiak monoarekin aldarrika. Uste dut.

Gero, inpresionatu ninduen gauza bat izan zen han goian, eta begira orain non gauden, bazeukatela Beethovenen argazki handi bat, eta idatzita zegoen: «Dile que te dé tanto», dirua, «y si no es un judío te lo dará». Juduen kontra. Eta gero garai hartako pegatinak: España una y no cincuenta y una. Vizcaya, Guipúzcoa, Santander, Murcia.... Orduan ikusten zen jende frankista zela, oso faxistizatua.

Esaten duzu ez zintuztela lo egiten utzi. Nola egiten zuten hori?

Bueno, ba loak hartzen bazaitu, mugiarazi edo... «Ea, esnatu!»

Oraindik ere polizia ikusten duzunean beldurtzen zara?

Begira, gainditu dut hein batean, zeren berrogeita bi urte joan dira, baina ni ez naute konbentzituko. Beldurtu naiz ikaragarri orain Madrilen ikusi ditudanean eskuadroi faxistak. Telebistan ikusi ditut eta benetan izutu naiz, zeren eskuadroi faxistak ari dira ibiltzen. Ez dakit zer Nacional, besteak beste. Izenak ez ditut gorde. Ez dakit ikusi dituzun, baina izutu...

Joan izan naiz karneta egitera eta abar Polizia Nazionalaren Bilboko bulegoetara eta nahikoa trankil. Baina ni ez naiz ondo sentitzen horrelako lekuetan. Ez naiz fidatzen demokrata direnik.

Nik ez nuen salatu. Ez nuen salatu, ez dut esango ondo egin nuenik. Nik ez neukan adorerik labirinto edo zera horretan egin zidaten mehatxuekin eta... Alaba ez nuela ikusiko, mila gauza esaten dizute. Eta erakusten dutena da halako boterea non sinetsi egiten duzun, eta gero errealitatean ere horrelakoa da. 

Hori Felipe Gonzálezen garaia zen...

Bai, bai. Esan zidaten: «Hemos estado mucho tiempo sin esto... Igual se nos ha ido la mano». Klaro, Felipek eman zien gutun zuria esaten dena, korso patentea. Eta bai... Eta harro esaten zidaten...

Batek esan zidan, labur dezagun eta ulertzeko, zeren nahiago dut beste gauza batzuk aipatu. «Zu egon zinen Bilboko zineklubean ikasturte amaierako pelikula ikusten?» Eta bai, ni Bilboko zineklubera joaten nintzen, Ingeniaritza Eskolara 17-18 urterekin, eta Acorazado Potemkim filma eman zuten, frankismoa zen, azken urteetan, soldadutza baino lehen. Ni Franco hil zenean egin nuen, eta Francoren heriotza eta dena bizi izan nuen bertan, Madrilen.

Eta esan nion: «Egon nintzen». Eta esan zidan: «Ba emanaldi hartan egon ginen ikusle bat, polizia bat, ikusle bat, polizia bat... Eta haietariko bat neu nintzen. Eta Deustuko Unibertsitateko asanbladetan nik hitza hartzen nuen, eta parte hartzen nuen, eta ahalegintzen nintzen asanblada gidatzen».

Horrek jada hitz egin zidan eta konturatu nintzen badagoela... poliziak liburuak ondo hausnartzen ditu, eta badago bat, esango dizut gero titulua, liburu hori azaldu zidan goitik behera, nik irakurrita neukan. Liburua da euskal abertzaletasuna Sabino Aranaren ideia da, eta funtsean Bizkaikoa, pixka bat Gipuzkoan, eta besteetan adabaki moduan sartu zela. Liburua El milenarismo vasco zen.

Ba liburua buruz zekien. Argudio guztiak esan zizkidan. Eta gero egin zidan giza eskubideen diskurtsoa, pasilloetan.

«¿Tú sabes cuáles son los derechos humanos? Uno es el derecho a la vida. Pues matar, ya le has matado. Dos, el derecho a la vivienda... Bueno, pues deja familia uno que han matado, asesinado, ¿qué? Y el derecho a la educación: ¿sus hijos qué? El derecho a viajar y a la propia imagen. Ese ya no va a viajar...» Eta horrela dena. Tremendoa. Oso-oso landua. Intelektuala bai, ezta?

Eta libre utziko nindutela esan zidaten isilik egonez gero. Salatzen banuen epailearen aurrean... Eta joan nintzen epailearen aurrera, eta epaileak ikus zezakeen ni nola nengoen. Ez zuen kasu putarik egin. Eta orduan libre utzi ninduten, eta han nengoela, azken egunean, Dirección General de Seguridadean (DGS), Soleko etxe horretan.

Orduan, han nengoela alkandora erosi zidaten. Esan zidan elektrikarietako batek, elektrikariak Bilbokoak ziren, Bilboko Indautxukoak: «Esta camisa te la ha comprado Julio Feo». Eta nik ez nekien Julio Feo nor zen. «¿Has visto? Era verdad. Este no tiene ni puta idea». Ez dakizu Julio Feo nor den? Ba Felipe Gonzálezen estetika edo lantzen duena. 

Han izango nindutela argi neukan, zeren markak izan behar nituen, nik ispilurik ez nuen ikusi. Horregatik eman zidaten, eta honekin amaitzen dut, Julio Feoren alkandora. Eta alkandora larrosa kolorekoa zen. Hor ere irain egin nahi izan zidaten, marikita modura tratatu edo. Esaten zidaten ere: «¿Quieres que te coma la polla?», elektrodoak ipintzen zizkidan arte. Sexuaren zera hori eta.

Eta orduan nik alkandora hori erabili egiten nuen. Eta esan zidaten: «nola da posible hau erabiltzea?». «Bueno, ba bai, Julio Feoren alkandora erabiliko dut gaur». Eta hori ba horrelako zerbait bada. 

Bueno, jendeak ez du kontatu nahi izaten. Nik gutxitan eta jada nahikoa ahaztuta daukat, zeren ez nuen salatu, eta miresten dut salatu egin duen jendea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter